Mendebaldeko Sahara: Itsasoko herri aberatsa basamortura kondenatua

  • Gurasoen sorterria ezagutzen ez duten 2.000 haurrek behin-behineko bizilekuan ehunka orri zuritan marrazkiak egin dituzte. Basamortuko ezerezean ez daukatena irudikatu dute: berdea, itsasoa, bizi baldintza duinak. Mendebaldeko Saharara itzultzen direnean marrazkiak egi bihurtuko direnaren esperantzan bizi dira haurrak eta helduak.
Tinduf hiriko aireportura iritsi ginenean, orduantxe, ari zuen iluntzen. 4x4 ibilgailuetan sartu eta tropa guztia Tindufen bizi diren saharar errefuxiatuen kanpamentuetara abiatu ginen. Tinduf (Aljeria) hiria bera igaro genuen lehenengo eta han, iluntzeko freskuran aljeriarrak kalean zebiltzan. Hiria argiztatua dago eta animoso zebilen. Aurrez bide bera egina zuen hainbatek abisua pasa zigun: «Hemendik aurrera ez duzue horrelakorik ikusiko». Asfalto bidean jarraitzen genuen, baina argi posteak desagertu ziren eta akordatzerako, ustez behintzat, norabiderik gabeko hondar bideetan sartu ginen. La palmerita izeneko protokolo gunean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko banderak ongi etorria eman zigun.

Banderari koloreak noiz aldatuko

Sahararrak banderaren koloreak lekuz aldatzeko zain daude. Marokoarren hankapean egongo ez den herrira itzultzen direnean, orain behealdean dagoen kolore berdeko zatia goian jarriko dute eta goikoa, beltza, behean; sufrimendua, amesgaiztoa bazterrean utziko dute eta itxaropenak goiari helduko dio. Hori da sakabanatuta bizi diren sahararren esperantza azken 29 urteetan. Mendebaldeko Saharan dauden 40.000 saharar inguru milioi erdi bat marokoarrekin bizi dira, Marokoren errepresio pean. Aljeriak utzitako basamortu zatian »uzteko modukoa da» 167.000 saharar errefuxiatu inguru bizi dira behin-behinekoz. Fronte Polisarioak liberatutako zonaldean saharar armatuak zaintza lanean ari dira eta atzera-aurrera nomada batzuk dabiltza. Diasporakoak kontatuta 300.000 biztanlera ez da iristen herri afrikar hau. Hainbat bizilekutan sakabanatutako sahararren itxaropena bakarra da: Mendebaldeko Saharan Marokoren morrontzarik gabe bizitzea.

Emakumeen tinkotasuna

Gehiegitxo ausartzea izango da sahararrak beraien helburua lortzeko indartsu ikusi ditugula esaten badugu. Bi egun eta erdiko bisitan, herritar arruntak baino, Fronte Polisarioko kideak izan ditugu lagun. Haiek bai, haiek seguru daude berandu baino lehen Mendebaldeko Saharara itzuliko direla.

Oso emakume gutxi ikustea egokitu zaigu Fronte Polisarioaren antolaketa guneetan, baina ezagutu ditugun gutxi horiek Polisarioaren sendotasun bera erakutsi digute. Ez ordea, errebindikazio politikoan soilik, baita emakumearen eskubideak defendatzeko orduan ere. Saharar Emakumeen Elkarte Nazionaleko (UNMS) ordezkari nagusiekin egoteko aukera izan genuen eta argi eta garbi azaldu zuten helburua: «Gure borroka adinekoez, haurrez eta kanpamentuaz arduratzea da, baina ez gara bizitza pribatura mugatuko. Aldarrikapen politikoak ere ondo daude, baina emakumeok gure eskubideak defendatu behar ditugu. Bizitza publikoan egin nahi dugu lan; gizarte gaietan, politikan».

Tindufeko kanpamentuetan, marokoarrengandik ihes egin zutenean, emakumeek jaso zituzten etxeak. Beraiek antolatu zituzten familiak, haimak eta kanpamentuak, gizonak inbaditzailearen aurka tiroka ari ziren bitartean. Oraindik ere, gizon asko Tindufera itzultzeko dago, Marokok jasotako 2.500 kilometroko hormatzarra zaintzen ari baitira. Bi kezka dituzte emakume hauek. Batetik: gizonak itzuli ahala emakumeak mantenduko al du orain arte izan duen eskubide esparrua? Eta bestetik: zer egin behar dute gizonek itzultzen direnean? Emakumeak beti du lana familia eta etxea gobernatzen, baina gizona gerratik eta hormaren zaintza lanetatik dator, eta ez da erraza ohiko bizimodurik ez duen behin-behineko bizilekuan tokia aurkitzea. Badira gizonezko irakasleak, sendagileak, eta baita mekanikoak eta dendariak ere. Baina behin eta berriz gogorarazi digute sahararrek beraien egoera ez dela ohikoa, eta munduko beste edozein puntatan logika duten lanbideek hemen ez dute. Fronte Polisarioko Mohamed el Mamunek Kimika ikasi zuen Austrian eta Alemanian. Irribarre egin zigun Tindufen inoiz kimikari gisa lan egin duen galdetutakoan.

Haserretu gintuzten militarrak

Egitaraua hankaz gora jarri eta egun osoa hartu genuen eskola militar bat eta museo militarra bisitatzeko. Kazetari asko haserretu zen plan aldaketa horregatik eta bisita horiek zentzurik ez zutela zioten. Bidaian lagundu zigun Gurutze Irizar erizainak erantzuna pronto zeukan: «Herri hau ez dago ulertzerik armarik gabe». Marokoarren inbasioak bete-betean harrapatu zuen Ormaiztegikoa 1975ean. Eta halaxe, La palmerita gunetik abiatu eta bidaia luzearen ondoren, Fronte Polisarioak errekuperatutako Mendebaldeko Saharako lurraldean sartu ginen. Borondatezko soldadutza daukate ezarrita eta El Uali martirraren izena daraman eskola militarrean gaztetxo asko ikusi genuen gerrarako prestatzen. Su-etena indarrean da 1991z geroztik, baina milaka saharar daude prestatuta etsaiari aurre egiteko. Nazio Batuen Sahararako koordinatzaileak, Mohamed Hadadek, garbi esan zigun han bildu ginen kazetarioi: «Bakea lantzen dugu, baina gerra ere bai».

Gurutze Irizarrek esaten duen bezala, herri txikiak aberastasun handia izatearen desgrazia dauka, eta arrantza gune, fosfato, gas eta balizko petrolioari muzin egiteko intentziorik ez du Marokok. Polisarioko Mamun-ek afalorduan bota digun mitin txikia horrela amaitu du: «Gure herria basamortu puska bat besterik ez balitz honezkero bakean utzi gintuzten».

Abdati Breika, Fronte Polisarioko Informazio Alorreko langilea: «Ezeren zain ez dagoenarentzat ere baldintza hauetan bizitzea gogorra da»
Serioa eta hitz gutxikoa da itxuraz Abdati, adi-adi dago kazetariok zer nahi, hori eskaintzeko. Bera nor den eta herriaren egoera nola bizi duen azaltzeko eskatu diogu eta luze eta zabal aritu zaigu. Hori bai, serio: sufritzen ari den herriari buruz ari baita. Arabiera klasikoan lizentziatua da eta ikasle garaiaren kontaketak peregrinazio amaigabearen itxura du. Hamar bat urterekin »1967an jaioa da» Libiara bidali zuten Tindufeko errefuxiatuen kanpamentutik. Libia, Aljeria eta Siriako eskolak ezagutu ditu eta hogei urte atzerrian igaro ondoren, 1997an itzuli zen behin-behinekoz bizileku duen Tindufera. Kalkuluak eginak ditu: hogei urte horietatik guztira hiru ere ez ditu igaro familiarekin.

Aaiun-en bizi zen marokoarrak sartu aurretik eta 1976an, azkeneko soldadu espainiarrak alde egin baino oso gutxi lehenago, hegazkinez Espainiara ihes egin zuen familiarekin. Oso gogoan du aireportuan zegoen soldadu marokoarrak erdi jolasean emandako zaplaztekoa: «Gogortxoa atera zitzaion, haserre zegoen sahararra izanda Espainiara alde egiteko aukera nuelako». Handik bi urtera Tindufera heldu zen familia osoa.

Hainbeste urtetan ikasitakoak praktikan jartzeko aukerarik ez duzu izan Tindufen.
Ikasitakoak eta egiten dudanak ez dute zerikusirik, baina moldatu egiten zara egoera berrira. Hemen bizitza ez da normala eta besteek egiten duten bezala, lagundu egin behar duzu. Zuretzako, familiarentzako, nazioarentzako ari zara lanean. Ikasle batzuk ez dira itzuli, baina gutxi batzuk dira. Sufritzen ari den herri hau ikusita, horrelako kasuak gehiago izatea litzateke ohikoa.

Tindufen eta zona okupatuan ez ezik, atzerrian ere saharar asko bizi da.
Diasporako jende gehiena Europan dago eta batik bat Espainian. Dena dela, ez daude ikasketak egin dituzten tokietan. Herri txikia gara, baina herritarrak asko ibili gara batera eta bestera. Diasporak ahal duen bezala laguntzen digu. Kanpoan ikasi eta orain lanean ari direnek Tindufeko familiak diruz laguntzen dituzte.

Noizean behin itzultzen zinen etxera ikasle garaian. Zein inpresio egiten zizun zure herriak?
Haurra nintzela ez nintzen ezertaz konturatzen. Herri zoragarri batera itzultzen nintzela uste nuen.
1991ko su-etenaren ondorengo egoerak eragindako etsipena, ordea, nabarmena izan zen. Ez zen erreferendumik egin eta jendea lur jota ikusten nuen. Orain ere herritarrak desengainatuta, ahulduta... nahi baduzu aspertuta daude, baina kazetariok ikusi duzue zertan ari garen: lanean ari da jendea, irakasten, etxeak egiten, eta biztanle kopuruak gora egin du. Ezeren zain ez dagoenarentzat ere, baldintza hauetan bizitzea gogorra da, eta herrira itzultzeko zain dagoenarentzat gehiago.

Zona okupatuetako senideak nola bizi dira?
Ezin esango dugu gu baino hobeto bizi direnik. Baldintza hobeagoetan bizi beharko lukete, hemengoak oso kaxkarrak baitira, baina hemen duintasunez eta askatasunean bizi gara. Han egunero autoritate marokoarrari aurre egiten diote. Gu baino erradikalagoak dira askotan hango sahararrak.

Espainian Saharari laguntzeko ia berrehun elkarte badira. Zenbateraino dira kontziente gatazka politikoaz?
Elkarte guztiek egiten dute esfortzu handia. Baina, batzuek laguntza humanitario soila ematen dute eta beste batzuek konpromisoa hartu dute autodeterminazio eskubidearen bidean laguntzeko. Ez dute laguntzen guk bizirauteko, baizik eta borrokan jarraitzeko, lorpen politikoak izateko, etorkizunerako prestatzeko. Bigarren moduko elkarteak nahiago ditugu, laguntzeko arrazoiak sakonagoak dira.

Zein herrialde dira gehien laguntzen dutenak?
Espainia eta Italia. Ondoren datoz Alemania, Suedia eta besteak.

Kontraesana dirudi Espainiako Gobernuaren jarrerak eta espainiar herritarren jarrerak.
Gizarte zibil espainiarrak, azkenean, arrazoia izango duenaren konfiantza daukagu. Gobernatzen ari den alderdiko militanteak ere gure alde ari dira lanean.

2.000 haurren marrazkiak Euskal Herrian
Nestor Basterretxea eskultore bermeotarrak proposatu zion Hezkuntza sailburuari, Anjeles Iztuetari Tindufeko kanpamentuetarako bidaia. Gai librean, sei eta hamabi urte bitarteko sahararrei marrazkiak egiteko aukera luzatu zien. Materiala hemendik eraman zuten; 4.000 kartulina zuri 2.000 haurrentzat. Basterretxeak nahikoa kezka bazuen, haur horiek halako basamortuan zer marraz zezaketen ez baitzuen oso argi. Harrituta geratu da eskultorea, koadroetan alaitasuna, kolorea eta irudimena ageri baitira. Dena ez da iluna errefuxiatuen kanpamentuetan. Eskultoreak marrazki batzuk hautatu eta hona ekarri behar zituen, hemen erakutsi eta saltzeko. Ez da aukeratzeko gai izan ordea eta denak ekarriko dituzte. Bildutako dirua berriro hara itzuliko da.

Hezkuntzaren garrantzia

Ez da kasualitatea hezkuntza eta artea lotzen dituen proiektua abian jartzea. Fronte Polisarioak, milaka saharar Aljeriako desertura heldu zenez geroztik, lehentasunen artean izan du hezkuntza. Tindufeko biztanleriaren % 60k 16 urte baino gutxiago ditu. Haurtzaindegietatik hasi eta unibertsitate arteko ikasketak antolatuta dituzte. Kanpamentuetan 12 urte arte soilik aritzen dira haurrak, gehiagorako azpiegiturarik ez dutelako. Bigarrren Hezkuntza egiteko, batik bat, Libiak, Aljeriak eta Kubak emandako bekak aprobetxatzen dituzte. Hori gainditzen dutenak joaten dira unibertsitatera. Bigarren Hezkuntza kanpoan ikasi gabe geratzen direnek Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituzte. Emakumeek bestelako formazio zentroak ere prestatu dituzte eta antzerki, bideo eta zine tailerrak, ehungintza tailerra eta atzerriko hizkuntzen tailerra dituzte, besteren artean.

James Baker gabeko etorkizun kezkagarria
Tindufera joan baino egun batzuk lehenago dimititu zuen Nazio Batuen Mendebaldeko Sahararako bitartekari estatubatuarrak, James Baker-ek. Mohamed Hadad, Nazio Batuen Sahararako koordinatzaileak dimisioa kezkagarritzat jo zuen. Honela hasi zuen kazetarien aurrean Mendebaldeko Saharari buruz eman zuen hitzalditxo argigarria: «Nazio Batuek 600 milioi dolar baino gehiago gastatu dituzte gatazka honetan, 45 erabakitik gora hartu dituzte Segurtasun Kontseiluan eta bost-sei bat idazkari nagusi izan dira. Nazio Batuen MINURSO erakundeak 1991ko su-etenaren ondoren erreferenduma egitearen ardura hartu zuen eta oraindik ez da egin».

Autodeterminazio eskubidea. Erreferendumerako 86.425 botoemaileen zerrenda prestatuta daukate 1999tik, baina Marokok ez du onartu. Baker planaren arabera, Mendebaldeko Saharak bost urte egingo lituzke Marokoren pean eta ondoren, erreferendumean erabakiko litzateke sahararren nahia. Eskaera bakarrean biltzen da sahararren gogoa: autodeterminazio eskubidea errespetatzea.

Espainiako gobernu berriaren eta Europako Batasunaren lan aktiboagoa eskatzen du Hadadek. Espainiako Gobernuak gatazka konpontzen laguntzeko prest dagoela adierazi du, baina Hadad ez da asko fio gobernu berriaz: «Espainia ez da Portugal baino ahulagoa eta Marokok Indonesiak baino indar gutxiago du. Espainiak badu gaitasuna 1975eko horrorea konpontzeko. Nazio Batuetako Segurtasun Kontseiluko kide izango da urte amaiera arte. Ez dadila 2004ko Espainia 1975ekoa izan».

Frantsesez ala gazteleraz? Kostako zaio Frantziari sahararrak txunditzea. 1976an hegazkin frantziarrek bonbardatu zituzten saharar gerrillariak. Moratinosen hitzak ditu gogoan NBEko ordezkariak: «Esaten duenean Frantziak eta Espainiak hizkuntza berean hitz egingo dutela, hizkuntza hori frantsesa izango denaren beldur gara».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude