"MAILA GORENA 25 URTEREKIN HARRAPATU NUEN"


2000ko urtarrilaren 09an
Aspaldiko partez txapelketan kantari aurtengo Gipuzkoakoan ikusi zaitugu, Erniope taldeko buru, baina lehendik ere makina bat txapelketa jokatu izan dituzu...
Bai, ahal izan dudan guztietan hartu dut parte. Nire lehen txapelketa 1959 urtean jokatu nuen, Usurbilgo Aginaga auzoan. Gipuzkoako «luistarren» arteko bertsolari txapelketa zen hura. Lehenengo Joxe Agirre atera zen eta han ezagutu genuen elkar. Urte hartan bertan, Ordizian Gipuzkoako gazteen txapelketa irabazi nuen. Handik aurrera Andoainen lau lagunen arteko txapelketa jarri zuten eta hura ere nik irabazi nuen. Loiola irratian ere jarri zuten bat: igandero kantatzen genuen binaka eta gero entzuleak ematen zuen botoa eskutitz bidez, eta lehen txapelketa nik irabazi nuen. 67an Gipuzkoako txapela atera nuen. Euskal Herriko txapelketa nagusian hiru aldiz edo parte hartu dut, eta 80-82ko txapelketa nagusietan finaleko zortzikotearen barruan nintzen.

Aurtengoa ezberdina izan da. Ze inpresiorekin gelditu zara?
Horrelako txapelketarik ez da sekula izan. Orain dela urte batzuk izan zen Pernando Amezketarra txapelketa, hura ere taldeka jokatu zena eta askok diote aurtengoa haren antzekoa izan dela. Baina orduan bigarren mailako bertsolariak hartu zituzten. Hemen berriz sartu gara zaharrak, gazteak, lehenengo mailakoak, bigarrengokoak, gazteak zirelako gehiegi ezagutzen ez zirenak... Herri osoak parte hartu duen txapelketa bat izan da. 24 talde osatu eta ibili gara eta herri osoan giro bat sortzeko balio izan du.

Zuretzat zein izan da txapelketarik bereziena?
Garai hartan eta gure mailan, Ordizikoan gazteen arteko txapelketa irabaztea. Hasi berria nintzen eta zenbat eta gazteagoa izan ilusio handiagoa egiten du txapela jazteak.

Nondik datorkizu bertsotarako joera?
Nire bertso hazia aitak erein zuen. Gure aita bertsozale ikusgarria zen, bertso zahar asko zekizkien eta ahotsa ere ona zuen. Harentzat bertsoa ez beste konturik ez zen. Eta nik hura sumatzen nuen behiak jeiztera joandakoan, oso txikia nintzela. Ezaguera etorri orduko haren bertso ikasiak eta bertsolarien istorioak banekizkiela gogoratzen dut. Pixka bat handitzen joan ahala bertso paperak ekartzen zizkidan. Etxean lehendik ere baziren bertsopaper zahar batzuk eta Txirrita, Udarregi, Pello Errotaren kontuak ere esaten zizkidan, Txirrita eta Pello Errota ezagutu baitzituen berak.

Bertsoak irakurtzetik kantatzera nola pasa zinen?
Tabernan hasi nintzen, lagunartean. Udazkenean, gaztetxoak ginela, gaztain erre janak egiten genituen. Txabola batean gaztainak erre, sagardo berria etxetik eramango genuen eta herrira jaisten ginenean udaletxeko arkupetan elkarri bertso berritan edo bertso zaharrak kantari jarduten genuen. Eta herrian pixka bat zabaldu zen, Txomin ere bertsotan aritzen omen zela. Gainera errezildar batzuk zeuden Berrobin apopilo, fabrika batean lana egiten zutela eta haietako bat oso bertsolari ona: Sebastian Loidisaletxe. Haren anaia bat ere Belauntzako bentan zegoen, eta bi anaia horiek askotan izaten ziren Berrobin eta haiekin hasi nintzen tabernetan kantuan.

Gogoratzen al duzu jendaurreko lehen saioa?
Oso ondo gogoratu gainera. 18 urterekin egin nuen, «luistarren festa» batean, nire herriko plazan. San Juanen aurretik ospatzen zen «luistarren festa»: garai hartan mutil gazteak luistarrak eta neskak Mariaren alabak izaten ziren, eta jai horretan bertsolariak behar zirela-eta Sebastian Loidisaletxe eta Mitxelenarekin kantatu nuen. Kantatu, kantatu nuen, baina inork ez ditu bertso horiek gogoan edukiko, eta hobe. Nolako beldurra eta nolako lotsa pasa nuen! Baina antolatzailetako batek bost duroko papera eman zidan sari bezala. Garai hartan asko zen, eh! Orduan pentsatu nuen bertsotan egitea edo ikastea. Pixkanaka-pixkanaka herritara joan eta bertsolariak entzuten nituen, eta haiekin lagunartean tabernan kantatu. Hori izan da gure eskola.

Zertan aldatu da ordutik hona bertsolaritza?
Orduan bi bertsolarik bakarrik kantatzen zuten plaza batean. Nik 1949an Tolosako Beotibarren ikusi nuen oholtzan laukote bat kantuan lehen aldiz: Xalbador, Mattin, Uztapide eta Basarri.
Plazatan eta festetan gaia jartze hori ere berria da, gure garaian hasi zen. Eta hori txapelketak ekarri zuen. 59an kantatu genuen Gipuzkoako txapelketa, gero 60an Euskal Herrikoa, eta hortik kutsatu zen herri osora, eta handik aurrera hasi zen festetara bi bertsolari eraman eta norbait gaia jartzen. Gainera beti sortzen dira gauza berriak: garai hartan ez zuen inork pentsatuko «Aizak hi mutil maiñontzi» doinuan edo «Habanera»n kantatzea, hau berria da oso. Orduan lau neurri erabiltzen ziren: lau puntukoak zortziko txikia eta handia eta bost puntukoak hamarreko txikia eta handia. Orduan ere baziren beste neurri batzuk, baina bertso paperetan bakarrik eta zailak zirelako ez ziren bapatean erabiltzen. Gaur bertso eskolak direlako eta abar, molde gehiago erabiltzen dira. Txapelketa honetan ere kantatu dugu sei puntukoan («maiñontzin»), eta «Iparragirre»n.

Gaur egungo bertsolari gazteengatik esaten da ez dakitela gairik gabe kantatzen...
Horrek bi alde ditu: gaiak izan daitezke bertsotan ondo egiteko laguntzen dutenak, baina izan daitezke bertso saioa narrasteko ere. Gai jartzaileak jakin behar du zein bertsolari diren kantatuko dutenak eta zenbaterainoko ahalmena daukaten gaiari heltzeko. Adibidez, bat baserritarra bazen, baserriko kontuak jarriz gero oso ondo moldatuko zen, baina beste gai batzuekin ez zeukan luzitzeko aukerarik. Askotan gaia herriak berak jartzen du: taberna batean hasten bazara bertsotan, askotan konturatu ere egin gabe jendeak jarriko dizu gaia: edo neskalaguntza izan delako, edo xelebre bat delako... Bertsolariak, zein gaietan dagoen giro hura, hari heltzen dio, hori gaia da. Ateratzen jakin egin behar. Inork ez dio markatu, baina berak atera du.

Zu gairik gabe hasi eta jaialdietan kantatzera ere igaro zara. Zer duzu nahiago, tabernetako saioa edo oholtzakoa?
Tabernetako hori ikaragarri gustatzen zait. Garai batean tabernetakoa oso maitea zen, beste jolasbiderik ez zelako. Gaur hori ez dago, telebista dela edo beste mila gauza direla, tabernetan bertsorik ez da entzuten. Nik afalondo edo bazkalondokoak nahiago ditut.

Zer iruditzen zaizu gaur egungo bertsolaritzan kristautasunak daukan prestigio falta?
Kristautasunak garai batetik hona hotzaldi handia izan du gizartean eta alde horretatik bertsolaritzan ere derrigor behar zuen hotzaldia, bertsolaritza gizarteari lotuta doalako. Garai batean bertso paperak Jainkoari argitasuna eskatuz hasten ziren eta gaur horri ez zaio kasurik egiten, hoztasun hori etorri delako. Gainera bertsolariak zerbait esan egin behar du eta askotan mahaian apaizen bat baldin badago, haren gorabeherak kantatzeko aitzakia bihurtzen dira, jendeari barrea eragiteko.

Bizitza osoa igaro duzu bertsoaren inguruan. Nola joan da heltzen bertsoekiko zure harremana?
Esaera da bertsolaritzan 40 urte arte ikasten eta handik aurrera ahazten joaten dela. Gaur ni 65 urteak beteta nago eta esaera horrek balio badu aspaldi goitik behera noa. Baina, nire bertsokerak mailarik gorena 25-28 urterekin harrapatuko zuen eta orduko maila beretsuari eutsi dio.
Gizona beti ikasten joaten da. Nik 30 urte nituenean pentsatzen ez nituen gauza batzuk egiten ditut orain («mañontzi» neurrian kantatzea, esaterako), nahiz garai hartako sasoia ez eduki. Alderdi batzuk behera egingo dute: eztarria, oroimena... baina bizi duzun hura landu egiten da. Nik bertsolari gazteengan ikusten ditut molde edo neurri berri batzuk eta arreta pizten didate. Horrela beharbada ikastera iritsi ez, baina beti jantzi egiten du pertsona.

Agian bertsolaria akitzen duena ez da bertsotan egitea, baina bai bertsolarien bizimodua eramatea, alde batetik bestera ibili beharra...
Bai, baina garai batekoen aldean, gaurko bertsolarien bizimodua oso erraza da. Justu gu bertsotan hasi ginen garaian, hasi zen jendea kantatutako egunean etxeratzen. Kotxeak beranduago etorri ziren, baina motoak baziren... Baina ordura arteko ohituretan herri batera bertsotara joan eta iluntzean etxera alde egitea pekatu handia zen! Orduan ere plazan kantatzen zen, baina tabernan eta sagardotegian egiten zuen bertsolariak graziarik gehiena. Plazan esaten ez ziren gauza batzuk esango ziren tabernan akaso, behar bada lasaitasun gehiago izango zen, umerik ere ez zen egongo, emakumerik ere ez eta bertsolaria tabernan nahi izaten zen. Entzuleak eskatu egiten zion bertsolariari gauez luze jarduteko. Orain tabernan ez du inork bertsorik eskatzen. Orain plazako lanak egin, soldatatxoa kobratu eta iluntzerako etorri liteke etxera. Alde horretatik asko irabazi dugu. Garai batean Uztapide batek, Zepai batek, zenbat ibilera txar, zenbat erretira txar egiten zituzten! Goizeko ordubiak aldera arte bertsotan aritzen ziren, lehertu arte!

Hala ere gaur egunean bertsolariek bi saio egiten dituzte egunean...
Bai, bi saio, eta izango dira hiru egindakoak ere, niri ere tokatu zait egun batean hiru saio egitea, baina ni ziur nago Uztapidek eta Zepaik eta horiek herri batera joanda gaur egungo hiru saio eginda baino askoz gehiago kantatzen zutela. Goizean meza nagusiaren ondoren hasi eta arratsaldeko plazako saioarekin jarraitu eta ez ziren saio luzeegiak izango, baina tabernan, afalondorengoa? Askoz gehiago kantatzen zuten herri batean, gaur hiru saiotan baino.

Auspoa argitaletxean liburu batzuk argitaratu dituzu eta «El Diario Vasco» egunkarian ere astero idazten duzu artikulu bat. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Beti izan dut idazteko zaletasuna, baina istripua izan aurretik ez nuen egokiera handirik. Orduan jai egunetan festara joaten ginen eta idazteko patxada behar izaten da. Baina duela 19 urte istripua izan nuen kotxearekin, istripu handia gainera, Amurizaren ezkontza despedidatik Durangotik bueltan. Eta gaixoetxetik etxera etorri nintzenean, denbora nolabait pasa egin behar izaten zen eta nire bizimodu eta zaletasunen gorabeherak idazten hasi nintzen. Ordurako gainera Uztapidek liburua aterata zuen, eta zera pentsatu nuen: «

Uztapidek liburua atera du eta nik zergatik ez dut aterako?
». Eta idazten hasi nintzen denborapasa.
Gero Aita Zabala bisitan etorri zitzaidan egun batean eta denbora zertan pasatzen nuen galdezka hasi zitzaidan. Eta ea erakutsiko al nizkion nik idatziak. Erakutsi nizkion nire zirriborro horiek eta pixka bat harritu egin zela edo ematen zuen: «

Hauek zuk idatzi al dituzu?
» galdetu zidan. «

Hemen badago liburu batentzako gaia, pixka bat ordenatu egin behar dira, baina horiek nik ordenatuko ditut
». Eta horixe izan zen nire hasiera. Gero Aita Zabalaren bidez etorri zitzaidan aukera eta egunkarian idazten hasi nintzen.

Ortografia ere garai batekoa mantentzen duzu. Ez zara euskara batuaren zalea?
Ez, beranduegi etorri zen euskara batua nik euskara batuan egiteko. Nik ikasi nuen apurra herriko hizkuntzan ikasi nuen. Ez naiz euskara batuaren kontrakoa, baina gaurko euskara batu askoren kontrakoa bai. Gaurko euskara batua erdaraz jantzita ikusten dut askotan eta euskarak nahiko aberastasun badu berekin, hitz bera esan liteke lau edo bost modutara eta askotan gure herriko hitzak baztertu eta erdarazkoak sartzen dituzte. Nik herri hizkuntza dut gogoko eta badakit, ez da harrokeria, irakurle batzuk baditudala. Han eta hemen hori aitortzen didate eta dena ez da zurikeria izango.

Ikasketa dezente jaso duzu.
Bai, garai hartako baserritar batentzat nahikoak, orduko nire garaiko askok izan ez zutena. 13 urte eta erdi arte behintzat ibili nintzen eskolan eta orduko gehienak behin 12 urterekin jaunartze handia eginez gero, etxean lanean hasten ziren, itzulean eta abar, edo bestela artzain joaten ziren. Gu alde horretatik gurasoei eskerrak eman beharrean gaude. Lehen urtea Berrobin bertan egin nuen eta gero Eldu auzoan, hango maistra hobea omen zelako. Ondoren partikularra ematen zuen beste maistra batekin ibili ginen Ibarran. Soldadutza amaituta, Martuteneko kartzelan sartu nindutenean, bertako funtzionario batek eskola ematen zigun. Erlijioa eta denetik ematen zigun euskaraz, baina politikarik aipatu ere ez, jakina.

Zer dela eta sartu zintuzten kartzelan?
«Injurias al ejercito español» izan zen nire pekatua. Hori oso gogorra zen garai hartan. Soldadutzatik etorri eta hango bizimoduaz bertso batzuk jarri nituen. Bertso horiek Arantzazuko aldizkarian argitaratu ziren. Eta kalte egin nahi zidan batek bertsoak erdarara itzuli eta gobernadoreari salatu zion. Hortik hasi zen nire gurutzea. Burgosen ibili nintzen soldadutzan. Bertso haietan kontatzen nuen garbantzu artean harri kozkorrak zirela jateko. Injekzioa hartuta zorabiatuta lurrera erori ginela batzuk eta gogorra zela bizimodu hura. Horrelako kontuak idatzi nituen.

Kartzelako zein oroitzapen gordetzen duzu?
Bi ziren niretzako gauzarik txarrenak: jendilaje haren tartean egon beharra bata, eta bestea ez nekiela noiz arte egongo nintzen egoera hartan. Gaur kartzela batean aurkitu daitezke preso politikoak, lagunarterako jende jatorra dena. Baina garai hartan ez zen horrelakorik. Garai hartan lapur jendea eta litxarreritan hasitako jendea zen eta tristea zen haien artean egotea. Kartzelan 42 egun eman nituen.

Garai batean alkate izateko aukera izan zenuen eta urte luzez aritu zinen horretan...
Bai, 12 urtez Berrobin, demokraziaren hasieran. Guk eman genion hasiera demokraziazko boto bidez aukeratutako alkatetzari. Alderdirik ez zegoen Berrobin, baina herrian beti izaten dira pixka bat mugitzen direnak. Ni buru jarri eta talde bat osatu genuen. Garai hura oso berezia zen: Euskal Herria tunel batetik irten zen eta jende berria sartu ginen.
Batere eskarmenturik gabekoak ginen, ezjakinak langintza berri hartan, ez genekien zer egin eta nondik nora hasi. Baina ilusio handia genuen: askatasuna zegoen eskatzeko, bilerak egiteko, Diputaziora joanda euskaraz egin zitekeen... Gainera Diputazio eta Eusko Jaurlaritzan lagunarteko tratua izan genuen bertako jendearekin eta horrek gerora asko laguntzen du.

Herri bezala asko aurreratu dugula uste duzu?
Asko aurreratu dugu. Baina larrosarik ez dago arantzarik gabe. Hemen larrosa asko etorri da, asko. Garai batean zeinek esango zuen udaletxetik ikurrina zintzilik ikusiko genuenik! 59ko Ordiziko txapelketaren ondorenean Agirre, Azpillaga, Ugarte eta ni Donibane-Lohizunera eraman gintuzten bertsotan egitera eta han ikusi genuen lehenbiziko aldiz ikurriña udaletxetik zintzilik. Denak ginen abertzaleak eta hala ere gure arteko lagun batzuk zalantzan egon ziren: «

hau ikurrina da, ez...
».
Beti falta da zeozer eta presoak etxera ekartzea da orain hemen falta dena. Penagarria da euskaldun askok Eguberriak kartzelan pasa beharra eta bai kristautasunaren aldetik, bai gizatasunaren aldetik, presoak etxera ekartzea gauza handia izango litzateke Euskal Herriarentzat. Baina hori dena hala izanik ere, esan behar da herri bezala asko aurreratu dugula. Garai batean ez genituen nortasunak ere gurekin ditugu: hor dago Ertzaintza, gure diruak ere neurri batean guk gobernatzen ditugu eta horrela abantaila asko eta asko ditugu. Garai batean zeinek pentsatuko zuen Gasteizen lehendakari bat ere izango genuenik!

ANTONIO ZABALA
«Langile amorratua eta euskal literatura biltzeko ehiztaria»

AMAIA AGIRRE
«Bertsolari ona izango den eta oraindik ikasten ari den neska gaztea»

BASARRI
«Sagardotegitik plazara bertsolaritza atera zuen bertsolari on eta txapelduna»

UZTAPIDE
«Goi mailako herri bertsolaria»

XABIER ARZALLUZ
«Horrek esaten duenak oihartzun handia du, behintzat»

JOSE MARIA SETIEN
«Abertzale eta elizgizon zuzena»

PATXI ETXEBERRIA
«Ni bezelaxe, bertsolari herrikoi langilea»

JOXE MARI ARANALDE
«Bertso maitale eta apaiz bizkorra»

JOXE MARI IRIONDO
«Bertsolaritzan, gai jartzaile eta irratian lehenengo pausoa eman zuenetako bat»

XALBADOR
«Bertsolari baino gehiago, olerkari»

Tantoa
Albizturren bizi nintzeneko kontuak dira. Hango ostatuan gizon burusoil bat sarri sarri izaten zen. Ostatuko Anjel Mari harritu egin zen han karrerapean bere bertsoak entzun eta jendeak jotzen zizkion txaloekin. Batez ere, grazia egiten zion bertso bukaeran eztul antzeko barre harek. Gizon burusoil harek hogeitamar-hamaika urte izango zituen, (eta Anjel Marirentzat zaharra zen).
Urte batzuk igaro eta Anjel Mari bertsotan hasi zen. Txominen burutik pasa ere ez zen egingo arretaz entzuten zion mukizu harekin topo egin behar zuenik. Gainera, halabeharrez, boladatxo batean, bere «taxista» ere izan nintzen, sekulako istripua izan eta makuluen laguntzaz ibiltzen zen garai hartan. Hamaika aldiz aditu behar izan nuen: «Nola leike, ordea, bertsotan koparik edan gabe egin? Nik ezin diat».
Ez zuen ez nik hainako tripako minik izaten saioaren aurretik. Salda, haragi egosia eta «kapea» ziren bere bizigarriak, fariasa ere bai, jakina. Eta holaxe saio mordoa egin genuen. «Euskaldun fededun» eta «euskaldun bat, txapel bat» esaerei ohore egiten dien bertsolaria da Txomin


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude