EZ DIRA AZKENAK IZANEN


1999ko abenduaren 05an
Aurten, bigarren aldiz, «Nafarroako Euskal Literatura Garaikidea» izenburupeko ikastaroa antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean. Hartan, NUPeko berrogei bat ikasle, irakasle baten gidaritzapean, gure herrialdeko lau egileren lanak lantzen ari dira, denak 1997-99 urteetan argitaratuak. Iaz bertze zortzi idazle eta horrenbertze liburu izan zituzten aztergai. Ez dirudi zalaparta handirik ateratzeko moduko gauza, baina, duela hamar urte, ezinezkoa izanen zen. Seguraski, ez zen, NUPen, halako talde ugaririk biltzeko manerarik izanen. Are zailago zer aztertua aurkitu, delako ikastaroaren antolatzaileek. Epe berean gibelat eginez, Durangoko azokak nekez hartuko zuen, aurten bezala, Nafarroa gaitzat, basamortuaz mintzatzeko ez bazen.
70eko hamarkadaren bukaeran, Joan Mari Torrealdaik, gure kulturaren alderdi kuantitatiboei eskainitako monografia mardulean («Euskal idazleak gaur», Jakin, 1977), barregarri zeritzon Nafarroaren presentziari euskal literaturan. Hogei urte geroago, egile berak eginiko azterketa ez laburragoan («Euskal kultura gaur», Jakin, 1997), gure letren eremuan herrialde bakoitzak duen pisuaren bilakaera neurtzerakoan, garbi ageri da Nafarroa hazi dela gehien, ikuspegi erlatibo batetik begiratuta: hogei urtetan halako bi egin du, nahiz eta kopuru orokorretan (% 3,2tik % 6ra) gure itzala oraindik sobera ikusgarria ez izan. Apalenetik hasiak aise egiten du goiti.
Ordutik hona, bada bertze literatur idazle tropa bat, bere lanak berantago edo monografi horretan islatu gaberik argitaratu dituena. Poetak, bereziki (Josetxo Azkona, Juan Karlos Lopez Mugertza, Mikel Taberna –narrazioen alorrean ere berriki saritua–, Maite Urkia), baita antzerki-egileren bat ere bai (Xabier Diaz Esarte). Iaz hamar-hamabi liburu izan ziren egile nafarren eskuetatik plazaratuak; mende honetako lehen berrogeita hamar urteetako produkzio osoa baino gehiago. Aurtengo uztak zer emanen duen oraindik goiz da jakiteko. Berriz diot, literaturaz baizik ez naiz ari.
Bitxia da hazkuntza hau. Gizarte faktoreez baliatuz ez da esplikatzen erraza. Foru Komunitateko erakundeen babesik ez du, eta ez da, Nafarroako gizarteari dagokionez, hizkuntzaren goititze nabarmen batekin batean heldu. Hil-lantuak jotzen dizkigutenen damuz, gora goaz hemen, baina apal, ezari-ezarian, guk nahi baino mantsoago.
Ezustekoa ere bada, frankorentzat. Ez da falta gertaera honi ozta-ozta disimulaturiko deserosotasunez begiratzen dionik, aldez aurretik hain baliagarriak izan diren eskemak haustera bailetorren. Eta ez naiz bakarrik kultur stablishment erdaldunaz ari.
Gainera, ez du parekotasunik, kulturaren bertze adierazpideetan, zinemagintzan, bideogintzan, antzerkian, musikan. Ikusteko handiagoa, beharbada, hedabideetan edo itzulpengintzan izandako bilakaerarekin. Idaztearen plazer/sufrikario bakartiak aiseago kilikatzen ditu, nonbait, egile nafarrak, talde lana eskatzen duten bertzelakoek baino.
Arestian erran dut. Duela bi-hiru urtetik hona uzta joria biltzen ari gara. Arestian zerrenda xume bat eman dut, baina bada gehiago. Historikotzat har ditzakegun idazleak: Jose Maria Satrustegi, Mariano Izeta. Aspaldi dihardutenak: Patxi Zabaleta, Patziku Perurena, Pello Lizarralde. Berantago argitaratzen hasita ere, abiadan ari direnak: Juanjo Olasagarre, Jon Alonso, Jokin Muñoz. Baita, berriki idazten ez hasiagatik ere, beren lanak argitalpen bide normalduetan ezagutarazten hasi direnak ere: Isidro Rikarte, Alberto Barandiaran, Felipe Rius, Joxemiel Bidador, Xanti Begiristain. Erdiek –luze nahiz labur– narratiba dute lan eremua. Bada saio-egileren bat, generoaren kontzepturik klasikoenean. Gainerakoen liburuak kazetaritzaren eta literaturaren eremu ez guztiz gardenaren artean kulunkatzen dira.
Bakoitza bere ukuiluko, neketan antzemanen diegu ezaugarri amankomunik, eremu geografiko bera partekatzea ez bada. Gehienak hiritarrak dira, Iruña edo Iruñerria dute bizileku eta, salbuespenak salbuespen, kutsu urbanoz janzten dute beren literatura. Aunitzek erredakzioetan edo zutabegintzan izan dute lehen probalekua. Deus harritzekorik ez, Mendebaldeko edozein herri «normalduagotan» bezala, kazetaritzan trebatzen ari baita –trabatzen?– euskal idazleen hurrengo belaunaldia, goragoko lerroetako zerrenda ere gizenduko duena. Izan ere, arestian aipatu guztiez erran daitekeen gauzarik hoberena errateko maneran gara: gehienak beren onena eman gabe daude oraino. Gainera, ez dira azkenak izanen. Egon erne


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude