LIZARRAKO INDARRAK GARAILE HIRU LURRALDEETAN

  • 2001eko EAEko hauteskundeek ez dute 1998koek agertu zuten botoaren izaera aldarazi. Lizarrazaleek eta konstituzionalistek legebiltzarkide berberak dituzte orain eta orduan. Hala izanagatik, konstituzionalistek nahiz Lizarrako subiranozale muturrekoek berealdiko jipoi eta irakaspen ederra jaso dituzte.

2001eko maiatzaren 20an
Araba lurralde historikoan EAJ-EA koalizioa izan da bost hautagaitza nagusien artean eserlekurik irabazi duen bakarra, aurreko legealdian baino bi eserleku gehiago. Galtzaile bakarra bat izan da ere: EH elkargoa. Hots, esparru abertzalean eserlekuen aldaketa izan da. Lizarra-Garaziko Akordioaren alderdiak eta alderdi konstituzionalisten artean izan diren boto aldaketari behako bat ematea komeni da.
EAJ-EArena izan da eskualde honetan boto gehien irabazi duen hautagaitza: 16.878 boto. PSE-EEk, berriz, 1998an baino 10.654 boto gehiago lortu du, PPk 2.576 eta IU-EBk 1.655; EHk 8.874 boto galdu dituelarik. Hala izanda ere, 1998an alderdi konstituzionalistek Lizarrakoek baino 10.631 boto gehiago zituzten lurralde honetan, eta aldi honetan, 14.002. Aldea, beraz, handitu dute. Duela bi urte baino 3.371 boto gehiago dute konstituzionalistek. Konstituzionalisten arteko lehiarik izan ez bada ere, bien arteko sasilehian, Araban PSE-EE irabazle jalgi da PPrekiko. Abertzaleen artean, berriz, EHren porrota erabatekoa izan da abertzaletasun moderatuaren mesedetan.


BIZKAIA.

EAJ-EA koalizioa izan da eserleku gehien emendatu duena Bizkaian: bi. PP, berriz, bat gehiago atera duen alderdi bakarra. PSE-EE aitzitik, ustekabeko latza hartu du bere eremutzat jotzen duen lurralde honetan; aurreko legealdian baino eserleku bat gutxiago beteko du Gasteizko Legebiltzarrean. Konstituzionalisten arteko lehian, PP atera da indartua eskualde honetan, eserleku bat gehiago eta 39.689 boto gehiago bildu dituelako. PSE-EEk, artean, 12.676 gehiago erdietsi dituelarik. Edonola ere, EH izan da lurralde honetan ere galtzaile nagusia, EAJ-EAren mesedetan betiere. 48.672 boto galdu ditu EHk. IU-EBk bere eserlekua atxiki du 1.815 boto gehiagorekin. Bizkaian, Lizarrako Akordioaren aldekoek 143.821 boto gehiago lortu zituzten 1998an, eta oraingo honetan 142.821 botoko aldea mantentzen dute konstituzionalistekiko. Hala ere, datu esanguratsu bat azpimarratu beharra dago: konstituzionalistek Lizarrakoek baino 14.367 boto gehiago lortu dituzte azkeneko bozketaldi honetan. Konstituzionalistek 53.365 boto erdietsi dituzten bitartean, Lizarrako Akordioaren sina-tzaileek 29.998 gehiago erdiesti dituztelarik.


GIPUZKOA.

Abertzaletasunaren eremuan EAJ-EAk erabateko garaipena lortu du. Beste bi lurraldeetan bezala bi eserleku gehiago erdietsi ditu eta 56.056 boto gehiago. EH izan da eraba-teko galtzailea, bere-berezko eremuan izan ere. Zazpi eserleku lortu zituen Lizarra-Garaziko Akordioaren abarora eta hiru baino ez ditu eskuratu orain. 33.771 boto galdu ditu. Lizarrako sinatzaileen artean IU-EB atera da indartua aldi honetan. Eserlekurik gabe izatetik bat izatera pasa da. Antton Karrera militante historikoak beteko du Legebiltzarreko aulkia, duela bi urte baino 4.814 boto gehiago lortuz. Lizarrako sinatzaileek -EHren beherakada kontuan izanda ere- orduan baino 27.297 boto gehiago erdietsi dituzte. Konstituzionalistek berriz -PP eta PSE-EE alderdiek, alegia-, 21.709 boto gehiago lortu dituzte. Gipuzkoan, Lizarra-Garaziko Akordioaren sinatzaileek konstituzionalistek baino 134.299 boto gehiago zeuzkaten orain arte, eta une honetan 139.887 boto gehiago. Beraz, bi joeren arteko aldea 5.688 botoetan emendatu da Lizarrako Adierazpenaren aldekoen mesedetan.


EUSKAL AUTONOMIa ERKIDEGOA.

EAJ-EA koalizioa izan da, dudarik gabe, eserlekuetan nahiz botoetan irabazle erabatekoa. 1998an baino sei legebiltzarkide gehiago izateaz gainera, 100.789 boto gehiago erdietsi ditu. EHk 81.217 boto galdu ditu EAEn, zituen hamalau biltzarkideetatik erdia baino ez du izango legealdi berrian. IU-EBk 7.384 boto gehiago lortuz batera, legebiltzarkide bat eraman du berekin. Hots, Lizarra-Garaziko alderdi sinatzaileek eserleku berberak dituzte orain eta 1998an. Hartara eta ondorioz, gauza beretsua gertatzen da konstituzionalisten artean. Legebiltzarkide kopuru berbera lortu dute, beraien kasuan, PPren mesedean izan bada ere. PPk hemezortzi legebil-tzarkide izan ordez hemeretzi izango ditu, PSE-EEk bat gutxiago kontatzen du orain: hamalau zituen eta hamairurekin gelditu da.
Eserlekuei gagozkielarik, deus gutxi aldatu da Lizarra-Garaziko Akordioaren aroan bizi izan zen egoerarekin alderatuz gero. Boto kopuruei behako bat ematea interesgarria da, alabaina. Lizarrazaleek duela bi urte baino 66.956 boto gehiago erdietsi dituzte: 754.022 lortu zituzten orduan eta 820.978 orain. Konstituzionalistek, berriz, 487.533 eskuratu zituzten eta 574.837 erdietsi dituzte orain. Orduan baino 87.304 boto gehiago. Zentzu honetan, kontuan hartzeko beste boto kopuru konparagarria dugu begibistan. Duela bi urteko hauteskundeetan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izatera eraman zuen bozketaldian Lizarrazaleek Konstituzionalistek baino 266.477 boto gehiago eskuratu zituzten: 754.022 versus 487.545.
Lehendakari berbera izanen duen legealdi honetako boto kopurua, berriz, honela gelditu da: Lizarrazaleek EAEko 820.978 herritarren sostengua dute eta konstituzionalistek 574.837 herritarrena. Bi joeren arteko aldea 246.141 botoena da. Hots, bi hauteskundeetako botoen arteko aldea murriztu da konstituzionalisten mesedetan. 1998koekin alderatuz gero, 20.336 botoetan gutxitu da Lizarrazaleen eta konstituzionalisten aldea. Honek guztiak, gogoeta hau egitera gonbidatzen gaitu. Lizarrazaleen eta konstituzionalisteen arteko indar harremanak berean mantentzen dira EAEko 2001eko hauteskundeen ostean. Konstituzionalistentzat nahiz Lizarrako subiranozale muturrekoentzako jipoi eta irakaspen zinez ederra.

BILBON, EAJ-EA PP-TIK ALDENTZEN
Azken hauteskundeetako emaitzen arabera, Bilbon nazionalisten beherakada iragarri zitekeen arren, EAJ-EA koalizioa suertatu da irabazle argi. Guztira, bi alderdien artean 91.630 boto eskuratu dituzte, botoen %39 inguru, 1998ko hauteskundeen emaitzekiko %3,07ko igoera jasanez. PPk eskuratutako boto kopurua ere igo egin da, 57.091tik 70.988ra. Baina PNV-EAtik gero eta urrunago dago, 21.000 botoen aldea baitago bien artean. EHri dagokionez, beste leku askotan bezala, beherakada nabaria jasan du, boto kopurua erdira jaitsiz. Lehenago zituen 25.352 botoetatik, 13.852ra pasa da. PSE-EE eta IU-EBren egoera Bilbon ez da ia aldatu hauteskundeen emaitzekin. Lehenengoak botoen %18,37 eskuratu du eta bigarrenak, %6,32.

DONOSTIAN, EH-K PORROT, EAJ-EA GARAILE
Euskal Autonomia Erkidegoko azken hauteskundeetan botorik gehien eskuratu zuen PPk Donostian. Guztira, 27.360 boto. Oraingoan kopuru hori handitzea lortu duen arren, botoen %25,89 izatetik %26,65 izatera pasa da, puntu bat baino gutxiago igoz. EAJ-EA izan da ordea erabateko garaile. Aurreko bozetan bi alderdien artean eskuratu zituztenak baino 13.000 boto gehiago lortu dituzte, guztira, 46.243 boto. PSE-EE eta IU-EBren botoen portzentaia puntu batean igo da. Lehenengoa, 18.054 boto izatetik, 21.902 izatera igaro da; eta bigarrenak 7.496 lortu ditu, 98an, 5.745 eskuratu zituen bitartean. EHk jasan du Donostian ere bozka hauen alderik ilunena. 98an baino 8.000 boto gutxiago lortu ditu, 20.496 boto izatetik, 12.576ra igaro delarik.

GASTEIZEN, PP-REN ATZERAKADA
Nahiz eta oraindik boto gehien duen alderdia izan, PPk atzerakada nabaria jasan du Gasteizen. Guztira, 50.248 boto eskuratu ditu, baina boto portzentajea %39,05etik %35,53ra igaro da, beraz, lau puntu galdu ditu. EAJ-EA bigarren alderdi bozkatuena izan da, baina garrantzitsuena zera da: orain hiru urteko emaitzekin alderatuz, sei puntuko igoera lortu duela. 41.462 boto lortu ditu koalizioak, %23.59tik %29,32ra igaroz. Sozialistek ere 98an baino 9.000 boto gehiago dituzte orain. 32.882 botoekin, botoen %23,25eko portzentajea dute, lehen baino lau puntu handiagoa. Emaitzen ondorioz, EHk orain arte IU-EBk zuen azken lekua beteko du aurrerantzean. Azken honek 1.300 inguru boto gehiago lortu ditu, eta 9.473 ditu guztira. EHk aldiz, ia 7.000 boto galdu ditu eta honela, 13.655etik 7.363 boto izatera igaro da.

EAJ-EA-K GOIA JO DU, EH-K BEHEA

EAJ-EA

Hauteskunde honetako koalizio irabazleak inoiz lortutako emaitzarik onenak izan dira hauek. Jasotako 600.000 botoek 84ko gailurra (451.178 boto) askogatik gainditu dute, baita orduko eserleku kopurua ere. Orduan 32 eserleku bazituen iragan igandean 33 lortu zituen, PP eta PSE-EEk batera lortu dituztenak baino bat gehiago. Igoera are nabarmenagoa da aurreko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako datuekin alderatzen badugu. 98an EAJ eta EAk 458.957 boto eta 27 eserleku eskuratu zituzten, biek batera. Orotara EAJ-EA koalizioak botoen %42,7 jaso du. Gainera, hiru herrialdeetan suertatu da garaile, Araban PPri popularrek azken hausteskundeetan lortutako lehen postua ebatsiz. Parte-hartze altuak eragina izan badezake ere, EAJ-EAri EHtik etorri zaio boto ugari.


PP

Eurek esperotako emaitzak lortu ez badituzte ere, popularrek gora egin dute hauteskundeotan. 98ko autonomikoetan baino 70.000 boto gehiago lortu dituzte (251.743tik 323.918ra) eta eserleku bat gehiago (18tik 19ra). 1980ko Eusko Legebiltzarreko lehen hauteskundeetan 43.000 boto eskuratu ondoren, alderdiak etengabeko igoera ezagutu du. Oraingoan PPren igoera Bizkaian izan da nabarmenen (ia 40.000 boto gehiago) eta Gipuzkoan ia 15.000 boz gehiago jaso du. Igoera txikia izan du, ordea, Araban eta lurralde honetako lehen postua utzi du EAJ-EAren mesedetan. Azkenean, boto zein eserlekuetan gora eginda ere, PPk porrot egin du bere asmoetan .


PSE-EE

EAEko hirugarren alderdiak inoiz hauteskunde autonomikoetan lortutako boto kopuru handiena lortu du. 1998ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako emaitzak 30.000 bototan gainditu ditu eta herrialde guztietan egin du gora, Araban batez ere. Eta, hala ere, eserleku bat gutxiago lortu du; 98an 14 eskainu eskuratu bazituen, igandean 13 baino ez zituen lortu. Gipuzkoako eta Arabako eserlekuei eutsita ere, Bizkaian bat galdu du. Bototan gora eta eserlekuetan behera, finean sozialistak euren emaitza mantendu dutela esan daiteke, 1998an botoen %17,6 lortu baitzuen eta iragan igandean %17,8. Urrun dago 1984 eta 1986ko 19 eserlekuetatik, baina badirudi ordutik 98a arte izandako beherako joera etetea lortu duela.


EH

Inoizko emaitza kaskarrenak lortu ditu EHk hauteskunde hauetan: 1998an baino 81.000 boto gutxiago (224.001 bototik 142.000ra) eta eserlekuen erdia (14 zituen eta 7 lortu ditu) jaso du. Portzentajeetan %15 eta %18 bitarte horretan ibili izan da 1980tik hona; joan den igandean, aldiz, doi-doi gainditu zuen %10. Guztira, 98tik hona, %36ko galera izan du botoetan. Araban bi eserleku eta 9.000 boto (ia erdia) galdu ditu. Bizkaian ere bi eserleku gutxiago izango ditu hemendik aurrera eta botoen galera 40.000 ingurukoa izan da. Gipuzkoan 30.000 baino gehiago izan dira galdutako botoak, eta eserlekuak, aldiz hiru. EH laugarren alderdia da egun lurralde guztietan, eta boto kopuruan behera egin duen alderdi bakarra izan da.


IU-EB

Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako jipoiaren ondoren Ezker Batuak gora egin du berriro. 1998ko 71.064 botoak 78.448ra igo dira oraingoan eta 2 eserleku izatetik 3 izatera pasa da; Bizkaian eta Araban zuen eserleku banari Gipuzkoan berreskuratutakoa erantsi behar zaie. Boto kopuruan, gainera, hiru herrialdeetan egin dute gora. Gipuzkoan izan du IU-EBk igoera nabarmenena, eskainua berreskuratzeaz gain, ia 5.000 boto gehiago jaso baitu. Eta hala ere, parte-hartze altuaren eraginez ez du botoen portzentajea gainditzerik lortu: 98ko hauteskundeetan %5,68ra iritsi zen eta oraingoan %5,5ean geratu da. 94ko emaitza arrakastatsuak gainditzerik ez dute lortu, orduan 93.291 boto (%9,15) eta 6 eserleku lortu baitzituzten Ezker Batuko ordezkariek. Baina 98ko beherakadari buelta ematea lortu dute .


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude