«Eskaintza zabaldu behar da, ezin dugu espezialtzera jo»


1993ko irailaren 05an
Manuel Perez Estremera, Donostiako Zinemaldiaren zuzendariari elkarri
«Eskaintza zabaldu behar da, ezin dugu espezialtzera jo»
Manuel Perez Estremera, Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria
Harroago arituko zela espero nuen, baina diru arazoak eta aurtengo uzta kaskarra luzatu dizkit, Zinemaldiko gauak ez direla izar betekoak izango eta daukagunari heldu behar diogula adierazteko, edo. Esperientzia handiko gizona dela ikusten da, hitz jario luzekoa. Hainbat gauza isilik gorde ditu, noski, urrezko maskor honen distira ahulari begira. Ondo daki, atzeko urte ilunak gainditzea eskatu zaiola eta kritikariak labanak zorrozten ari direla. Horregatik, denon gustuko filmeak ekartzea espero du.
ARGIA. Zergatik ez zen politikaririk agertu aurtengo edizioaren aurkezpen mahaian?
M. PEREZ ESTREMERA.
Ekipo berriak egindako eskaera izan zen, Zinemaldiaren ahotsa erabat profesionalen esku utz zedila, aurrekoetan politikarien gehiegizko presentzia egon zela ulertzen baikenuen. Inolako arazorik gabe onartu zuten. Ez dugu honekin inoren protagonismoa baztertu nahi, ezta gutxiago ere; instituzioen sostengua eta babesa hor dago, baina profesionaloi dagozkigunetan zorrotz jokatu dugu, eta alde honetatik, ez daukat kexatzeko arrazoirik, ez baitut inongo presiorik jaso.
Kode politikoen arabera funtzionatzen duten instituzioekin mugitzen gara eta eta gu profesional taldea garenez, hainbat ezulertze gertatzen dira hainbatetan, gastuen gorabeherak direla eta, lehentasunak... baina ez da arazorik izan.
A. Ikusle eta kritikariak asetzeko menurik ba al duzue?
M.P.E. Bi sailetan oinarritu dugu jaialdia, Ofiziala eta Zabaltegi, denbora bateko eskema klasikora itzuliz. Gero, faltan sumatzen genuen jendearekiko harreman hori estutzera jo dugu. Velodromoko saioak asmo honi erantzun dio, eskaintza dibertigarriagoa, zabalagoaren bitartez. Hala ere, askotan, kritikatzeko orduan Sail Ofizialeko eskaintzari soilik begiratzen zaiolakoan nago.
Interesgarria izan dadin nahi dugu. Dauzkagun posibilitateen arabera (ekonomikoa dela, irudiari dagokiona, beste festibalen konpetentzia...) horretan saiatu gara bederen, aukera zabala eskainiz.
A. Beste urte batzuekin alderatuz, eskasagoa datorrela aurtengoa aipatu izan duzu. Ez al da kritikak samurtzeko aitzakia hori?
M.P.E. Ez nabil aitzakia bila. Halaxe da. Berlin eta Canneseko aurkezpenetan, bizkarrak zaindu asmoz edo, entzun genuena errepikatu baino ez dut egin: hauxe da daukaguna. Ospe handiko izenei dagokionez, ez dirudi oso urte distiratsua izan denik aurtengoa. Honekin ez dut esan nahi izen handikoak ez diren autore edo filme onik ez dagoenik.
A. Baldintza hauen arabera, zer nolako aukeraketa egin duzue?
M.P.E. Arrisku maila bat onartu dugu aukeraketan, lehen aipatu dugun aurtengo uzta kaskarrak bultzaturik eta `ohizko' filmeen eremutik harantzago jo nahi izan dugulako. Honekin ez dut, inola ere, ezer justifikatu nahi, berriro diot, hauxe dela daukaguna. Hori bai, eta esan behar da, oso denbora gutxi izan dugu lanerako.
A. Ia erabat aldatu zenuen aukeraketarako taldea. Etekinik eman al du?
M.P.E. Lehendik lanean aritutako jende asko ekarri dut lantaldera. Ekipo berria sartzen denean normala da aldaketak egotea, eta noski, horren etekinez ari bazara, urte batean edo bitan aldaketa handirik ez daiteke nabaritu. Luzera begirako lana da eta taldearen jarraipenak ziurtatzen du hori.
Aukeraketari dagokionez, baldintza askoren pean egiten dugu lan: daukagun irudiaren araberako erraztasun edo zailtasunak aztertu behar dira, zorteak zeresan handia du, beste zinemaldien konpetentziak... Askotan, aukeraketa taldeari ez dagozkion akatsak leporatzen zaizkio. Zer dagoen ikusi ondoren gustukoa zaiguna aukeratzea ez da posible izaten, hainbatetan. Aurten, kasu, orain artean ezagutzen ez zen Tokiokoak egundoko indarra bereganatu du eta merkatuak hara joan nahi du, saltzera.
Egia da, halaber, gure lana modu onean egiteko zailtasunak izan ditugula, eta ez ditut aurreko lantaldeak kritikatu nahi, baina egoera ekonomiko kaskarraz abiatu gara.
A. Venezia, Tokio... nork egiten dio min handiagoa Zinemaldiari?
M.P.E. Denbora tarte beretsuan gabiltza Venezia, Toronto, Tokio, Montreal eta aurten A kategorikoa egin duten Xangaikoa ere. Lehia gero eta gogorragoa da, noski, eta egunez aldatzea batere erraza ez denez... daukagunari heldu behar.
A. Ildo batean espezializatzea aurrikusi al duzue?
M.P.E. «Autore zinemaldia» etiketa janztea edo komertziala bilakatzea (arrakasta erdiesteko formula ziurra) ezinezkoa zaigu, arautegiari bizkar ematea litzateke. Ez gaitezke espezialdu. Alderantziz, eskaintza zabaltzera jo behar dugu.
Gero, aukeratzen diren filmeen kalitate hobea edo kaskarragoaz mintzatuko dira kritikariak, Zinemaldiaren xarma, galdu edo irabazi denaz (batzuek garai bateko festa eta «izarren mundura» itzuli behar dela diote, kosta ala kosta, eta besteek, horretan xahutzen diren diruak sailetara eraman behar direla...). Baina, gure bidea ez doa espezialtze aldera.
A. Zinemaldia eremu itxia dela kritikatu izan da, sarritan.
M.P.E. Zoritxarrez hala da. Ordea, A kategorikoak, konpetitibo gisakoak eta espezialdu gabekoak baitira, hainbat lege bete behar dituzte, oso ulergarriak direnak, gainera. Zinemaldiaren zabaltasuna eta kritikatzen direnean ez dira, hala ere, kontuan hartzen, Sail Ofizialeko filmeak lau alditan baino gehiago ez daitezkeela eman, adibidez.
A. Izan dituzuen diru arazoek zertan mugatu zaituzte?
M.P.E. Aurrekontu sotila (beste zinemaldietakoa baino murritzagoa) da gurea, urtetan igo ez dena, beherantzako joeraz gainera. Hori nabaritzen da, baina ez daiteke emaitzak aztertzeko orduan aitzakia izan.
Daukagunera moldatu behar dugu. Nazioarteko ekoiztetxe handien filme sonatuak ekarri nahi badituzu, diru kopuru handiak xahutu behar duzu, eta dirutan larri bazabiltza, horrelakorik ezin, beraz. Gauzak bere lekuan jarri behar dira.
A. Madriletik dirulaguntza handiagoak etorriko direla aipatu zuen ministro berriak.
M.P.E. Aldarrikapen moduan ondo dago, zerbaitetan nabaritzen dugunean hobeto ikusiko dugu.
A. Elkarte Anonimoa bilakatu zarete. Errentagarri izateko?
M.P.E. Elkarte anonimoa izateak abantaila baino desabantaila administratibo handiagoak ekarri dizkigu, momentuz. Errentagarritasunik bilatzea ezinezkoa dela uste dut, hala ere. Administrazio lan ona eginez gero, defizita murriztera jo daiteke. Errentagarri egiteko berriz, ez bada babesleen feria bihurtzen (eta agian gertatuko da, eta ez naiz Donostiaz ari, oro har baizik, gero eta komertzialagoak bilakatzen ari baitira), zaila ikusten dut.
Zinemaldia ez da dirua egiteko makina, kultura eta industria biltzen dituen zinemagintzaren erdi bidean geratzen baita. Ez daiteke mutur batera joan: ez da erabat komertzialak bilakaturik diru mordoa egiteko, ezta artearen adibide goren eta garbienak emateko ere. Batetik eta bestetik edan behar du eta oreka horretan funtzionatu, ahalik eta defizit txikienaz.
A. Zer eskaintzen zaio euskal kulturari?
M.P.E. Ni beti internazionalista izan naiz. Lokalismoei ihes egin izan diet. Zinemaren merkatuan zaila iruditzen zait perspetiba txikietan ixtea (populazio edo industria kopuruez ari naiz). Errealistak izan behar dugu, eta onartu, Europako merkatuaren barnean gaudela lehenik, Espainiakoan bigarrenik, eta hirugarren lekuan «euskal» moduan izendatzen duguna dagokeela.
Eremuotan mugitu behar dugu, eta jarrera erradikaletara joz gero, euskal industriari besteen gainetik erreparatuz, hegaletik zauritutako Zinemaldia egingo genuke. Edozein leiho ixtea arriskutsua da, definizioz merkatuak gero eta zabalagoak baitira.
A. Euskal zinemagintza ondo ordezkaturik al dago?
M.P.E. Egiten dena ordezkatua egongo dela espero dut. Beste zerbaitetaz ari gara definizio munduan sartuz gero. Zer da euskal zinema? Hemen egiten dena? Euskarazkoa? Hemengo diruaz baliatzen dena? Gero eta zailagoak gertatzen dira definizio hauek, nortasun kulturalaz eta industrialaz gauzak argi edukitzea.
A. Zer irtenbide ikusten diozu euskarazkoari?
M.P.E. Nik defenditu izan dut, gazteleraz mintzatzen diren 300 milioi pertsona badaude, erabili egin behar dugula. Ingeles eta frantziarren moduan. Izan ere, nortasun zeinuak galtzea bezain arriskugarria iruditzen zait asimilatzen zailak diren espresabideetara ixtea.
Galderari erantzunez, azpitituluen bitartez beste herrietara zabaltzea ez dut ezinezkoa ikusten, zergatik ez? Baina ulertzen dut hizkuntz arazoa dela eta jendeak erdarara jotzea ere, nahiz eta hizkuntza kultur nortasunaren arazoaren oinarria dela ulertzen dudan. Ez dugu, baina, dogmatikoak izan behar.
J.J. Petrikorena
46-49

GaiezKulturainemainemaldiakDonostiako
PertsonaiazPEREZ3
EgileezPETRIKOREN1Kultura

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude