Sozioliteratura pixka bat


2002ko uztailaren 14an
Aitor dezagun. Idazleak ez du maite ispiluak itzultzen dion irudia. Karrikara atera eta ikustezin sentitzen da. Horrexegatik (ere) idazten du. Literaturak bere burua ederresteko bidea eskaintzen dio, ikusgarri -entzungarri- bilakatzeko parada ematen. Munduak bere berri izan dezala nahi du eta horren esperantzan lotzen zaio idazteari.

Topiko bat? Ez hainbertze. Egin dezagun jauzi norbanakoarengandik taldera. Euskaldunak zer eskatzen dio, bada, euskal literaturari? Lilura dezan? Gogoeta eragile izan dadin? Jostatzeko bidea eman diezaion? Nahiago genuke. Gure lanak esku artean atxiki gabe sortu, hazi eta hilko diren euskaldunez beterik daude bazterrak. Denek alabaina euskal literatura nahi, irakurriko ez duten liburuez harro. Literaturak, irakurria izan gabe ere, halako ahalmen magikoa baitu: egilea ez ezik, egilearen taldea ere eder eta ikusgarri egiten ahal du munduaren begietara. Halako karga bizkarreratu digute isilpeko tratuan, eta guk ezin ezetzik erran. Are gehiago nire zokoan.
AGERIAN edo gordean, aspaldiko kezka da ikusgarritasunarena nafar euskaldunarengan. Ikusgarri, entzungarri, ohargarri eta, jakina, eder gertatu nahi zaio munduari. Edo munduari ez bada, bai bederen etxe berean bizi (nagusi) zaion erdaldunari; bai bederen, karrika iraganda aurkituko dituen gainerako euskaldunei. Malda bata bertzea bezain pikoa gertatzen zaio, batzuetan.
Gaxtea nintzela, neure burua zigortzen nuen Joan Mari Torrealdairen "Euskal idazleak gaur" liburutzarraren irakurketan. Egia latza azaleratzen zuten hango grafika eta estatistikek: historikoki, Nafarroa, Nafarroa Garaia behinik behin, basamortua izan da euskal literaturarendako. Datuak, eztabaidaezinak ziren. XVI-XIX. mendeen bitartean, idazleen sorlekuaren araberako banaketak %5eko kuota esleitzen zigun. Liburua argitaratu zenekoan (1977), berriz, are lurperago ageri ginen: 5 idazle bizirik (% 3,2), eta horietarik bakarra 40 urtez beheitikoa. Euskaldun kopuruaren eta idazle kopuruaren arteko erlazioan ere azken putz geunden. Horri guztiari "lotsagarria" zeritzon Torrealdaik. Ganibeta landatzen zitzaidan bihotzean, delako izenondoa irakurtzen nuen aldiro.
Handik goiti euriak bide egin du. Aitzineko hamarkadan, harrabotsik atera gabe ari izanen ginen; aldaketaren oihartzuna doi-doian ailegatu zen Torrealdairen 1997ko "Euskal kultura gaur" aitzinekoa bezain pisura. Behintzat, ez genuen lotsagarri iraun: kontadurian geundenok halako hiru ginen kopuruz (15) eta ehunekoetan, berriz, halako bi (%6), 20 urte lehenagokoen aldean. Ez zen harridurarik ageri gernikarraren liburuan.
ABIAN goaz, ordea. Jose Maria Satrustegirekin hasiz eta Castillo Suarez edo Alberto Ladronekin bukatuz, 2002 honetan, 30 bat izenen zerrenda egin daiteke gure herrialdean. Bistan da, literaturgileez ari naiz, ez liburugile soilez. Soziologia aldetik ez gabiltza gainerako lurraldeetakoengandik aparte: gehien-gehienak gizasemeak gara eta, adin tarte guztiak ordezkaturik egonik ere, 35etik 45 urte bitartekoak nagusitzen gara. Jatorriz, bazter guztietakoak gaituzue, Mendialde, Erribera eta Iruñerri. Nolanahi ere, gure kulturaren bertze adarretan gertatzen ari den gisara, hiriburua eta bere eraginpeko eremua da, inoiz baino gehiago, euskal literaturaren gune eta harrobi Nafarroan. Generoen aldetik begiratuta, bada alderen bat: narrazioak ez du gurean hain nagusitasun erabatekoa; entsegugileak harro dabilzkigu eta poetak ez dira hemen iraungitzen ari den espeziea. Antzerkia, berriz, buru-makur bizi da Nafarroan sorkuntza aldetik, haur eta gazteei zuzendutakoa ez bada, baina horretan ere ez gara hain diferente.
Iaz, 2001ean, egile nafarrek euskarazko dozena bat literatur lan plazaratu zituzten, helduen sailean. Izanen da kopuru hori hutsaren hurrengotzat hartuko duenik, baina halakorik ezagutu gabeak ginen oraino. Ez gara gehiago euskal literaturaren basaburua.
Ederragoa da orain nafar euskalduna duela hogeita bortz urte baino? Edertasun eta itsuskeria kontuak zailak dira neurtzen. Ikusgarriagoa bai, gutienez; gainerako euskal herrietan, lehenik, baita Nafarroan ere, ikusi nahi ez duenik beti egonen bada ere. Gure partea, hortaz, betetzen ari gara tratuan.
Bertze alderdiaren txanda letorke orain. Ordezkaritzaren karga eramanen dugu beti bizkarrean, baina ez diogu uko egiten inor liluratzeari, inorengan galderak eragiteari, inori jostatzeko bidea emateari. Euskaldunaren harrotasuna pizteaz gain, irakurriak izateko esperantzan ari baikara lanean. Hemen eta han


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude