ZINEALDEA PROIEKTUA


2000ko maiatzaren 14an
Aldizkari honen orrialdeetan eta baita beste komunikabideetan ere euskal zinemaren egoeraz idazteko edota mintzatzeko aukera izaten dugunok gure zinema propioaren ahulezia eta industria hori finkatzeko eta bultzatzeko beharra aldarrikatu ditugu aspalditik.
Duela urte batzu euskal zinemaren alorra, hein handi batean behintzat, Eusko Jaurlaritzaren irudia goraipatzeko erabili izan zen. Egoera sozio-politikoak bultzatuta eta dirulaguntzen bidez, emaitza interesgarriak jaso ahal izan ziren, baina hori dena martxan jartzen zen bitartean euskal zinemaren industriaren sorrerari bizkarra erakusten zitzaion.
1983tik aurrera Euskal Herrian ikus-entzunezkoaren sektorean profesional ugari trebatu da. Hala ere, gaur egun gure egile horiek lan bila kanpora joateko beharrean aurkitzen dira, baina hori ez da soilik zerbitzu-azpiegiturarik ez dagoelako edota lan baten prozesua hemendik kanpo jarraitu behar izaten dutelako, baita merkatuaren mugengatik eta sektorearen desorientazioarengatik ere.
AZKEN urteotan, zinearen eta ikus-entzunezko industriei dagokienez, burutu diren produktuen gehitze nabarmenetik abiatuta, eskaera geroz eta handiagoa duen merkatu baten aurrean gaude. Aipagarrienak baina era berean urrienak luzemetraiak ditugu, baina hor ditugu ere etengabe gure artean burutzen diren laburmetraiak, iragarkiak, bideo-klipak eta abar.
Egia da industria izateak ez dituela gure arazo guztiak konpontzen ezta ere euskal zinegileak Madril aldera joateko tentalditik saihesten. Filmak ekoiztea ez da torlojoak egitea bezain erraza, beste faktore askok eragin handia baitute, baina lagungarri suerta zitekeen industria horren azpiegitura Euskal Herrian bertan kokatuta egotea. Industria izateak ez du esan nahi soil-soilik fokuak edota kamerak hemen bertan aloka daitezkeenik, irudiaren mundu horren inguruan ekoizpen edota lan giro finkoa dagoela baizik, era guztietako teknikariek bertan lan egiteko aukera dutelarik.
Erronka horri erantzuteko eta Urnietako Sarobe Arte Eszenikoetarako Gunearen iniziatibatik abiatuz, Pasaia, Errenteria-Orereta, Oiartzun eta Lezoko udaletxeek osaturiko Oarsoaldea Garapenerako Elkartea zinearen hiria (zinealdea) izeneko egitasmoa bultzatzen ari da.
ZINEALDEAREN HELBURUA. "Ikus-entzunezkoak ekoizten aritzen diren sektorean dauden beharrei erantzutearren azpiegitura bat sortzea eta martxan jartzea da proiektu honen helburua". Horretarako Zinealdea zerbitzugune honetan argiztapen, dekoratu, soinu-ekipo, kamera, plato eta bulegoak, tailerrak, staff teknikoak eta besteak beste ordenagailu bitarteko muntaia-sistematan espezializatuak dauden enpresen kokapena sustatu nahi da.
Oarsoaldeari proiektu honek ekonomia maila ezberdinetan aberastasuna eta lanpostuen sorrera ekar diezaiokeela diote bultzatzaileek. "Ez da soilik teknikarientzat eta aktoreentzat lan-merkatua sortuko; baita beste profesional batzuentzat ere. Besteak beste, elektrikariak, zurginak, jantzigintzan ari direnak ere bilduko ditu". Bestalde, ukaezina dirudi eskualdeko zerbitzu sektoreentzat ere bultzada aparta izan daitekeela Cinecittà berri hau.
Enklabeari dagokionez, Zinealdea Oarsoaldea eskualdean kokatuko litzateke, Donostia hiriaren alboan, zinematografi mailan ezaguna den Nazioarteko Zinemalditik hurbil, Euskal Herriko edozein tokitik gertu eta komunikazio anitzekin. Eskualde honetan bi leku proposatu dira, Pasaian lehena eta Oiartzunen bigarrena. Gaur egun Pasaiakoak arazo gehiago planteatzen du, proposaturiko eremua bertako Portuan kokatuko bailitzateke eta une honetan egitasmo ugari daude Portuko Agintaritzaren lehendakariaren mahai gainean. Gauzak horrela, Oiartzungo aukera aztertu beharko litzateke serioski.
Eskualde honen, Gipuzkoaren eta oro har Euskal Herriaren irudi berria hedatzen lagunduko lukeen egitasmo hau mahai gainean dago, baina asko dira oraindik ere planteatu beharko liratekeen galderak: zein izango da, esaterako, iniziatiba pribatuaren papera afera honetan, eta zein Administrazioarena? Zer diote gai honetaz ikus-entzunezkoen sektorean murgildurik dabiltzan profesionalek?
Euskal Herriak horrelako azpiegitura behar duela egia bada ere, euskal kulturak ideia berriak behar ditu ere. Erronka ederra denontzat!


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude