Aupa zaharrak


2004ko apirilaren 11n

Behin, ikasle gazte nintzela, Budari buruzko aipamen bat irakurri nuen filosofiako esku-liburuan: "Ikusi zituen Budak heriotza, eritasuna eta zahardadea, eta mendi bakarti batera erretiratzea erabaki zuen". Albisteak inpresioa egin zidan, zeren, garai hartako gazte gehienen pare, sentibera bainintzen erabaki dramatikoekin.

Baina, inpresioaz haratago, albisteak kezka sortu zidan. Izan ere, ez nuen oso ondo ulertzen zahardadeari buruzko aipamena. Heriotza eta eritasuna txarrak direla, hori bai, hori aise konprenitzen nuen; baina, hainbestekoa al zen zaharren ezbeharra? Hantxe ikusten nuen, ia egunero, kolegioko patioan frantseseko irakaslea, 60 urtetik gora zituena eta ezpain artean kantutxo bat »une chanson d'amour» eramaten zuena; beste hainbatek belar-ziria bezala, eraman ere. 1990eko gaztea izan banintz, eta ez 1965ekoa, Buda pasa egin zela pentsatu izango nukeen: esaldia borobiltzearren gehitu ziola zahardadea heriotzak eta eritasunak osatutako bikote siniestroari.

Euria gogotik egin du "Siddharta" eta Hermann Hesseren beste liburuak irakurtzen genituen ikasle garai haietatik, eta joan ginen gu ere, belaunaldi hartakoak, bustitzen, janzten, hainbat gai ulertzen. Baita zahardadearen hura ere. Egun batean »euri ederra» Maupassant edota Baudelaireren lerroak iritsiko zitzaizkigun, haurtxo baten muxua erregutzen zuen vieille femme haren ingurukoak; hurrengoan, zinera joanda »Un hombre llamado caballo ikustera, kasu» gizarte tradizionalek sasoirik gabeko jendeari eskainitako ankerkeria dastatuko genuen. Gero, ospitalera joandakoan, edo jubilatuen tabernan sartzean, errepresentazioan ikasitakoa berrituko zitzaigun.

Baina pertsona ez da, nonbait, erabat esnatzen. Halaxe gertatu zait niri Budak aipatutako hirugarren ezbeharraz jabetzeko orduan. Hain hurbiletik begiratzen nien zaharrei, hain neukan arreta haien hasperen, kexu eta beste txikikerietan jarria, non ez nituen haien inguruan jiraka ohi dabiltzan putreak ikusi ere egiten. Baina orain, hori ere badakit. Zaharrak, zahar otzanak, piztia higuingarrien helburu bihurtzen direla.

Saltzaile itxurako putreak hurbildu ziren orain urte batzuk gure inguruko idazle ospetsu batengana. Beraiek bazekiten ez zela lehengoa, gizon zorrotz eta zuhurra. Bere ateko aldaba jo zuten; kafea hartu zuten berarekin, katalogoak erakutsi zizkioten. Idazlea zendu zenean, senideek zabaldu gabeko kaxa mordo bat aurkitu zuten liburutegian: entziklopedia baten aleak zeuden haietan gordeta, pinturaren historia luze bat, brikolajea gai zuen liburu-traste bat…

Non dauden zaharrak, hantxe daude putreak talaian. Batzuetan »ate joka edo airean jiraka ibili gabe» telefonoz deitzen dute. Sinpatia handiz mintzatzen dira orduan, batzuetan zuka eta gehienetan hika. Agurraren ondoren, opari baten berri ematen diete »ziztrinki inprimatutako Julio Verneren hiru liburu, gogoan daukadan kasuan», eta un beso edota antzeko esamolde lizunen bat erabiliz despeditzen dira. Jakina, handik egun batzuetara han dira berriro deika, eta, nik nola ez dakidala »putrelogo kaskarra naiz oraindik» biktima nahastu eta bere kontu korrontearen hogei zenbakiak lortzen dituzte. Konturatzerako, zilarrezko baxera baten jabe da Doña Concha »"garesti xamarra irudituko zaizu, baina aparta da, benetan"»; hormako erloju baten jabe, Manuel.

Ez dakit Budak, zahardadeaz ari zela, putreak gogoan hartu zituen. Seguru asko, bai. Izan ere, aspaldidanik dabil Gaitza munduan. Gaztelako gune batean txori atzaparren arrastoak azaldu omen dira dinosauro batenaren inguruan. Jokatuko nuke dinosauroa ahulduta eta bakarrik zegoela, eta txoriak putre arrazakoak zirela; jokatuko nuke erdi gorila erdi gizon bat zegoela inguruan beste erdi gorila erdi gizon bati bihotza jan nahian.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude