"Kontrariorik handienak txistulariak ziren, "txapuzeroak" deitzen ziguten"


1995eko urriaren 22an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Sakabi omentzen dutela eta, berarekin panderoan aritzen zena mintzo
"Kontrariorik handienak txistulariak ziren, "txapuzeroak" deitzen ziguten"
Jose Mari Urbieta, "Egañazpi"
Zestoako bere etxean aurkitu dugu Egañazpi pandero-jolea, urriaren 22an omentzen duten Faustino Azpiazu «Sakabi»ren lagun apartaezina. Trikitiaren eta erromeriaren munduan murgiltzea da orain dela oso gutxi arte plaza utzi izan ez duen Egañazpirekin hitz egitea.
Gerra frontean ezagutu zenuen. Ordurako ibiltzen al zinen plazetan?
Hirurogeita hamabost urte martxoaren 30ean kunplituta nago. Eta soldadu zazpi urte egin nituen, tartean gerra zela. Ordurako jarduten nuen, lardaxkan, Aizarnako gure baserrian. Sakabi etortzen zen Santa Engrazira soinua jotzera, ezagunak ginen, eta haren aldamenean jarri eta jo.
Hala, Urtetatik etorri zitzaion eztei batzuetan jotzeko deia, eta han jo nuen lehenbizikoz. Nik pasatu nituen lotsak! Zarauzko Azken-Portu auzoan abiatu ginen ezkonberrien atzetik, aurrean gurdia txistuka zela, eta han ondo. Baina bazkalondoan, tarta ebakitzean jotzerakoan, hura beldurra!
Nola ikasia zara panderoa?
Nire gisara. Zilarrezko bandeja batzuk izaten ziren eta ardi zain sagastian jarri eta hantxe. Jende gehiagok ere jotzen zuen Aizarnan, Zestoako Baltzola soinu-jolearen lagun, oilasko biltzen... Orduan hemen soinu jotzen ibiltzen zirenak ziren Jazinto Rivas «Elgeta», Auntxa, Arbe azkoitiarra, Arroako Mardutarrak... Baltzola zaharra adinez gure aita bezala zen.
Garai hartako soinujoleak zenbat pieza jotzen zituen?
Lau-bost pieza. Aizarnazabalen bazen bat soinu kromatikoa jotzen zuena, eta «Kuatropiezas» jarri zioten izena. Eta hala ere orain baino gehiago egiten zuen jendeak dantzan. Baltzolak ere dozena batetik aurrera ez zuen joko.
Bikote bezala ibiltzen Sakabi eta biok hasi ginen aurrena. Lehenago, soinu-jolea panderoa soinutik zintzilik zuela joaten zen festara eta norbait aldamenean jartzen bazen, ondo. Baina Sakabik esaten zuen trikitia ez zela panderorik gabe, eta hala hasi ginen. Gelatxo ere ibiltzen zen andrearekin, jendeak eskatu gabe, oihu egiten-eta, polita zen hura. Pieza mordoa jotzen zuen, Elgetak bezala.
Egunotan omentzen duten Sakabiri Elgetak erakutsi zion...
Baina gero Sakabik hautsi maisua! Sakabi ia ehun pieza jota zegoen Altzolan. Altzolatarrek esan zioten «ehun pieza jo gabe ez duzu ohera joan behar gaur», hasi ginen eta bideko eta agarrao eta... Laurogeita hemezortzi jo zituen. Hala etorri zitzaion Altzolako hura «barkatzen diot» esanez, ia erortzen zela zegoen eta. Ikaragarrizko almazena zeukan.
Ehungarrena gogoratzen ez bazuen, asmatzeko gauza igoal zen...
Pieza asmatzen ez zen ikaragarria, baina pieza bat hartzen zuenean nota banaka joko zizun, txistuarekin bezala. Entrenatu ere txistuarekin egiten zuen, Azpeitiko txistulari batek paperetik jo, eta Sakabik ikasi. Pieza azkar hartzen zuena ez zen, baina behin sartutakoan, betirako.
«Urruti nere menditik», «Basa txoritxo», «Anttoni» eta horiek Azpeitiko organista zahar batek liburuan bilatu eta ikasi genituen, hitzak eta musika. Beste batzuek Elgeta edo Gelatxogandik ikasitakoak dira. Erromerietan modan zeudenak ere jotzen genituen, balts, pasodoble eta abar. Irratian entzunda ikasita.
Elgeta aipatuta zer datorkizu gogora?
Soinu ttikiari zukua hark atera ziola, goiko sostenidoak eta. Gelatxok berak dena naturaletan jotzen zuen, Elgetak ekarri zuen aurrerapena. Bazituen piezak berak ateratakoak. Azkeneko grabatu dugun diskoan agarrao batzuk badira Elgetarenak, Lajak ere jotzen ditu, Zendoiak...
Zahartuta ezagutu zutenek gizon narratxa ikusi zutela diote.
Bere buruari laga egin zion eta. Bestela, pentsa hura ez zela ohean sartuko arropa denak erantzi eta ezeren xakarren bat bazuten hura kendu gabe. Baita zapatak ere aulkian tolesturan jarrita. Soinua ere kurioso dena garbituta, putz eginda hautsak kenduta.
Gero gizarajoa bakarrik gelditu zen. Sakabik esan omen zion behin baino gehiagotan, «etorri hadi gurera, guregana erretiratu hadi eta primeran izango haiz». Baina inorengana bajatu nahi ez, temoso piska bat ere izan eta... Baina gaztetan dotorea zen, lepoan painelu zuria jantzita. Emakumezale beldurgarria. Zahartutakoan gizarajoa ahal zuen bezala, taberna bazterrean bandeja jarrita inork zer botako.
Sakabi eta Elgeta elkarrekin ikusiko zenituen jotzen.
Zumarragako Santa Luziatan gogoan dut arkupetan hiru korro egiten zirela: batean Sakabi eta Elgeta, bestean Auntxa eta Arbe... Eta tartean poltseroa diru biltzen.
Santa Luziatan lehiaketa ere izan zen, gerra ondoren. Soinu txiki eta handi, denek hartzen zuten parte. Elgeta zenak esaten zuen: «Hori ez dok trikitixa, soinu txikixa dok trikitixa». Soinu handiarekin ere ibiltzen ziren herrietan: Mardu, Sagastume, Lesakako Rafael Sanjurjo, Txankarta, Itzaundita Bidanikoa, hau ere kromatikoarekin... Pianokoak gutxiago erabili ziren baina kromatikoak asko.
Jornal bat ateratzeko adina irabazten zenuten?
Ez, eta ez eta gerotxoago ere. Ibili ginen denbora luzez Sakabik bi duro eta nik duro bat, eta geroago hark hiru eta nik bi. Lehenago bajuago, hark duroa eta nik hiru pezeta edo. Hor nonbait edukiko dut dena apuntatuta, koaderno batean.
Soinuaz aparte, Sakabi abarkak konpontzen aritzen zen aurrena eta gero tailer batean sartu zen. Ni ere hala ibiltzen nintzen, zerbait bazen baimena eskatu eta gero orduak sartu behar. Baserria ere eduki nuen, Arroan. Kalean, panderoa jotzen eta baserrian, denetan fuego.
Orain dela gutxi arte aritu zara joka.
Sakabik 60 urterekin laga zion, Zarautzen sentitu ondoeza eta ezin. Beste hemezortzi urtean jardun nintzen ni, hura 78 urterekin hil zen. Behin batekin, bestean beste batekin, segi. Sakabirekin neukan tratua zen beste edozeinek deituta ere aurrena bera zela. Ez duzu berehalakoan horrelako elkarterik aurkituko: orain nahiko panderojole badago.
Duela bi urte laga nion jotzeari. Zendoiarekin jo genuen Zumarragan. Behean ondo ibiltzen da baina goian ez. Igoera autobusean ondo egiten da baina jaitsiera hura zaharrarentzako txarra da. Eta hala utzi nuen.
Non ikasi zenuen kantuan, elizan kantore edo?
Kantore egon nintzen ni soldaduzkan, Jakan egon ginenean. Alfereza apaiza zen eta organista, eta behin kantuan gu entzunda sarjentuari kantariak apartatu eta meza erakusteko agindua eman zion, Perossiren 12. meza ikasi behar genuela. Eta hiru bozetara kantatu genuen. Baloreak, arnasa noiz hartu behar zen... hori guztia han ikasi genuen.
Pare bat disko grabatu zenituzten Sakabi eta biok.
Lehenbizikoa Columbia etxearekin, Donostiako Antiguako etxe batean. Bigarrena Herri Gogoarekin. Disko honekin ez nintzen gustora gelditu: pulmoniarekin egonda nengoen, baina eguna jarrita zegoen eta derrigorrean grabatuarazi ziguten. Grabatzerakoan, astean bi-hiru entsaio egiten genituen. Azpeitiara joan Sakabirengana, eta «Puccini» deitzen zioten musikari bat bazen han eta hark sartzen gintuen arrastoan, okerrak zuzendu eta kantuak hobetuz.
Sasoi betean zinetela, urtean zenbat irtenaldi egiten zenuten?
Jairik ez genuen hutsik izaten, eta askotan larunbatetan ezteiak, aste barruan ere bai festibalak... Francoren denboran beldur galantarekin. Bat gogoratzen dudana Mairulegorretakoa. Gogoan dut Lazkaomendikoa ere, goardia zibilak denetan, eta gu «Aupa gizonak» jotzen. Baina hasiera-hasieratik asko ibiltzen ginen, soinu-jolerik ez zen eta. Dirurik ez zen, baina festarako sortzen zen.
Dantza lotua galerazita zegoen leku askotan...
Hemen bertan, Izarraitzen, Aittolako gain horretan, Debako partean libre zen eta hemendik galerazita. Apaizen kontuak. Aizarnan bertan ikusi genuen. Zestoako alkateari eskatu genion baimena, Aizarnan Txankartak agarraoa jo zezan. Agoazila eta apaiza etorri ziren kexu, eta alkatearen papera erakutsi behar izan nien goardia zibilei. Guk aurreneko maila hautsi eta handik aurrerakoan libre.
Zuen etxean ondo ikusten al zuten zure afizioa?
Ikusiko ez zuten, bada? Gure aitona ere jende horien kontrako amorratua zen, hark bazekien gauzak nola ziren. Neskei ere aurreskua egiteko eskutik heltzea debekatu eta painueloa hartuarazi eta...
Aitona hori ingeniari ikasten ibilia zen, eta bazterren batetik soinu zahar bat ekarri eta saiatzen zen hura jotzen. Osaba bat ere bai. Beste osaba batek, berriz, soldadutzatik pianoko soinua ekarri zuen. Baserrian musikarako afizio handia zen. Hamaika seme-alaba, bi guraso aldi, osaba bat... bazkaritarako hamasei lagun biltzen ginen.
Gaur eguneko trikitilarietan gustokoa zein duzu?
Denekin ondo moldatzen naiz beti, baina bat aipatzekotan, Astiazaran gustokoa dut, gozoa soinujolea. Laja ere oso gogokoa dut. Gazteagoetan, Zabale garbia eta ederra da. Gainerantzean ere badaude gaur, neskak ere badabiltza, Maixa eta Ixiar.
Soinu eta pandero hutsez kantatu duzu beti?
Mikroak atera zirenean haren oinean jotzen nuen «pum-pum-pum», ikaragarrizko ohitura nuen, horrek asko janzten du.
Erritmo-kaxa zuk erabiltzen zenuen beraz, hankarekin!
Mikroak ederki hartzen zuen boza eta altabozak erantzuten zuen. Baina xuabe jo behar: indarrean jo ezkero «kua-kua» egiten du beleak bezala. Gitarrak-eta ez didate minik egiten, musika zenbat eta beteagoa gehiago gustatzen zait. Saxofoia ere bai. Gaztetan jakin izan banu, saxofoia ikasten ahaleginduko nintzen.
Soinua altuegi ez al da jartzen sarritan?
Hori bai, ez dute neurririk ibiltzen. Eta zatarra geratzen da, erritmo-kaxaren hotsa entzuten baduzu eta soinua ez. Azpitik geratu behar baitu.
Iruditzen zait altabozik gabe jendeak hobeto entzuten zuela orain baino, ezin da hitz egin ere. Baina altaboza ondo dago, eta jendeak bestela txistu joko lizuke. Eztarriarentzat ere beste lasaitasun bat da. Dena dela, eztarria ez zait sekula hondatuta gelditu. Eztarria izan dut burdinazkoa. Sekula karrankatuta ez. Gero, erreparatu ere bai, e? Sekula ardo hotzik ez. Garagardorik edan gabe urte piloa pasa dut, ikaragarri gustatu arren: epela edanagatik ere eztarria derrepente harrapatzen dizu garagardoak.
Zu eta Sakabiren diskoa entzutera doan gazteari zer nabarmenduko zenioke?
Sakabik soinu bizia jotzen zuen, eta konpas ederra, dantzarako soinu ederra. Dantzarako zatia bukatu eta askok ez dute buelta nabarmentzen, eta dantzaria salduta gelditzen da. Gurea dantzarako zen, eta oraingoa aditzeko. Orain estimazio handia dauka soinu ttikiak, baina erromeriarako lehengoa, konparaziorik gabe.
Gure kontrariorik handienak asko txistulariak ziren. «Txapuzeroak» esaten ziguten. Askotan jendeak haiek baino gu nahiago dantzarako. Jakina, haiek paperetik joatzen zuten eta guk berriz sasi-soinua. Txistulariek esaten zuten guk azkarregi jotzen genuela, baina jendeak hala nahi zuen.
ARANA, Miel Anjel/ZUBIRIA, Pello
29-33

GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaBesteak
PertsonaiazURBIETA6
EgileezARANA3Kultura
EgileezUBIRIA2Kultura

Azkenak
Astelehenean hasiko dira Zaharraz Harro! jaiak Gasteizko Alde Zaharrean

Astelehenetik igandera askotariko 106 jarduera antolatu dituzte auzoko bizilagun eta eragileek, parte hartzea, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Aurten Poliziak bortizki hustu berri duen Korda espazioa izango dute gogoan. Hamazazpigarren edizioa da aurtengoa.


Gasteizko lorezainak hiru hilabete greba mugagabean
“Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote”

Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainak greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belarrak eta sasiak janda ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean... [+]


Sergio Ayucar (BSH): “Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira”

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile... [+]


Kanpaina bukaerako ariketa

Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.


2025-06-23 | Irati Diez Virto
Askari izena duen haragijale txikia

Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia ikusita, kume bat izan behar zuela pentsatu nuen; baina oker nenbilen. Munduko ugaztun... [+]


2025-06-23 | Jakoba Errekondo
Arrosa basatiaren izen saltsa

Loratu da. Kostata baina loratu da, bai, arkakaratsa (Rosa spp.). Lore arin, mehe, hegalari itxurakoa da, arrosa bat da eta lorea ere arrosakara eta zuriaren arteko kolorea du. Urtero loratzen da lurrin fina zabalduz. Lore horiek destilatu egiten dira, ia erabat kosmetikan eta... [+]


2025-06-23 | Garazi Zabaleta
Azpigorri
Bertako ahuntz arrazaren txorizoak

David de Blasek abiatutako proiektua da Azpigorri Ahuntz Txorizoak, eta izenak argi uzten duenez, azpigorri arrazako ahuntzekin ari da lanean. “Urteetan industrian aritu nintzen lanean, baina pandemia garaian artzain eskolara joan nintzen, eta ikasketak amaitutakoan... [+]


NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Eguneraketa berriak daude