Lehen emakume feminista euskaldunak

2005eko martxoaren 13a
Madame d'Abbadie d'Arrast, ezkondu aurretik Marie Coulon izenez ezaguna, Parisen jaio zen 1837an eta handik 21 urtera Charles d'Abbadie d'Arrastekin ezkondu zen, famili ospetsuko hirugarren semearekin. Hala ere, semeetan ezagunena Antoine izan zen, lore-jokoak eta euskal festak antolatu zituen aditu eta mezenasa. Charles, Marie eta euren seme-alabek Baigorrin zuten Echauz gazteluan igarotzen zuten urtearen zati luze bat eta Parisen bestea. Ordutik hona, ziurtasunez jasotako berri bakarra Mariek argitaratutako Causeries sur le Pays Basque. La femme et l'enfant (Paris 1909) liburua zen (1). Gainontzekoa haren alaba Lisette-rekin edota Antoinen emaztearekin (Virginie Vincent de Saint-Bonnet-ekin) izandako errakuntza okerrak baino ez dira. Badakigu, ordea, Marie Coulon protestantea zela eta horrek zenbait arazo eragin zizkiola bere senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen aldeko Belgikako Ligak antolatutako Frantzia eta Belgikako lehen Kongresu feministetan parte hartu zuen, izan ere, CNFFeko kidea baitzen. Emakumeen sufragio eskubidea defendatzen zuen. Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko Idazkari Nagusia izan zen; taldeak espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta haietaz arduratzen zen kartzela utzi ondorenean. Era berean, alkoholismoak emakumeengan dituen eragin kaltegarrien aurka ziharduten zenbait taldetan lan egin zuen. Finean, emakumeen eskubideen aktibista sutsua izan zen eta emakumeen gizarteko egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan, gerora Lisette haren alabak egingo zuen moduan.

Ama zein alabaren iritziz, biziki garrantzitsua zen emakumeek indar fisiko handia izatea; horretarako, gimnasia egiten zuten egunero eta Euskal Herriko mendiak oinez zeharkatu zituzten. Horrela, hainbat txokotako biztanleak ezagutu zituzten, baita haien bizimodu eta ohiturak ere, gerora horrenbeste idazki eta liburutan islatuko zituztenak. Emakume euskaldunek bazituzten eurek hainbeste estimatzen zituzten indar fisikoa, kemena eta adorea. Ama-alaben ustez, jatorrian gizon-emakumeak berdinak izan omen ziren, emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu beharreko indarra galdu zuten arren. Halako emakume euskaldunak "Eskualdun Emazteki Azcarrak" ziren Marieren hitzetan. Horietako bat Erausoko Katalin bera zen, haren indar fisikoa, gorputz erresistentzia eta energia zirela eta, Mariek liburu orotan eredu gisa azaltzen zuena. Gogora dezagun orduko gizartearen emakume eredua andere tisiko, zurrun eta ahularena zela.

Lisette d'Abbadie d'Arrast, Pauen jaioa 1859an, Echauzen zendu zen 1902an. Hortaz, 43 urte zituenean. Ezkongabe. Bizitza emakumeen eta justizia sozialaren aldeko borrokan eman zuen. Urte bete lehenago Charles aita hil zen, hau ere Echauzen. Marie, ordea, 1913an hil zen, eta senarra eta alaba tartean hil bazitzaizkion ere, bere militantzia sekula ez zen eten. Ondorioz, esan genezake lehen emakume feminista euskaldunak izan zirela Marie eta Lisette d'Abbadie d'Arrast.

(1).- Auñamendi argitaletxeak 1959an gaztelaniaz argitara emana: Charlas sobre el Pais Vasco. La mujer y el niño (Euskal Herriari buruzko solasaldiak. Emaztea eta umea).

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Feminismoa

Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude