"PERTSONAIAREN ERDIA BERI ZURETIK JARTZEN DUZU"

  • Emakume ezberdin horien atzean beti bera da Elena, nerbio eta garboduna. Baliteke bizitza antzerki hutsa izatea, Elena behintzat eszenatokian bezain bihurri eta sanoa da kalean. Eta lanean ere dibertitzeko umorea behar du!
Antzerti" eskolako lehen belaunaldikoa zaitugu. Ordura arte euskal antzerkilari profesionalik ez zen. Nola hartu zuten zure erabakia etxean?
Aitak izugarrizko lotsa pasatzen zuen telebistan ateratzen nintzen bakoitzean. Tabernaren batean lagunek esaten bazioten "Joxemari, hori ez al dek hire alaba?", "bueno, guazemak, guazemak hemendik..." larritzen zen.
Amari esaten zion: "pena eta dena ematen du halako eginahala egitea, bistan dagoenean ez duela balio!" beti pentsatzen zuen barregarri geratzen nintzela eta gaizki pasatzen zuen. "Balioko dezu beste zerbaiterako, ze mundu guztiak balio du zerbaitetarako!" esaten zidan.
Ama, berriz, nire alde ateratzen zen, "ba gustatzen baldin bazaio, utziozu!" eta aitak "zuk esaiozu, ze neri ez dit kasorik egingo, telebisioan agertu nahi badu anuntzioren bat edo egiteko, ze denbora gutxiago pasako du horrela pantailan. Ez, telebista piztu, eta beti bera agertu behar!".
Antzerkira ere ez zen behin ere etorri ni ikustera. Ama bai.

Hasierako urteetan Aitzpea Goenaga, Ane Gabarain eta hirurak aritu zineten elkarrekin. Kontatu orduko abentura eta kalenturak...
Gure artean hasi ginen gauzak egiten eta hirurok montatzen genituenak! "Miki, Kiki eta Kiliki" pailazo taldea sortu genuen, "Gotzone, Kolumbus eta bere istorioak, frexko-frexkoak" antzerki obra... Ai ama! Lehen emanaldia Altzan egin genuen, eta oso barregarri geratu ginen. Guk bukatu eta jendeak geldi-geldirik jarraitzen zuen. Arropa kendu, jasotzen hasi, eta jendea ez zela mugitzen! "bukatu da, eeee!" esan behar izan genuen. Zenbat aldiz geratu ote gara barregarri! Gure kasa ibili izan gara gidoiak eta bestelako lan denak egiten. Lana utzi genuen antzerkitik bizitzeko, eta egin beharra zegoen. Eta noizbehinka telebistatik deitzen ziguten...
Beste behin untxi mozorro bat erosi genuen: 17.000 pezeta kosta zitzaigun eta hori zen gure inbertsio guztia. Nik untxiz jantzita saltoka saltoka ibili behar nuen eta leher eginda bukatzen nuen... Eta Ahizpeak eszenategira sartzen zen bakoitzean esaten zidan "salto gehiago egin ba!" eta txin-txin-txin brinkoka pasatzen nuen saio osoa.

Kale antzerkirik ez duzue egin...
Kale antzerkirik ez zaigu tokatu, baina antzerkia kalean egitea bai. "Ama begira zazu" makina bat aldiz egin dugu kalean. Bidanian behin 0 gradu edo gradu bat azpitik egiten zuen. Kristoren hotza! Gu bainujantziekin ateratzen ginen, eta ezin! Gaueko 23:00etan egin genuen antzerkia, eta bainujantziaren azpitik kamiseta jantzita eta gainetik pantiekin atera nintzen, a ze piurak!
Eta Mikel Garmendia, berriz, hantxe eserita Benidormen balego bezala "hauxe egualdi earra!" esanez.

Hala ere lortu zenuten antzerkitik bizitzea. Posible da, beraz?
Posible, posible... bai, ez baduzu egunero bazkaltzen... Antzerkian oso gaizki irabazten da eta beti eskasian ibiltzen zara. Diru askorik ez eta muntaia dena geuk egin behar izaten genuen. Gutxienekoa emanaldia egitea zen, baina aurretik eta ondoren kamioia deskargatu, muntatu beharra zegoen, eta goizeko 6:00etan eta bukatzen genuen.

Zerk huts egiten du antzerkian?
Jendea joaten da antzerkira, baina ez dago antzerkia ordaintzera ohituta. Sarrera 500 pezetan jartzen dugu eta lokalaren alokairua oso garesti ordaindu behar da; gero berdindu ezazu diru hori sarrerekin!
Orain nahiz eta kontratuak egin eta emanaldi bakoitza kobratu, hilabetean lau edo sei emanaldi ateratzen dira, eta eskas geratzen da.
Baina uste dut produkzioa badagoela. Madrila begira ari garela esaten da beti, baina hemen baino askoz zailagoa dago Madrilen lan egiten. Hainbeste jende dago! Eta produkzioa handiagoa da, baina Madril bera handiagoa delako, eta proportzioan hemen lan gehiago dago.

Produktu aldetik, umoreak arrakasta handia du. Ez al dago beste generoetan hutsunerik?
Gaur egun autoreak falta dira. Normala da, egun antzerkia oso pobre dabilelako, eta autore asko dago baina idazleak dira, edo telebistarako idazten dute hobeto ordaintzen delako. Eta batez ere gaur egungo autoreak falta dira. Zinea, musika eta beste arte jarduerak aurrera doaz, eta antzerkia atzera geratzen ari da. Betiko gaiekin ari gara.

Telebista da aktoreen irtenbidea...
Aldi baterako segurtasuna ematen dizu, beraz diru aldetik irtenbidea da, baina beti duzu antzerkia egiteko gogoa. Baina lastima da orain Euskal Telebistan produkzio gutxi egitea, eta egiten dena betikoa. Telebista diru gutxirekin mantentzen ari da eta 15 egunetan 15 atal grabatuz egiten diren telesailak ere badira. Eta noski, hori gero nabaritu egiten da. Produktu hori ezin da konparatu denbora eta diru gehiagorekin egindako besteekin. Baina nik uste hau ere pasako dela eta telebista hasiko dela bestelako telesailak egiten.

Telesailak ez al dira amerikarren kopia?
Hori lotuta dago esandakoarekin. Aurrekonturik ez dagoenean askoz errazagoa da egina dagoena hartu eta kopiatzea. Bestela ez dakizu nondik jo, ez funtzionatuko duen... Eta Kataluniako telebistan edo besteren batean funtzionatu duten produktuak hartzen dituzte hemen botatzeko. Baina agian hemen ez dute funtzionatzen! Nik uste arrakasta izango badute, hemengo gaiekin sortu behar direla istorioak.

Zinean, antzerkian, telebistan aritu zara eta bakoitzean oso lan ezberdinak probatu dituzu... Profesionalki zein da zure helburua?
Lan guztietan daude gauza batzuk asko gustatzen zaizkizunak eta beste batzuk bat ere ez, baina egin behar dira. Nik inoiz ezin izan dut aukeratu. Ez ditut inoiz lau gidoi irakurri eta gehien gustatzen zaidana egin. Ea zer ateratzen zaigun begira aritzen gara eta horri heltzen diogu.

Nola lantzen duzue antzerki obra?
Bakoitzak bere puntua du. Eskolan gauza berdinak ikasi genituen, eta orain begiratuta bakoitzak bere estilo propioa du. Batzuk oso teknikoak dira eta gidoian keinu eta emozio bakoitza nola egin markatzen dute. Nik ez dut inoiz gidoiaren gainean hainbeste lanik egin. Buruz ikasi eta bota egiten dut, hasi egiten naiz eta kito, ez dakit nola bukatuko dudan. Noski, antzerki obra batean bi hilabete egiten badituzu pixkanaka dena lantzen duzu, baina besteetan inprobisazio hutsa izan behar du.
Ahotsa asko landu izan dut beti, logopedekin eta abar, baina lehengo ahotsa dut oraindik, ez dakit ongi kokatzen eta antzerkian ari naizen bakoitzean ahots arazoekin bukatzen dut.

Nola hobetzen da antzerkilaria?
Lana eginez. Esperientziak erakusten du. Denborarekin antzerki asko ikusten duzu, eta zure burua ere pertsonaia ezberdinetan ikusi izan duzu. Lanetik kanpo ere, jendea kalean nola portatzen den ohartzen zara...

Egindakoa ikusiz ere hobetuko da...
Nik telebistan egindakoa ez dut ia inoiz ikusten. Pelikula estreinalditan ere gaizki pasatzen dut. Joan behar izan dut, baina eskuekin begiak ixten ditut. Aspaldiko gauzak ikustea gustatzen zait, grazia egiten baitit.

Nola barneratzen duzue pertsonaia?
Jendeak nola egiten duen ez dakit. Gidoiak egoera bat ematen dizu, eta egoera horretan sartzen saiatzen zara. Esaten duzuna egitan esaten. Antzezten ari naizen pertsonaiari norbaiten antza hartzen saiatzen naiz "nire ahizpa berdin berdina da horrelakoetan...". Gero, kanpotik esaten didate ongi edo gaizki noan, eta nondik jo.
Entzuten da aktoreak etxeraino pertsonaia soinean eramaten duela, edo pertsonaiaren barruan sartzeak eskizofrenia sortzen duela eta abar, baina niri eszenategitik jaisterako ahaztu zait zer ari nintzen egiten.

Mister Bean-i entzun genion bakoitzak pertsonaia bat sortzen duela barruan, eta bakoitzak baduela bere pertsonaia, ondoen egiten duena.
Akaso bai, kanpotik hala ikusiko dute. Ahalegintzen naiz aldatzen, baina ziur beti aterako zaidala nire izakera hori. Lehengoan erizain batek esaten zidan: "ai ama! Pertsonaia bezalaxe ibiltzen zara! Eta ahots berbera daukazu!" Alderantziz, alegia. Pertsonaia ni bezalakoa beharrean ni pertsonaiaren berdina naizela. Eta noski, ahalegintzen zara aldatzen, baina pertsonaiaren erdia beti zuretik jartzen duzu.

Antzerkian zer leku du inprobisazioak?
Hobe inprobisaziorik ez badago, laguna izorratzen baituzu. Antzezlanak erritmoa eduki dezan pertsonaia bakoitzak momentu jakin batean eta era batean sartu behar du ekintzan. Eta zu inprobisatzen hasten bazara aurrekoak ez daki noiz sartu. Batzutan gertatzen da ez dakizula nondik nora jo, baina beti da momentu txarra. Telebistan ere berdin. Gidoia ere aldatu dezakezu, baina beti aurretik esanda.
Hankasartze handiak ere egin izan ditugu, batez ere egun berean euskaraz eta gazteleraz egiten dugunean antzezlan bera. "Pecata minutarekin" zera gertatu zitzaigun: Ramon Barearekin gazteleraz entseatu genuen, baina emanaldi gehienak euskaraz egin genituen. Handik hiru hilabetera etorri zen zuzendaria gaztelerazko emanaldi batera, eta denak bat-bateko itzulpena egiten aritu ginen, zeharo ahaztuta baigeneukan gaztelerazko gidoia. A zer ostikadak gaztelerari! "Zure burua bota" "a tirado su propia cabeza" eta horrelakoak esan genituen. Antzerkia bukatutakoan Ramon Barea etorri zitzaigun lotsa-lotsa eginda, "yo esto no lo firmo!" esanez.

Barrutik negarrez eta kanpotik barrez egon beharra nola daramazue?
Arazo eta sentimendu denak kanpoan utzi behar dituzu. Antzezten hastean ez duzu zure gauzetan pentsatzen. "Hola, ¿estas sola?" egiten ari ginenean aita hil zen. Justu justu joan ahal izan nuen hiletetara eta hurrengo egunean berriro antzerkia egiten ari nintzen. Kolpe gogorra izan zen, noski, baina antzerkian sartu eta aurrera egin beharra dago.

Antzerkia talde lana denez, antzezterakoan antzematen al da errealitatean zer moduzko harremana dagoen?
Ez pentsa. Antzerkia gezurretan ibiltzea da. Badira elkarrekin ongi konpontzen ez diren aktoreak, antzerkia ongi egiten dute eta hortik kanpo ez diote elkarri kasurik egiten. Ni orain arte ederki moldatu izan naiz beste jendearekin eta primeran pasa izan dugu. Eta nahiago dut lanik ez egin muturtuta ibiltzea baino. Bilatuko dugu beste zerbait! Bestela, egunero egon beharra daukazu hitz egiten ez duzunarekin.

Antzerkia nahiago izaten duzue jendaurreko majia horregatik. Baina ardura ere handiagoa izango da...
Nik gero eta okerrago pasatzen dut. Hasieran antzerkian genbiltzanean pentsatzen genuen edozer gauza egiteko prestatuta geundela. Esaten den bezala, "ezjakintasuna lotsagabea da". Orain ikusten duzu ezetz. Zenbat eta gehiago egin konturatzen zara mugak handiagoak direla eta ezin duzula edozer pertsonaia egin. Gero eta ardura handiagoa sortzen zaizu pertsonaia bat hartzerakoan. Ez dakizu zer egin behar duzun, baina zer egin behar ez duzun bai

BERTSOA
Doinua: Ijito jende hoienak
Pertsonaiatik nortasunera
ba ote nahiko kontraste?
Teatrotikan bizi direnak
gehio badira, ez uste
"Ajuria Enea"n ez zen egongo
gaur dagon adina nahaste
oraindik ere zu bazinake
lehendakarian emazte.

Jexux Mari Irazu
BERE HITZETAN
"Telebista bi ahoko labana da. Lana ematen dizu, baina erre erebai. Telesail bat egiten baduzu, hamalau alditan ipintzen dute" (ARGIA, 1996-02-11)

"Marokora joan ginen "La ardilla roja" filmea aurkeztera, eta pantailan ni azaldu nintzen unean jendea barrez hasi zen. Izugarrizko nahigabea hartu nuen, han ezezaguna bainaiz... Pentsatu nuen Euskal Herriko Florinda Chico bihurtu nintzela! "Hemen amaitu da nire karrera", bururatu zitzaidan" (ARGIA, 1996-02-11)

"Ez dut uste gure lan hau hain inportantea denik, ez zaio glamour hori eman behar, ez dauka.
(ARGIA, 1996-02-11)

"Filmeetarako dirulaguntza jaso dutenean, kanpoko aktoreak ekartzen dituzte. Eta ez goi mailakoak, agian Madrilen lana egiten ez dutenak"(ARGIA, 1996-02-11)

"Nik ez dut uste antzerkia krisian dagoenik. Jendeak atsegin duenean joaten da. Guregandik hasi beharko genuke, ematen ari garena jendearen gustokoa den aztertzen"(ARGIA, 1996-02-11)

"Antzerki politikarik ez dago, ezta pentsatu ere! Urtero irizpideak aldatzen dituzte. Gainera, laguntzak oso gutxi dira. Antzokirik ere ez dago eta!" (ARGIA, 1996-02-11)

CURRICULUMA
- Jaio:
Zumaian, 1955ean.

- Aktorea.
- Donostiako "Antzerti" eskolan ikasia.

- Antzerkia:
Egin dituen antzerki lan batzuk: "Ama begira zazu", "Mefisto", "Arlequino bi nagusiren zerbitzari", "Jo ezak berriro, Sam", "Ecus", "Pecata minuta"...
- Asier Anduezaren "El vestido" laburmetraia antzeztu zuen.

- Zinea:
Besteren artean "La monja Alferes"; "La Madre Muerta" (Juanma Bajo Ulloa, 1993); "La ardilla roja" (1993); "A ciegas" (1997); "Flores de otro mundo" (Iciar Bollaín, 1999); "Hola, ¿estás sola?" (Iciar Bollaín, 1999); "Sobreviviré" (Albacete & Menkes, 1999); "Pecata minuta" (Ramon Barea, 2000).

- Telebista:
Besteren artean "Hau da A.U"; Beni ta Marini (idatzi eta zuzendu Aitzpea Goenagarekin); "Bi eta bat"; "Jaun ta jabe"; "El comisario" (Tele5) "Al salir de clase" (Tele5, 1998)...

- Sariak:
"Jokalari Sariak" 2000 (Euskal Aktoreen Batasunak emana). "Trofeo La Galería" interpretazio onena "Pecata Minuta"n. "El Mundo" egunkariak bi sari eman dizkio aurten "Pecata Minuta" eta "Flores de otro mundo" filmeetan egindako lanagatik. "Iparragirre sariak 2000".

BIZITZAREN PASARTEA
Ni txikitan oso bihurria nintzen. Gure aitak Iberdueron lan egiten zuen eta gu zentralaren ondoan bizi ginen, Iberdueroko etxean. Guk zentralera sartzea debekatuta genuen, baina 6 urterekin edo, atea irekita zegoen batean sartu egin nintzen. Hango bolanteei bueltak ematen hasi eta transformadore guztiak su hartu zuen. Aitak zeharo beldurtuta aurkitu ninduen su artean, eta kanpora atera. Zumaia, Zestoa, Iraeta auzoa... eta inguruko herri denak argirik gabe utzi nituen astebetez.

ARGAZKI ZAHARRA
Ama begira zazu" antzezlanean. Muturrak saltsan sukaldean.


Azkenak
EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


Ostiralean hasi eta urte bukaera arte iraungo du Arestiren ekarria ezagutarazteko Bilboko egitarau oparoak

Euskaltzaindiak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Bilboko Koral Elkarteak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Ostiral honetan, adibidez,  Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren Etxea emanaldia joko du Euskaltzaindiaren... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Energia berriztagarrien arloko kooperatiben europar federazioko Kontseilu Errektoreko kide bihurtu da Goiener

Rescoop.eu federazioko Kontseilu Errektorean sartu da Goiener kooperatiba, eta  "lorpen handitzat" jo du ardura berri hori. Iragan maiatzaren 22an Krakovian (Polonian) egindako Energia Komunitarioaren Foruman parte hartu ahal izan dute, eta une inportantea izan... [+]


Eguneraketa berriak daude