«Europarrek `Obabakoak"en bidez aurkitu dute Euskal Herria»


1994ko abenduaren 25an
Andrée Gabastou liburu itzultzaileari elkarrizketa
«Europarrek `Obabakoak'en bidez aurkitu dute Euskal Herria»
ANDRÉE GABASTOU
Andrée Gabastou, Bernardo Atxagaren frantsesezko liburuen itzultzailea. Atxagaren liburuez gain, Adolfo Bioy Casares, Juan Carlos Onetti, Alvaro Pombo edo Camilo Jose Celaren obrak ere itzuli ditu. Zinemagintza ere landu du, Adolfo Bioy Casaresi buruzko filmea eginda baitauka.
Frantzian Bernardo Atxagaren liburu berri bat argitaratu da orain dela gutxi, «Behi euskaldun baten memoriak». Zure ustez, zein da «Obabakoak» aurreko liburuak atzerrian izandako arrakastaren arrazoia?
«Obabakoak» eleberriari esker, Obabaren kronikaren bitartez, europarrek ezezaguna zuten mundu bat aurkitu dute: Euskal Herria. Baina ez hori bakarrik, Bernardo Atxaga oso narratzaile trebea da eta bere itsasontzian nabigatzen eramaten gaitu entzumenean sartzen zaigun xuxurlaz.
Eta azkenik, narrazioaren tonu bera dago. Arintasunetik seriotasunera jauzi egiten duen tonua, airean dago eta sekulako dotoretasuna dauka. Irakurlearekiko errespetua, irakurlea inoiz ez nekaraztea bilatzen duena.
Bernardo Atxagak euskaraz idatzi eta berak itzultzen ditu bere lanak gaztelerara, eta gero zeuk frantsesera. Lan zaila al da? Ez duzu uste prozesu honetan liburuak freskotasunik galtzen duenik?
Bernardo Atxagak, Montaigneren eraginarenpean, beti esaten du merkatuan entzundako hitzak soilik erabiltzen dituela; eta hau dela eta bere liburuetan ez dago lexiko arazorik.
Aitzitik, tonu aldaketek, larritasunetik txantxara labantzen den modua eta abarrek sortzen dute arazoren bat, baina itzultzaileari hori guztia argitzeko eta publiko frantsesari erakusteko ordaintzen diote. Eta hori da itzultzaileak egiten duena, hain zuzen.
Lan egiteko garaian, nolanahi ere, Bernardorekin harreman estua dut. «Behi euskaldun baten memoriak» liburuan, esate baterako, esaera zaharren zentzu zehatzik ez nuen ekarri nahi, ez luke zentzurik izango, baina bai esaera zaharren sonoritateak duen eragina. Irakurleak esan beharko du lortu dudan ala ez.
Kontuan izanik 500.000 pertsona inguru soilik direla euskaraz irakurtzeko gai, euskal liburuaren merkatua oso txikia da eta beste bide batzuk bilatzeko premia dauka. Euskal literaturak izan dezake merkatu frantsesean etorkizunik?
Liburuaren merkatua beti da oso txikia. Christian Bourgois argitaratzaile paristarrak askotan esaten du irakurleen gune gogorra ez dela aldatzen, ez Frantzian ez gainerako herrietan, eta arrazoi du. Argitaldari azpiegiturak oso ondo dihardu Euskal Herrian, eta egiten den literatura kalitatezkoa bada, kanpoko merkatuak zabaldu egingo dira beste edozein literaturaren inguruan. Baina euskara hedapen txikiko hizkuntza denez, bultzada militante txiki bat ematea ere beharrezkoa da, eta hori egiten saiatzen gara Paristik.
Bernardo Atxaga 1.995eko martxoan Parisen izango den Liburuaren Saloian parte hartzeko gonbidatua dago, eta etortzen denerako, gazteleraz beste frantsesez irakur daitezkeen testu kopurua eskuratu ahal izango dira. Eta nazionalitate ofiziala izan arren, hego-mendebalde handiko idazle esanguratsua bilakatzen ari da.
Euskal literaturaren bilakaerari erreparatzen al diozu? Zer iruditzen zaizu? Idazle trebe berriak sortzen al dira?
Inperialismo frantziar eta espaniarrak pentsatzen dutenaren aurka, duela hainbat mendetik hona Euskal Herrian badago literatur bizitza, idazle espainiar handien artean bi euskal herritar daudela ahaztu gabe: Pio Baroja eta Unamuno -nahiz eta beren garaiko literatur ekoizpen baldintzak kontuan izanik euskaraz ez zuten idazten-.
Gaur egun, Bernardo Atxagak estali egiten ditu, hein batean, gainerako idazle garaikideak, nahiz eta berak, ahal duenean, miresten dituen euskal idazleak gogoratzen dituen. Euskal poesia oso aberatsa izan da beti, eta hala izaten jarraitzen du.
Dena den, ezberdintasuna dago poesia mugiezin, zahar eta akademikoa, eta Ruper Ordorika, Mikel Laboa eta Beñat Axiariren kantuek lantzen dutenaren artean. Azken hauek dira gaur egungo poetak.
Zeintzuk dira, zure iritziz, kanpoko merkatuetara iristeko aukerarik duten gainerako idazleak?
Beharbada Joseba Sarrionandia. Baina Atxaga bera sartzea hain da zaila... Bere lanak argitaratuak izan daitezen lortzea baino, ezaguna izan dadin egitea. Adibide bat jartzearren, ezagutzen dut Politeknikoan hitzaldi bat eman zezan gonbidatuko zukeen pertsona bat, baina Frantzian zigorgabetasun osoz diharduten eta beraiek esandakoak sekulako garrantzia izango balu bezala hitz egiten duten unibertsitateko irakasle horietako batek, Euskal Herrian ahozko literatura baino ez zegoela esan zuen, eta alferrikakoa zela.
Nahiko adierazgarria da adibide hau egoera ulertzeko.
Frantziako liburu mundua pixka bat ezagutzen duzu. Jendeak ba al daki euskal literatura badagoenik?
Aipatu berri dizudan adibidea nahiko argia da. Strasburgen, «Literaturen Carrefour» delakoan, France Culture Parisko irratiko kazetari batek Atxagari galdetu zion, euskalduna zenez gero, Bartzelonari buruz apur bat hitz egin ziezaion. Tankera honetako adibideen zerrenda bukaezina izango litzateke. «Obabakoak» oso ondo hartu du kritikak, eta ziur aski, liburu honek Euskal Herriaren aldeko propaganda politiko tona asko lortu ditu. Hori da behintzat nire irudipena.
Azken urteotan Bernardo Atxagak idatzitako «Obabakoak» eta «Behi euskaldun baten memoriak» eleberriak itzuli dituzu, eta aurten Autrement etxeak argitaratutako «Nations Basques» liburuaren prestatze lanak koordinatu dituzu. Zein izan zen Autrement argitaldariaren helburua liburua plazaratzeko garaian?
Liburu hau zuzendu dut, Bernardo Atxaga eta Henry Dougier argitaratzailearekin batera gidoia finkatu ondoren. Liburu ikonoklasta egin nahi genuen, aurretik idatzitako lanekin hautsiko lukeena. Euskal munduarekiko hurbiltzea eskainiko zukeena ikuspegi orokorrago batetik, Frantzia eta Espainiako mugari inportantzia gehiegizkorik eman gabe, eta gainera, euskal diaspora kontuan izanik.
Zein izan dira liburu honetan parte hartu duten egileak hautatzeko baliatutako irizpideak?
Lehen irizpidea: konpetentzia. Bigarren irizpidea: adierazteko aukera askorik ez dutenez, euskal egileei lehentasuna eman. Hirugarren irizpidea: azken hauek euskal munduarekiko gutxieneko begikotasuna izan zezaten. Gainerakoei zukua ateratzen zaie beste lekuetan eta inperialismo ezberdinek eskaintzen dizkiete garantia osoz leku erosoren bat.
Ondorioz, «Nations Basques» liburu militantea da, baina ez ohizko zentzuan uler daitekeen bezala. Eusko Jaurlaritzaren jarreretatik oso hurbil daudela pentsatzen duenik badagoela badakit. Ez genuen obra histerikorik egin nahi, eta horregatik beharbada irudipen hori. Bere sentikortasun politikoa anitza da, normaltasunez deskribatzea beharrezkoa duen euskal gizartearen isla.
Nola ikusten dituzu Paristik bi Euskal Herriak, Iparraldea eta Hegoaldea?
Siderurgiaren krisiak jota egon da Hegoaldea, baina herrialde europar handien magalean berpiztu da. Kezkatsua da, borrokalaria, argia, sortzailea. Aitzitik, badirudi zentralismo frantziarrak Iparraldean irabazi duela. Hala ere, eta badakit hau paradoxa dela, euskal bizitzak lehen baino babestuago dagoela ematen du. Euskal kultura garatzen ari da baldintza egokiagotan, eta batzuetan armonia ona lortzen du akadezismoarekin.
Muga natural eta politikoen gainetik euskal munduaren kultur batasunean sinesten dut. Zuberoak leku mitikoa izaten jarraitzen du, Bilboko biztanleentzat ere. Eta nire ustez, bere partikulartasunaren defenditzailea den euskalduna, unibertsaltasunera ere irekitzen da. Loiolako Inazio, San Frantzaisko Xabier, Unamuno, Txillida, Atxaga... euskaldunek historian zehar hori erakutsi dute. Euskaldunak ohituren eremu estereotipatu batean mugatzea, egin daitekeen okerrena iruditzen zait, eta hori egin izan dute estatu zentralizatzaileek, beraiei buruz ematen den irudiarekin kezkatuta dauden hainbat euskaldunen kidekeriaz.
Amaitzeko, une honetan zein liburu duzu eskuartean?
Egunotan, Andeen mundua lantzen duen liburu bat itzultzen ari naiz.
JULEN ARRIOLA
28-32

GaiezKulturaItzulpenginItzultzaile
PertsonaiazGABASTOU1
EgileezARRIOLA2Kultura

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude