Uxue Barkos (Nafarroa Bai-ko diputatua Madrilgo Kongresuan): «Erronka berriak gainditzeko epea»


2005eko urriaren 02an

Sarrera

ARGIAk egin digun proposamena bereziki esanguratsua da une politiko honetan, Euskadin indarkeria amaitzeari buruzko etengabeko zurrumurruak euskal gizartearen nahiarekin guztiz bat datozen honetan, hain zuzen.

"Euskal Herria 2005-2025: nora eta nola?"

Lehenengo galderaren erantzuna erraza bezain konplexua da: gizarteak nahi duen aldera. Hain zuzen ere, esakunea da konplexua, gizartearen borondatea nekez adieraz daitekeelako politikoki askatasunaren eremu osoa harturik.

Horren adierazgarri argia da esakune horren -borondatea askatasunez erabiltzea- aplikazioa Euskal Herrian.

Betidanik defendatu dut "larrialdi" estatus bat dagoela indarkeriarik gabeko eszenatoki politikoa lortze aldera, eztabaida politikoa askatasunez egiteko lehen urrats gisa. Hala eta guztiz ere, horixe izan arren gaur egun askatasunaren baldintzarik premiazkoena, ezin dugu geure burua engainatu: ez da baldintza bakarra, ezta baldintza garrantzitsu bakarra ere.

Hori dela-eta -natorren orain egindako bigarren galdera erantzutera-, NOLA hori da funtsezkoa gizarteak (edozein gizartek baina, honako honetan, euskal gizarteak) egin nahi duen bidea ireki eta zabaltzeko orduan.

Finean, "nola" da (azken batean, gizarte eredua edo, asmo handiagoak izanez gero, estatus berria eratzeko erabiliko diren bitartekoak) estamentu politikoak landu eta proposatu behar duen kapitulua.

Azkenik, zerbaitekin bat ez etortzekotan, ARGIAk proposatutako datekin ez nator bat. Izan ere, 20 urte (2005-2025) ez dira, ezin dira mugarri izan euskal abertzaleok aurrean dugun erronka, horren asmo handikoa, eraikitzeko... Alta, funtsezkoak dira edozein eraikuntzaren oinarriak finkatzeko orduan. Baina ez dut uste gizarteari denbora mugak, denbora helburuak planteatzea zuzena denik gizartearen borondate askea erabiltzeko beharrezkoak diren bitartekoak proposatzeko orduan.

Bestalde, ez dut aparteko interesik gure gizarteak 20 urte barru izango duenari edo gure gizartea 20 urte barru izango denari buruzko aurreikuspenik egiteko. Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait beharrezko bitartekoen diseinuan lan egitea guk geuk nahi dugun bidean aurrera egiteko, 20 urtetan eta behar adina urtetan.

Nola, beraz? Berriro ere esango dut: askatasunez.



I. Nondik

Nondik hau jorratzeko, beharrezkoa da iraganik hurbilenean (azken 25 urteotan) gertatu zaiguna aztertzea, gaingiroki besterik ez bada ere.

Gizarteak aurrera egin du nabarmen ekonomia eta gizarte arloan -horrek ez du zertan esan nahi gizartearen bilakaera bidezkoagoa izan denik-, eta bi mugarri nagusi izan dira prozesu horretan: batetik, Euskal Herriari dagokionez, euskara indartu egin da gizartean, eta bestetik, gure ingurune osoari dagokionez, bizi itxaropenak nabarmen egin du gora eta, ondorioz, beharrezkoa da gizarte babeserako eredua lehenbailehen berraztertzea.

Duela 25 urte hasitako murrizketa demografikoa, beste herrialde batzuetako pertsonak etorri izanari esker gainditu da. Horren ondorioz, erronka berriei egin behar diegu aurre ekonomia eta gizarte arloetan eta, aldi berean, erronka berriei egin behar diegu aurre berez politikoak diren proposamenak egiteko orduan.

Halaber, erantsi behar da bitarteko politikoen ibilbideak berak eskatzen digula -laburbiltzearren, Espainiako Estatuan jarriko dut arreta-, urte hauetan euskal abertzaletasuna oinarritu duten mezu askoren birplanteatzea:

Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko gehiengoak Estatutua berritzeko asmo handiko ahalegina egin zuen orain gutxi, Gorteek tinko atzera bota zutena. Gertatutakoaren azaleko azterketaz gaindi, harrigarriak dira erreformari ezezkoa emateko argudiatutako arrazoiak. Izan ere, arrazoi horiek 1970eko hamarkadaren azken urteetan hainbatek autonomien estatua eraikitzen hasteari uko egiteko erabili zituzten berberak dira.

Hausnarketarako paradoxa: 1979. urtean Gernikako Estatutuaren aurkari nagusiak zirenak babeslerik handienak dira gaur egun. Haren alde egin eta eratu zutenek, ordea, eskas jotzen dute egun. Beraz, nora? Gizarteak nahi duen aldera…

Eta zer esan nezake 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzaz? Nafarroako gizartearen zati handi bat bazter utzi zuten hura eratzeko eszenatokian, abertzaleak hain zuzen ere. Arau hori garatzeari dagokionez, ahalik eta errespetu handienaz bete dutela (dugula) esatea besterik ez dago; hori bai, aldi berean, nafarren oinarrizko araua sakonki erreformatzea eskatu dugu.

Datu horretatik ondorioztatzen da mezua berriro ere finkatu beharra dagoela: Ez da egoera bera, eszenatoki bera Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Komunitatekoa eta, horrenbestez, ezin daitezke bitarteko berberak izan…

Baina urte hauetan Euskal Herrian eta haren inguruan egindako bideak NONDIK hori analizatzeko beste elementu bat eman digu: garapen iraunkorrean oinarritutako irtenbideak behar ditu munduak eta norabide horretan energia lasterketa goria bizi da.

Nabarmen bilakatzen ari den gizartearen beharrak energia forma berriak bilatzean dautza. Energia behar dugu, baina eredu tradizionalek ez diote erantzuten garapen iraunkorrerako egokiak diren aterabideak aurkitzeko erronka argiari. Bestalde, arazoan sakontzeko, finantza munduak energia poltsetara negozio bila jo izanak behartzen du auzia tokian tokiko defentsa parametroetatik aztertzera.

Oinarrizko aldaketa horiek guztiek, beraz, euskal politikak tresna berriak behar dituela adierazten dute; aldaketok, halaber, ez dakartzate subjektu berriak, baina bai euren artean arras desberdinak diren subjektuak.


II. Nork

Gizartearen borondateak finkatu behar du helmuga, politika arloan jo nahi duen norabidea.

Bada, estatutuak garatu diren urte hauetan -aipatu dugu jadanik ezberdintasunak izan direla Espainiako Estatuko bilakaeran- alde politiko handiak izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartearen eta Nafarroako gizartearen artean.

Arlo politikoko aldeek baino gehiago -zalantzarik gabe, hainbatek sinestarazi nahi diguna baino askoz ere azalekoagoak dira-, gizarte arloko aldeek (batez ere, industria politikaren, ingurumenaren eta hezkuntzaren alorrekoek) kezkatzen naute. Nolanahi ere, biak ala biak nabarmen azaleratzen dira Nafarroako abertzaleak kudeaketa eragingarriarekin lotutako orotatik kanpo uztearen aldeko joera zabaltzen denean. Izan ere, folklorearen eta kulturaren muinaren bermatzailetzat hartzen dira, eta alde batera uzten da gizarte arloko erronkei aurre egiteko duten ahalmena.

Eszenatoki honetan, beraz, bada subjektu berezitu bat (Nafarroako gizartea) -laburbiltzearren Espainiako Estatuko egoeraz ari naiz-, baldintza berdinetan edo askatasunez erabakitzeko eragozpen argiak dituena.

Eta horra hor paradoxa: bakea elkarrizketaren bidez lortu nahi duen Nafarroaren afera. Alde horretatik, Nafarroa Bai-k bere posizioa argi azaldu du Diputatuen Kongresuan: balizko bake prozesuan lurraldetasunari buruzko eztabaida erabateko leialtasunaz miratu arren, Nafarroako herritarren borondatea errespetatzeko eskatzen dutenak ordezkatzen ditugu. Jakina, borondate hori alderdien manipulazio orotatik kanpo adierazi behar da, bestela, bera ere ez delako baliozkoa.


III. NORA ETA NOLA?

Azkenik, non?

Euskal gizarteak erabakitzen duen lekuan. Nire ustez, ordea, gaur egun, 2005. urtean ez dago euskal gizarte guztiaren gehiengoa bilduko duen gunerik.

Luzapenetan ibili gabe, 2005-2025eko tartean, euskal gizarteak bere borondatea askatasun osoz adieraztea lortu behar du, mehatxu larrienetatik aske eta, hain larriak izan ez arren, larriak bezain eragingarriak diren mehatxuetatik aske.

Nola lortuko dugu halakorik?

Euskal abertzalea naizen aldetik, oinarri asko eta asko berriro ere finkatu behar direla nabarmendu nahi dut.

Euskara indartzea ezin da lerratu euskara berreskuratzera; aitzitik, beste (sarritan, hirugarren) hizkuntza batez jabetzeko gogo handirik ez duten kulturekin bat egiteko moduak landu behar dira.

Biztanleriaren zahartzea da egungo gizarteak duen arazo larrienetakoa eta nagusienen zaintze lana batez ere emakumezkoen ardurapean uzten da. Ongizatea tokian tokiko kudeaketaren bitartez lortu nahiak ezin du albo batera utzi gizartearen erronka funtsezkoetakoa dena, hori «etxeko» arazoa den aitzakipean.

Politikoak baino ez diren proposamenek etorkinen beharrekin bat egin behar dute: ezin dugu besterik gabe itxaron sektore horiek harrera eman dieten herrialdeetara era aldebakarrean hurbil daitezen.

Estatutuen garapenari dagokionez, Nafarroari buruzko hausnarketa da honako hau: Foru Hobekuntza ahalik eta hobekien erreformatzeko, egungo Foru Gobernua aldatu behar da lehenbailehen.

Garapen jasangarriari dagokionez, berriz, abertzaleen proposamenen erantzukizuna argia da: norbere lurraldea, norbere ingurumena babestu beharra garbi izanez gero baino ez gara herritarrok gai jasangarria ez den garapena geldiarazteko kostu ekonomikoei aurre egiteko.

Bide batez, hausnarketa hauek beste eztabaida bat pizteko balio didate, ezkerraren baitan oraingoan: Euskal Herria 2005-2025, nora eta nola egitasmoa gauzatzeko, ezkerraren oinarriak ere finkatu behar dira berriro eta, horretarako, lasai-lasai aplika daitezke artikulu honetan aipatutakoak.

Azken batean, unibertsaltasunerantz zuzentasunez eta elkartasunez egiteko, tokian tokikoa onartzea eta aldarrikatzea izan daiteke abiapuntu sendo bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: NaBai
2015-01-27 | ARGIA
Ikurrinak debeku ofizialarekin jarraituko du Nafarroan

Nafarroako Legebiltzarrak atzera bota du Sinboloen Legea aldatzeko gaur aurkeztu den herri ekinaldi legegilea, Guztion Nafarroa guztien ikurrak herri ekimenak aurkeztua. 9.000 sinadura aurkeztu ziren horretarako eta 5.016 eman zituen balekotzat Legebiltzarreko Mahaiak... [+]


PSOEk debekatu egin dio PSNri Barcinaren aurkako zentsura moziorik aurkeztea

PSOEko zuzendaritzak erabaki du PSNk ez duela Yolanda Barcinaren aurka zentsura moziorik jarri behar Nafarroako Legebiltzarrean. Kaleratu duten oharrean irakur daitekeenez, PSNk ez du beste inongo taldek aurkez dezakeen moziorik onartuko. Erabakia asteazken gauean zabaldu... [+]


2014-02-28 | ARGIA
Barcinaren dimisioa eskatu du Goicoechea auziko ikerketa batzordeak ere

Aldaketaren premia: hori da Goicoechea auziko ikerketa batzordeak gaur irakurri dituen ondorioetan ikusten dena. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.


2014-02-24 | Iera Aranburu
35.000 lagun Barcinari dimisio eske

Kontuz! elkarteak deituta, azkenaldian Iruñeak ikusi duen manifestazio jendetsuena egin zuten larunbatean. "Goicoechea auzian" gertatutakoari buruzko azalpenak eta ardurak eskatu dizkiote Yolanda Barcinaren gobernuari.


2014-02-18 | ARGIA
Lizarbe, Nafarroako Ogasunari buruzko ikerketa batzordeko presidente

Juan Jose Lizarbe izendatu dute 'Goicoechea auzia' ikertzeko batzordeko presidente. PSNk soilik aurkeztu du hautagaia eta alderdi guztien babesa jaso du, UPNrena salbu.


Eguneraketa berriak daude