"EIBARREK BETI IZAN DU BEREZKO DINAMISMOA"

  • Javier Elorza Maiztegi historialariak "Eibar: Orígenes y evolución. Siglos XIV-XVI" liburua argitaratu du Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin. Bertan Erdi Aroko Eibar irudikatzen digu, bertako ohitura eta bizitza ekonomiko eta sozialaren inguruko hainbat xehetasun emanez.

2001eko martxoaren 04an
Gipuzkoako Eibar hiriak denboran zehar bizi izan duen hazkunde historikoa harrigarria da, ia herrialde bereko bertze inon gertatu ez den garapena erakusten baitu. Javier Elorza Maiztegi, Soraluzeko historialariak honen berri eman digu, sartaldeko errealitatea azalaraziz. Lan serioa egiten ohiturikoa, sorterriko udaletxean administrari eta artxibariaren gisa ari da, lizentziatu zenetik oraino ikerkuntza historikoan hogeita bortz urte eman duen arren. Bere lan eremua Elgoibar, Eibar eta Soraluzek osatzen duten hirukia da, agiritegietako datuei arreta berezia eskainiz. Eskarmentu handikoa, San Roke ermitako gorabeherak aztertu ditu, baita bertako ospital zaharrarenak ere, azken bolada honetan herri hauetako Erdi Aroko iturri idatziak miatu eta Eusko Ikaskuntzaren bitartez karrikaratuz.

Mila orrialde inguru duen "Eibar: Orígenes y Evolución. Siglos XIV-XVI" izeneko liburua burutu duzu. Zergatik Eibar? Ikerketa honen beharra zegoen?
Dudarik ez, behar beharrezkoa zela. Eibar inguruan ez zen Erdi Aroko historia bat. Zegoen bakarra duela ehun urte Gregorio Mujikak egin zuena, eta gainera bere iturri zaharrenak, oro har, XVII. mendekoak ziren. Ez zituen oraingo eredu metodologikoak, datuak lotura handirik gabe eman zituen. Orduan, hutsune hori bazegoela garbi dago. Nik, aurrez aterata hemengo eta estatuko artxibotik dokumentazioa baneukan, beraz hasteko oinarria banuen.

Zein iturritan oinarritu duzu lan hau?
Artxiboak, batez ere estatukoak. Valladoliden dagoen "Chancilleria" delakoa, "Simancas" izenekoa, Granadatik hainbat agiri ere bai. Hemen Oñatiko protokolosena eta Tolosako Gipuzkoakoa. Elizenak ere bai, heriotz eta bataioenak. Calahorran ere "Libro del Licenciado Gil" dago, non populazioaren gaineko zenbait datu ematen baita. Bestalde, hemengoa "vicaría de Durango" zen eta Durangora joan nahi nuen, baina Markinako merinerriari lotutako Elgoibarko elizako artxiboan agiri pila agertu zen eta hori nahikoa zen.

Akondia Eibarko sorterria omen da. Non dago kokatua, nolakoa zen?

Nongoak ziren lehenengo eibartarrak?
Eibar, Elgoibar eta Soraluze Markina behe aldea zen, Debarekin muga egiten zuena. Eibar sortu zenean Akondiatik etorri ziren gehienak, eta Durangaldetik ere bai, Zaldibartik, Eizagatik, Elorriotik, Markinatik. Gipuzkoatik ere batzuk, baina gutxiago, Soraluze eta Elgoibartik batez ere. XVI. mendeko padroiko izen abizenetan garbi irakurtzen da gehienak bizkaitarrak zirela: Areantza, Ijuria, Biturita...

Berehala Akondia zenak garapen sozioekonomiko aparta bizi izan zuen, nola gertatu zen aldaketa hau?
XIV. mendean sortu eta 1447an Eibarrek 930 biztanle zuen. Populazio aldetik Elgeta antzekoa zen, orduko Elgetako lurrak egungo Bergarako auzoetaraino heltzen zirelako (Angiozar). Handik 50 urte gerora Eibarrek 1.500 biztanle zuen. Zergatik? Metalezko tresneria produkzioan espezializatu zirelako: goldeak, leihoetarako kantzelak, iltzeak... Horrekin lotuta, Amerikako aurkikuntzak ekarri zuen lan gehiago. XV. mendearen lehenengo zatian eskribau bat zegoen, XV. mendearen amaieran bost. Artisauak ere gora...

Zergatik hazkunde industrial hura?
Horretarako baldintzak zeudelako. Eibar handia zen. Markinatik burdina ekartzen zuten, lurrez. Debatik Antzuolaraino sarea zegoen. Armak oso inportanteak ziren, batez ere pikak, asko saltzen ziren. Pikak egiteko lizarrak behar zituzten, zuhaitz asko moztu eta jada XVI. mendearen hasieran mintegiak egin behar izan zituzten.

Zer eragina izan zuen inguruan Eibarko antolaketak?
Eibarrek ez zuen aukerarik zabaltzeko. Garatze prozesu hori izan zen arrabaletan: behekoa (Ibarra) eta goikoa (Unzaga). Bestalde, bideak kaskarrak ziren. Durangokoa oso aldapatsua, eskasa. Antzuolatik Debaraino txalupaz eramaten zen dena, eta gero itsasoz. Deban lonjak zeuden, eta handik Sevillara eta Siziliara eramaten ziren produktuak. Bilborekin ez zegoen harreman handirik, ezta Azpeitia edota Azkoitiakoekin ere, Urolakoekin gutxi. Lanera etortzen ziren, hori bai, Garate eta Zubizarreta abizenak hor daude. Baziren, baita ere, Valentziaraino lurrez joaten zirenak, handik oihalak eta ekarriz, baina gutxi ziren.

Erdi Aroaren amaieran Nafarroarekin, Ipar Euskal Herriarekin zeuden harremanak...
Ez, herriak oso autarkikoak ziren. Ondoko herritarrak arrotzak ziren, hori ikusten da Eibarko paperetan soraluzetarrez hitz egiten denean... Nafarroa oso-oso urrun zegoen. Egotekotan, merkataritza aldetik egon zitezkeenak, bakarrik, eta nik ez ditut topatu. 1.200dik, behintzat, politikoki ere ez zegoen loturarik, hortaz, gutxi.

Erdi Aroaren amaieran Eibarko populazioa kontuan hartzekoa zela garbi dago, eta jende hori elikatzea ez zen erraza izanen. Beranduago, XVII. mendean egungo artoa sartu zen, benetako iraultza eragin zuena. Zure lana, berriz, XVI. mendean amaitzen da, nola elikatzen zen bertako jendea arto berria heldu arte?
Hemen artoa (zaharra, txikia, ez gaurkoa), mijoa, asko egiten zen, prestatuta zeuden soro berezi batzuetan, horrekin ogiak egiten ziren ("borona"). Garia ere bazegoen, baina gutxiago. XV. mendearen bigarren erdi aldean joaten ziren Errioxa eta Araba aldera (Antezana, Gasteiz) garia ekartzera. Burgos aldeko Pancorbora ere bai. Hemen arazoa eguraldia zen, kanpotik ekarri behar zen, Trebiñorekin ere harremana zegoen. 1515. urtean edo, hemengo jendeak ikasketak egiten zituen Trebiñon, eta agirietan horren testigantzak badaude.
Txerri asko zegoen, ardia edo behia baino gehiago, etxe bakoitzean txerri bat, gutxienez. Bizkaitik ere etortzen ziren txerriekin. Txerria eta ogia egunerokoa zen. Beste tokietako abeltzain kultura ez zegoen hemen. Inguruko baserrietan gehiago, noski, baina ez askoz ere gehiago. Horretaz gain ezkurrak, gaztainak, intxaurrak... Alde horretatik denetarik zegoen.

Ohitura sozialak direla eta, kristautasuna sustraiturik zegoen XIV-XVI. mende horietan?
Kristautasuna hemen zen, baina finkatuta... Partikularrek ere, handikiek, ezkontzak egiten zituzten, ez apaizek. Giro erlijiosoa zegoela dudarik ez. Irainetan, superstizioetan ikusten da, isunak daude zoritxarra desiatzeagatik, baina gero formetan igoal ez zegoen hain finkatuta. Apaizek seme-alabak zituzten, %90ak, eta jendeak onartu. Batzuetan seme horiek aitaren postua eta benefizioa eskuratzen zuten eta haiek ere apaiz bihurtzen ziren. Gero, XVI. mendeko Trentoko kontzilioa zela medio, aldatu zen, baina poliki.
Ezkontzak, adibidez, ez ziren amodio bidez, kontratuak baizik, interesa bakarrik. Lehen ohitura zaharreko kontratuak egiten zituzten, eta gero hitza eman. Betetzen ez baziren, komeriak. Batzuetan ezkongaiak ez ziren ezagutzen. 1484ko kontratu batean diru inportantea eskaini zen, baina beste batek gehiago eskaini, lekuko batek hori ziurtatu eta orduan lehenengoak gehiago eskaini behar izan zuen hitzartutako ezkontza ez galtzeko. Maitasunik ez, beraz.

Nolakoak ziren aipatu dituzun bertako handikiak eta haien liskarrak?
Hemengoa ez zen jauntxo handia, Elgoibarkoa bai eta horrekin kontuz, baina hemengoa apala zen eta bakarrik sei bat baserri zituen errentan. Gainera, horren sendia XVI. mendean desagertu zen, azken alaba Italian zegoen erregearen kontadore batekin ezkonduz. XVI. mendean jauntxo txikiak baztertuak gelditu ziren, industria zelako dirua ematen zuena.
Ezagunak diren Erdi Aroko gerrate zibilak, nagusi hauen artekoak izan ziren. Herriak pairatzen zituen, baina ez zuen parte zuzena hartzen. Jende gutxi hiltzen zen "mesnada" arteko borroketan. Ez zegoen sustrai politiko bat, bakoitzaren botere eremua finkatu nahi zuten, haien arteko gerratea zen.

Herriko jende arruntak ezagutu zituen batzarreak, auzolanak eta bertze...
Hemen, kofradiak, kofraixak. Bakoitzak zuen bere ermita, bere eliza gero, eta bertan urtean behin elkartzen ziren, erabakiak hartzeko, bazkari bat eginez. Behi bat edo txahal bat hil, ez bildotsa edo arkumea, eta jaten zuten. Ermita bakoitzean egiten ziren bataioak, XV. mendea arte ez zirelako nagusitu herriko elizak. Ermitetara joaten ziren ingurukoak, ez lanbidez edo banaturik, ermitaren inguruko baserri edo etxe bakoitzeko ordezkari bat baizik. Eibarren hiru kofradia ziren, Akondia, Aregita eta Sorain. Antolaketa politikoa erlijiosoan oinarritu zen eta kofradia horiek errespetatu ziren. Egurra, gaztainak, ezkurrak eta beste banatzeko kofradia bakoitzak bere basoa zuen. XVI. mendean kofradiako partaideak igandero biltzen ziren, meza eta gero, bere erabakiak hartzeko, auzolanak, bideak (lorrak) hobetzeko, nahiz eta urtean behin, esan bezala, jai handia egin, uztarekin zerikusia zuten egunetan.

Euskalkia dela eta, zer erraten ahal duzu hizkuntza arloan?
Ni konturatu naiz gauza batekin: erromatarren banaketa tribala eliz barrutietan errespetatu zen hemen, eta euskalkiko mugak berdin-berdinak dira. Hor barruan merinerriak (merindadeak), eliz bikariak zeuden. Bada, Markinako merinerria bi "ermua" artean sartua zegoen. Bat Ermua, Bizkaikoa, eta bestea Azkoitiaren kontra dagoen Elgoibarko auzoa, San Lorenzo de Ermua zena. Ermua deitutako muga horiek oso antzinatekoak dira, erromatarren garaian bazeuden jada Markinako merinerri horrek gero erakusten dituen loturak, eta euskalkia lurraldetasun horrekin bat dator. Gero Leintz barrutia zegoen, Arabatik Bergararaino, baita euskalkiari lotua ere. Mutriku eta Deba jada gipuzkera aldea da. Nahiz eta gurekin lotura izan, Deba Itziar zen eta XIV. mendean jaitsi ziren, hau da, Deba gipuzkeraz bizi ziren baserritarrez osatu zen, horregatik ez dira bizkaieraz bizi. Elgoibarren dago muga, eta han gipuzkeraren eragina nabaritzen da.

Prentsan adierazi izan duzunez, Eibarko garapen harrigarriaren arrazoi garrantzitsua bere populazioaren heterogeneidadean datza. Baserri mundua XIV. mendean, 900 biztanle XV. mendean, berrogei mila XX. mendean... Hori ez da arrunta.
Dudarik ez. Hemen ez ziren bertakoak. Hasieratik jendearen nahasteak beste aukerak zabaldu zituen. Hiria da, ez da herria, jendearen arteko loturak diferenteak dira. Eibarrek beti izan du berezko dinamismoa. Nork egin du hau Gipuzkoan? Eibar eta Errenteriak. Elgoibar handiagoa zen eta orain askoz ere txikiagoa gelditu da. Eibarrek sekulako saltoa eman du, eta arrazoia jendearen nahastura hori da. Ez zeuden lurrari lotuta, beste mentalitatea zuten.


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude