Andoni Egaña: «Bertsolari onak gero eta gazteagoak dira»


1993ko abenduaren 26an
Euskal Herriko Bertsolari txapelketako irabazlearekin elkarrizketa
Andoni Egaña: «Bertsolari onak gero eta gazteagoak dira»
Txapela jarri zion Jon Lopategik, eta hurrengo lau urtetan berarekin izango du. Guk taulatutik jaitsi gabe harrapatu genuen Andoni Egaña, pozaren pozez malkotan lehertu beharrez. Zigarroak eman zion lasaitasunean txapelketa honi buruz mintzatu zitzaigun. Bero beroan eskeinitako elkarrizketa berea.
ARGIA. Zorionak emanez hasi nahi genuke. Jaun eta jabe aritu zara gaurkoan.
ANDONI EGAÑA.
Nik saio on bat egin nahi nuen eta txapela etortzen bazen etor zedila. Eta etorri egin da.
Honekin batera, txapela jasotzean egin dudan agurra, oso lagun nuen Iñigo Makazaga «Bartolo» istripuz hildako zuen lankideari eskaini nahi niola esan nahi dizuet, baina emozioak gaindituko ninduelakoan berriro pentsatu eta Lazkao Txikiri eskaini diot azkenean.
A. Aldez aurretik iragarritako txapela zen zurea.
A.E. Agian bai, baina nik ez nuen horrela ikusten. Azken momenturarte hanka sartzerik egiteko beldurra neukan, azken batean txapelketara faborito gisa etorri naizelako. Gaur hanka sartzerik ez egitea suertatu da.
A. Azken txapelketatik aldaketarik ikusi al diozu zure buruari?
A.E. Lehen, beharbada, bigarren bueltaren bila gehiago ibiltzen nintzen, bertso distiratsuen bila. Zerbait distiratsua topatzen ez nuenean etsi egiten nuen eta aurpegi txarrez kantatu. Orain, aldiz, topatu ez arren disimulatzen ikasi dut, eta gainera, lehendabiziko ideia homologagarri izaten saiatzen naiz. Lehen bigarren buelta bizkorragoa nuen, baina lehenengoa da balio duena.
A. Oso urduri, bederen, ez zara aritu.
A.E. Orain artekoan urdurien Laudion izan nintzen. Publikoaren aurrean lehen aldiz, «nik hemen zer egiten dut» galdetzen nion nire buruari; gero gurpil honetan sartzen zara eta lagun lagunak dituzunak gurpiletik kanpo ikusten dituzu. Murua finaletik kanpo ikustean, nik beste hanka sartzerik ere egin nezakeela ikusi eta ikasi nuen.
A. Nola ikusi duzu txapelketa orohar?
A.E. Bilakaera egon da txapelketa honetan. Belaunaldi berriak sartu dira, gaiak ere gaur egunekoak izan dira, belaunaldi berriak erantzuteko modukoak. Aurrerapausoa eman da. Azken batean hori da gure helburua eta jokoa. Gainera, Bertsolari Elkarterik ez balitz, ez nintzatekeen aurten bertsolari txapelketara etorriko. Ez zidaten etortzea eskatu, baina garbi neukan zer egin behar nuen.
A. Hainbat froga berri gauzatu dira. Asmatu al da?
A.E. Oso froga teknikoak ziren gehienak, baina nire ustez ondo moldatu gara bertsolariak. Froga horiek teknika soila eskatzen zuten, hala ere, arrazoiari bere indarra eman diogu; hor dago froga txiki horien sekretua, «Aizak hi mutil mainontzi» edo «Iparragirre»ren doinuetan. Orokorrean ondo jardun garelakoan nago. Kartzelako bi gaien kontua hasieran kezkagarria zirudien arren, azkenean gai bakarra bihurtu zaigu kezka nagusi.
Bi gai izatean aukerak haundiagoak dira. Niretzat abantaila izan da, dudarik gabe. Finaleko saioan, gartzelara joatean abantaila neramala somatzen nuen eta pentsa ezazu bueltatzean gai bakarra aurkitu izanez gero... hari erantzun behar diozu nahi ta nahi ez. Bi izanda lasaiago zabiltza.
A. Zer diozu belaunaldi berriaz?
A.E. Oso ondo, Sebastiani edo Peñari galdetzea besterik ez dago, lasaitasuna ematen baitigu. Azken boladako bertsolaritzaren tenisfikazioa dator eta ez teknifikazioa. Bertsolari onak gero eta gazteagoak dira; horrek, guk bertsolaritza oso era intentsoan bizi izan dugula azken zortzi urteotan adierazten du. Belaunaldi hau guretzat lasaigarri izateaz gain, bertsolaritzarentzat ona da.
A. Txapelketari ez al diozu oso puztuaren itxura antzematen?
A.E. Txapelketa hori da. Finalera hurbildu diren guztiei gaizki esaka hasterik ez dago, baina denak gara horrelakoak; noizean behin behar izaten dugu zaztada bat konturatzeko: hemen herri bat badagoela, hizkuntza bat dagoela... Euskal Herrian badago ahozko literatura bat, betidanik izan dena eta eutsi egin behar diogu. Gauza guzti hauetaz konturatzeko askotan horrelako puztukeriak egin behar izaten ditugu.
A. Zer egin behar duzu hemendik aurrera?
A.E. Orain artean egin dudanaren antzera jarraituko dut. Txapela lortuz geroztik ez dago gehiegi egiterik, baina eutsi bai. Nik urte asko egin ditut taulatu gainean eta plazaz plaza txapeldunaren erantzunkizuna hartu izan dut. Nahikoa txapel konpartitua izan da nere aurrekoa. Orain lau urte Lopategik irabazi zuenean, bera pozik zegoela zioen, gazteak txapela eramaten lagunduko baitzioten. Nik hori aintzat hartu nuen, eta hurrengo lau urteetan ere txapela denen artean eraman beharreko lana izango da.
A. Zer deritzozu epaimahaik egindako lanari buruz?
A.E. Hori txalo txistuetan ikusten da eta aurtengoan ez da horrenbesteko iskanbilarik egon. Uste dut lehenengo egunean Leitzan egon zirela horrelako txistukada batzuk, Bilbon ere goizeko saioan izan zen aipatzekoa dirudienez. Ni neu epaimahaiaz ez naiz sekula kexatu.
A. Posible al da Jon Sarasuak hartutako bide horretatik besteren batzuk ere jarraitzea?
A.E. Litekeena da besteren batzuk ere jarraitzea, baina zaudete seguru denon artean hartutako erabakia izango dela. Kate horri segi ala hona etortzen segi, nik uste bertsolari elkartea ere hor dagoela, gure kokagune naturala hori da, eta bertsolaritzaren etorkizunean sinesten dugulako hor egiten dugu lan bakoitzak berean eta ikusi egin beharko da. Nik, eta maila pertsonalean diozut, Jonen jarrera ondo ikusten dut, baina hemendik aurrera denon artean erabaki behar ditugu gauza hauek.
Patxi Gaztelumendi
48-51

GaiezKulturaBertsolaritTxapelketakEHko Bertso
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaEGAÑA1
PertsonaiazEGAÑA1
EgileezGAZTELUMEN1Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude