«Gizakia ez da erlea baino gehiago»

Erleen mundura historiaurrea aztertzeagatik sartu omen zinen. Nola da hori posible? Zer da palineologia?
Aranzadiko historiaurre taldean aritu izan naiz. Historiaurreak zer ikusi dauka biologiarekin edo botanikarekin? Eta zer da palineologia? Palineologia da polenaren azterketa. Lurrera etengabe polena jausten ari da, hautsa bezala. Jo dezagun kobazulo bateko lurra aztertu nahi dugula. Zentimetroka hartzen da lur hori, lur hartatik polena bereiztu, eta jakin dezakegu garai hartan zer zuhaitz edo landare mota zegoen, eta zenbat. Horretarako joan nintzen Bartzelonara, palineologia ikastera, baita Parisera ere. Hona etorrita, zazpi bat urte pasatu nituen horretara bakarrik jarrita. Historiaurrekoak identifikatzeko zailtasun handiak neuzkan, nahiz urte asko eman horretan, polena gutxi azaltzen delako, eta oso zati txikitan. Eta garai hartan ni bakarrik nenbilen ikerketa haietan, eta ezin nituen emaitzak inorekin eztabaidatu, eta beti ziren erdipurdiko emaitzak. Eta nola ezin nuen atarramenturik atera, pentsatu nuen: «behintzat eztian dagoen polena gaurkoa izango da, berria izango da, oso-osorik egongo da puskatu gabe», eta beraz hasi nintzen hori aztertzen, eztiaren polena identifikatzera ohitzen, gero historiaurreko polen zaharra identifikatzeko.
Horrela hasi nintzen eztia egiten. Orain Zarautzen ditut erleak. Lehen ehundik gora erle nituen ("erle" esaten zaio taldeari, singularrean), orain 20 inguru.

Usadio edo herri esaerekin harreman handia nabari zaizu zure lanetan.
Ni baserriko semea naiz, eta biologia ikasi nuenean deskubritu nuen zergatik egiten ziren baserrian egiten ziren lanak. Zergatik goldatzen diren lurrak... Nire aurreko gurasoen lanak zientifikoki interpretatzeaz gain, hausnartzen nuen hizkuntza aldetik nola zeuden errealitateari lotuak. Euskararekin betidaniko lotura izan dut, eta usadioko esaerak interpretatu ditut klabe modernoan, eta euskara modernoa eta zientifikoa ere iraganarekin lotu ditut.

Erlearen munduaren eta gizartearen arteko lotura ere asko egiten duzu.
Mementoz behintzat esan behar da erleak gizakiak baino gaitasun hobea erakutsi duela, erleak behintzat 60 milioi urte baitaramatza mundu honetan. Eta guk bi milioi daramatzagu eta ez dakigu gure espezieak iraungo duen. Espezie baten gaitasuna, biologiaren ikuspegitik, ez da neurtzen bere buruaz duen kontzientziaren arabera, baizik eta mundu honetan irauten duen denboraren arabera. Zentzu horretan behintzat, ikusi behar da gu ez garela erleak baino gehiago, edo pagoa baino gehiago. Ez dugu paralelismo tontoetan erori behar. Ezin da esan, adibidez, lehoia txindurria baino alferragoa denik. Lehoiak lo pasatzen du egun guztia, eta horregatik ez da alferra. Alferra eta langilea gizakien kontzeptuak dira, eta ezin dira gizakien eskemekin animalien jokabideak epaitu. Azken batean ugaltzeko modu ezberdina dute txindurriek eta lehoiek, eta biak dira praktikoak.

Biologiaren ikuspegitik, nola ikusten duzu gizakia?
Gizarteak aurrera jarraitzeko zer mekanismo dituen aztertzea da garrantzitsuena. Otsoak badauzkate euren mekanismo automatikoak elkar ez akabatzeko. Eta zein dira gizakiaren mekanismoak elkar ez hiltzeko? Legeak, zigorrak, erlijioak... baditu mekanismo batzuk elkar hiltzea eragozteko. Beraz, bilatu behar dira animalien eta gizakien arteko paralelismoak baina zentzu ebolutiboan: espeziearen ikuspegitik, ez norbanakoaren ikuspegitik. Adibidez, Hirugarren Munduko gizarteak untxiaren estrategia darama, ugalketa bidez gure aurrean bizirauteko. Herri haietan haur asko jaiotzen dira, bakarren bat heldutasunera iritsi dadin. Europan, berriz, haur bakarra nahikoa izaten da heldutasunera iristeko. Beraz, gurea gehiago da arranoaren estrategia. Estrategiak aldatu egiten dira gizartearen bilakaeraren arabera.

Gizakia ere desagertuko al da inoiz?
Desdramatizatu nahi nuke gizakiaren desagerpena. Badirudi gizakia desagertzen bada hemen katastrofea datorrela. Nik uste beste espezie pilo batek sekulako lasaitua hartuko lukeela, eta ez litzateke ezer pasako. Desagerpena, neurri handi batean gure esku dago, baina beste neurri batean ez: milaka milioi urte barru, berez, eguzkia itzaliko da eta hemen denak izoztuta hilko dira. Eta hori zenbat milioi urte barru izango den, lau mila milioi edo 50 milioi diren, alde handiegirik ez dago! Oraindik bizi gara Kristautasunak ezarri digun kultura batean. Sinesmen horretatik bizi gara: gu garela hemen sorkuntzako azken elementua, eta Jainkoaren berdintasunera eginak garela gainera, eta gu galduz gero, dena pikutara joango dela! Eta nik uste, maila horretan, gizakiak onartu egin behar duela bere txikitasuna.

Beste izakiak galtzen diren heinean, gizakiak zer galtzen du?
Gizakiak espezieak suntsitu edo desagerrarazita, bakarrik gelditzen ari da, eta bakardadea oso tristea da, ez bakarrik gizaki arteko bakardadea, baita besteekikoa ere. Landareen kontaktua atsegina da, atsegina da eskua pasatzea hostoen gainean eta hosto bakoitza ezberdina izatea, eta urtaroen arabera paisajea aldatzen ikustea. Nik uste, hiri handietako bakardadearen faktore bat ere bakardade biologikoa dela, ez bakarrik 5. pisuan ezkerreko atean bizitzearena. Beste bizidunekin kontakturik gabeko bakardadea da. Errekatan lagunak ez sumatzea azkenean, alegia arrain batzuk.

Giez-Berri elkartean produktu ezberdinak merkaturatzen dituzue. Zein da formula saltoki handietan beste produktuekin lehiatzeko?
Komertzio handietan sartu ahal izateko, gu hutsaren hurrengo gara banaka hartuta. Produktu ezberdinak dauzkagu elkarte honetan: batetik esnekiak, bestetik mermeladak (bai biologikoak direnak eta bai ez direnak), ardo biologikoa, sagardoa, Ibarrako piperrak, eztiak eta eztikiak, eta orain hestebeteekin hasi gara (Arabako odolkia eta Oñatiko txorixoa). Denok elkartuta hornitzaile bakar bezala aurkezten gara Eroski eta antzekoetara. Une honetan, gure produktuen %60 banatzaile horren bidez doa. Horrez gain, bazkide bakoitzak denda txikietan saltzen jarraitzen du.
Beti aipatzen da arazorik handiena produkzioa dela. Eta egia da, produzitzea ez da erraza, batez ere gu bezala eguraldiaren menpe dagoen baserritar batentzat, baina nik uste arazo handiagoa dela saltzea. Prezio onean saltzea, eta kalitate batekin, eta gero beste antzeko produktuekin borroka egitea. Zentzu horretan, elkartzearena uste dut ez dela planteamendu txarra.
Gu hasieratik sortu ginen Eusko Labelaren inguruan. Nik uste hemengo produkturik txikienek ere kalitatearen lerroan sartu behar dutela nahi eta nahi ez, prezioaren borroka ero horretan eusteko.

Zer abantaila ditu komertzio handietan eta txikietan saltzeak?
Hipermerkatu handi horietan egon beharra daukagu, baina oreka mantendu beharra dago denda txikiekiko. Ezin zara hipermerkatu handien menpe egon, zeren azkenean bere esklabo bihurtzen zara. Bezero dibertsifikatuak egitea hobea da. Hala ere salmenta hipermerkatu handietarantz doa neurri handi batean. Alegia, hor badagoela merkatu arazo bat.
Azoka bereziek ere irauten dute, beraz hor ere presente egon behar da. Horrelako azoketan produktorea eta produktua mahai berean ikustea, marketingeko izugarrizko faktore garrantzitsua da. Kontsumitzaileak lotura zuzena egiten du produktuaren eta ekoizlearen artean. Hipermerkatu handietan hotzagoa da erosle eta produktorearen arteko lotura. Gaur edozein kontsumitzaileren buruhausterik handiena da jogurt bat erostea: joaten zara jogurt baten bila, eta 15 metroko apalak dituzu jogurtez beteta. Batzuek «kin», besteak «gabe», batzuk fruta pusketekin... Etxean egindako jogurta erosi nahi duenak nola bereiztu behar du zein den naturalena? Horregatik saiatu gara gu, armairu berezien bidez irudia ere lantzen. Alegia, ikustarazten armairu horretan dauden produktu guztien atzean produktore bat dagoela. Ez dagoela multinazional bat, edo urrutiko kate bat, baizik eta bertako norbaitek egina dela. Irudi hori ere saldu behar da, baina ez irudia bakarrik, baizik eta kalitatea; gertutasunak ahalbidetzen duen kalitatea.

Gertutasunak zer harreman du kalitatearekin?
Askotan urrutiko gauzak ez dira baztertu behar urrutikoak direlako, baizik eta kalitatea galtzera kondenatuak daudelako.
Eztiaren pasteurizazioan ere gertatzen da hori: etxe handiak eztia pasteurizatu beharrean aurkitzen dira, eztia berotasunarekin urtu beharrean, alegia. Eta eztiak, neurri batetik gora berotzen bada, bere propietate denak galtzen ditu. Eta zergatik pasteurizatzen dute hala ere eztia? Nahiago dutelako eztia tantaka erortzeko txarroaren diseinuan inbertitu, kalitatean baino. Multinazional handiak derrigortuta daude kalitatean baino saltzeko irudian gehiago inbertitzera, Txinatik ekarritako eztia hemen saltzeko.
Gainera hemengo eztia hautatzeko arrazoia, ez da kalitatea bakarrik. Erleak eztitan ematen diguna baino gehiago ematen dio oraindik ingurumenari, polinizazioa egiten duelako. Argentinatik ekarritako eztiak ere polinizazioa egin du, baina Argentinan. Hemengoa baldin bada, eztia izateaz gainera, erleak nire inguruari mesede egin dio. Badaude halako lotura batzuk kontsumitzaileak ezagutu egin behar dituenak.

Erleak zer eskaintzen dio gizarteari?
Eztia, polena, propolia, jelea, pozoia, eta gero zaletasunak ematen duen entretenimendua (hori ere ez al da ondare soziala!).
Pozoitik ere sendagaia ateratzen da. Deskubrimendu estatistiko bat izan zen hori: konturatu ziren erlezainen artean erreumatiko gutxiago zegoela. Zergatik? Erleengana joatean ziztadak jasotzen ditugulako, eta erlearen pozoia ona delako erreuma sendatzeko. Geroztik, badira espezialista batzuk erleari pozoia kentzen aritzen direnak. Pozoi hori dosifikatuta jartzen da, eta erreuma arazoak dituztenek injekzio bidez jasotzen dute. Guk halako ziztada natural mordoska jasotzen dugunez, espero dut 70 urtetara iristean ez erreumarik izatea!

Ziztaden alderdi polita da hori. Eta alde arriskutsua?
Pertsona alergiko bihurtzen dutela. Alergikoa bazara, ziztada bakar bat nahikoa da beste mundura joateko. Urtero gertatzen dira halakoak. Erle inguruan bizi bazara, eta ziztadak jasotzen badituzu ez maiz, baizik eta aldian behin, alergiko izateko arrisku gehiago duzu. Nire emaztea hala da, eta erlezain askoren familiakoak alergikoak dira. Homeopatiaren bidez-eta badaude inmunizazio plan batzuk. Eta komeni da halakoak hartzea. Ezin da arriskatu.
Alergikoa ez den pertsona bat erle askok batera erasotzen badute ere, intoxikazioa jasaten du, eta dosi handi horren erruz hil egingo da.

Euskal Herriko erleak zer ezaugarri ditu?
Iberiar penintsula osoan dagoen erleari erle beltza deitzen zaio. Egin ziren halako miaketa genetiko batzuk, eta Gipuzkoan bilatu zituzten erle beltzaren barruko barietate batzuk, genetikoki ingurukoengandik pixka bat desberdintzen zirenak. Badakit tesi bat egiten ari direla Leioan horren kode genetikoa azaltzeko, eta Gipuzkoako Erlezain Elkarteak erlategi batzuk jarri dituela barietate horrekin, babestu eta erlekumeak ugaltzeko.
Lehen ohitura zegoen beste erle motak kanpotik ekartzekoa, eta orain joera handia dago bertakoa promozionatzeko. Urte asko daramatza erle beltzak hemengo klimara egokituz eta borroka eginez, eta pentsatzekoa da bera dela bertako egoerari aurre egiteko prestatuena.

Barrosia gaitza menderatzen al duzue?
Barroa izeneko zomorro bat da gaitzaren iturri. Barroa lasai bizi zen Asiako erleekin. Asiako erle espeziearekin nahiko ondo konpontzen zen. Eta trashumantzia hasi zenean, hau da, erlezainak Europako erleak Asiara eramaten hasi zirenean uzta hobea lortzeko, barroa ekarri zuten. Eta hemengo erleentzat oso kaltegarria da.
Kalterik handiena iritsi berritan egin zuen, 1987an. Ustekabean harrapatu zituelako Espainian. Hona etortzerako jada eskarmentatuak geunden besteren bizkarretik, eta hemen ez zuen halako txikiziorik egin. Urtean behin edo bi aldiz tratamendua eman behar zaio, eta kito. Jakin behar da zer produktu eman eta noiz, produktu horrekin eztia ez kutsatzeko. Barroak hil ditu erle basati guztiak. Orain guk zaintzen ditugun erleek bakarrik irauten dute. Horrek esan nahi du, gizakirik gabe memento honetan Europa eta Amerikan erleak ez lukeela biziraungo. Beraz oso garrantzitsua da erlezaintza. Polinizazioa orain erlezainen esku baitago.

Nola hazi daiteke ezti produkzioa?
Esfortzuaren baitan dago produkzioa. Nik erleak toki bakarrean geldirik baditut, eta udaberrian eguraldi txarra bada, nire urteko uzta galdu da. Jendea animatu egin behar da erleak furgonetan hartu eta lorea dagoen lekura mugitzeko. Euskal Herriko lurraldea osorik hartuta, Ebroren ertzetik hasi eta Gorbeiako puntara ezti asko dago. Baina lotura handia da. Joan egin behar da 15 egunero beste puntaraino erleei kontu egitera!
Gipuzkoan eta Bizkaian arazo handi bat jendea da. Esaidazu non arraio jarri erleak, toki guztietan daude eta baserriak, bideak, zaldi irteerak, ehiztariak...
Beste arazo handienetako bat ekonomia da: izugarrizko arriskua da lau lagun nekazaritzatik mantentzea. Onena da 100 bat erle inguru izan eta beste lanbide batekin osatzea, diru pixka bat atera eta zaletasun gisa izateko. Erlea ere oso lotua dago eguraldiari. Erleak ezin badu eztirik bildu, ezin diozu zuk bilduarazi eta kito. Ezin duzu behia bezala jetzi. Berak ekarri, transformatu eta berak pilatu behar du. Zentzu horretan bada sektore sentsiblea


«(Udaberrian, erleek) bere hestea hustutzen dute, negu osoko partez, eta bi zentimetrorainoko kaka-haria uzten dute. Izan ere, negu gogorra izan bada, irten gabe egon diren denbora guztian ez dute kakarik egiten erlauntzaren barnean.»
«Erleen bizitza ezkutua» liburuko 20.orr
«Erlea aipatze hutsak taldea gogoratzen dio edonori, baina harrigarria badirudi ere, koloniatan bizi diren erleak gutxienak dira (%15 soilik), erle-espezierik gehienak (20.000 inguru), bakartiak baitira.»
«Erleen bizitza ezkutua» liburuko 33.orr
"Gizakiak segundoan 25 imajina pasaz gero bere begien aurretik bat bezala ikusten ditu, baina gehiago pasaz gero, ez da bereizteko gauza. Erlea, berriz, 300 imajina bereizteko gai da. Hori dela medio, gure mugimendurik bizkorrena erlearentzat kamara geldian bezala ematen da.»
«Erleen bizitza ezkutua» liburuko 69.orr
«Erregina behin bakarrik irteten da erlauntzatik eta orduan ernaltzeko asmotan egiten du. Bere bizitzan egin ditzakeen 500.000 arrautzak lehen egunetan jasotako semenaz ernalduko ditu.»
«Erleen bizitza ezkutua» liburuko 69.orr
«20 kilo ezti lortzeko 320 kilo gai sartu behar du erleak etxera.»
«Erleen bizitza ezkutua» liburuko 176.orr

- Jaio: Alegian, 1949 urtean.
- Giez-Berriko sortzaileetako bat eta geroztik bertako gerentea 1998tik. OCUC-ek (Kataluniako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundea) Espainiako estatuko 35 ezti moten arteko onena izendatu du.
- Ikasketak: 1960tik 1970 urte bitartean apaizgai ikasi zuen. Ondoren biologia eta palineologia ikasi zituen Bartzelonan.
- Aranzadi: historiaurrearen ardura eraman zuen 1984. urtera arte.
- Irakasle: 1977-1978 urte bitartean Donostiako Santo Tomas Lizeoan klaseak eman zituen.
- Hiztegigintza: 1975-1977 urte bitartean Natur Zientzien hiztegia osatu zuen. 1977tik UZEIn dabil, lehen arduradun eta orain ahal duenean kolaboratuz.
- Erleak: 1986an Gipuzkoako Erlezale Elkartea sortu zutenetariko bat da, eta bertako arduradun izan zen 1995 urtera arte. 1993an sortu zuten eztiaren eusko-labela.

Doinua: Aita izena
Gu ez garela uste duguna
hori nahiko argi dago,
biologiak iraupenetik
neurtzea du nahiago.
Horretan ere uste duguna
ez garelakoan nago,
gure erlauntza nola daukagun
ikusiz gero akabo,
nik garbi daukat gizakia da
geroz eta gutxiago.

1984an Lekeition belaontzi bat egin zuten munduari bira emateko. Elkanoren bidaia bera egitea zen helburua. Petronor sartu zen laguntzaile, eta ni kontratatu ninduten bi urteko bidaiara biologo lanetara joateko. Abiatzeko 15 egun falta zirela, Petronorretik jaso genuen dei bat, bidaiarik ez zela egingo esanez. Ez ziguten beste azalpenik eman. Ordurako dena utzia neukan munduari bira emateko: pisua, lana... Andregaia ere despeditua nuen! Beraz, arrantzale batzuekin Afrikara joan nintzen, hiru hilabeterako. Konturatu nintzen itsasoa ez zela niretzako moduko lekua, eta erabaki nuen erlezain hastea.

1985 urtean, azalpen zientifikoak emanez. Erlezainak alkondara loreduna, nola ez!


Eguneraketa berriak daude