«Presoen eta Euskadiren egoera negoziazioaz bakarrik aldatuko da»


1991ko abenduaren 29an
Izaskun Rekalde errefuxiatuari elkarrizketa
IZASKUN REKALDE
«Presoen eta Euskadiren egoera negoziazioaz bakarrik aldatuko da»
Miarritzeko bere etxean aurkitu dugu Izaskun Rekalde. 77tik Iparraldean bizi da, eta euskal errefuxiatuek azken 15 urteetan ezagun dituzten egoera aldaketak hurbiletik bizi izan ditu, baita polizia frantsesaren errepresioa ere. Bere bi alabekin bizi da, eta nahiz eta errefuxiatuen estatutua eskutan ukan, ez du lan egiteko posibilitaterik.
ARGIA. Istorio zahar batekin hasiko gara. Oroituko zara, zu, Segobiako ihesaz?
IZASKUN REKALDE. Bai. Kontu zaharra da hori. Pena izan zen eta gogoratzon naizelarik ere pena hartzen dut ezin bait zaio bueltarik eman. Gaizki ulertzeak izan ziren eta, gaizki atera zitzaigun. Gu Segobian sartzen ginen kamioiez. Gure kamioia Urepelen utzi genuen, eta mendirantz joan. Biharamunean mendian atxilotu gintuzten, batzuk zaurituak, bat hila. Hortik komisaldegira eraman gintuzten. Ni Burgeten utzi ninduten lehenik eta gero Irunera, non 10 egun pasa nituen.
Santik nik baino tortura gogorragoak jasan zituen. Ni eramaten ninduten ikustera elektrodoak jartzen zizkiotelarik. Ondoren bederatzi hilabete egon ginen preso. Amnistiaren aldeko mobilizazio, manifestaldi inportante horietako garaia zen, eta beraz nola momentu nahasia zen baldintzapeko askatasunarekin atera ginen.
A. 77an Iparraldera etorri zinen. Beste giro bat zegoen hemengo kaleetan...
I.R. Guk 75ean alde egin genuen etxetik, eta 77an etorri ginen hona. Berehala paperak eskatu nituen eta lortu. Orduan giroa askoz eta alaiagoa zen, jende asko zegoen kalean, errefuxiatu asko ginen, harreman asko genituen gure artean. Bestalde, estatu frantsesean ere gureganako elkartasun asko zegoen. Manifestaldi asko izan ziren gure alde garai horretan. Jende askorentzat hautu politiko baten momentoa izan zen, batzuk erreforma onartu zuten eta guk ikusi genuen segitu behar zela. Paperak ukaiten segitu genuen, Santik garai batean lan egin zuen baita ere. Gero, sozialistak pasatu zirelarik, errefuxiatu estatutua lortu nuen, eta orain arte honekin nabil. Santiri iaz kendu zioten, estatutua zuen bitartean ezin bait zioten estradiziorik eman.
A. 81etik hona nola bizi dira errefuxiatuak?
I.R. Nere adibidea hartzeko, nik beti bizitza legala eraman izan dut, estatutua daukat, ez dut bestelako paperik. Gisa guziz hemen, nahiz eta paperak ukan, beti zerbait falta da. Ez ditugu sekulan behar diren guztiak. Eta bizitza normala eramateko lan egin behar da nere ustez, baina hori ezin dugu. Bestalde hona etortzen zarelarik zure bizitzaren parte bat egina da. Baduzu zure laguna, eta hemen beste lagun batzuk egiten dituzu, beste bizi bat antolatzen duzu. Nere bizitza hautsia da, bi partetan, han eta hemen. Hegoaldeko lagunak etortzen dira baina nik hemen nere bizitza dut. Ezin dut denbora pasatu Hegoaldeko lagunak itxaroten. Hemengo jendearekin ere harremanak baditut eta horretarako euskara tresna paregabekoa da, frantsesarekin mugatuagoak gara.
Baina erran daiteke gure bizitza errazagoa dela gaur egun gorderik bizi diren errefuxiatuenarekin gonbaratuz. Batzuk urteak dira gorderik bizi direla, eta gaur egun asko dira egoera horretan. Ez dute familia ikusten, ez dituzte lagunak ikusten. Gartzela gauza bat da, eta oso gogorra, bereziki azken urte hauetan daramaten politika bortitzagatik, baina etxe batean egotea zuhaurrek giltza jarri duzularik, zure buruarekin duzun borroka ere oso gogorra izan behar da. Biziki zaila da horiek bizi duten egoera hitzetan adieraztea. Bestalde, urteak pasatzen dira, eta ez dituzu gehiago hogei urte. Batzuk hogeitahamar beste batzuk berrogei, zure bizitza joaten da.
A. Hala ere jendeak irauten du.
I.R. Bai, jendeak irauten du, segur da. Osasun problemak badira, afektibitate problemak badira, baina jendea ez da Hegoaldera joaten 'damutu' bezala. Har dezagun presoen adibidea ere. Nik ulertzen dut 10 urteren buruan preso batzuek irtenbide bat bilatzea. Ez dut onartzen ordea, azken finean beren buruaren kontra ari bait dira. Borroka oso luzea da, errepresioa handia da eta batzuk nekatu egiten dira. Hemen ez dut kasua ezagutzen. Manipulazioa izugarria da, baina kolektiboa ez da hunkitua.
A. Zure ustez euskal gizartea axolatzen da preso eta errefaxiatuen egoeraz?
I. R. Neretzat lan handia egina izan da euskal gobernutik eta baita ere espainol gobernutik. Medio biziki indartsuak dituzte, telebista eta abar. Baina 600 preso dira. Horiek beren familiaren bisita dute astero, familiek bidaia egiten dute eta askotan bidaia oso luzeak izaten dira, erasotuak ez direlarik gainera. Jendea nekatua balitz bai Gasteizeko gobernua bai Madrilekoa ez lirateke hain kexu eta hain kezkatuak egongo problema horrekin. Hiltzon utziko lituzkete. Badago giro bat presoen alde, ez dena hainbeste agertzen. Beharbada gure etsaiek tresna oso azkarrak eskuetan dituztelako, eta beti beren bertsioa azaltzen delako. Baino etsaiak bere nahia nahasten du errealitatearekin.
Gobernuak dio: «Errenditzen bazarete, presoak aterako dira». Arazoa ez da hori, presoak ez bait dira hamar urte eta batzuetan gehiago gartzelan egon, eta gu ez gara hemen egon horretarako, etxera itzultzeko lehen bezala egoteko. Ez du balio, bestela aspalditik etxean ginen gure bizitza egiten. Gobernuak ulertu behar du hori, bitartean debaldetan ari gara.
Presoen eta Euskadiren egoera bere orokortasunean aldatuko da negoziazioaren bitartez bakarrik. Eta hori ez da gauza bera erraten ibiltzea. Ez dago beste irtenbiderik. Horretan ez da gure nahia sartzon soilik. Ikusi behar da Europaren egoera, alderdi sozialistaren arazo nagusiak zeintzuk diren. Momentuan gobernuak emaitza gutxiko negoziaketak nahi lituzke eta horretarako EAJren laguntza hartu du.
A. 87ko sarekadaz zer oroitzapena atxiki duzu?
I.R. Neretzako okerrena, lau urte pasatu ondoren. Lehen momentua izan zen, biziki bortitzak izan bait ziren, etxean. Eta gero jendea joaten ikusten nuelarik, nola eramaten zituzten bestaldera. Ezin dut jendearen aurpegia, beren beldurra ahantzi. Banaka banaka kotxean sartzen zituzten, eta jendeak joatea eskatzen zuen, momentu hori gogaitatzea okerragoa bait zen. Gero ni hemen egon nintzen.
Bretainara kanporatu ninduten baina lehenik deitu nuen han izango nituen baldintzak ezagutzeko. Erran zidaten ez zegoela ezer pentsatua, ez nuela ezer ukanen. Beraz erabaki nuen hemen gelditzea nahiz eta arrisku bat izan. Nahiago nuen familia eta lagunengandik hurbil bizi. Orain dela gutxi ere atxilotu naute, nere bizitzari buruz eta Gureak elkarteari buruz galderak eginez. Hiru oren pasa dituzte nere etxea miatzen. Ez zuten besterik, beldurra sartzeko. Egia da familia bezala elkartasuna lortzen dugula eta beraz gure lana kriminalizatzen saiatzen dira. ETA, presoak, familiak... gauza bera direla sinetsi arazi nahi lukete.
A. Zein da Gureak elkartearen lana?
I.R. Gureakek 52 preso kudeatzen ditu, estatu frantses osoan, gehienak Parisen daudelarik. Hasieran gure helburua zen presoak laguntzea, bistan da. Baina gehienbat familia berriei laguntzea. Gehienetan familiar bat preso sartzen delarik izugarrizko kolpea hartzen da. Beraz, lehen urratsak ematen laguntzen diegu familiei, abokatuekin harremanetan sartzeko, epailearengana joateko permisoak eskatzeko. Hots, lehen traba guztiak gainditzen laguntzen diegu. Bestalde, gure inguruko jendea hunkitzen saiatzen gara, presoen berri emanez, informazioa bilduz eta zabalduz.
Diru arazo inportanteak ditugu ere, abokatuak direla, auzitegi gastuak direla. Orain dela gutxi 50.000 libera ordaindu behar izan dugu Jone Idigoras askatzeko, lagun bat bisitatzen ari zela atxilotu zutelarik. Gero, mugatuak gaude. Familiarrak izanik, edo guraso zaharrak edo haurrak direla eta, poteoak edo dantzaldiak antolatzeko momentuan ez da beti erraza. Zorionez laguntza atzematen dugu nahiko erraz. Jendeak ulertzen du gure egoera. Presoak bisitatzera elkarrekin joaten gara maiz, autobusak antolatzen ditugu.
A. Nola iragaiten dira bisitak?
I.R. Gu hiru astetik behin joaten gara. Dena prestatu behar da, ni haurrekin joaten bait naiz. Fresnesera joaten gara. Presondegi oso iluna, itsusia, zikina... Paper guztiak, eta miaketa guztiak egin arte hiru oren iragaiten dira. Ondoren presoa ikusten duzu. Biziki kontent zaude baina nekatuta jada, eta oren erdi bateko bisita daukazu. Ezin duzu elkar hizketa sakonik eraman denbora berehala pasatzen bait da. Ez diogu presoari ezer uzten ahal eta nola bisitak telefonoko kabina bezalako gela batean egiten diren, musu bat eman diezaiokezu presoari, besterik ez. Hortik ateratzen zara izugarrizko frustrazio batekin, eta pentsatzen dut presoarentzat berdin izango dela, eta berriz etxera.
A. Etorkizunari begira baikorra ote zara?
I. R. Bai, nik itxaropena daukat. Zer egin lezakete? Preso gehiago, errepresio gehiago... etsaiak ere irtenbide bat behar du. Euskal arazoa gobernu espainoleko arazo nagusia da, horrela hamabost urte darama irabazi gabe. Paktuko alderdiak beharbada harro sentitzen dira beren herriaren kontra daramaten politikarekin. Ez dut uste. Nere ustez, bere herriaren kontra lan egiten duenak, ezin dezake lasaitasunik aurkitu.

NORTASUN AGIRIA:
Santiago Arrospideren emaztea, alaba bizkiak ditu 44 urteko emakume honek
Egin nahi lukeen bidaia: Hegoaldera
Ezagutu nahi lukeen pertsonaia: Joseba Sarrionandia
Bere anaiak hamar urte daramatza gartzelan
87ko sarekadan atera zioten argazki bat ezaguna egin zen oso, eta Kortatu taldeak bere single bateko azalean erabili zuen
Pastelak egiten oso txarra dela dio.
Ixabel Etxeberria
30-33

GaiezPolitikaEuskal HerrPresoakErbesteaErrefuxiatu
PertsonaiazREKALDE3
EgileezETXEBERRI11Politika

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude