TECNALIA, EUROPAKO BOSGARREN


2002ko uztailaren 14an

Abian da Tecnalia, Euskal Herriko korporazio berria, ikerketako eta garapeneko I+D izeneko hiru zentro hauek batzetik gatzatu berri den taldea: Labein (Bizkaian eta Espainian dauzka zentroak), Inasmet (Gipuzkoan dauzka zentroak) eta Robotiker (Bizkaian dauka egoitza zentrala). Bestalde, noiznahi jakinaraziko dute laugarren kide baten elkartzea, hain zuzen ere, teknologia eta arrantza ikertzeko Azti institutuarena, zeinek Bizkaian eta Gipuzkoan baitauzka zentroak. Korporazio teknologiko berriak Bilbon izango du egoitza zentrala, 72 milioi euro fakturatzera iritsi nahi du 2006. urtean eta, dagoeneko, bosgarrena da Europako antzeko korporazio pribatuen rankingean.
Korporazio hori hasia da plan estrategikoa lantzen, 2002-2005 aldiko helburuak, politika eta estrategiak erabakitzeko. Dagoeneko, prestakuntza handiko 600 profesional baino gehiago ari dira lanean korporazioko enpresen EAEko, Madrilgo eta Cadizko bederatzi zentroetan. Talde berriak 2.000ren bat bezerori eskaini nahi dizkie produktuak Tecnaliaren bidez -Hego Euskal Herrikoa da multzo horren %80-, eta, horrez gainera, beste merkatu batzuetara jo nahi du, baina betiere hemengo enpresa txiki eta ertainei zerbitzua emateari utzi gabe.
Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila gogoz ari da bultzatzen ikerketa kooperatiboko zentroak sortzeko edo sostengatzeko aliantza teknologikoak, eta plangintza horren hariko kontu bezala hartu behar da oraingo elkartze hau ere. Oraingoz, EAEko mugetan dihardu Sarenetek, teknologiako eta berrikuntzako euskal sareak, eta ondoko kide hauek biltzen ditu: teknologiako 9 zentro, 4 unibertsitateko 49 departamentu, ikerkuntzako 4 zentro sektorial, 8 I+G enpresa unitate, ikerkuntzako 3 laborategi, berrikuntzako 10 organismo bitarteko eta ikerkuntzako 2 organismo publiko.


NOR IZAN NAHI DUTE EUROPAKO TEKNOLOGIAN.

Tecnaliako arduradunek izen teknologikoa hartu nahi dute Europan, EAEko hiru zentro teknologikoen indar bateratua baliatuta. Korporazioaren sorrerako printzipioetan ageri denez, honako bi lan hauek lehenesten ditu taldeak: garapen teknologikoa sustatzea eta erdialdeko nahiz iparraldeko Europako korporazio pribatu handiek bezalako ikerlana. Alde horretatik, zerbaitegatik da lehen ere, sortzetik beretik, Europako korporazio pribatuen arteko bosgarrena. Europako rankingean, ondoko zentro edo enpresa hauexek hartzen diote aurrea: Fraunhofer (Alemania), TNO (Holanda), VTT (Finlandia) eta Sintef (Noruega).

Ondo bistakoa denez, merkatu gero eta globalizatuago honetan, noraezekoa da zerbitzu osoa eta integrala ematea; are ezinbestekoagoa, gainera, teknologiaren eta berrikuntzen alorretan. Arrazoi nagusi horrexek behartu du Euskal Herriko korporazio teknologiko berriaren sorrera, eta, ezbairik gabe, elkartze hori oso baliagarria izango da hemengo ekonomiako eta gizarteko maila teknologikoa garatzeko eta handitzeko, enpresen sare osoa indartzeko eta, batik bat, enpresa ertain eta txikien baliabideak hobetzeko. Sortzaileen arabera, «Tecnaliaren sorrerak Europan erreferentzia teknologikoko gune bat izateko masa kritiko nahikoa eskuratzea bermatu du».
Batzuk beldur dira orain elkartu diren hiru zentro teknologikoek ez ote duten zerbitzu bera emango. Tecnaliako arduradunen iritziz, ez dago zerbitzuak bikoizteko arriskurik. Luis Irazabal zuzendari nagusiak dioenez, denborak aurrera egin ahala, gero eta ikerlan espezializatuagoak eta bereiziagoak egin dituzte hiru zentroek, eta, horrenbestez, jarduera osagarriko enpresak dira gaur egun. Arduradun horren hitzetan, zentro bakoitzaren jardueraren %92 jo daiteke jarduera propio edo bereizitzat, eta jarduera propio horiek guztiak bilduko ditu Tecnalia taldeak aurrerantzean.
Korporazioko arduradunen iritziz, hiru zentroen esperientzien baturari esker da, hain zuzen, teknologia aldetik osatuagoa sortu berri duten elkartea. Esperientzien batze horretan oin harturik, posible izango dute oraingo iker arloak osatzea, beste batzuk sortzea eta enpresei zerbitzu oso eta integrala ematea. Nahiz eta hiru zentroen esperientzia metatua baliabide izan, Tecnaliari ere gerta dakioke bezeroren baten eskabidea bete ezin izana. Horrelakoetan, korporazioak merkatura joko du zerbitzu oso eta integrala emateko baliabideen bila.

LITEKEENA DA BAZKIDE GEHIAGO HARTZEA.

Tecnalia maiatzeko lehen hamabostaldian aurkeztu zuten Bilbon, eta, adierazi zutenez, beste bazkideren bat hartzeko ere prest daude. Alde horretatik, ia ziurra da dagoeneko Azti institutuaren bazkidetza, baina, horrez gainera, oso litekeena da aurrerantzean kide gehiago hartzea. Egungo Tecnaliak 72,12 milioi euro fakturatu nahi ditu 2006. urtean, baina kantitate hori bikoitza ere izan daiteke, bazkide berriak hartuz gero. Horrela gertatuko balitz, Europako antzeko edozein erakunderenparean izango genuke.
Aliantza teknologiko berri horren potentziala erakuste aldera, Tecnalian bildu diren hiru zentro teknologikoen 2000. urteko datu ofizialak jasoko ditugu ondoko lerroetan (2001ekoak ezin dira baliatu oraindik). Eman ditzagun Labein enpresarenak, lehenbizi. Kontratazioari dagokionez, 15,51 milioi euroko bolumena izan zuen eta 12,8 milioi euro irabazi zituen. Urte horren amaieran, 214 enplegatu zeuzkan, betiere espezializazioaren arabera, siderurgian, automobilaren industrian, energiaren, eraikuntzaren eta ingurumenaren alorretan eta informazioaren gizartearenean lanean ari zirenak. Jarrai dezagun Inasmetekin. Enpresa horrek 12,51 milioi euroko diru sarrera izan zuen 2000ko ekitaldian, 1,62 milioi euroko irabazia eta material berrietan eta gainaldeen tratamenduan espezializatutako 204 enplegatuko plantilla. Bukatzeko, jar ditzagun informazioko teknologietan eta telekomunikazioetan espezializatua den Robotiker enpresarenak: 8,2 milioi euro fakturatu zituen 2000n eta 160 laguneko plantilla zuen. Azti Tecnaliara bilduko balitz, 850 laguneko plantilla eta urteko 45 milioi euro inguruko diru sarrera izango lituzke korporazioak

Zientzia, teknologia eta berrikuntzarako plana 2001-2004
Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2001-2004 Planak EAEko barrutia hartzen du, eta, aurreikusitakoaren arabera, 2.200 milioi euroko inbertsiora iritsi nahi dute I+G izeneko arloan, 2004 bitarteko epean. Eusko Jaurlaritzak 614 milioi euro inguru jarriko ditu, Espainiako Gobernuak 156,6 eta Europako Batasunak 90,3. Gainerakoa sektore pribatuak jarriko du. Planeko helburuetan ageri denez, honako hauxe da jomugetako bat: 2004. urtean, jada, EAEko barruko produktu gordinaren %1,7 berrikuntzan ezartzea eta modu horretan Europako %1,9ko batez bestekora hurbiltzea. Horretarako, %43an hazi beharko luke 2000n ezarritako kantitateak.

Hiru jardun eremu handi izendatu dituzte planean. Lehenak oinarrizko ikerketa ez gidatua hartzen du eta jakitate berriak sustatzea du xede, komunitate zientifiko zabal eta sortzaile bat gorpuztea ahalbidetzeko. Arlo horretan, 59,86 milioi euro jarriko dituzte 2004 bitarteko epean, hots, totalaren %9,75. Bigarrenak, eremu giltzarria izenekoak, askotariko sektoreak eta teknologiak biltzen ditu, hala nola, konkurrentzia, ingurumena eta energia, informazioko gizartea, kalitatezko bizimodua eta bizirik dauden baliabideak. Arlo horretan, 497,72 milioi euro jarriko dituzte 2004 bitarteko epean, hau da, totalaren %81,07. Hirugarrenak, ikerkuntza estrategikoa deritzonak, oinarrizko ikerketako jarduerak sustatzeko eremua hartzen du, baina betiere EAErako funtsezkoak diren arloetan, azpisektoreetan edo ekonomiarekin edo gizartearekin zerikusia duten gai ardurakoetan. Arlo horretan, 38,44 milioi euro jarriko dituzte 2004 bitarteko epean, hots, totalaren %6,26.
Planean jasotakoaren arabera, berrikuntzaren arloari dagokionez, eremu guztietan egin nahi dute 2004an EAEko BPG %6ra iristeko adineko ahalegina. Horixe da jomuga nagusia, eta, horretarako, helburu osagarri batzuk ere izendatu dituzte egitamuan, hala nola, EAEko agente publiko eta pribatuen artean I+G modu orekatuan finantzatzeko modua erdiestea. Nolabait, herrialde aurreratuenetan baliatzen duten partizio sistema hasi nahi dute aplikatzen, eta, ildo horretatik, EAEko I+G alorreko 2004ko gastuak honela finantzatzea aurreikusi dute: erakunde pribatuek %58 eta administrazioek eta gainerako finantza iturriek %42. Era berean, urteko %8,4ko mugara goratu nahi dituzte berrikuntza eta garapen teknologikoa babesteko programa publiko eskualdez gaindikoetatiko funtsak.
Planeko xedeetan ageri da, berebat, ikerkuntzaren eta garapenaren alorretan dabiltzan guztien sinergiak aprobetxatzeko nahia. Guztien ahalegina bultzatu gura dute, zientzia-teknologien azpisistema efektiboago bihurtzeko. Horretarako, unibertsitateak eta ikerkuntzako beste zentro batzuek zentro teknologikoekin eta hainbat laborategirekin koordinaturik lan egiteko proposamena egiten dute, hala ikerkuntzako eta garapeneko jardueretan, nola berrikuntza teknologikokoari dagozkionetan, betiere batzuen eta besteen gaitasunak hobetze eta bizkortze aldera.
Horrekin guztiarekin batera, tresna berriak ere baliatu nahi dituzte elkarlaneko kultura aurrera dadin eta eskaintzako agenteek eta enpresa sektorekoek lanean sarean jardun dezaten, zeren premiazkoa baita enpresek ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntza teknologikoan dituzten behar bereziei erantzutea eta, pixkanaka-pixkanaka, eskaera teknologiko guztia asebeteko duen benetako politika finkatzea


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikerketa eta Garapena
2022-12-26 | ARGIA
Zuhaitz zaharrek uste zena baino bi aldiz karbono gehiago gordetzen dute, ikerketa batek erakutsi duenez

Oxfordeko unibertsitateko irkerlari talde batek puntako teknologiak erabili ditu zuhaitz zaharrek metatutako karbonoa kalkulatzeko eta orain argitaratu berri duten txostenean erakutsi dute, eraitsitako baso zahar hektarea bakoitzeko alferrik galtzen (eta atmosferara isurtzen)... [+]


Alzheimerra ikertzeko zentroa sortuko dute EHUk eta CITA fundazioak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak garatutako proiektuak gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunean prebentziorako metodoak bilatzea du helburu.


2020-05-24 | Estitxu Eizagirre
Ugo Mayor Martinez
"PCR test masiboak egingo balira, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta"

Apirila hasieran jakin genuen berak koordinatutako ikerlari taldeak COVID-19 atzemateko PCR proba bat garatu zuela, eskas ziren test komertzialik behar ez duena. Munduko Osasun Erakundeak test masiboak egitea gomendatzen du koronabirusaren hedapena saihesteko eta hala egin dute... [+]


2020-04-10 | ARGIA
Euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu du

EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu du, 15 euro balioko duena eta emaitzak lau ordutan... [+]


Estrategia

Euskal Herrian dauden administrazio publiko guztiek, eta nabariki Eusko Jaurlaritzak, euren estrategia industrialean digitalizazioa erabiltzen dute ardatz gisa. Honen oinarrian dagoen ikerketa ere digitalizazio ahalik eta aurreratuena egitera zuzenduta dago.

Euskalgintzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude