Euskaldunon gutxiagotasun konplexua


2005eko uztailaren 31n
Duela gutxi, bere azken ekoizpena bailarako egunkarian aurkezterakoan, euskal ekoizle batek, horrela zioen: "Ez nuen bakar-bakarrik Euskal Herrian ikusiko zen film bat egin nahi, merkatu handiago horretara iristen nintzela ikusi nahi nuen".

Datozen lerroen helburua ez da lagun horren jokaera kritikatzea, gure artean ederki asko hedatuta dagoen gutxiagotasun-konplexua aztertzea baizik. Jende askoren ustez, herri txikiko biztanle garen neurrian globalizazioaren esparruan murgiltzera kondenatuta gaude, gure kulturaren sustraiak gure etxeko sukaldetik ibiltzeko soilik baliagarri balira bezala.

AEB eta herrialde nagusien zinematografiekin lehian aritzeko gure ekoizpenen kalitatea dugu ateak zabalduko dizkigun faktore bakarra. Gakoa ikuslearen interesa piztean datza, kalitatea eta istorioen originaltasunetik abiatuz.

Beste merkatuetara iristeko bidea ez da geure ezaugarriak makilatzen dituen film neutro bat lortzea. Azken bolada honetan Catalunyan burutzen ari diren operazio bitxi baten lekuko gara. Film horien helburua estatubatuarren zinegileen estiloa eredutzat duten izu-ikarazko istorioekin lotuta agertzen zaigu, espainiarrak direla inor kontura ez dadin. Modu horretan filmaren ukitu pertsonal edo propioari uko egiten diote, film horiek inork hemengo istorioekin antzeman ez ditzan, edonon gertatuko balira bezala. Helburua nortasun unibertsala izatean omen datza, hori dela, hain zuzen ere, film horien ahulezia agerian uzten duen adierazle nagusia ohartu gabe. Horixe da, esaterako, El Maquinista (Bran Anderson, 2003), Darkness (Jaume Balaegueró, 2002) edota Paco Plazak buruturiko El segundo nombre (2002) filmarekin gertatzen dena. Zinegileek filmaren istorioa, bere inguruko ezaugarriak errespetatuz, leku zehatz batean kokatzen dutenean, berriz, lanaren kalitateak maila bikaina lortzen du, Paco Plazaren azken filmean gertatzen den lez, Romasanta, la caza de la bestia (2004).

Azken hilabeteotan, bestalde, ugari izan dira industria zinematografiko eskasa duten herrialdeetatik iritsi zaizkigun errealitatean ondo errotutako filmeak: Argentinako ekoizpenak izango lirateke adibiderik argiena, baina ezin ditugu ahaztu Amer Alwanek irakiarrak zuzenduriko 'Zamán, el hombre de los juncos, edota Afganistanetik Osama (Siddik Barmak, 2003) edo Senegal-Burkina Fasotik iritsitako Moolaadé (2004, Ousmane Sembene) filmak.

Adibide horiek nahikoak ez balira, gogoan dugu oraindik ere iaz Donostiako Zinemaldia, merezimendu osoz, irabazi zuen Las tortugas también vuelan (Bahman Ghobadi, 2004), Iran eta Irakeko elkar-ekoizpena.

Bestalde, aurtengo Berlingo Zinemaldiaren garaile nagusia, Urrezko Hartza eskuratu duena, aipa dezakegu hain zuzen ere: Mark Dornford-Mayk zuzendutako Carmen Khayelitsha-n. George Bizetek sortutako pertsonaiaren bertsio berri hau xhosa hizkuntzaz burutu dute egileek. Bestalde, eta Hegoafrikan jarraituz, aurtengo Oscarretako lehian herrialde horrek aurkeztutako Yesterday filma zulu hizkuntzaz arrodatu zutela esan beharra dago.

Badira, bestalde, gakoa aurrekontu mailan kokatu nahi dutenak, diruak harresi guztiak txikituko balitu bezala. Gaur egun, gure pantailetara iristen diren hainbat film ikusita, badira beren balio estetikoa baino gehiago azpimarratzen diren beste zenbait faktore desberdin. Horien artean, bitxiena marketing faktorea bilakatu den AEBetako filme indie -independienteen?- aurrekontu eskasa izango litzateke. Aurten, Sundanceko Zinemaldian Epaimahaiaren sari berezia jaso ondoren gure artean estreinatu den Shane Carruth-ek zuzenduriko Primer filmearen aurrekontua 5.600 eurokoa izan zen, Robert Rodriguezek duela urte batzuk El Mariachi burutu ahal izateko behar izan zuen kopuru bera.

Oso ezagunak dira, bestalde, jendeak estimu handitan dituen beste hainbat filmeren estuasun ekonomikoak: David Myrick eta Eduardo Sanchezek 18.000 euro baino ez zituzten behar izan El proyecto de la bruja de Blair burutzeko, eta 48.000 euro izan ziren Darren Aronofskyk Pi egiteko behar izan zituenak.

Filme hauen abiapuntua eta Euskal Herrian egin daitezkeenenak alderagaitzak badira ere, -merkatu banaketaren arazoa behar bezala bideratzea funtsezkoa litzateke-, aurrekontuarenak ez dirudi film baten arazo nagusia denik, are gehiago gaurko teknologiak eskaintzen dizkigun abantailak kontuan hartzen baditugu.

Euskal zinematografiaren industria sendotu behar da, dirulaguntza guztiak ezinbestekoak dira, baina, bidaide ona bada ere, diruak ez ditu inoiz ere zinegileen gogoak, irudimena eta adimena bermatzen.


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroen %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude