"Gu bezain euskaldunak dira kultura eta sentimenduetan".


2021eko uztailaren 16an
Euskaldunak Amerikan
"Gu bezain euskaldunak dira kultura eta sentimenduetan".
Joseba Etxarrik "Euskaldunen Amerika" liburua argitaratuko du Elkar- rekin
Donostiarra, 32 urte, kazetaria, duela zortzi urte Amerikara oporretara joan eta bertako euskaldunen munduarekin topo egin zuen. Tarte honetan sakondu dituen harremanetatik eta jasotako testigantzetatik liburua osatu du.
Zer dela eta Ameriketako euskaldunekiko arreta hori?
1987an opor-bidaia egin nuen Ameriketara, New Yorkera. Hainbat harremanen bidez, bertan sorturiko euskal amerikarrak aurkitu nituen, erabateko amerikarrak izan baina nirekin harremanak euskaraz zituztenak. Oso berezia izan zen niretzat esperientzia hau. Berauen bidez euskal etxeak ezagutu eta elkarrizketa batzuk argitaratu nituen.
Hurrengo urtean berriro joatea erabaki nuen, New York eta Floridatik hasirik, baina beste kostaldera ere joanez. Idaho, Kalifornia eta Nevadako euskaldunak ezagutu nituen.
Bidai-liburu moduan aurkeztu duzu lan hau.
Horixe da erabili dudan haria, mundu hori aurkezteko. Nire bidaia da, New Yorketik hasi eta Kaliforniaraino. Liburuan aurkezten den gaia Amerika bera da, amerikarra eta euskalduna izatearen bizimodua. Ez da kontakizun nobelatua, 1992an Euskadi Irratiko saioa egiteko buruturiko bidaia honetan oinarritzen da, amerikar euskadunak biltzen diren gune nagusiak aurkeztuz. Pertsonaiak ere errealak dira. Bidaiaren nondik norakoa aipatzeaz gain, neure inpresioak eta sentimenduak ere agertzen dira. Azkenik, bertan eginiko hainbat elkarrizketa ere liburura ekarri ditut. Han ere liburuak zabalkundea izateko asmoa dugu.
Zein jende-mota aurkitu duzu?
Bertako euskaldunei, euren kulturari eta historiari buruzko datuak ematerik zutenei egin nizkien, batez ere, elkarrizketak. Oso desberdinak dira EEBBetako mutur bat eta besteko amerikarren eta euskaldunen esperientziak, historia eta ohiturak. Lekuan lekuko euskaldunen ezaugarriak, beraz, errealitate horren isla dira.
Aipa itzazu esperientzia horiek.
New Yorken dago euskal etxerik zaharrena, 1913an eraikia. Euskal kolonia zaharra da -batez ere bizkaitarrek osatzen dute-, eta gune horren inguruan biltzen dira.
Floridan, pilotarien mundua dela eta, hiru euskal etxe aurki litezke, bi Miamin eta bat Tanpan. Kalifornian, berriz, euskal etxe ugari eta jarduera zabalena topatu dut; Los Angelestik hurbil Txino herriko bazter-auzoetan bezala, Beverly Hillsen, artisten artean ere aurki daitezke euskaldunak. Amerika berria deskubritzen dugu horrela, ez bakarrik filmeetakoa.
Haran zabalean, bidaiak Fresno, eta Los Bañostik San Franciscora eramaten gaitu.
Beste mota bateko bizitza, europarragoa agian, aurkituko dugu han; eta bertan EEBBetako euskal etxerik nagusiena, orain hamar urte egina. Hortik Nevadara, Renora batez ere, unibertsitateko giroa ezagutzeko parada izanik. Bidaia Oregonen eta Idahon amaitzen da, Boise hiriburuan.
Politikari ugari elkarrizketatzen ditugu ibilbide honetan, Washingtonen Laxalt adibidez.
Material zabala bildu duzu, beraz.
Hasieran irratsaio itxura eman nahi nion, eta horretarako ere erabili dut, baina aukera ederra zen informazio hori guztia liburu batean bildu eta amerikar euskaldunei bezala, Euskal Herrian ere aurkezteko.
Baina oraindik ere bada zer ezagutu eta zer aurkeztua. Liburuak harrera ona badu, agian informazio gehiago bilatzen saiatuko naiz.
Zein jatorri dute topatu dituzun euskaldunek?
Ipar Ameriketan batez ere Iparraldekoak aurkitu ditut, Nafarroa Beherekoak bereziki; mendebaldean, bestalde, bizkaitar ugari daude. Euskal etorkina bertara heltzean, herriko edo inguruko jendea bilatu du laguntza jaso ahal izateko. Hainbat gipuzkoar Kaliforniara orain 140 urte iritsi ziren, Estatua bera sortu zenean alegia, eta eragin handia izan zuten estatu haren eraikuntzan. Elkarrizketatu batzuk bigarren eta hirugarren belaunaldikoak dira; baina iritsi berriak ere bai.
Euskaraz egin ahal izan dituzu elkarrizketok.
Bat edo beste izan ezik, denak euskara hutsean burutu dira, eta liburuan ingelesezkoa itzulirik ematen dut. Euskalduntzat dute euren burua eta horixe da frogarik onena. Euskal kulturaren ikuspegi berezia dute, osagai batzuk bere egin eta belaunaldiz belaunaldi gorde egin dituzte. Beren euskalduntasuna horien bidez harilkatzen dute: dantzak, hizkuntza, pilota, ohiturak, euskal festak, bazkariak... Amerikar sutsuak dira, baina euskalduntasunarekin uztartzen dute.
Euskal komunitateak zein pisu du kultura eta politika munduan?
Eremu batzuetan pisu handia du, herri eta estatuen arabera. Aspaldidanikoak badira, artzaintzari utzi eta hirietan bizi dira, erabat integraturik eta gizartearen arlo guztietara hedatuz; horietatik asko prestigiodunak dira oro har. Nahiz eta euskal komunitatea beste herrietakoak baino askozaz ere txikiagoa den -adibide moduan irlandarrak, milioika; euskaldunak ehun mila baino gehiago ez dira izango-, oihartzun oso handia dute eguneroko bizimoduan.
Hainbat jende ezagun ekarri duzu liburura.
Apezpikuak, nekazari-enpresariak, politikariak, abokatuak, pilotariak... gazte jendea eta abar luze bat aurki liteke elkarrizketagai.
Zein da euskal etxeen garrantzia?
Euskalduntasunak irauteko beharrezkoa da biltoki bat, jarduera zabala antolatu eta harremanak gordetzeko. Lekuaren arabera oso desberdina da bakoitzaren garrantzia. Adibide moduan, Patxi Ormaetxea pilotari bermeotarrak, Tanpako euskal etxea beretzat Euskal Herria dela adierazi digu, haurrei sorlekua nolakoa den erakusteko eta bertan sortuei ere erakusten baitie gure izaeraren ikuspegia.
Euskal Herriko egungo errealitatea jarraitzen al dute?
Oso gutxik dute horretarako interesik. Fenomeno berezia eman da, hots, Euskal Herriko ohiturak hara eraman eta amerikartu egin dituzte, erreferentzia euskalduna dute baina bertan sakontzen dituzte; osagai amerikarrak ere badituzten moldeak bizi dituzte bertan, euskal kulturaren bertsio berezia egin dute. Gauza bera gertatzen da sukaldaritzarekin: hirurogei euskal jatetxe egongo dira, baina hango lehengaiekin egin dituzte hemengo errezetak.
Noiz arte eutsi diezaiekete euskal sustraiei?
Liburuaren plantementua baikorra da. Konstatazioa egiten da, hitza protagonistei emanez baina ez da etorkizuneko asmakizunetan sartzen.
Gernikako arbola sinbolo moduan hartzen da, kimuak fruitua eman eta hango haizeak indartu egin baitu euskal sena. Baina noiz arteko apusturik ez dut egin nahi. Izan ere, egoera berean daude atzerriko beste komunitateak.
Prozesu luzea izan da. Euskal artzainak joan eta bizitzeko hotelak eraiki ziren; ondoren, biltzeko lekuak etorri ziren, klubak. Handik jatetxeak sortu eta euskal etxeak antolatu ziren euskalduntasunari eusteko. Kultura da gaur egun interesa sortzen duena, ohitura hutsetara mugatu gabe.
Zer dela eta izan du halako gorakada euskal amerikarrekiko interesak gure artean?
Fenomeno oso berezia izan da, eta ikuspegi berriak irekitzen dizkigu. Fenomeno honetan bada konparaziorako biderik, eta bertan bizi duten euskalduntasuna benetan azpimarragarria da, azterketa sakona mereziko lukeena. Ameriketako anitzek erabateko euskaldun agertzen dute euren burua eta ez da inolako zalantzarik gu bezain euskaldunak direla, kultura eta sentimendu mailan.
PETRIKORENA, J.J./LIZARTZA, Ritxi
37-39

GaiezGizarteaEuskal dias
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakBesteak
PertsonaiazETXARRI1
EgileezPETRIKOREN1Gizartea

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude