Gara. Izan ala ez izan

  • 1998ko uztailaren 15ean Baltasar Garzonek «Egin» eta Egin Irratia itxi zituen behin-behinekoz. Bost urte iragan dira eta itxitako komunikabideak argitaratzen zituen enpresak, Orain SAk, Garzonen kudeaketapean jarraitzen du. Espainiako Gizarte Segurantzak 5,1 milioi euroko zorra duela dio eta zor hori «Gara» kudeatzen duten enpresei bizkarreratu die, hauek Orain SAren enpresa jarraipena direla argudiatuta. «Gara»ren arduradunek zorra ez dagokiela eta ez dutela ordainduko jakinarazi dute. Uztailaren 5ean bukatu zen ordainketa egiteko epea eta harrezkero ondasunen bahitura aukera, beraz itxiera, zabalik dago. Bide juridiko korapilatsua da auzi honek bost urtetan egin duena eta, gainera, agerikoa da gako nagusia ez dela juridikoa, politikoa baizik.

2003ko uztailaren 20an

Erredakzioan erreportaje honetarako argazkiak begiratzen ari nintzela, lankide bat hurbildu eta «Egin» itxi zutenetako bat hartu zuen, argazkiaren deskribapenean urtea ere ageri zen, 1998: «Bost urte bakarrik pasatu dira? Badirudi askoz gehiago pasatu dela, lekutan da ‘Egin’en garaia». «Egin» itxi baino urtebete lehenago espetxeratu zuten HBko Mahai Nazionala, ezker abertzalearekin lotutako beste enpresa batzuk itxi zituzten, gero Lizarra-Garaziko Akordioa eta su-etena, honen haustura, 18/98 makroauzia eta honek bere baitan duen atxiloketa eta auziperatuen zerrendatzarra, Batasunaren ilegalizazioa... Aurtengo otsailaren 20an «Egunkaria» itxi eta maiatzeko hauteskundeetan ezker abertzaleen plataformen debekua gauzatu arte makinatxo bat gertaera izan da. 98ko ekaina urruti geratu da.

Orain, dena den, denborak atzera egiten duela dirudi eta «Gara»ren egoera larria azaleratu da Espainiako Gizarte Segurantzak «Egin» kudeatzen zuen Orain SAri 5,1 milioi euroko zorra bizkarreratu ondoren. Euskal gizartearen zati handienak berriz antzematen du auzi honetan gako ekonomiko, administratibo edo juridikoak hutsalak direla, eta benetan «Gara» ixteko Espainiako Gobernuak duen nahi politikoa dagoela guztiaren atzean. Publikoki esan hala ez, hori da gizartearen zatirik handienak sumatzen duena, oso pentsamolde desberdinetako jendearekin hitz egindakotik ondoriozta daitekeen moduan. Auziaren mamiari jarraituz gero ikuspegi teknikoago batetik, ondorio hori oso agerikoa da.

«Egin» itxi zenean «Euskadi Informacion»ek bete zuen behin-behinekoz eta ahal zen bezala hark utzitako zuloa. 1999ko urtarrilaren 30ean merkaturatu zen ‘Gara’, Euskal Kultur Hedapenerako Elkarteak (EKHE) bultzatuta. «Egin» izan zen ezker abertzalearen ahots mediatiko garrantzitsuena berau itxi zuten arte eta ‘Gara’ haren lekua betetzera zetorren, hori bai beste enpresa egitura batez hornituta eta bereziki zainduz enpresa jarraipena leporatzeko moduko osagai ahalik eta gehienak. «Gara» kioskoetara iritsi zen lehen egunetik, bere arduradunek argi izan d ute enpresa jarraipenaren akusazioa Damoklesen ezpataren gisa izango zutela buru gainean. Laster etorri zen lehen abisua: 2000. urteko uztailaren 20an, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Orain-«Egin» eta EKHE-«Gara»ren artean enpresa jarraipena zegoela zioen auto bat kaleratu zuen. Autoaren edukiarekin, Espainiako Fogasa erankundetik «Egin»eko langileek jaso beharreko kalteordaina ukatu zen eta honek epai eta helegite garai bat ekarri zuen, lehenbizi justizia administrazioaren sozial arloan eta geroago Nafarroa eta EAEko auzitegi gorenetan.

Funtsean, lan arazoez diharduten epaitegiek eta bi gorenek zera argudiatzen dute euren epaietan: 2000. urtean esan zuten Fogasa behartua zegoela «Gara»n zerbitzu lanetan ari ziren langileen kalteordainak ordaintzera, prozedura guztian zehar lan arloko inongo epaitegik ez zuelako enpresa jarraipenik adierazi eta, gainera, Fogasa berak ere prozeduran zehar ez zuela halakorik jakinarazi, bukaeran kalteordainen ukatzea eskatzeko baizik.

Ikuspegi juridikotik aztertuta, auzi honetan dagoen ardatza enpresa jarraipenean datza, badagoen hala ez alegia. Enpresa munduan ematen diren enpresa jarraipenak zehazteko baldintza batzuk izan ohi dira eta auzi luze honetan izandako epai desberdinek enpresa jarraipenik ez dagoela esan dutenean honako argudioetan oinarritu dira. Bat, enpresa jarraipena emateko produkzio ondasunen erabilera eman behar da eta kasu honetan ez dago halakorik, Orain SAren ondasunak bere egoitza zaharrean daudelako eta hauek Garzonen aginduz itxita direlako. Bi, egoitza: bistan da, itxita dago eta ezin da horren erabilerarik egin. Hiru, langileak: ez da lan talde osoa «Gara»ra pasatzen dena, gutxi gorabehera honen erdia baizik, eta gainera hauek guztiak denboraldi batez langabezian izan dira; langile hauen kontratuak, halaber, dagokion agintaritzak onartutako enplegu erregulazioz egin dira.

Talde ideologiko bera.


Ekainaren erdialdera «Gara»ko arduradunei egindako jakinarazpenean, Espainiako Gizarte Segurantzak Orain SAren 5,1 milioiko zorra egotzi zien Baigorri Argitaletxe SA eta KIE SAri (hurrenez hurren, «Gara» argitaratzen eta inprimatzen duten enpresak). Zor eskaeraren oinarrian honako argudioa da, «Egin» egiten zuen talde ideologiko berak jarri dituela «Gara» egiteko baliabideak. Puntu honetara iritsita, «Egin» behin-behinekoz ixteko Garzonek erabili zuen argudio nagusira itzuli behar da, «Egin» ETAren tresna zen. Estatuak orain arte erabilitako bidea administratiboa izan da, Gizarte Segurantzarena, baina bistan da argudio horretatik atera daitekeen ondorio juridikoa zein den: «Egin» ETAren tresna bazen eta «Gara» «Egin»en enpresa jarraipena bada, «Gara» ETAren tresna da. Lotura hori ez du oraindik zuzenean azaleratu nahi izan Estatuak, baina zeharka aipatua dago jada, horrek izan ditzakeen ondorio guztiekin.

«Gara»ko abokatuek jadanik esan dute Espainiako Kode Penalean ez dela talde ideologikoaren salaketa egiteko tokirik eta gizarte mailan oraindik ez da beste juristen iritzirik nabarmendu. Unibertsoko zulo beltza modukoa da jarraipen ideologikoarena, dena irents dezake. Azkenean, hari horretatik tiraka, esan liteke talde ideologiko horrek ezingo lukeela legezko ezer eraiki. Ikuspegi juridiko eta penaletik talde ideologiko bat zer den, nortzuk osatzen duten eta abarrekoen gainean doktore tesi bat idatz liteke, baina ez dirudi bide juridikotik arazo horrek erantzunik duenik.

5,1 milioi euroko zorrari dagokionez, «Gara»k dio ezin dela Garzonen kudeaketapean oraindik bizirik dagoen Orain SAren jarraipenik egon, eta honek zorrak baditu Orain SAren ondasunetatik has daitekeela zorra kitatzeari. Helegiteak bidean dira eta auzitegiek erabaki beharko dute, baina hauek ez dute bahituraren bidea eteten eta, beraz, «Gara»ren ondasun bahitura eta itxiera edozein egunetako edozein ordutan hel daiteke.

Harrapariak

Mattin Partarrieu artista hazpandarrak eginiko margoari begira nagoelarik ekin diot idazteari. Irudian, hegazti harrapariak, guztiz suntsiturik dagoen etxe batean, hustu duen ikurrina atzaparren artean gordetzen du.

Hiru elementu soilik aukeratuz, neronek hamaika hitz erabiliz baino askoz hobeto islatzen du margolariak gure herriaren setio-egoera.

Harrapariak "Egin" eta Egin Irratiko egoitzetan sartu zirenetik bost urte igaro dira.

Bi hamarkadetan kazetarien harrobi handi bilakatu zen egunkaria itxi zutenean, kale gorrian utzi zituzten ehunka lankide eta kolaboratzaileren izenean bi mezu zabaldu genituen »Egin«eko langile batzordeko kideok lau haizetara.

Batetik, "Egin"en aurkako jazarpena ez zela segur aski bakarra izango ohartarazi genuen; eta bigarrenik, adierazpen askatasuna defendatzeko modurik eragingarriena Euskal Herriari dagokion esparru komunikatiboa eraikitzea zela nabarmendu genuen.

Tamalez, lehenengo mezua sobera egiaztatu da: hasieran, "Egin" egunkaria eta Egin irratia; ondoren, "Ardi Beltza"aldizkaria; eta azkenaldian, "Euskaldunon Egunkaria" isilarazi dituzte.

Adierazpen askatasunaren aurkako tamainako jazarpen horiekin batera, "intentsitate urriko" beste eraso ugari izan dira.

Batzuk soilik aipatzearren: Ttipi-Ttapa telebistako kolaboratzaile den Jon Abril kazetariaren aurka zabalduriko prozedura, Euskal Herria Irratia eta, oro har, euskaraz egindako hainbat komunikabidek erakundeen aldetik pairatzen duten bereizkeria, EiTBren aurkako Madrilgo lapikoan egositako ika-mika ugari, etab.

Nabaria da harraparien erasoei aurre egiteaz gain, bost urte hauetan euskal esparru komunikatiboa sendotzeko egitasmo interesgarriak ere gauzatu direla.

Hala nola, eskualde zein herri mailan bultzaturiko komunikabide berriak, eta, bereziki, Ipar Euskal Herriko irratiek eginiko lan aitzindaria aintzat hartu gabe nekez gauzatu zitekeen Arrosa ekoizpen zentroaren esperientzia.

Izan ere, eraso berria gertu dugula ikusirik -orain "Gara" egunkaria harrapakin gisa hartu nahi du itzal handiko arranoak-, ahalegin berezia egin behar dugu.

Euskal nortasunaren errespetuan oinarritutako sare komunikatibo askotarikoa bezain aberatsa eraikitzen jarraitu ahal izateko konpromiso anitza eta sakona abian jartzea posible da.

Askatasuna irentsi nahi duenaren atzaparretan ikurrina eror ez dadin aritzeko prest dagoen euskal hiritar orori hitza hartzeko aukera emanez, ekin diezaiogun elkarlanari!


Jabier Salutregi, «Egin»eko zuzendaria: «Esparru komunikatiboari harresi sendo bat sortu behar diogu»

Salutregi 1979tik ari zen lanean »Egin»en eta 92tik 98ra zuzendari gisa gainera. 52 urte ditu. »Egin« duela bost urteko ekainaren 15etik aurrera itxita dago, behin betiko denen ustez, Espainiako Justiziaren arabera, behin-behinekoz.



Bost urte pasatu dira »Egin« itxi zutenetik. Zer dakarkizu burura une garratz honek?
Ikuspegi pertsonaletik min handia ematen dit, pena, oroitzapen asko. Baina era orokorragoan aztertuta, hura PPk ondo aurreikusita zuen ildo baten hasiera besterik ez zen izan. Argi zuten herri honek dituen erreferentziak apurtu behar zituztela eta horri ekin zioten, erreferentzia politikoak, kultur mailakoak, hezkuntza mundukoak... eta bereziki ezker abertzaleak bultzatu dituen erreferentzien aurka jo dute. Gure aurka jo aurretik, ezker abertzaleko beste enpresa batzuen aurka ere jo zuten. »Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?«, esan zuen Aznarrek eta, bistan da, zorrotz ausartu dira. Ikusi zuten egunkari bat itxi eta ez zela ezer gertatu; beraz, gero etorri den guztia etorri da. »Egin« en aurkako eraso asko izan dira bere sorreratik, UCDk bere saioa egin zuen, PSOEk ere bai, EAJk ere kriminalizatu gintuen Atutxa eta Ardanzaren ahotik, eta azkenean PPk borobildu zuen jokaldia. »Indarra da zuzenbidea« zioen Canovas del Castillok, eta hori da egiten ari direna.



Eta orain »Gara» hari mehetik zintzilik dago. Nola ikusten duzu bere egoera?
Ikaragarria da »Gara«ri »Egin«en zorrak bizkarreratu nahi izatea, lehenak bigarrenaren idazluma bakarra ere ez duenean. Estrategiaz aldatu behar dugu, jadanik ezin da itxiera bakoitzaren aurrean egunkari berri batekin erantzun. Herri mailako erantzuna izan behar du, bestela jango gaituzte. Euskal esparru komunikatiboari harresi sendo bat sortu behar diogu.



Eta nola egiten da hori?
Ez dakit nola egin litekeen hori, baina unibertsitateko jendearen hausnarketarekin, komunikabide desberdinetako jendea bilduz, eragile politiko eta sozialak... guztion artean guneren bat sortu eta hasi hori egituratzen. Ni prest nengoke halako gune batera joateko.



Zer iruditzen zaizu »Gara«k bizi duen egoeraren aurrean izaten ari den erantzuna?
Hoztasun handia dago. Sisifok harria mendi totorrera igotzea lortzen zuenean, harria erortzen zitzaion berriz, eta behin eta berriz saiatzen zen. Jendea Sisiforenaren beldur da. Euskal nazio eraikuntzaren suntsipena geldiarazteko harresia eraiki behar dugu, hori da egurtu gaitzaten saihesteko modu bakarra.



Fiskalak 18/98 auzi ospetsu eta jendetsuaren ahozko fasea irekitzea eskatu du. Zu ere hor zaude.
Batetik, ordua zen. Hilero guardia epaitegian sinatu behar izatea zamatsua bihurtzen da azkenean. Bestetik, beldurra ere sentitzen duzu, guztiok bezala pentsatzen dut.


ASTEKARIA
2003ko uztailaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: 18/98 sumarioa
Jabier Salutregi hil da, 'Egin' zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


Eguneraketa berriak daude