Ezpalak


2004ko apirilaren 11n

Titiriteroen Topaketa Zugarramurdin


Txotxongilo festa handia izango da apirilaren 17 eta 18an Zugarramurdin. Titereen arloan lan eskerga egin zuten Mikel Diaz eta Estefa Errok eta haiei omentzeko asmoz egiten dituzte 1996 urtetik Eskual Titiriteroen Topaketak bi urtean behin. Kisu-labe elkarteak Akerlarre elkartearen eta Udalaren laguntzaz antolatutako Topaketak beste helburu bat ere badu: Euskal Herriko txotxongilo topaketak nazioartekoak izaten direnez, bertako taldeei euren lana zabaltzeko parada eskaintzea. Aurtengoan, besteak beste, Behi Bi's, Antzezkizuna, Pixka, Deja Bu, Azika eta Goloka taldeak aurkeztuko dituzte euren ikuskizunak.


Laguntza handiagoa eskatu du IBAIAk

Ikus-entzunezkoen sektoreak jasotzen dituen diru-laguntzak Espainiako Estatuko beste komunitateetakoekin parekatzea eskatu du Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak (IBAIA). Estatuan Kataluniak ematen dio laguntzarik handiena sektore honi: 8,4 milioi euro. Haren zazpirena ematen du Jaurlaritzak (1,2 milioi euro), eta hori nahikoa ez dela adierazi du IBAIAk. Film laburrek EAEn jasotzen duten diru laguntza Estatuko bigarren handiena da eta horrek EAEko laburrek nazioartean duten arrakastarekin lotu du IBAIAk.


Artista handiak Getxo eta Gasteizen

Jazz izar ugari izango dira aurtengo Getxoko eta Gasteizko Jazzaldietan. Getxoren txanda izango da lehenbizi. Bertan, besteak beste, Bill Brufordek, McCoy Tynerek, Barbara Hendricksek edota Chano Dominguezek eskainiko dituzte saioak ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitartean. Horrez gain, hastear diren musikariei aukera eman nahian, uztailaren 4an amaituko den talde lehiaketa egingo dute, urtero bezala. Gasteizen, berriz, uztailaren 11tik 17ra musikari itzelak arituko dira: Paco de Lucia, Bobby McFerrin, Branford Marsalis… Aurreko urteetan egin izan den bezala, aire zabalean izango da jaialdia eta New Yorkeko Juilliard Schoolek jazzaldiko bosgarren mintegia antolatuko du.


Sarako Biltzarra hogeita batgarrenez

davant eta oihanburu omenduko dituzte apirilaren 12an Sarako XXI. Biltzarrean. Ohikoa da antolatzaileek bi urtez behin kultur eragileak omentzea; aurtengoan, Jean Louis Davant euskaraz idatzitako bere lanagatik eta Philippe Oihanburu dantza, kantu zein ikerketa sozio-etnologikoei esker euskal kulturaren alde egindako lanagatik saritzea erabaki dute. Egun horretan bertan, urtean zehar euskaraz argitaratu diren 35 lan berri eta frantsesez argitaratutako beste 70 bat eskuratzeko aukera izango da. Bestetik, hilaren 12rako bereziki prestatutako bi aurkezpen aurreikusi dituzte: Davantek Idazlan hautatuak azken lana aurkeztuko du eta Ur Apalategik, berriz, Gure Gauzak S.A., Lamixine Bat antzerki konpainiarekin.


Dantzaren Eguna apirilaren 29an

1982tik Dantzaren Nazioarteko Egunaren txanda heltzen da apirilaren 29an. Egun honen karietara, dantza emanaldi ugari izaten da inguruotan, baita ikastaro eta topaketak ere. Baina urteko beste egun guztietan arte honen isla oso txikia izaten da. Ez dago egitarau iraunkorrik, salbuespen eskergarri batzuk kenduta, Bilboko La Fundicion esaterako. Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek kudeatzen duten antzokien Sareak dantza ikuskizun gehiago eskaintzeko asmoa adierazi du aurtengorako. Eskertuko genuke. Dantzaren Egunerako manifestua idatzi duen Stephen Page koreografo aborigen eta australiarrak dioen bezala, «dantza izatearen bihotz artistikoa da. Erremedio sakratu unibertsala».


56 artista Manifestan

Donostiako erdigune historiko burgesa eta Pasaiako portu herria izango dituzte lanen oinarri aurten Donostian egingo den arte garaikideko nazioarteko Manifesta 5ean parte hartuko duten artistek. Artista gazte eta berritzaileak ezagutaraztea helburu duen ekimenak, ekainaren 11tik irailaren 30era, nazioarteko 51 artisten eta Euskal Herriko Pio Agirre, Leire Bergara, Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal artisten lanak bilduko ditu Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, San Telmon museoan, Kursaalean, Aquariumean eta Pasaiako Casa Cira arrain faktorian eta Ondartxo ontziola ohian. Obrek bideoa eta eskultura izango dituzte euskarri, erdi eta erdi. Manifesta 5ek Donostiak kulturarekin duen lotura indarberritu eta Pasaia aldea suspertu eta garatu nahi ditu.


Antzinako oroitzapenak Artziniegan

Artea etnografia elkarteak Artziniegako Etnografia Museo berria zabaldu du Karmeldarren eskola ohian, herritarren laguntzari esker. Museoan ikus daitezkeen hainbat elementu eta tresna herritarrek emandakoak dira. Bi solairutan banaturiko 1.700 metro koadroko Museoan antzinako ogibideak, nekazal giroa eta hiribilduko bizitza irudikaturik ikusi ahal izango ditu bisitariak. Lehenengo solairuan, Artziniegan ohikoak ziren baina dagoeneko desagertuak diren ofizioen inguruko azalpenak eskaintzen ditu. Nekazal giroa ere suma daiteke bertan, nekazaritzarekin loturiko tresnak eta animalia biziak ikusita. Bigarren solairuan, antzinako zenbait espazio irudikatu dituzte: botika, eskolako gela eta 20ko hamarkadan Udaleko batzar aretoa eta udaleko notarioa izan zenaren etxea.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude