"Oraingo idazle belaunaldiari urte txarrak tokatu zaizkiolakoan nago"


1995eko abenduaren 24an
Idazle gazteentzat urte txarra izan da aurtengoa.
"Oraingo idazle belaunaldiari urte txarrak tokatu zaizkiolakoan nago"
Joxean Agirrerekin "Elgeta" bere azken liburuaz solasean
Kazetaria izateaz gain, idazle eta literaturzale amorratua dugu Joxean Agirre. Sarritan bi eremuotan saritua, berriki Irun Hiria lortu du «Elgeta»rekin, trikitilari ospetsuaren bizitzan oinarritutako eleberriarekin. Nahiz eta deserrotzea den obra honen gaia, bere burua bizitzan oso errotua dagoela aitortu digu idazle zumaiarrak. Bere lanari errepasoa eman diogu, atzera eta aurrera begiratuz.
Nor duzu gustukoago, Joxean Agirre kazetaria edo idazlea?
Kazetari lanean sentitzen naiz erosoago, ez dut nire burua kazetari izan gabe ikusten. Bestalde, literatura arnasbide bezala behar dut.
Literaturan zailena hastea izaten da, gero hasierako ideia hori garatzeko kazetaritzari kentzen diot denbora. Nire azken lana, «Elgeta», adibidez, langabezian eman nituen hilabeteetan idatzi ahal izan nuen.
Garai batean gehiago bizi nuen kazetaritza, momentu honetan dispertsio gehiegi daukat eskuartean ditudan gauzekin, izan ere ikastolen eta bertsolarien aldizkariak eramaten baititut.
Rikardo Arregi saria jaso izan duzu kazetaritzan; honetaz aparte zure azken liburua ere saritu dute Irun Hiria lehiaketan. Esparru batean saridun izatea bestean baino aberasgarriagoa izango zaizu.
Dudarik gabe azken sari honek eman dit satisfakzio gehien. Ez dakit zergatik, beharbada ez nuelako espero horrelakorik. Aurten bederatzi eleberri aurkeztu dira, inoiz baino gehiago. Nik uste behar dela errekonozimendu bat.
Eta orain urte bat itxaron behar «Elgeta» kalean ikusteko.
Sariotan klausula hori egoten da, idazleen onerako. Nire kasuan ez da lagungarria, izan ere «Elgeta» Elkarrek argitaratu behar zuelako. Hala ere, urte bat igaro baino lehen kaleratzeko saiaketak egiten ari gara.
Lehiaketan polita izan da, hiru saridunok, Joxe Agustin Arrieta, Paulo Iztueta eta hirurok, belaunaldi berekoak garela.
«Elgeta» nekazari giroan kokatutako deserrotzeari buruzko liburua dugu; zure bizitzatik hartu al duzu adibide?
Ni ez naiz deserrotua, erro piloa daukat. Neurri batean ordea, ez naiz leku konkretu batekoa, leku ezberdinetan bizi izan bainaiz; alde honetatik agian identifikatu naiteke nire lanaren gaiarekin. Baserrian jaio eta bizitza erabat urbanoa eraman badut ere, nekazari gizarte batean dauzkat-eta sustraiak.
Literatura ere urbanoa gustatu izan zait beti.
Zer dela eta Elgetari buruzko liburua?
Erabat modernoa zen tipo bat aurkitu nuen, nekazari munduan ez errorik ez federik gabe bizi zena, sozialista, etorkizun edota maitasun handirik gabea. Desajuste handia zela pentsatu nuen. Oso argi daukat ez naizela Elgetarekin identifikatzen. Hala ere, nabarmena da trikitilari honi diodan maitasuna, nik ere zergatik ote den ez dakidan arren.
Zaila suertatu al zaizu pertsonaian sartzea?
Nire haurtzaroko erromeriak oso ondo ezagutzen ditut, txikitatik entzun nuen berari buruz hitz egiten. Beti deitu izan didate horrelako bizitza iluna eraman duten pertsonaiak, hala-nola jazz musikari amerikarrek. Baina Elgetarekin Gipuzkoan bertan antzekorik bagenuela konturatu nintzen.
Beste idazleak aipatzen dituzunez, zein litzateke zure literaturaren abiapuntua?
Klasikoekin identifikatzen naiz gehiago, eta hauek irakurri behar diren arren obsesionatua nago nobedadeekin. Max Frisch eta idazle txekiarrak oso maite ditut, baita Javier Marias ere. Saizarbitoriaren azken liburua sublimea iruditzen zait orri askotan, «Obabakoak»en ondoren egin den gauzarik onenetarikoa. Baina identifikazio hauek hautsi egin behar dira, bestela autoplagioan erortzen zara. Edonola ere, arkitekto batek kanpotik hartzen baditu ideiak ez da ezer gertatzen, eta literaturan hori egin daitekeela uste dut.
«Bertsolari» aldizkariko zuzendaria zaitugu.
Aldizkari honekin nire liburuarekin bezala gertatu zitzaidan, itsutu eta lehen alea atera arte ez nintzela gelditu. Telebistako programaren boom-arekin batera atera genuen. Gure publikoa bertso saioetara joaten dena da, baina ETBk programa kendu zuenetik gure irakurle kopurua jaitsi egin da. Hemen jende askok telebistan azaltzen dena bakarrik ezagutzen baitu.
Nola dakusazu aurtengo Gipuzkoako Txapelketa?
Maila oso ona dago, gazteek protagonismoa hartu dute, Mendiluzek adibidez, Maddalenek ere oso papel ona egin du. Baina arestian nioen bezala, telebistan ateratzen denak bakarrik hartzen du protagonismoa, bestela oso zaletuak direnak bakarrik enteratzen dira.
Nobedade asko izan da; baina ez al zaizu iruditzen, idazle berri gutxi dagoela, batez ere emakumezkoak?
Gazteentzat urte txarra izan da, aurten Saizarbitoria, Garzia, Lertxundi edo Zabaletak estali dituzte berriak. Beti hitz egiten da Saizarbitoria eta hauen ondoren datorren belaunaldi galduaz, kazetaritzan sartu zena, baina oraingo belaunaldiari urte txarrak tokatu zaizkiola uste dut. Hala ere, garen txikirako oso literatura ona egiten da hemen.
Emakumeei dagokienez, ez dakit hain gutxi diren. Merkatua agian gizonena izango da, beti pentsatu dut ordea literatura mundua emakumeena dela, literatura hoberena penak kontatzen dituena delako, eta hori emakumeek egiten dute hobekien.
ROZAS, Ixiar
42-43


GaiezKulturaLiteraturaIdazleakAGIRRE7
GaiezKulturaLiteraturaArgitalpenaNarratiba
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakLiteratur l
PertsonaiazAGIRRE7
EgileezROZAS1Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude