Inbidiak jota


2004ko apirilaren 11n
Bartzelonan egon naiz egun batzuk pasatzen. Deformazio profesionalak bultzatuta, Daliren jaiotzaren ehungarren urtea ospatzeko La Caixan antolatu den erakusketa ikustera joan nintzen. Erakusketa interesgarria eta ederra izateaz gain, zer pentsatua eman zidan Euskal Herria eta Kataluniako egoera kulturalari buruz.

Azken garaian asko hitz egin da bi herrialdeei buruz eta ia beti elkarren arteko antzekotasunak azpimarratzeko. Desberdintasunak kontuan izanda ere, ezin da ukatu bi herrien arteko adiskidetasuna edo elkar ulertze maila handia dela. Biok Espainian moldatzeko arazoak ditugu eta antzekotasun kulturalak daude gutxieneko hizkuntza duten bi herrien artean.

Kulturaren alorra da, hala ere, Daliren erakusketa ikusten ari nintzela hausnarketarako aukera eman zidana. Ez horrenbeste gutxieneko hizkuntzaren inguruan dagoen adostasun zabal xamarrak, ezta erakunde autonomikoek edo orokorrean erakunde publikoek duten politika ezberdina, La Caixa bezalako erakunde pribatuen jarduera baizik.

Sarritan Eusko Jaurlaritza kritikatzen dugu azpiegitura eta politika kultural ezegokia egiteagatik, eta niri gehiegitan egiten dugula iruditzen zait, baina gutxitan konturatzen gara gizartean eragin handia duten beste erakunde pribatuak ere badudela, tartean gure kutxak. Hain zuzen, lurraldeka banatuta dauden gure aurrezki kutxak erakunde erdi pribatu, erdi publikoak dira, hau da pribatuak nahi dutena egiteko eta publikoak politikoek kontrolatu ahal izateko. Gainera, legeak behartuta, kutxen irabazien ehuneko handia gizartera begirako proiektuetara bideratu behar dira, horrek bereizten baititu ohiko beste bankuetatik.

Gure artean ohikoa izan da kutxak lehen aipatutako irabazien zati bat kulturan eta bereziki artean inbertitzea. Kutxa guztiek dute arte aretoren bat eta erakusketak antolatzen dituzte edo beste erakundeek antolatutakoak laguntzen dituzte. Hona iritsita konturatuko gara zein desberdina den gure egoera eta Kataluniakoa.
Gure kutxek artearekin duten harremana garai bateko da, oso kontserbadorea, aurreikuspenik gabekoa eta mugatua, batez ere herrialdeari begira daudelako eta ez Euskal Herriari. Badakit bi erakunde autonomikoetan banatuta egoteak ez duela laguntzen eta Nafarroako Kutxak ezingo lukeela gaur egun Hego Euskal Herriko gainontzekoekin harreman indartsurik izan, baina ez dut ikusten beste hiru lurraldeen arteko harreman handirik proiektu kulturalak bultzatzeko.

Orain arte esan dudanarekin ez dut La Caixa delakoa mitifikatu nahi, guztiok dakigu arteak, edo kulturak orokorrean, propaganda emateaz gain, beste abantaila asko ere ematen dizkiola, adibidez, zergak desgrabatzea. Dirua irabaztea da La Caixaren helburua beste edozein kutxarena bezalaxe, baina ezberdintasuna legeak gizartean inbertitzera behartzen duen ehuneko horren erabilpenean dago. Batzuek arte bilduma ona osatzen duten, erakusketa onak antolatzen, ikerketarako zentroak eraikitzen dituzten eta dirulaguntzak ematen dituzten bitartean »ez bakarrik La Caixak, baita Caja Madridek ere», beste batzuek, erakusketa areto eskasak eraikitzen dituzte »Kursaaleko kuboa edo Gasteizko Vital Kutxako Erakusketa Aretoa», baina erakusketa proiektu propiorik ez dute. Hegoaldean ez hankarik ez bururik ez duten lehiaketak antolatzen dituzte »Vital Kutxa Arabako herriak eskulturaz betetzeko egiten ari den ahalegina» edo erdipurdiko aretoa zabaltzen du Madrilen Nafarroako Kutxak.

Azken urteetan behin bakarrik ikusi dut esaten ari naizenaren salbuespena, BBKk Elkano kaleko aretoan Rodtxenkori eskainitako erakusketa. Benetako erakusketak, benetako arte bilduma eta benetako arte sustapena egin beharko lituzkete Hego Euskal Herriko lau kutxek. Agian berezko eredua asmatu beharko genuke beste herrialdeek duten zentralismoari erantzuteko. Ez dut euskal zentralismoa eskatzen duen eredua jarraitu nahi, batez ere XIX. mendeko estatu ereduan pentsatzen ari direlako, baina gure lurralde banaketa oztopo izan beharrean kultur pizgarri izaten asmatu beharko genuke, konpetentzi faltsurik gabe, baina ikuspegi orokorrarekin. Erakunde publikoei hainbestetan eskatutakoa pribatu edo sasi pribatuei ere eskatu beharko diegu.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude