«Hizkuntzen onarpena herritarren presiotik dator, ez agintariengandik»


1993ko apirilaren 18an
Helen O'Murchuri elkarrizketa
«Hizkuntzen onarpena herritarren presiotik dator, ez agintariengandik»
Helen O' Murchu, Hizkuntza Gutxiagotuen Aldeko Bulego Europarreko lehendakaria:
Duela hamar urte pasatxo sortu zen Bulegoa eta iazko maiatzetik, hiru urterako, Helen O'Murchu 55 urteko irlandarra da lehendakaria. Hizkuntza gutxiagotuen normalizazioa geldoa baino ziurra dela dio baikortasunez.
ARGIA. Pasatu dira jada hamar urte Bulegoa sortu zenetik. Nola baloratzen duzu egindako lana?
HELEN O' MURCHU Bulegoa 1982an hasi zenean, ez zegoen herrien arteko harreman handiegirik eta zentzu horretan zenbait urrats eman ditu. Gaur egun badago ezagupen maila bat. Asko jorratu ditugu herrien arteko harremanak.
Europan, gaur egun, herritarrak oso molde murrizkorra dauka Europari buruz, jendeak estatuen egitura izugarri horrekin identifikatzen du, baina kontuan hartu behar da europarren bostetik bat hizkuntz gutxiagotu horietan mintzatzen dela, edo badakizki hizkuntza horiek.
A. Nola ikusten duzu Maastrichteko Ituna hizkuntza gutxiagotuekiko?
H.M. Maastrichteko Ituna EK-ko herritar guztientzat da eta, nolabait, gure eskubideak europar herritar bezala zeintzuk diren zehaztu gura du. Horrez gain, itunak bi kontzeptu nagusi ditu: subsidiaritatea eta hiritartasunaren kontzeptua, oso elkar loturik daudenak. Bi kontzeptu hauei esker, oraingo europarrak ez gara soilik komunitate autonomo edo herri bateko kideak, guzti horien gainetik dagoen erakunde bateko kideak baizik, europar batasun horretako kideak.
Subsidiaritatea bi ahoko ezpata izan daiteke. Batetik, itunaren arabera, oso demokratikoa dirudi, herritarrek gertuago daukatelako erabakitzeko gune eta ahalmena. Baina hori aldakorra da erabaki horiek hartzen dituenaren arabera, zeren eta, batzuetan, komunitateen hizkuntzak eta legeak arautzen dituzten legeak ez dira komunitatean bertan eginak, estatu horietan baizik. Horregatik uste dut zenbait kasutan Europaren laguntza baliagarria izan daitekeela.
Bostgarren puntua Erregioen Batzordearen garrantzia da. Europan Bulegoak 33 hizkuntzarekin lan egiten du, eta komunitate edo erregio bakoitzean Batzorde horretarako pertsona egokiak eta eraginkorrak aukeratzen badira, Europako Kontseiluan presio eraginkor bat lortuko da.
A. Nondik hasi presio horrekin?
H.M. Oso garrantzitsua da Europan herri gutxiengo guztien artean gutxieneko puntu batzuk onartzea, leku guztietan etengabe horiekin gogor jarduteko. Jarduera hau 126. eta 128. puntuen inguruan jorratu beharko litzateke eta berdin Maastrichten oinarriak diren subsidiaritatea eta hiritartasunaren kontzeptua. Azken batean, Maastricht hartu eta gure egoerara egokitu behar da. Orduan talde horrek bi mailatan lan egingo luke, batetik lortu behar diren helburuak eta zeintzuk diren horretarako behar diren bitarteko eta pertsonak. Horretarako zehazki aztertu behar da Batzordeko azpibatzorde eta ardura guztietan zein jende dagoen, jakiteko zeintzuk ditugun lagun eta zeintzuk hizkuntza gutxiagotuen etsai. Estatu desberdinetan gero eta erakunde gehiago daude hizkuntza plangintzarako. Bulegoak urte bukaerarako Europa osoan hizkuntza plangintzan ari diren adituak bildu gura ditu, guztien artean Europa mailako plangintza bakar bat egiteko. Orain, bizi dugun egoeragatik, une egokia da horretarako.
A. Zergatik da egokia egungo unea?
H.M. Azken 20 urte hauetan hau delako europartasuna gai eztabaidatuen eta komentatuen den unea. Mundu guztia kezkatzen da, onerako edo txarrerako, Maastrichtek dakarrenaz. Horrez gain, Itunean ere ikusten da aldaketarako gogo bat; hots, Europako komunitate ekonomikoa izatetik herritarrek protagonismo handiagoa izan dezaten Europa baten aldeko joera antzematen da, jendearengana zuzenduta nolabait. Azken hamar urte hauetan jendea ohartu da eta onartu egiten du Europa oso desberdina dela.
A. Baina jendea diozunean agintariei ere ezar dakieke onarpen hori?
H.M. Ez, jende xeheaz ari naiz, herriaz; baina azken batean Europa ekonomikotik Europako Komunitatera iragan bagara, behintzat filosofia mailan, behetik presio bat egon delako izan da. Jendeak agintariak Europaren errealitateaz ohartarazi ditu. Politikariak ere errealitate bat badagoela konturatu dira. Bulegoak lan gogorra egin du parlamentariekin errealitate desberdin horiek islatzeko. Erromako Itunean ez zen aipamenik egiten hizkuntza eta herri txikiei buruz, eta orain ateak zabalik daude beste planteamendu batzuk egiteko.
A. Baina zer gogo ikusten diezu agintariei itunetan horren polit agertzen diren berbak errealitatera eramateko?
H.M. Gu beraien pentsamenduan oso gauza txikia gara baina errealitateak erakusten duenari ezin diote uko egin. Ezin dute ahaztu hizkuntza gutxiagotuetara heltzen direnak 40 milioi pertsona eta boto direla. Batzuk ikuspegi ona dute honetaz baina, egia aitorturik, gutxi dira. Oraingo EK lehengoa baino gertuago dago Bulegoaren lematik, hots«batasuna aniztasunean».
A. Borondatea aipatzen duzu baina Greziaren jarrera esaterako, herrien oso aurkakoa da, eta teorian hizkuntzaren inguruko hitzarmenak sinatzen dituzten Espainia eta Frantzia moduko estatuen joera ikusirik, ezin oso baikorrak izan.
H.M. Politikariek, nahiz eta batzuetan gura ez, azpitik presioa baldin badago zenbait gauza egin egin beharko dituzte. EKren batasun hori estatuen esku dago, eta hauek ezagututa badakigu noraino hel gaitezkeen. Normalean bi pauso aurrera eta beste bat atzera egiten da, eta horrek esan nahi du nahiko geldo goazela, baina bagoazela. Nire esperientziatik, hobe da poliki abiatzea, oso agudo eta gera atzerakada izatea baino.
A. Presioa 40 milioi horietatik etorriko dela diozu. Aztertu beharko da, orduan, zeintzuk diren gaur egun jendetza hori osatzen duten herrien arteko harremanak?
H.M. Badaude aukerak harremanak lantzeko eta helburuak asetzeko. Herri bakoitzaren mailak oso desberdinak dira gaur egun, batzuk oso goian daude eta besteak hasi berri. Europako Legebiltzarrean irtenbideak ez baina nahi gehienak azalduta daude bertan izaten diren jardueretan.
A. Egingo zenuke, hizkuntza gutxiagotuekiko jarreren aldetik, estatu gogor eta biguinen azterketa bat?
H.M. Aldeko jarrera nabarmenak daude Irlanda eta Luxenburgen, legeria aldetik bertako hizkuntzak hizkuntza nazionalak dira. Erresuma Batuan galesarekin koofizialtasuna badago zenbait eremutan, baina hori ez du existitzen irlanderarentzat Ipar Irlandan edo Eskoziako gaelikoarentzat. Hala ere, azken bi hauetan onarpenak egin barik diru kopuru garrantzitsuak gastatu dira hizkuntz kontuetan. Egoera zertxobait hobetzen ari da bi zonalde hauetan. Greziak ofizialki dio ez dagoela hizkuntza gutxiagoturik.
Alemania eta Danimarkak Kopenhageko hitzarmena sinatu dute, bietan daude bietako gutxiengoak eta zentzu horretan zenbait konpromezu hartu dituzte. Alemanian konstituzio berri bat egiten ari dira eta lander eta gobernu mailan burutzen ari diren negoziaketetan nahiko gauza baliagarriak ageri dira hizkuntza gutxiagotuekiko. Baina Alemanian, frisiarrek _parte txiki bat dago_ oso arrezagupen maila txikia dute. Frantziak hizkuntza erregionalak arrezagutzen ditu baina askotan departamentuetako agintarien borondatearen menpe daude hizkuntzak. Hala ere, badaude ahaleginak frantsesa Frantziako hizkuntza bakarra bihurtzeko.
Espainiakoa, legeria mailan, aurreratuenetakoa da. Badirudi badagoela aldeko joera bat autonomia historikoen aldetik. Hizkuntzek onarpen maila bat lortu duten lekuetan, ez da agintarien borondatetik etorri, herritarren presio handitik baizik. Honetan herri mugimenduen garrantzia azpimarratu behar da, agintariek beraien ikuspuntua nagusitu behar dela uste baitute, eta herri mugimenduek beste ikuspegi bat eskaintzen dute. Borroka gogorra da baina oso kilikagarria.
A. Lehen geldo goazela aipatu duzu. Espainiako kasua aurreratuenetakoa bada, ez ote da izango beranduegi hizkuntza gutxiagotuen normalizaziorako?
H.M. Baikorra naiz. Bulegoa dagoen hamar urte hauetan aurreratu den guztia ikusten denean, esperantza handiak pizten zaizkit. Orain hogei urte hizkuntza gutxiagotuekiko karta bat izango genuela esatea sekulako astakeria zatekeen, ezinezkoa. Hizkuntza gutxiagotuetako hiztunak baturik egonez gero, ez dago egin ez dezakegun lanik.
Xabier Letona
16-19

GaiezHizkuntzaBesteak
PertsonaiazO'MURCHU1
EgileezLETONA1Hizkuntza

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude