ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 05a

Ama, handitan pailazo izan nahi dut

Lore Agirrezabal
2004ko otsailaren 29a
Barre egitea ona dela gauza jakina da, ikusi besterik ez dago barreterapiak zenbat hedatu diren azken urteetan. Baina antzina ere bazekiten hori; historiak berak erakusten digu beti egon direla barre-eragileak edo umoregileak.

Duela lau mila urte Txinako enperadorearen bufoiek, edo orain dela bi mila urteko Greziako komedianteek eta Erdi Aroko bufoiek barre eragitea zuten lanbide. Berpizkunde garaian ere bazen horrelako ofiziorik; XVI. mendean, esaterako, Italiako kaleetan eta plazetan pertsonaia bitxi batzuk agertu ziren. Besteak beste: Colombina, Polichinela, Arlekin, Pantalone eta Plagliaccio. Beranduago, XVIII. mendearen amaieran, pertsonaia horien antzezpenekin batera, akrobaten eta animalien saioz osatutako ikuskizunak hasi ziren; zirkua sortu zen.

Gaur egun, Plagliaccio bezalako pertsonaietatik eratorritako pailazoak dira gure herriko plazetan eta zirkuetan jendeari barrea eragiten diotenak; gure egunerokotasunaren alde irrigarri eta negargarriak agerian uzten dituztenak. Pailazo modernotzat jotzen dira horiek, eta aitzindaria Giuseppe Grimaldi izan zen, baina azken mendean asko dira ospetsu egin diren pailazoak: Tony Grice; Antonet, Auriol, Medrano eta Grock; John eta William Price, Charli Rivel... Euskal Herriko haurren artean, berriz, ezagunenak Txirri, Mirri eta Txiribiton edo Takolo, Pirritx eta Porrotx dira, besteak beste.

Barregile handiak dira guztiak, baina nola lortzen dute hori? Pailazo ikastaroak egon badaude, baina horretara jotzeko aukerarik ez duenak, gaur egun, badu beste modurik; dagoeneko kalean baita Pailazoen eskuliburua, Jose Ignazio Ansorenak, Mirri pailazoak, idatzitakoa. Bertan, lanbide horren historia, pailazo taldeak antolatzeko aholkuak, praktikatzen hasteko zenbait esketx, eta abesti mordoa bildu ditu pailazo ospetsuak.

Eskarmentu handiko pailazoak dira Txirri, Mirri eta Txiribiton. Hogeita hamabi urte daramatzate pailazo lanean eta urte hauetan guztietan, 16 bat disko, bederatzi bideo, CD-Rom bat eta 12 bat liburu argitaratu dituzte. Hala eta guztiz ere, aholkuak ematea zaila dela esan digu Ansorenak, baina badira interesgarriak eta lagungarriak izan daitezkeen zenbait gauza eta horiek jasotzen saiatu da liburuan.

Ansorenaren hitzetan, pailazo izateko printzipalena espiritu askea izatea da; gauzen eta norberaren alde barregarrienak agerian uzteko lotsarik ez izatea. Horrez gain, pailazo talde bat osatzeko harreman afektibo bat ere behar beharrezkoa dela dio: "Gurea ez da antzerki hutsa, beste zerbait da. Gure taldearen oinarrietariko bat horixe izan da, bai fikzioan, bai errealitatean: adiskidetasuna".
Antolatzeko modua ere oso kontuan hartzekoa da: janzkera, musikaren erabilpena, makillajea, zapatak... Baita ikuskizuna bera ere: sarreratxo bat egin publikoa irabazteko, esketx bat antolatu, jokoak egin, publikoaren parte hartzea bilatu...

Nolako pailazogaia, halako menua

Hasteko, garrantzitsua da pertsonaiak ondo definitzea; bakoitzaren benetako izaerarekin ondo datozen ezaugarriak aukeratzea. Txirri, Mirri eta Txiribitonen kasuan, adibidez, pailazo bakoitzak pertsona orok duen alderdi bat agertzen du. Txirri, esaterako, pailazo azkarra eta zuzentasunaren aldekoa da, baina kanpolarrosa samarra ere bada. Mirri, berriz, txikia, bihurria, zirikatzailea, baldarra eta memelo samarra da, baina bihotzbera ere bai. Eta Txiribiton adiskide zintzoa eta leiala da, beti laguntzeko prest dagoena. Txirri clown edo jakintsuaren parekoa da. Mirri eta Txiribiton, aldiz, augustoak edo pailazo tontoak dira, eta hiruren artean nolabaiteko oreka lortzen dute.

Eskuliburuak dioenez, pailazoaren jantziek eta atrezzoek ere koherentzia behar dute beren izaerarekin. Zenbaitek kristalik gabeko betaurrekoak erabiltzen ditu, edo oihalik gabeko aterkiak, erloju erraldoiak eta gorbata oso txikiak... absurdoa eta muturreko joerak nahastu ohi dira, baina bien arteko oreka galdu gabe.
Makillajea ere pailazo askok erabiltzen dute, baina ez da derrigorrezkoa. Dena dela, erabiltzekotan, makillajeak norberaren espresibitatea indartu egin behar duela dio liburuak. Sudur gorria ere pailazoen ikur enblematikoa den arren, ez dute guztiek erabiltzen. Ezta ileordea ere, baina biek izaera berezia ematen diote pertsonajeari.

Izena aukeratzerakoan ere oso kontuan edukitzekoa da nolako publikoa erakarri nahi den: haurrentzat lan egin nahi bada, izen garbi eta erritmikoak aukeratzea komeni da. Helduentzat izango bada, berriz, izen zailagoak aukeratu daitezke, baina pikardiarik ez zaie falta behar. Deigarriak izatea da funtsezkoena.

Dena dela, mota askotako pailazoak daude, bai teknikari, bai taldeari dagokionez: badira pailazo mutuak, musikalak, orekariak, malabaristak, teatralak; bakarka, binaka edo talde handian ibiltzen direnak; badira gehienbat mimikaren bidez aritzen direnak; batez ere publiko helduarentzat lan egiten dutenak; edo haurrentzat egiten dutenak... Kontua da bakoitzak berari ondoen egokitzen zaion izaera osatzea. Ansorenaren iritziz, "denetarik dago, eta tartean badira pailazo txatxuak ere, uste dutenak sudur gorria jantzita nahikoa dela. Horiek niri tristura ematen didate. Pailazoari edozertan ikusten zaio pailazo dela: ibileran, begiradan... Baina, batez ere, munduaren ohiko norabidearen kontra joan behar du".

Ohiko ikuspegia iraultzea

Mundua ulertzeko hamaika modu daude, baina gutxi batzuk nagusitu ohi dira. Pailazoak, ordea, munduaren ikuskera nagusi horiei buelta eman behar diela, irauli eta beste modu batera erakutsi behar dituela esan digu Ansorenak: "Bestelako ikuspegia da pailazoarena: solemnitatea eta normala dena alde batera uzten duena. Irauli egin behar du. Normalean modu bakarrean eta modu ximelenean begiratzen dutenek aldarrikatzen dute berena dela ikuspegi errealista, benetakoa. Baina errealitateak aurpegi asko ditu. Ez dakit zergatik deitu behar zaion errealista begirada zeken eta zuhur horri. Niretzat ez da batere erreala. Pailazoena, berriz, nahiko erreala da eta komenigarria; barre egitea oso osasuntsua baita".

Barrea eragitea, ordea, ez da erraza. Baina Ansorenak dio begirada kontua dela. Pailazoak munduari begiratu eta alde barregarrienak agerian utzi behar ditu. "Bizitzak alderdi absurdo mordoa du, baina batzuk hori estaltzen edo disimulatzen saiatzen dira. Pailazoak, berriz, atera egiten ditu, eta egoeren zentzugabekeria kritikatu eta barre egiten du". Kontua da barrea, umorea ez bezala, gorputzaren erantzun fisiologiko bat dela eta zenbaitek zabartzat jotzen duela. Umoreak ospe hobea du, ondo ikusita dago intelektualen artean ere. Ansorenaren aburuz, umore ozpindua eta besteren kalterako dena ere badago, eta umorea ona izan litekeen bezala, barrea ere oso ona da: "Gu ez gara intelektualtasuna bakarrik; gorputza ere bagara. Gainera, barreak efektu fisiologiko oso onak ditu, odola eta barruko organo guztiak mugitzen ditu, eta benetan barre egitean sentitzen dugu umorea gorputz osoan. Hori baino gauza atseginagorik...".

Barrea hain osasuntsua izanik, barre eragiten jakitea garrantzitsua dela ikusi du Mirri pailazoak, eta, bere esperientzian oinarrituta, horretan trebatzen hasteko abiapuntua eskaini nahi du Pailazoen eskuliburuarekin. Gainera, ondorio batera iritsi da: pailazo izatea ona da norberaren bizitzarako, baina ingurukoentzat ere bai. Eta eskuliburua horretarako gonbite bat da; polita, interesgarria, eta osasuntsua den hori ikasten hasteko gonbitea. Liburua irakurrita bakarrik inor ez da pailazo bihurtuko, noski, baina esaten dena praktikan jarriko duenari bidea erraztuko diola uste du Ansorenak: "Liburua ez da antzerkia, edo espektakulua egin nahi dutenentzat bakarrik, baita bizitza ulertzeko beste modu bat bilatzen duenarentzat ere".

Don don kikilikonetik Triki Traka Tronera
Nork ez du ezagutzen Pintto zakurraren kantua? Eta Kixki ta Mixki ta Kaxkamelonena? Bada, doinu horiekin hasi ziren gaur egun Txirri, Mirri eta Txiribiton bezala ezagutzen ditugun pailazoak. Baina hori duela hogeita hamar bat urte izan zen; euskararen alde haurrentzat zerbait egin behar zela-eta, Piter Ansorenak, Xabier Otaegik eta Andoni Ezeizak pailazoarena egiten hastea erabaki zutenean.
Kixki ta Mixki ta Kaxkamelon izenarekin atera zen taldea lehenbizikoz plazara. Gerora, ordea, Andoni Ezeizaren lekua Txema Vitoriak hartu zuen eta Txirri, Mirri eta Txiribiton bihurtu ziren. Euskal Telebistan Don don kikilikon saioa egiten hasi zirenean hartu zituzten izen horiek.
Orduz geroztik, bilakaera handia izan du hirukotearen lanak, baina gaur egun ere telebistan jarraitzen dute eta pailazoak ez dira batere aldatu. Izan ere, Txirri, Mirri eta Txiribiton, dagoeneko, pertsonaje bihurtu dira, eta, Otaegik, Ansorenak eta Vitoriak telebistako ikuskizunak grabatzen dituzten bitartean, plazarik plaza beste hiru lagun dabiltza Txirri, Mirri eta Txiribitonena egiten. Intenporalitatea lortu dutela esan digu Ansorenak: "Pailazoak ez daude gure pertsonei lotuta; guk lan hau utzi dezakegu, baina pailazoek segi egingo dute. Pentsa, Txirri, Mirri eta Txiribitonen buruhandiak ere egin dituzte Oñati aldean...".
Don don kikilikon, Barrebusa, Altza Porru eta Triki Traka Triki Tron saioek oso belaunaldi desberdinetako haurrak izan dituzte ikusle. Eta, gaur egun, Tortolikarekin hazi zirenak beren seme-alabekin joaten dira ikuskizun berriak ikustera. Izan ere, pailazoak haurrentzat bezain dibertigarriak dira helduentzat ere. Haurrentzako bakarrik den pailazoa, pailazo txarra dela dio Ansorenak. "Gu saiatzen gara haurrentzat egiten, baina baita helduentzat ere". Gazteekin, ordea, arazo handiagoa dutela aitortu digu: "Nik badakit, haiek esanda, gazte askok ikusten gaituztela etxetik. Baina ez dute ikuskizunetara etorri nahi izaten, badagoelako halako konplexu bat". Hasi zirenean publikoa hamalau bat urtera artekoa zuten. Gaur egun, aldiz, 8-9 urte baino gehigokoak apenas joaten dira. Horrek pena ematen dio Mirriri. "Iruditzen zait bizi dugun krisi kultural honetan, mendeetako kultura gainbehera erori dela. Beste modelo batzuk sortu behar dira halabeharrez, baina, nire ustez, eskaloi makalena, haurrena, asko ari da sufritzen. Haurtzaro zoriontsu bat bizitza jator baterako oinarri sendoena da, eta egungo gizartea haurtzaroa murrizten ari da".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2004ko otsailaren 29a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude