Ramon Lazkano

Musika kontenporaneoa edo garaikidea entzutera ohituta ez gaudenoi, gogorra egiten zaigu musika mota hori, ulertzen zaila. Non dago saltoa?

Arazoa da ez dagoela saltorik. Nik uste musika kontenporaneoa entzuteak jende askori ahalegin bat gehiago eskatzen diola dituen ohitura musikalekiko, ziur aski horrexegatik, barneratuak dituen ohiturak direlako. Eta errotutako ohituren aurka borrokatzeak, bizitzarekiko kuriositate handiagoa izatea eskatzen du, inguruarekiko kuriositate handiagoa. Ezezaguna zaigunaren aurkako borroka bat da, eta ezagutzen ez duzunari aurre egitea beti da zaila, beti exijitzen du energia gehiago. Askoz errazagoa da zure etxean gelditzea, ohituta zauden musika entzuten, ematen dizun ziurtasunagatik. Musika kontenporaneoa zaila dela esatea pixka bat utopikoa da, ezagutzen ez dugun guztia zaila dela esatea baita.

Hori guri bakarrik gertatzen zaigu? Konposatzaileontzat erosoa da kontenporaneoa entzutea, edo autoretik autorera ahalegin berri bat egin behar duzue?
Guretzat ezberdin xamarra da, azken finean teknikoki ikusten ditugulako gauzak. Ikuspegia ez da berdina, ezta entzutea bera ere, belarriak ez du berdin funtzionatzen. Gainera obra bat ezagutzen ez dugunean, lehenengo entzunaldi hori egiteko kuriositatea edo grina badaukagu behintzat, ez dago lehen aipatutako beldur hori. Grina presente dago beti, ezagutzen ez ditugun musika horietan gure lana elikatuko duen ezaugarriak aurki ditzakegulako. Etengabeko fagozitatze baten modukoa da, sortzen jarraitu ahal izateko fagozitatzea, azken batean ezer ez baita ezerezetik sortzen. Musikara bakarrik ez, sorkuntza plastiko eta literariora irekia egoteak ere, zure sakoneko pentsamendua elikatzen du, gero agian antsian lehertuko dena, sortzeko energian.

Musika garaikideak sortzen digun atzerako hori, heziketarekin konpon litekeela uste duzu?
Konpondu diozunean, badirudi halako gaixotasuna dela, eta niretzat ez da konpondu beharrekoa, ez da gaixotasuna. Kontua ez da musika bat "hobea" edo "okerragoa" den; munduaren aurrean duzun jarrera kontua da. Eta gauza ez da batzuk munduaren aurrean hobe kokatzen direla besteak baino, kontua soilki da munduaren aurrean batzuen esperientzia pertsonala eremu jakin batean egiten dela modu jakin batean, eta besteekiko ezberdina dela. Ez du zerikusirik "hobea" edo "okerragoa"rekin. Azkenean beti kontu berera gatoz, musika komertzialaren kontura.
Askotan entzun izan dut: "Zuek esnob hutsak zarete, musika arraroa da gustatzen zaizuena. Nola arraio ez zaizue gustatzen taberna honetan entzuten ari garena?". Eta guk ez dizkiogu inori kontuak eskatzen musika jakin batekin afinitate gehiago edo gutxiago duelako. Bitxia dena da, kontuak guri eskatzen dizkigutela! Agian ahalegin ezberdina eskatzen duen musikarekin dugulako afinitatea, edo agian musika marjinala dela sentitzen dutelako. Nire ikuspegitik musika garaikideak askotan jarrera sentsible bat eskatzen du soinuarekiko, denborarekiko, eta ez da jarrera hori bera behar musika komertzialaren aurrean, eta kito, ez da ezer gertatzen. Musika musika da, denak dira musika. Batzuk gertuago sentitzen dituzte musika batzuk besteak baino. Aniztasuna da kontua, eta bakoitzak nola integratzen duen aniztasuna bere bizitzan.

Zein ezaugarri ditu musika garaikideak?
Ezaugarri orokorrez hitz egiteko, ezaugarri komunak zeintzuk diren hartu behar genuke kontuan, eta aldiz ezaugarri horiek aldatzen doaz etengabe, sortzaile bakoitzaren estetika pertsonalaren arabera eta bere inguruaren arabera.

Kanpotik ikusita, badirudi musika garaikideak kontzeptuak espresatzen dituela...
Kontua ez da musikak kontzeptuak komunikatzen dituen edo ez. Musikaren esanahi bakarra da, konposatzaileak jarritako zeinuetan eta instrumentu baten bidez iristen zaizkion zeinu horietan entzuleak berak aurkitu duen esanahi hori, edo entzuleak berak zeinu horiei eman dien esanahi hori. Bide guzti horretan desbideratze eta deformazio asko egon dira. Hasi konposatzailearen ideiatik, paperean jartzeko erabiltzen dituen metodoetaraino. Konposatzaileak agindu batzuek ematen ditu, seinale batzuk jartzen ditu: "Nik nahi dut gauza hauek gertatzea, orden honetan eta denbora honetan". Baina gero interpretea dator, eta dio: "Oso ondo, hau kontuan hartuko dut, baina nire instrumentuaren soinua ez da zehazki hori.
Nire bihotzak taupada azkarragoak ditu, edo mantsoagoak, eta horregatik denboraren nire pertzepzioa, oso zorrotza izanagatik, malgua da paperean ageri denarekiko". Deformazioak dira denak. Interpreteak irakurketa bat egiten du, matiz batzuekin, eta horrek eragiten du soinuak ezaugarri jakin batzuk izatea, zuzenki edo zeharka, modu arrazionalean, emozionalean, edo dena delakoan pertzibitu daitezkeenak. Eta entzulea guzti horren aurrean dago, eta dio: "Bada ez dit ezer sujeritzen", edo bat-batean pentsakor jartzen da, edo loak hartzen du... Azkenean, entzulea da musikari esanahi bat ematen diona, jasotako zeinu horiei denei zentzu bat ematen diena. Entzun, eta bere ohitura kulturalen arabera, duen egunaren arabera, eta arabera askoren arabera, entzuleari gauzak gertatuko zaizkio edo ez zaio ezer gertatuko, eta horixe da musikaren xarma: egun batean Beethovenen 5.a entzun eta gauza bat esan nahi duela, eta biharamunean entzunda beste bat.

Aldiz, zure kontzertuko programan obra bakoitzari buruzko azalpena agertzen zen, esanahia argituz bezala...
Konposatzaileoi gertatzen zaiguna da, etengabe eskatzen digutela marko akademikotik kanpora (alegia, kontserbatoriotik kanpo) musikaz hitz egiteko, pistak emateko esan nahi izan omen dugunari buruz. Eta ez dugu ezer esan nahi izan, edo zerbait esan nahi izan badugu zerbait pertsonala da, oso nirea. Nire musikaren zatitxo bat jartzen badizuet, ni zerbait esaten ari naiz eta zuk ez dakizu zertaz ari naizen, eta zuk ulertuko duzu hau edo hura esaten ari naizela, baina zuri une horretan interesatzen zaizuna da ulertzen ari zaren hori. Eta hain zuzen horretxek balio du, norberaren interpretazioak. Baina guri eskatzen digutena da, hain justu musika nola egin dugun kontatzeko. Eta hori oso gauza delikatua da, marko akademikotik kanpora ezin duzu, nire ustez, musika esplikatu. Musika musika da eta kito, entzun egin behar da. Batzuetan, nire kontzertuetako programan obra bakoitzari buruzko komentario labur bat jartzen dut.
Poemak edo testu laburrak zitatu ohi ditut, une bakoitzean markatu nauten irakurketen arabera; uste dudalako une horretan nire lanari buruz kezkatu nauenetik gertu dauden ideiak agertzen direla. Gainera une horretan kezkatzen ninduten gauzak baino ez dira, gaur batere kezkatzen ez nautenak, zaharkituak gelditu direnak. Zita horiek musika ulertzen lagun dezakete, edo agian ez. Azken batean ez du misteriorik. Garrantzia duen bakarra norbera musikaren aurrean jartzea da eta ondo pasatzea, eta ondo pasatzeak esan nahi du norberak ondo edo gaizki pasatzen duela. Garrantzitsuena da behintzat zerbait pasatzen dela, zerbait gertatzen dela.

Zure obrak zein bilakaera izan du?
Bizitzan gauza asko gertatu zaizkit, eta ez dakit musikan hainbesteraino nabaritzen den aldaketa, baina nik behintzat hala bizi dut. Hogeita bost urterekin fase baten bukaerara heldu nintzen. Ordura arte asko sortu nuen, nahiko ondo egin nuen lan, eta 1995-98 bitartean berriz, apenas idatzi nuen musikarik. Gauza txikiak egin nituen, niri ahul xamarrak iruditzen zaizkidanak. Oso urte zailak izan ziren, oso galduta nengoen. Garai haiek energia asko eskatzen zidaten, baina ez energia musikala, paper kontuetarako energia baizik. Tramiteez asko ikasi nuen, baina aldi berean musikatik urruntze bat izan zen. Gainera ordura arte egin nuenarekiko ezkor sentitzen nintzen. 1998an, ez dakit benetan zer gertatu zen (batek ez baitu jakiten benetan zer gertatzen den), baina bat-batean berriz ere konposatzeko gogoa sartu zitzaidan.
Denak kointziditu zuen, kuriosoa da bizitzan nola kointziditzen duen denak. Hesi hori gainditu, eta berriz ere gauzak aurkitzen hasten zara, berriz ere forma hartzen hasten da memorian, zure baitan, izpirituan, eta enkargu garrantzitsu batekin kointziditzen du, eta aldi berean horrek denak bultzada ematen dizu, hegalak ematen dizkizu. 1998an, erlatiboki gustura nagoen obrak egin nituen. 1999an Estrasburgoko musika festibalean izan nintzen, Europa mailan oso garrantzitsua dena, eta bertan nire musika asko eskaini zuten. Bizitzako momentu hartan nire musika entzutera jarri nintzen, oso testuinguru ezberdinetan. Eta hainbesteri aurre egitea, hain modu intentsuan, beldurgarria izan zen oso. Gerora esan zidaten ez naizela Estrasburgokoa modu hartan bizi izan zuen bakarra, konposatzaile asko Estrasburgoko esperientziaren ostean nota bat idatzi gabe egon zela.
"Shock" hura ez zen musikagatik bakarrik izan. Bizitza ez baita musika bakarrik, bizitza batez ere beste dena da, jendearekin duzun harremana. Estrasburgokoaren emaitza izan zen hilabete askotan galduta ibili nintzela oso. Eta nire baitan zerbait lekuz aldatuko zen (ordurako gauza asko nituen aldrebeska buruan!) baina zerbaitek erabat galdu zuen bide ona, eta ondorioz jada presente zeuden ideia eta kontzeptuek bat-batean niretzat beste dimentsio bat hartu zuten, garrantzia izugarria. Horregatik, niretzat zaharkituak zeuden nire obrak oraindik zaharragoak zaizkit egun, ezezagunak egiten zaizkit, edo behintzat oso urrunak.

Gaur egunean zein kezka dituzu?
Momentu honetan krisian nago berriro ere! Oso gauza oinarrizkoek kezkatzen naute: kezkatzen nau soinuak, isiltasunak, bien arteko mugak; ia entzun ezin denak eta gehiegi entzuten denak kezkatzen nau. Eta kezkatzen nau nola hori dena denbora batean gertatzen den. Musikan denboraren abiadura nola modula daitekeen, nola moldatu daitekeen, deformatu, zizelkatu. Soinuaren ikuspegi plastiko xamarra da: soinua bloke erraldoi bat balitz bezala da, zizelkatzeko, lantzeko, lehuntzeko eta forma emateko dagoena. Eta soinua den bloke handi horri, isiltasunarekin ematen zaio forma, isiltasunarekin zuloak eginez. Hori da une honetan kezkatzen nauena. Eta ziur asko oraindik ez ditudanez baliabide egokiak aurkitu trabatu xamarrik nago.

Beraz, beti krisiaren ostean sortzen da zerbait berria?
Noski! Gauza hauek egitea ez baita erraza. Baina hain zuzen horrexegatik du grazia, bizitza erraza balitz aspergarria litzateke. Nik erronka bati deitzen diot krisia. Oztopoak aurrean agertzen zaizkizu, eta zailtasun horiek ez dituzu zerorrek jartzen, edo tira, behar bada bai: agian oztopo horiek norberaren proiekzioak baino ez dira. Gertatzen dena da norberak horrela eraikitzen duela bizitza.

Zure obren izenburuak euskaraz jartzen dituzu gehienetan...
Izenburuak euskaraz jartzen ditut, batetik sentimenduen lotura dudalako. Nire obra bati 'Hodeiertz' deitu, edo 'Horizonte' edo 'Orizont' deitu, niretzat oso argi dago modu epidermikoan sentitzen dudana 'Hodeiertz' dela. Izenburua euskaraz jartzeko beste arrazoia da, euskara hizkuntza gutxiagotua dela, jende gutxi dagoela euskararako sarbidea duena, eta horrek Euskal Herritik kanpo, alegia nire musika gehien entzuten den tokian, aspektu kriptiko bat ematen dio. Gauza askogatik gustatzen zait aspektu kriptiko hori: batetik, obra eta nire artean oso intimoa den eremutik kanpo uzten duelako entzulea. Alegia, entzuleak musikarako sarbidea duela, baina ni neure musikarekin batzen nauen kode horretara ez du sarbiderik.
Bestetik, izenburua kriptikoa izatea, beste modu bat da agerian jartzeko musikaren esanahi bakarra norberak entzun ahala ematen dion esanahi hori dela, norberak proiektatzen duen esanahi hori. Nire obrak "Hodeiertz" izena badu, izen horrek aleman batentzat hasiera batean ez du ezer esan nahi; edo alemanarentzat hitz horrek esanahi bat hartuko du berak grafia horri eta fonetika horri proiektatzen dionaren arabera; esaterako "h" eta "tz"tik zerbait jasoko du, edo erdiko diptongotik jasoko du inpresioren bat, eta aldi berean 'Hodeiertz' hitzaren soinuak bere buruan proiekzio fonetiko bat izango du. Eta izenburuaren soinu horretatik aurrera erlazioak egingo ditu edo ez ditu egingo ondoren entzuten dituen soinuekin, baina beti ere 'Hodeiertz'en musikak eta nik dugun harremanetik haratago.

Ahotsentzat musika ere idatzi izan duzu. Hor ere hitzak hautatzen dituzu musikalidadearengatik propio?
Hitzaren aberastasuna horixe da: batetik soinua duela, eta soinu horrekin guk formak sortu ditzakegu. Baina gainera hitzak zentzua du, eta zentzu horrekin jokatzea interesgarria izan daiteke, zentzua ezabatzeko, edo azpimarratzeko, edo zentzuari beste zentzu bat emateko. Zentzua azpimarra daiteke, esaterako, hitzaren itxura fonetikoa azpimarratuz.

10 konposatzaile onenen artean zaude...
Nongo 10 konposatzaile? Zer da konposatzaile ona izatea? Barkatu, baina superlatiboaren fobia daukat...

Eta zer da zuretzat konposatzaile ona? Non jartzen dituzu irizpideak?
Badira musikak zoragarriak direnak, bere ideiak indar izugarria duelako, nahiz eta ikuspegi teknikotik errealizazioa makal xamarra izan. Eta badira musikak errealizazio zoragarria dutenak, birtuosismo deskribaezinekoak, teknikoki harrigarriak, baina batzutan euren ideia, nire ikuspegitik, ahul xamarra izaten da, zirriborrotsua, presente ez dagoena. Konposatzaile "on" bat, ziur aski niretzat da bere ideiari forma emateko metodo eta bitarteko egokiak aurkitu dituen norbait, eta bere ideiak erlatiboki ulergarria izan behar du. Agian hori da niretzat konposatzaile "on" bat. Baina sortzaile handi bat hori baino askoz gehiago da.
Neurri handi batean, autore bat 'ona' bezala antzematea zerorren araberakoa da, duzun egunaren araberakoa. Badira Joyce idazlea irentsi ezin duzun egunak, eta badira bere liburu guztiak ziztuan irentsiko zenituzkeen egunak. Agian gauza bakoitzak bere momentua izaten du, bere lotura eta bere esperientzia. Agian gauzak gertatu behar dutenean gertatzen dira, edo zerorri prestatua zaudenean hori gertatzeko. Autore bat hobea edo txarragoa izateak ez du garrantzirik, garrantzia duena da autore bat zuretzat zerbait izatea. Musika eta norberaren arteko harremana da axola duena.

Ideia jenialak bakoitzarenak direla aipatu duzu. Zuk, sormenerako, nondik edaten duzu?
Eguneroko bizitzatik azkenean. Egunero maite duzu jendea, gorroto duzu jendea, eurekin afaltzen duzu, eztabaidatu, bakarrik zaude, jendearekin zaude_ Egunero gertatzen dira gauzak. Sormenerako, pentsatzera bultzatzen duten beste gauza guztiak ere axola zaizkit: arte plastikoa asko, literatura ere bai.

Parisen konposatzeaz bizitzeko aukera izan duzu. Aukera hori hemen ez al zegoen?
Arazoa ez da Parisen aukera eman didatela eta Euskal Herrian ez: aukera zerorrek ematen diozu zeure buruari. Azken finean, musika idatzi, Everest puntan ere idatz dezakezu, bakarrik egonda. Niri bakarrik egotea gustatzen zait. Orain, Paris bezalako hiri handi bat izateak bestelako abantailak ditu. Askoz jende gehiago dago, gauza jakin batzuetarako diru gehiago ere bai, jakinmin gehiago... Bestalde, ez da musika idaztea bakarrik. Parisek berak ere beste esanahi batzuk baditu. Gainera zure inguruarekiko harremanak asko esan nahi du. Euskal Herritik ez nintzen musikagatik bakarrik joan, eta horretaz agian geroago jabetu naiz, baina arrazoi pertsonal asko zeuden.

Hala ere, Euskal Herrian eta Frantzian zer kultur politika eramaten den, horrek ere aldea eragingo du...
Bai, hori ziur, baina hori arazo ideologikoa da. Nik ez dut oso ondo ezagutzen hemengo kultur politika nondik dabilen. Badakit azken urteotan, musikari dagokionez sorkuntzarako laguntzak handitu egin direla, eta hori positiboa da. Orain, ez dakit bertako azpiegitura musikala zein neurritaraino den behar lukeen modukoa, eta guk egiten dugun musika Euskal Herrian bizi dadin egin behar liratekeen gauzak zein neurritaraino egiten diren ere ez dakit. Egia da kulturarekiko Frantzia herri miresgarria dela. Frantzian gauza asko oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkit, eta izugarri antzugarriak gainera, gauzak egitea eragozten dizutenak. Baina kulturari dagokionean eskuzabaltasun handikoa da. Egun Villa Medicisen nago, Erroman, Frantziako Akademian, beka on batekin toki zoragarri batean, eta hori dena lortzeko ez didate "ezer" eskatu: ez didate paper bakar bat ere eskatu nire bizilekua edo nire egoera fiskala justifikatzeko.
Bete beharreko baldintza bakarra, meritu musikoez gain, frantsesez hitz egiten jakitea zen, tribunalarekin mintzatu ahal izateko. Axola duena da zuk zer egin duzun, eta ez nondik zatozen edo ideologikoki zer pentsatzen duzun. Frantziak kulturari, sormenari, alor guztietan eskaintzen dio dirua gainera. Zine frantsesa da Europan bizirauten duen bakarra, eta biziraute hori helburu kolektibo bat izan da, Estatuarena. Ez dute arau komertzialen mende euren zinea marginalizatu edo desagerrarazten utzi. Begira musika munduan nola dagoen Italia! Italian ez da orkestra bakar bat ere gelditzen. Dituen konposatzaile eta musikari bikainekin, karrera profesionala Italiatik kanpora egin behar izaten dute. Italiak orain 15 urte azpiegitura musikal harrigarria zuen, eta jada hartatik ez da ezer gelditzen.

Entzuten den argudioa da ez dela "errentagarria"...
Lerdokeria galanta da hori! Amorratuta nago etengabe pitokeria bera entzun beharrarekin. Noski, niretzat lerdokeria bat dena jende askorentzat esentziala da: askorentzat esentziala da dirua, niretzat ez. Jakina, erlatiboki ondo bizi naizelako, azken batean egunero jan dezaket. Baina niretzat, mota honetako giza esperientzian esentzialena ez da dirua, gainerako beste dena da. Behingoan argi utzi behar dugu zer arraiotaz mintzo garen: zer da eztabaidatzen ari garena, nork irabazten duen diru gehiago akzioak saltzen, edo nork aurrezten duen gehiago autopistak egiten, edota gizakiaren esperientzia sentsibleez ari gara? Munduaren aurrean gizakiaren esperientzia sentsiblea niretzat funtsezkoa da, jakiteko nor garen, nola bizi garen eta zer zentzu ematen diogun hemen egoteari. Nik nire lehentasunen eskala dut, beste batzuek beste lehentasun batzuk dituzte

- Jaio: Donostian, 1968. urtean.
- Bizi: Parisen.
- Musika garaikidearen konposatzailea.
- Ikasketak: Pianoa eta konposaketa ikasi zituen Juan Padrosa eta Francisco Escuderorekin. Goi Mailako Konposaketa Irakasle agiria lortu zuen. Pariseko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean Konposaketa eta orkestraketa ikasi zituen Alain Bancquart eta Gérard Griseyrekin, eta musika informatika ikasi zuen Tristan Murail eta Philippe Manouryrekin. Montrealen konposaketa eta analisia ikasi zituen Gilles Tremblayrekin. Orkestra zuzendaritza Jean-Sébastien Béreau eta Arturo Tamayorekin ikasi zituen. XX. Mendeko Musika eta Musikologiaren DEA (Doktoretza Ikasketen Agiria) jaso du. Unibertsitatean linguistika ikasi zuen.
- Musikalanak: Orkestrarako, ganbara musikarako, musika tresna bakarrarentzat eta ahots musikarentzat konposatu du, baita Mussorgsky eta Lorcaren orkestraketak egin ere.
- Hedapena: Bere obrak hainbat festibal eta herritan aurkeztu dira (Frantzia, Alemania, Herbehereak, Israel, Ukrania, Italia, Danimarka, Errusia, EAB...). Mandatu asko jaso ditu, besteak beste Frantziako Kultura Ministeritza eta Londreseko ABRSMtik.
- Irakasle: 1999-2001 bitartean, orkestraketa irakaslea izan da Estrasburgoko Kontserbatorio Nazionalean.
- Zuzendari: 1995-98 bitartean Euskadiko Orkestrako bakarlariez osatutako Ostots musika taldearen zuzendari izan zen.
- Sariak: Askoren artean Jerusalen Nazioarteko Konposaketa Lehiaketa, Prince Pierre de Monaco Fundazioa, INAEM eta Espainiako Colegioko Saria eta Gaudeamus lehiaketaren Aipamen Berezia jaso ditu.

Doinua: Hamalau heriotzenak
Sormenaren bidetik
zoaz arrastoan,
intuizioak lotuz
modu abstraktoan.
Ezin hitzez azaldu
zer zergatik doan,
ni ere nago xarma
galtzen delakoan,
sentimenduak hitzez
azaltzerakoan


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


Eguneraketa berriak daude