Pedro Ibarra "Langile magimenduaren sakabanaketa azken hamar urteetan gertatu da»


2021eko uztailaren 23an
Pedro Ibarrarekin elkarrizketan.
Pedro Ibarra "Langile magimenduaren sakabanaketa azken hamar urteetan gertatu da»
Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da gaur egun Pedro Ibarra; duela hilabete batzu aurkeztu zuen Informazio-Zientzien Fakultatean bere doktorego-tesia: «Langile Mugimendua Bizkaian 1967-77 hamarkadan»; lehenagotik ere ezagutzen dugunok badakigu, hala-ere, irakaslea baino lehen abokatua izan dela Periko, langileen abokatua, Bilboko Agirre kalean zeukaten bulego hartan; 1970eko abenduan, Burgosko prozesu ezagunean ere izan zen, beste batzuren artean, bete abokatu bilbotar bat lagun zuela: Etxebarrieta, Txabiren anaia.
Franco hil zenetik hamar urte igaro direla gogoraraziz, orain zenbait kontzeptutan urruna den 1975 hura burura ekarri eta berehala kontatu digu orduko bi historia: "Bai, urte horretan etorri zitzaizkigun etxera, goizaldeko bostetan edo, bost tipo paisanoz, ohizko bikoteekin eta, badakizu, eta metrailetak eta pistolak eskuan, eta tiroka, ni harrapatu eta arrastaka eskilaretatik behera jeitsi eta kotxe batean sartu nahian; nire etxekoak itzartu ziren, eta haien kontra hasi, eta ez zuten lortu ni eramaterik. Gau berean tiroz josi zuten Agirre kaleko gure bulegoa". Francoren heriotzaren eguna oroitzeko ere motibo berezia du Perikok: "Urte hartan prozesaturik nengoen TOP delakoan, eta juizio eguna jarri zidaten, noizko eta azaroaren 20rako, pentsa! Orduan gertatu zenaz, noski, ez zen juiziorik izan... eta gaur arte!"
Perikok ofizioz lortu du seguruen hitzegiteko duen erraztasun hori, eta gauza da orduak eta orduak modu alai eta entretenigarriz pasarteak eta anekdotan kontatzen irauteko. Baina elkarrizketaren gaiaz, langile-mugimenduaz, lehen galderak egin dizkiogunean, bere hitzjarioa moztu eta erantzunak askoz neurtuagoak dira. Bizkaiko langile-mugimenduaz hitzegin digu, hauxe baita hoberen ezagutzen duena.
Elkarrizketa honetan batez ere «transizio politikoa» deitu izan den azken 10 urteen bitartea interesatzen zaigu, baina has gaitezen lehenagotik.
ARGIA.– Gerraondoan Bizkaian sortu zen langile-mugimenduak, ze ezaugarri zuen?
PEDRO IBARRA.– Langile mugimenduak beti izan du organizazio mailan batasuna bilatzeko joera. Horren adierazgarri da adibidez Langile Batzordeen sorrera, «Comisión Obrera Provincial» deitua, 1963 urtean; Batzorde hura publikoa zen, oraindik Gobernuak nolabait onartu egiten zituen halako ekintza erreibindikatiboak. Organizazioa irekia zen, lantegietako asanbladetan hautatutako ordezkariez osatua. Gero CCOO deituko ziren haietan, hasieran nagusi ziren HOAC taldeko partaideak, eta UGT zen aurka agertzen zen talde bakarra.
Erakunde honek iraun egin zuen Bandas lantegiko greba famatua gertatu arte (1966eko azaroa-1967ko maiatza); orduan, PC joan zen organizazioaz jabetuz eta beste zenbaitek aldegin zuen: ELA, USO, HOACekoak... utzi egin zuten Batzordea.
Zergatik gertatzen da, beraz, lehen esperientzia baterakoi horren porrota? Bi faktore ematen dira: lehena, errepresioa, 1967ko maiatzean «estado de excepcion» delakoa ezartzen da Bizkaian, greba mozteko; Gobernua konturatu da erakunde hori oso arriskutsua dela, eta ez du gehiago onartuko: bigarren faktorea, PCren hegemonia eta, ondorioz, beste erakundeen kanporaketa.
A.–Badirudi beraz, hor dagoela gero gertatuko den sakabanaketaren hazia...
P.I.–Ez oraindik. Bizkaiko langilegoa ahalegindu zen geroan ere, bi aldiz, erakunde baterakoiak bultzatzen. Lehena, Enpresa-Komiteak, 1968an; hor bildu ziren ESBA (FLP), ETAren Langile-frontea, ETA Berri, ELAko zenbaitzu. UGT eta USO; denbora laburreko esperientzia, 1969ko «estado de excepción» berriak moztu zuena. Ahalegin berria egin zen 1970-71 urteetan, CCOOren inguruan bildu baitzen MC, ORT, ETA-VI, eta independienteak. 1974ean hauxe da langile-mugimenduko erakunderik indartsuena. Flortik kanpo gelditzen ziren UGT, USO eta ELA. Azken honen kasua oso adierazgarria da, 1970-75 urteetan erabat desagertu baitzen, seguruen Francoren heriotz hurbila susmatuz, eta zetorrena prestatzearren.
BANAKETAREN ARRAZOIETAN ARAKATUZ
A.– Heltzen gara, langile mugimenduaren kronika honetan, Francoren desagerpenaren urtera, eta hortik aurrera gertatzen da "transizioa" deitu izan den prozesua; azken urte hauetako ezaugarri bat langileen banaketa, eta erakunde sindikal desberdinen finkapena izango dira.
P.I.– Bi apurketa garrantzitsu gertatu ziren Franco hil aurretik, 1974 urtean: batetik, CCOO bi sektoretan bereizten da. CONE deitua, PCkoena, eta CECO izenekoa, batez ere EMKkoak biltzen dituena.
Bestalde. LAB sortzen da sindikatu herri bezala. Eta nik egiten dudan galdera hauxe da: nahitaezkoa zen sakabanaketa hura? Egia esan, garai hartako programak aztertzen badituzu, LAB, CECO, USO eta beste independiente abertzale batzurenak, asmoak oso antzekoak dira... Eta jende hori erakunde batean bilduaz, orduko talderik indartsuena izan zatekeen. Egia da, bai, LAB-en asmoa langileak Euskal Herri mailan antolatzea zela, eta CECO barruan, adibidez, nagusi zen EMKren helburua CCOOrekin batasuna lortzea zela... Baina CECOk nahiko autonomia ere bazuen...
A.–Behin eta berriro itzultzen zara batasunaren gai horretara, baina badirudi banaketa hori ezin dela hutsean langile mugimenduko barne arazoekin azaldu, hor politikaren eragina, edo hobe esanda, ikuspegi politiko desberdinen eragina ere bada...
P.I.–Bai, horrela izango da, baina gauza da langile mugimendutik behin eta berriro somatzen direla banaketa gainditzeko eta batasuna lortzeko ahaleginak. Begira, 1976 urtean, banaketa hori jada erabatekoa da: hor ziren CCOO, ELA bera bitan banatuta, LAB, UGT, USO... Eta hala ere, urte berean, Bizkaian bada erakunde baterakoi bat, Bizkaiko Lantegien Koordinadora, garai hartan 150 lantegi koordinatzen zituena, eta lantegi-asanbladetan hautaturiko ordezkariz osatua.
Eta Koordinadora horren garaian ematen dira burruka inportanteak, oso zabalak... Baina hala ere pikutara doa. Zergatik? Bi faktore: lehena, sindikatuen jokabidea dela medio, eta bigarren, nire ustez 1976 hartan langilegoaren artean ere nolabaiteko nekadura nabaritu zelako; eta hau esplikatzeko: Franco bizi zen garaian, asanbladak eta koordinadorak bultzatzen ziren, beste antolaketa-modurik ez zegoelako; baina orain, sindikatuak agertu dira, eta langileak hasi dira horietan afiliatzen, eta neurri batean ardurak delegatzen...
A.– Beraz, uste duzu sindikatuen jokaeraz gain, langilegoan ere nolabaiteko moldaketa gertatzen dela...
P.I.–Arrazoi bat edo bestea dela, baina 1976ean sindikatuen afiliazioak ugaldu egiten dira, eta 1977ko apirilaren 27an sindikatuak legeztatzen direnean, Bizkaian 9 sindikatu agertzen dira: CCOO, UGT, ELA bi, USO, CSUT, SU, CNT eta LAB. Hor adierazten da langile-mugimenduaren barne-sakabana.
LANGILE-MUGIMENDUA ETA ABERTZALETASUNA
A.–Langile-Mugimenduan mugimendu abertzaleak lortzen duen eragina da, franquismoaren garaitik hona, fenomeno garrantzitsua. Nola aztertzen duzu hori?
P.l.–Gai horretaz, 3 fase bereiz daitezke: lehena, 1967-70 urteetan, ETAren ekintzak eta ondorengo errepresioak solidaritatea pizten dute langile-mugimenduan; bestalde, ETAk badu presentzia bat langile-mugimenduan, lantegietan... Langile-fronteko jendea hor dago, lantegietako burrukan; langile-mugimendua ohartzen da gauza batetaz: ETA ez dela beraiengandik kanpoko fenomenoa.
Bigarren fasea, 1970ko gabonetan. Burgosko prozesuan: hor gertatzen da langile mugimenduaren eta mugimendu abertzalearen elkartasun puntu gorena. Horrek eragin bat izan zuen sindikatuetan ere: CCOOren programan, adibidez, autodeterminazio-eskubidea txertatzen da.
Hirugarren fase bat, 1970-74 urteetan: hazkunde hori nolabait gelditu egin da: ETA barruan krisi gogor bat dago. ETA-VIko jendea aparte gelditu da eta hori da batez ere langile-mugimenduan ari zena. Eraberean, UGT eta beste sindikatuak indartuz joan dira... Gauza da 1974ean LAB sindikatu abertzalea sortzen denean.... gutxiengo bezala finkatzen dela. Hori 1977ko afiliazio-tasetan eta gero hauteskunde sindikaletan ere nabarituko da.
Galdera hor zera da: norainoko eragina izan zuen ETAk 1970-74 urteetan nozitutako krisiak prozesu hori geldiaraztean?
Bestalde, ELAren arrakasta ezagutuko dugu gero. 1977-79 urteetan, baina arrakasta horren arrazoiak nire ustez, bere sindikalismoan aurkitu behar dira: zerbitzu-sindikalismoa praktikatzen du. Europako erara...
A.–Eta nola uler dalteke, adibidez, lehenago apenas ezagutzen zen UGTren finkapena urte horietan?
P.I.–Kasu horretan kontutan hartu behar da, lehenengo, UGT sindikatuak beti mantendu izan duela agerpen bat, Bizkaian bederen. Beti izan ditu nukleoak Bizkaiko lantegi haundietan: Naval, Labe Garaiak (AHV), Etxebarria, GEE... Pentsa ezazu, 1969-74 urteetan seguruen bigarren indar sindikala izango zela. HOACeko batzu ere UGTn sartu ziren orduan.
UGTri gertatzen zitzaion, hala ere, PSOEri oso lotuta agertu dela beti, eta PSOEk atzerrian zuen zuzendaritza, zahar fosil haiena, ez zen ezertaz enteratzen. Baina 1973ean, Suresnes-eko Kongresuan, zuzendaritza berria sartzen denean, hor hasten dute UGT indartzeko operazioa.
Eta oso kontutan hartu transizioak abantailak eman dizkiola: beste sindikatu guztiak ilegalak eta erreprimituak zirenean, 1976 urtean, UGTk Madrilen egin zuen bere Kongresua, eta Gobernuak onartu eta erraztu egin zuen hori. Hurrengo urtean oraindik, 1977ko martxoan, poliziak deuseztatu zuen CCOOen Kongresua Leioan.
LANGILE-MUGIMENDUAREN NORABIDEAZ
A.– Azken hamar urteoteko balantzea egiterakoan, krisi ekonomikoaren agerpenak mugatzen du batez ere langile-mugimendua. Ze ezaugarri ditu gaur egun?
P.I. Alde batetik, sindikatu haundiak finkatu egin dira, eta horrekin batera jokabide sindikal «europearra», nolabait esatekoa: erreibindikazio ekonomikoak, burokrazia sindikalaren agintea... Bestalde, argi dago sindikatu haundi horiek ez zutela aurreko Estatu franquistarekiko apurketa bilatu: Errespetatu egin zuten Estatu hura, eta paktoen bidez askatasun demokratikoak lortzera bideratu ziren (Moncloa-ko Paktuak, etab.).
Laburtuz, 1962tik 1977ra, Bizkaian bederen, langile-mugimendua izan zen burruken eta mobilizazioen protagonista; bitarte horretako dokumentazioa aztertzen baduzu, ikus dezakezu bai Euskal Gobernuak berak atzerrian argitaratzen zuen «Euzko Dela»n ere %50 edo gehiago, langileei buruzko berriak zirela. Baina 1977tik plazaratzen dira galdera kezkagarriak: «europear» bihurtzen ari da gure langile-mugimendua? Kontutan hartu behar, alde batetik, Europan 1945etik gaur arte langileriak duen jokabidea; eta bestetik langabeziaren hedadura, eta horrek zabaldu duen insolidaritatea...
Bistan da ez direla momentu onak langile mugimenduarentzat; eta Periko Ibarraren gogoan ere nabaritzen da kezka hori. Nolanahi ere, nabaritzen dira tartean hainbat lantegitako barrukak: egunotan Magefesako langileenak. Lehenago Olarra, Nervacero, Euskalduna, eta beste asko izan ziren, erresistentzia-kate oso bat luzatuz. Fabrikaz-fabrika, edonola ere, sakabanaketak irauten duelarik.
Karmelo LANDA
45,46

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
GaiezEkonomiaSindikalginMobilizazioBesteak
PertsonaiazIBARRA2

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude