Demokrazia parte-hartzaileagoa

  • Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikasle talde batek demokrazia parte-hartzaileaz ikertzen jardun du azken urteotan. Gizarte eta Informazio Zientzia Fakultateko hainbat sailetako kideak dira, hain justu, lan hori egiten ari direnak, eta gurekin berba egin dute demokrazia parte-hartzaile kontzeptuak bere baitan gordetzen duenaz. Demokrazia parte-hartzaile saiakerak ez daude ordezkagarritasunean oinarritzen den sistemari kontrajarriak; indarrean dauden demokraziak osatu eta hobetzeko bultzatzen da herritarren parte-hartze zuzenagoa. Teoriaz gain, praktikara hurbildu gara hainbat udalerritan martxan jarri diren sistema parte-hartzaileagoak ezagutzeko: Amoroto, Bera, Donostia... Azkenik, gai zehatzen inguruan azken asteotan hainbat herri eta auzotan burutu diren erreferendumak izan ditugu hizpide.
Unai Brea @unaibrea
2004ko abenduaren 05a
Demokrazia hitz soila ez omen da nahikoa honezkero. Orain, abizenak behar ditu. Demokrazia ordezkatzailea esaten zaie, berbarako, gure inguruan indarrean dauen ereduei (edo parlamentu-demokrazia, edo liberala, edoà). Azkenaldian, asko hitz egiten ari da beste demokrazia mota batez: demokrazia parte-hartzaileaz, alegia. Sarritan, eredu biak kontrajarritzat agerrarazten dira. Edo behintzat, bereizitzat. Haatik, mugak lausoak dira; gauzak ez dira zuriak ala beltzak, EHUn gaia ikertzen dabilen taldeko kideen iritziz.

Asier Blas, ikerlarietako bat, gaiari buruzko tesia egiten dabil oraintxe. Beraren ustez, "demokrazia parte-hartzailea ez da letra handitan jartzeko hitza. Askotan, demokrazia parte-hartzailea jartzen da mutur batean eta ordezkagarritasunean oinarritutakoa beste batean, besterik ez balego bezala. Baina lerro bat dago bi mutur horien artean. Lerro horretan alde batera edo bestera egiten den heinean, sistema parte-hartzaileagoa izango da, edo parte-hartze gutxiagokoa".

Parte-hartzaileagoa dioenak hobea dio. Demokrazia parte-hartzailea ez ei da orain dugunarentzako alternatiba, munduan ûedo Mendebaldea deritzon honetan behinik behinû nagusi den eredua ontzeko bitartekoa baizik. Hala, askok egiten dute demokrazia parte-hartzailearekin bat, hitzez behintzat. Bestelako kontua da hitz horiei zer nolako edukia ematen zaien. Gogoan izan behar da, gainera, ekimen parte-hartzaile gehienak instituzioetatik jaio direla, itxura batean haren sustraiak herrian daudela pentsa litekeen arren.

Erne erabilera maltzurrekin!

Hitzekin kontuz ibili behar da, erabiltzearen poderioz azkar galtzen dute-eta jatorrizko esangura. Rafa Ajangiz irakasleak ohartarazten duenez, "munduko bankuek aurrekontu parte-hartzaileak gomendatzen dituzte, beraz pentsa". Baliteke "demokrazia parte-hartzailea" hitzak batere aurrerakoiak ez diren ideiak zilegitasunez janzteko erabiltzea. Egin egiten da, izan ere. Ereferendumak eta herri kontsultak egitea parte-hartze adierazleak izaten dira, baina Europako zenbait herrialdetan ûSuitzan eta Irlandan, kasu baterakoû, emakumeei bozkatzeko eskubidea galarazteko edo dibortzioak legez kanpo irauteko erabili dira.

Asier Blasen ustez, demokrazia parte-hartzailea bi ildo desberdinetatik dabil. "Bata, Europan nagusi dena, historikoa da. Betidanik bideratu da parte-hartzea, gehiago ala gutxiago. Baina askotan, jarrera atzerakoiei eusteko erabili da". Tradizio horren adierazpiderik behinena erreferendumak dira.

Bigarren ildoa, azken hamabost urteetan-edo zabaldu dena, Latinoamerikatik dator. "Honek bai, helburu eraldatzaile eta jarrera ideologiko argiak ditu", dio Blasek. Eredu honen lanabes nagusia herri-batzarrak dira, eta aurrekontu parte-hartzaileak dira, beharbada, bere adierazpiderik aipagarriena. Goiko koadroan eman dizuegu horien berri zehatzagoa.

Ideia bat azpimarratu nahi dute gure solaskideek: demokrazia parte-hartzaileak, gaur egun ezagutzen dugun bezala behintzat, ez du sistema aldatzen. Iñaki Barcena gure hirugarren mintzakideak dioenez, "ez gara ezer asmatzen ari, demokrazia parte-hartzaile saioak Erdi Arotik egon dira eta". Gaur egungo kinkan, berriz, mundu globalizatu hau zuzentzen duten indar neoliberalei aurre egiteko tresnatzat ageri zaigu ûedo agertu beharko litzaigukeû, Barcenaren aburuz. "Erabaki garrantzitsuak merkatuak hartzen ditu. Nork diseinatzen ditu, bestela, energia-politika, azpiegiturakà? Demokrazia parte-hartzaileak herritarrek erabaki horietan esku hartu ahal izatea proposatzen du, hain zuzen. Egia da hainbat eskakizun geldiarazteko erabil daitekeela, baina baita ere egoerari oldartzeko".

Euskal Herriko eredu bat: Amoroto

Sarri, demokrazia parte-hartzailea udal mailari lotuta ageri da. Eta udal txikiei, zehatzagoak izateko. Euskal Herrian bertan, biztanle kopuru txikia daukaten herrietan aurki daiteke parte-hartze adibide gehien (eta ez gutxi). Amoroto udalerri bizkaitarrekoa, esaterako. Han, herri batzarra da aginte organorik garrantzitsuenetakoa, eta tradizioz izan da hala, Maribi Ugarteburu alkateak gogorarazi digunez: "Harrigarria begitantzen zaigu gure herri batzar sistemak atentzioa ematea, guretzat oso normala delako. Betidanik ezagutu dugu, eta ohitura horri jarraibidea eman besterik ez dugu egiten, naturaltasunez".

Normalean, urtean behin egiten dira herri batzarrak Amoroton. Ez dago data zehatzik, baina urte amaieran izaten dira beti. "Kultur Etxean egiten ditugu, ûdio Ugarteburukû, domeka eguerdiz, meza ostean, orduantxe elkartu daitekeelako jende gehien". Parte hartzea polita da: herriak dauzkan 380 biztanleetatik, 60 inguru joaten dira batzarrotara. Gehienak, adinekoak. "Gure gabezia bat gazteak ezin erakartzea da, baina igartzen da jendeak urteetan aurrera egin ahala gehiago parte hartzen duela".

Batzarretan, udaletxeak ûhori ere herriak zuzenean aukeratutakoa, aparteko koadroan azalten denezû urtean egindakoaren berri ematen du: zertan erabili den dirua, zer geratu den egitekeà Ondoren, herritarrek galderak eta eskariak egiten dituzte. "Udaletxeak konpromisoa hartzen du han agertzen diren gaiak lantzeko, eta zer edo zer erabakiz gero ûbatzutan, ez ohiko batzarrak egiten dira gai garrantzitsuenei buruzko eztabaidak egitekoû udaletxeak ez du atzera egiten. Batzarrean adostutakoa bete egiten da".

Demografiak ezarritako mugak gainditu

Honaino ailegatuta, alderdi demografikoa aipatu behar dugu ezinbestean. Bistan da errazagoa dela giza talde txikiak antolatzea handiak baino, eta horregatik, eremu geografikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa ematen du parte hartzeko bitartekoak ezartzea. Eta erabaki beharrekoak ere garrantzitsuagoak direnez instituzioen eremu geografikoa zabalago bihurtu ahala, pentsa liteke demokrazia parte-hartzaileak herri txikien kudeaketan daukala muga. Nola lortu, esate baterako, probintzia oso bateko biztanleek politiken diseinuan parte hartzea? Eta estatu batekoek?

EHUko ikertzaile taldeak, alabaina, muga horiek gainditzea posible dela uste du. Egia da Euskal Herrian ditugun parte-hartze adibide gehienak ûuste baino ugariagoakû herri txikietan ematen direla, baina frogatuta dago hiri handietan ere bitartekoak ipin daitezkeela. Hamabi milioi biztanleko hiri batean posible bada, nola ez da izango milioi eta erdi dauzkan Bizkaian, adibide bat ematearren? "Bitartekoak ipintzea aski da, eta egon badaude", dio Iñaki Barcenak.

Zelangura, irakasleak normaltzat jotzen du demokrazia parte-hartzaileak udal mailan edukitzea indar gehien, "herritarrak hurbileneko arazoez kezkatzen direlako lehenbizi". Horrek dakarren arriskua, Asier Blasen ustez, nolabaiteko elkartasun eza sortzea da: "Jende askok ez du errauskailurik nahi etxe ondoan, baina Mozanbiken ipintzen badute, primeran". Hego Amerikatik datozen mugimenduek, hain zuzen, arazoen ikuspegi orokorra edukitzearen garrantzia azpimarratzen dute, baina Europan urrunago omen gaude pentsamolde horretatik.

Benetako demokrazia al da gurea?

Demokrazia herriaren gobernua bada, begibistakoa ematen du parte-hartzaileagoa den heinean demokratikoagoa ere badela. Orduan, sistema ordezkatzaile hutsa demokraziatzat jo daiteke? "Ez", erantzun du Blasek. "Status quo-aren defendatzaile nagusietako batek, Rober Dahl politologoak, argi eta garbi dio gaur egungo sistema hau ez dela demokrazia, partitokrazia baizik. Hori bai, sistemarik hoberena dela aldarrikatzen du jarraian". Zalantza datorkigu berehala: demokrazia parte-hartzaile esaten zaion hori ez ote da, azken batean, partitokrazia parte-hartzailea? "Guk ez dugu esango nolakoa izan behar duen demokraziak leku bakoitzean", dio Blasek zuhurtziaz, "Brasilen era batekoa izango da, Parisen beste batekoa, eta euskaldunok ere geurea beharko dugu. Lan zamatsua egin beharko da horretarako". Ez dakigu Blasen hitzek gure galderari erantzun dioten, baina behintzat gauza bat geratu zaigu argi: asko dago egiteke.

Amoroto: benetako herri zerrenda udal hauteskundeetarako
Amorotoko biztanleek ez dute behin bozkatzen udal hauteskundeetan, hirutan baizik. Hauteskunde data ofiziala baino hiru hilabete lehenago egiten dute lehenbizikoa, Maribi Ugarteburuk alkateak azaldu duenez: "Herriak lau auzo dauzka; herritar bakoitzari zerrenda bat bidaltzen zaio, bere auzoan 18 urtetik gora dauzkaten biztanle guztien izenekin. Bakoitzak hiru izen markatu behar ditu zerrenda horretatik, eta bozketa egiten da". Auzo bakoitzean bozka gehien eskuratu duena udal hauteskundeetara aurkeztuko den behin-betiko zerrendara joaten da zuzen.
Ondoren, beste zerrenda bat osatzen da auzo bakoitzean bozka gehien jaso duten hurrengo hiru herritarrekin. Zerrenda horretatik, berriz ere, hiru pertsona aukeratu behar ditu amorototar bakoitzak; "bigarren itzuli" horretan bozka gehien hartzen duten hiru lagunek osatuko dute udal hauteskundeetarako zerrenda. Ondorengo hirurak ordezkoak izango dira.
Amoroton denek dute oso argi hori dela aurkez daitekeen hautagaitza bakarra. Gero, aukera egongo da hari bozka emateko, bozka zuria emateko edo abstentziorako. Baina azken horrek ez du arrakastarik izaten, udal hauteskundeetan %90etik gorako parte-hartzea egoten da eta.
Azkenik, alkatea aukeratu behar da. Hori udaletxea osatzeko aukeratuak izan diren zazpi lagunei dagokie, bakoitzaren gogoa eta aukerak aztertuta. Egia esan, inork ez du hautatua izan nahi, "baina herritar guztiek onartzen dute egokitu dakiekeen betebeharra dela. Izan ere, badago oso barneratuta daukagun kontzeptu bat: udaletxean daudenak herritarren ordezkari zuzenak izan behar dira".

Donostia, aurrekontu parte-hartzaile bila
Azken urteotan, Donostiako Udaletxea herritarren parte-hartzea sustatu nahian dabil hiriari dagozkion erabakietan: inkestak, auzokide batzarrak, auzoetako behatokiakà Orain, gainera, aurrekontu parte-hartzaileak garatu nahi dituzte, Porto Alegreko ereduari begira beti ere, Odon Elorza alkateak adierazi digunez.
"Iaz arte egiten genuen bakarra aurrekontuen edukiaren berri ematea zen, iradokizunak egiteko aukera zabalduz ûdio Elorzakû, baina ez zen nahikoa". Hortaz, udaletxeak urrats txikiak egitea erabaki zuen. "2003an, hiritarren 46 ekimen sartu ziren 2004rako aurrekontuetan ûjarraitu du alkateakû; horiek beteko direla hiritarrek zein teknikariek osatutako segimendu-batzordeak bermatzen du. Aurten, berriz, dagoeneko zabalik dago elkarte nahiz hirritar soilek 2005erako aurrekonturako proposamenak emateko epea. Teknikariek proposamenok aztertuko dituzte eta hiritar batzorde batek lehentasunak ezarriko ditu; hala adosten diren proposamenak udaletxeko talde politikoek eztabaidatuko duten aurrekontu-proiektuan sartuko dira".

«Aurrekontu parte-hartzailea», brasildar kalitate labela
Udaletxe askok dauzkate aurrekontu parte-hartzaileak, baina ez darabilte "aurrekontu parte-hartzaile" marka, nolabait esateko. Hori Brasilgo Porto Alegre hirian sortu zen, 1989an; urte hartan, Partido dos Trabalhadores (Langileen Alderdia) delakoak irabazi zituen alkatetzarako hauteskundeak, eta auzo batzarrak antolatzen hasi ziren. Horietan, aurrekontuetarako lehentasunak ezarri eta horien araberako proposamenak egiten ziren. Gero, auzoetako ordezkariak elkartzen ziren, horietatik zeintzuk proposamen onartzen ziren erabakitzeko. Formula laster zabaldu zen Brasilgo beste hiri batzutara, eta gaur egun, esaterako, indarrean dago hamabi milioi biztanle daukan Sâo Paulon.
Gerora, "aurrekontu parte-hartzaile" marka mundu osoan barrena hedatu da, eta gaur egun 300 udal baino gehiago daude sarean. Baina ez dute brasildarrek zabaldu, europarrek baizik. Izan ere, hainbat udaletxek Europako Batasunaren diru-laguntzaz sarea osatu dute Porto Alegreko ekimenean oinarrituta. Asier Blasek dioskunez, "sarea anbiguoa da, ez delako aurrekontu parte-hartzaileak egiteko sortua beren-beregi, demokrazia parte-hartzeailearen inguruko sare zabala baizik. Hor dauden guztiek ez dute zertan aurrekontu parte-hartzaileak egin". Udal bazuek, berriz ûtartean Euskal herriko zenbaitekû ez darabilte Brasiletik datorren izendapena, baina benetako aurrekontu parte-hartzaileak egiten diztute, ikerlariak gehitu duenez.

Jon Abril, Berako zinegotzia: «Herritarrek diseinatzen dute arloan arloko plangintza»
Berako udaletxea dugu Euskal Herrian dauden demokrazia parte-hartzaileren adibideetako bat. Herri nafar horretako kultur zinegotzia, Jon Abril, beratarrek udalgintzan esku hartzeko daukaten bitartekoez mintzatu zaigu:

Nola hasi ziren batzorde irekiak Beran?
Orain 25 urte, frankismoaren ondorengo lehenengo udalekin batera, honelako esperientziak Euskal Herri osoan nahiko zabalduta egon ziren. Baina gurean bederen segidan etorri zen gainbehera, eta filosofia hari eutsi zion batzorde bakarra Kultura Batzordea izan zen. Aurreko legegintzaldian beste batzorde batzuetara eraman nahi izan zen, baina nahiko herren geratu zen; Kulturaz gain, Kirol Batzordea eta Euskara Batzordea soilik aritu ziren ondo. Legegintzaldi honetan, azkenik, sakondu nahi izan dugu honetan, eta orain udaletxeko zortzi batzordeak irekiak dira. Gutxi goraberehera, 120 herritarrek hartzen du parte horietan ûBeran 3.700 lagun bizi dira guztiraû, eta beraiek diseinatzen dute arloan arloko plangintza. Zinegotziek proposamenak eramaten dituzte, baina sarritan goitik behera eraldatzen dira proposamen horiek.

Aurrekontuak parte-hartzearen bidez diseinatzen dira, ezta?
Bai, batzorde bakoitzak bere aurrekontua osatzen du. Baina hori udaletxearen aurrekontu osoaren %40 inguru baino ez da. Orain urrats bat gehiago eman nahi dugu, eta aurrekontu osoa izan dadila parte-hartzaileagoa. 2005eko aurrekontuak prestatzen hasteko zorian gaude, eta orain arte zinegotzien esku baino egon ez diren alderdietan (inbertsioak eta abar) batzordeek zeresana eduki dezaten ahaleginduko gara. Eta aurrekontu osoa modu horretan egin ezin badaiteke ere, bai bederen zati handi bat.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude