"Enfrentamendu zibilerako arriskua gertu ikusten dut"


1995eko abenduaren 24an
Enfrentamendu zibilera iristeko arriskua ikusten du Dominguezek
"Enfrentamendu zibilerako arriskua gertu ikusten dut"
Juantxo Dominguez,IU-EBko legebiltzarkide eta Berdeak-eko bozeramaile
Berdeak-eko bozeramaile, eta IU-Ebko legebiltzarkide 94az geroztik. Legebiltzarrera aldarrikapen esaldiak biltzen dituzten kamisetekin joateaz gain, hitz errazeko gizona dela erakutsi digu donostiarrak.
Berdeak mugimenduko bozeramaile eta IU-EBko legebiltzarkide. Zer eskain diezaioke ekologista batek Eusko Legebiltzarrari?
Bere burua berdetzat jotzen duten pertsona multzo bat egote hutsak, eta guri lehentasunezkoak iruditzen zaizkigun gaiak Legebiltzarrean planteatze hutsak, alderdiak aldarrikapen horien inguruan mugitzen hastea esan nahi du. Gai horietan erreferentzia bilakatu gara.
Legebiltzarrera edozein gai eraman aurretik, badago lehenagotik egin beharreko zerbait: giza-mugimenduek zer eskatzen duten jakitea. Gizartean dagoenaren eta Legebiltzarraren arteko zubia gara gu. Legebiltzarrean batzuen kontzientziak piztea lortu nahi dugu. Politika egiteko modu berria eraman nahi dugu aurrera.
IU-EB Berdeak-entzat bizirik irauteko tresna izan dela esan genezake?
IU-EBrekin bat egin ezean, gureak egingo zuen. Baina IU-EB guretzat baliagarri den bezala, gu beraientzat. Desagertzeko arriskuan egotetik, egitura bat mantendu eta jende gehiago geureganatzea lortu dugu. Dinamika praktiko eta propio hori ikusten duenean ulertzen du jendeak zer egiten dugun berdeok IU-EBn. Agian une batean norbaitek gu lorontzi edo marketin bezala erabili nahiko gaitu, baina badugu gure duintasuna. Berdea beste edozeren gainetik dago: ez da oparitzen, ezta saltzen ere.
IV. Batzarra burutu eta gero, zer aldatuko da IU-EBren estrategia politikoan?
Gure aldarrikapenak behar bezala barneratuz gero, IU-EBrena proiektu irekia eta anitza izango da, bestelako sentsibilitate batzuei irekia: EEren desagerpenarekin sortu zen nahigabetutakoei, bestelako ekimen ezkertiarretan bildutakoei... Politika ere ona izan daitekeela erakutsi behar diogu jendeari, eta ilusioa piztu.
IU-EBren proposamenek Estatuaren eraldaketa federala dute helburu. Zenbateraino areagotuko luke eraldaketa horrek autogobernua?
Gure autodeterminazio eskubidea zein den oso argi dago: estatu federala. Abiapuntua zein izango litzatekeen? Autonomia elkarte guztiek euren estatutua jada amaituta eta osatuta izatea.
Hurrengo urratsean Konstituzioarekin zer egin pentsatu beharko litzateke. Ez litzateke nahitaez aldatu behar, garatu baizik. Eta jakina, hori guztia klabe europarrean gauzatua. Hala ere, aipatu behar da Konstituzioaren zenbait puntuk ez diotela gehiegi laguntzen egoeraren konponketari, zortzigarren artikuluak eta berme gisa Armada agertzeak, esaterako. Ikuspegi horiek barregarriak dira XXI. mendearen atarian.
Estatu federalean, Euskadik, Andaluziak, Kataluniak eta besteek euren subiranotasun propioaren motore izan behar dute. Baina subiranotasun konpartitua.
Estatutuaren erabateko garapena aipatu duzu. Zenbat itxaron beharko dugu transferentzia guztiak jasotzeko?
Legebiltzarrean orain aste gutxi izandako eztabaidaren arabera, legealdi honetarako izango ditugu falta diren transferentziak. Baina lotsagarria da oraindik hori eskatzen aritu beharra. Euskadiri oraindik eskumen horiek eman ez izana, Autonomien Estatuan ez sinestea da.
Eta hortik aurrera?
Garapen horretatik aurrera herritar gehienek kontsentsuz gehiago nahi dutela erabakitzen badute, eman egin behar. Ez dago izutu beharrik. Hemen tabuen arabera jokatzen dugu, eta horrek konfiantza eta heldutasun eza erakusten du. Ez da inoren asmoa Euskadik mundu guztiari ateak ixtea.
Zein iritzi du Juantxo Dominguezek autodeterminazio eskubideaz?
Zalantzan jarri ezin daitekeen eskubidea da. Herriak, egunez egun, ematen diren egoeren aurrean demokratikoki erabaki behar du norantz jo nahi duen eta norekin jarri nahi duen harremanetan. Baina modu naturalean, eta baldin eta gehiengo zabalak baldin badaude.
Eta independentziari buruz?
Une batean herritar gehienek independentziaren aldeko erabakia hartzen badute, errespetatu egingo dut. Euskal herritar izaten jarraituko nuke, eta hemen biziko nintzateke, errealitatea guztiz ezberdina izan arren. Beste kontu bat litzateke independente izan, eta gero zein Estatu mota ematen diogun gure herriari.
Beste esperientzia ezkertiarrekin urratsik ematea pentsatu duzue?
Aniztasunaren barruan, garrantzitsua da Legebiltzarrean, erakundeetan eta kalean topaguneak izatea. Baina Euskadin bada gaindiezina den kontu bat: indarkeria. Euskadi norantz doan ikusteak kezkatuta nauka. Gatazka honen bestaldeko norbaiti otuko balitzaio gauzak begia begi truk entenditzea, enfrentamendu zibil oso indartsua piztu daiteke.
Mugarri batera iristen ari gara: nirekin zaude edo nire kontra. Eta areago, horretatik ezarpenera pasatzen ari gara. Hori oso arriskutsua da. Eta azkenean, manipulazioa toki guztietan ematen ari da: Iruñean Elkarri-ren borondateen kontratua izenpetu nuenean, biharamunean jendeak hots egin zidan esanez ea nola arraio otu zitzaidan hori sinatzea. Hori esatea ere... Herri hau jota dago, eta horrela ezinezkoa da ezer konpontzea.
Benetan ikusten al duzu enfrentamendu zibilerako arriskua?
Gainean dugu. Batzuen eta besteen adierazpen eta jarrerak ikusita... Hernanin gertatutakoa ikustea oso gogorra da: ikasle batzuek demokratikoki erabaki bat hartu zuten, eta erabaki hori errespetatu egin behar da. Horixe da demokrazia. Ez zaudela ados? Erabaki horren aurka protesta egin nahi duzula? Protesta egin ezazu, baina utzi besteei ere protesta egiten.
Euskal herritarron artean gatazka sortzen bada, askoz gehiago gaiztotuko da gatazka, orain ikusten ari garen bezala. Talde bakezaleetan dauden zenbait beste batzuk bezain sektarioak izatea ikaragarria da. Ez badugu urratsik ematen guztia pikutara joango da. Hori nahi al dute, guztiok pikutara joatea? Joango gara, baina har dezatela kontuan herri bezala pikutara goazela eta horretan amaituko dela guztia. Egoera honetan sua bolborara hurbilduz gero, gureak egin du.
Etorkizun hurbila hain beltza izanik, lehertu baino lehen jarri beharko zaio irtenbidea.
Hitz egitekotan deabruarekin hitz egingo genuela esan zidan lehengoan batek. Bada, deabruarekin hitz egin behar da. Hitz egiteak ez du esan nahi nik zure esanera dantza egingo dudanik, edo alderantziz. Tarteko puntu batera heldu beharko da. Eta jakina, azkenean herriak erabakiko du.
Hor bada kontu bat: legitimitate demokratikoa. HBk, gustatu ala ez, botoen legitimitatea dauka. Izan gaitezen zentzudunak, ezen jendeak askotan errealitatea ezkutatu nahi baitu. Tortura psikologikoa eta fisikoa guztiok jasaten ari gara, ez soilik presoak edo atxilotuak. Herri honetako sektore ezberdinetan egon daitekeen argitasunaren barruan, bat egin dezagun probetxugarria den zerbaitetan eta alda dezagun herri honen dinamika.
Iruñean Elkarri-ren borondateen kontratua sinatu zenuen. Zer eskain dezake proposamen horrek?
Printzipioz, oinarri minimo eta demokratikoa da, alderdi ezberdinen arteko kontsentsu-oinarria: CDN, PSN, IU, EA eta EAJren artekoa. Abiapuntua da. Saiaketa positibo, serio eta garrantzitsua, norbait mugitzen hasi den neurrian. Izan ere, hemen ez da inor mugitzen, eta mugituz gero belarrondokoa ematen dizute.
Ajuria Eneko Mahaia erdi hilik al dago?
Ajuria Eneko Ituna, testua, positibotzat jotzen dugu, abiapuntu eta topagune gisa. Ajuria Eneko Mahaian giza-mugimenduei babesa eman behar zaie. Esatekorik asko dute. Alderdiak baketzeko tresna bat gehiago dira, baina ez bakarra.
Testua baliagarria dela esan duzu. Baina Mahaia baliagarria al da?
Mahaiak taula baino ez dauka, ez du hankarik. Arazoa da interes partidistak egon direla. Orain batzuek planteatzen dute Legebiltzarretik bideratzea baketze prozesua, baina hemen kontua da guztiok prest gauden edo ez gauzak konpontzeko.
Mahaia berriro indartu behar da ala alderdiek beste gune batzuen bila hasi behar dute?
Alderdi politikoen arteko zatiketa dago, eta zatiketarekin ez gara inora iritsiko, ez Ajuria Eneko Mahaian, ez Legebiltzarrean ez beste inon. Baliabideak berdin du ez badago konpromezurako oinarri bat. Gero Carter Fundazioa datorrela eta, zenbaitek eskuak burura eraman dituzte. Izan ere, hemen benetan ergelak baikara. Askotan Tibetera joateko gogoa ematen dizute, alde batekoek zein bestekoek.
JAUREGI, Mikel
8,9-10,11


GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakAlderdiakIU/EB
PertsonaiazDOMINGUEZ1
EgileezJAUREGI5Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude