Uhain larrosa


2004ko apirilaren 11n
Ezustekoa da Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeen karietara gertatu dena. Nork pentsa zezakeen gauzak aldatzen ahal zirela hain kontserbadorea den herri honetan? Iparraldeko 21 kantonamenduetatik 10 arraberritzen ziren aurten. Bost kantonamendutan sozialistek irabazten dute! Sekulan ez da halakorik gertatu hemen.

Aditu politiko orok ez zioten segurtatzen bere aulkia Jean Espilondo sozialistari, Angelu-Iparra deitu eskualdean. Botoen %58 lortuz, aurkaria zeukan Angeluko auzapeza aise gainditzen du. Baiona-Iparrean, sozialista gazte batek kontseilari nagusi komunistaren segida hartzen du, eskuina zangopilatuz %65 erdietsiz! Baionako gainontzeko bi kantonamenduetan sozialistek ere irabazten dute. Eskuinarenak izan ohi diren hautes-barrutiak eskapatzen zaizkio Pirinio Atlantikoak departamenduko presidenteari. Doi-doia Pauen bere gehiengoa atxikitzen du. Martxoaren 28ko gau iluna izan zitzaion ere Baionako auzapez eskuindarrari, bere bi alkateorde galtzaile baitira hauteskunde hauetan. Bere udal gehiengoa ahul xamarra irteten da. Hemen, dudarik ez, alderdiak bozkatuak izan dira eta ez hainbeste pertsonak, nahiz zenbaketaren gehiengoa eta pertsonala izan. Frantses gobernua »eta neurri batean udal politika» zigortuak izan dira. Hauteskunde lokalak, nazionalak bihurtu dira hirietan. Orain dela bi urteko bozen ordaina.

Bukatzeko, aipa dezagun zentro-eskuineko zerrenda beltza: laurogei urtez Intxauspe familiaren esku egon den Garaziko herriaren ezkerrera iragan da. Sistema baten amaiera! Intxauspe bankeroarena. Adinak beharturik politika utzi du aurten, kasik mende erdi batez kontseilari orokor »eta luzaz diputatua» izanik. Aitaren segida hartu zuen. Bazirudien belaunaldiz belaunaldi Garazik horrela segitu behar zuela. Baina aldi honetan bederen, Intxauspe semerik ez da aurkeztu, joko ideria utziz. Hala ere, bere oinordekoa "izendatu" zuen Michel Intxauspek: Donibane Garaziko alkate eskuindarra. Galdu du, eta gainera Frantxoa Maitia sozialistaren fagorez! Lau aldiz Michel Intxausperen aurka aurkeztu eta galdu zuen Nafarroa Behereko alkate sozialista bakarrak Garaziko historia politikoaren kapitulu berri bat irekitzen du. Ainitz abertzaleren botuei esker irabazi du Maitiak. Hor ere elementu pertsonala kontuan hartu behar da; Garazi ez da guztiz sozialista bihurtu!

Neo-gaullistentzako beste belarrondoko politikoa Hazparneko kantonamendua da. Orain dela sei urte, lehen itzulian %63 botoekin pasatu zen Hazparneko alkateak galdu du, hogeita hamar urtez kontseilari nagusi edo orokor izanda. Irabazlea, ustez desagertzen ari zen euskaltzale demokristau tradizioaren ordezkari bat: Beñat Intxauspe, pilotari txapeldun ohia. Bere gisako beste zentrista batek bere aulkia salbatzen du Atharratzen (Michel Arhancet), nahiz eta han ere ezkerra aitzina doan. Gainontzeko hiru komarketan eskuina mantentzen da: Miarritze, Iholdi eta Bastidan.

2004ko sozialisten primadera, egun berean izaniko eskualde hauteskundeetan ere ageri da: 21 euskal hautes-barrutietatik hamabostetan Akitaniako Kontseiluarentzako zerrenda sozialista eta ekologistak irabazi dio eskuinari! Segur emaitza hauek baloratu ordukoz Frantzia osoan izaniko uhain larrosa kontuan hartu behar da »22 eskualdetarik bat baizik ez da eskuinaren esku geratzen!». Gobernuak daraman politika "sozialaren" zigorra, alegia. Baina baita ere azken sei urte hauetan sozialistek Akitanian eraman duten politikaren onarpena eta ezagupena: Iparraldeari dagokionez, mendiko laborantzari buruzko erabakiak, hala nola Euskal Herriko berezko konbenioa. Besteak beste, euskara eta euskal kulturaren aldeko politika hastapen bat bideratzen duena.

Zerbait aldatu da beraz; baina Garazin salbu, Iparralde urbanoan batez ere. Lehen itzulian abertzale nolabait bozkatu badu ere »10 kantonamenduetan abertzaleek %9,73 erdiesten dute, orain dela sei urte heineko emaitza» barnealdea beti eskuinaren besoetan abandonatzen da.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude