Juan Mari Aresti: « Ez dut besteen onespena behar»


1985eko maiatzaren 26an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Juan Mari Arestiri elkarrizketa
Gabrielen anaiak dozena batetik gora nobela idatzita ditu
Juan Mari Aresti: « Ez dut besteen onespena behar»
Mundu guztiak jakin ba daki Gabriel Aresti nor izan zen. Bere memoria amaigabeko putzua da. Ondo baino hobeto kontatzen ditu Concordia kafetegian egiten zituzten tertuliak, Ibarrola, Blas de Otero, Luis de Castresana, Ortiz Alfau eta inork ezagutzen ez dituen beste hainbeste idazle gazte batzen zirelarik.
Gero, «Cafe de la Marina»n egiten zituzten tertuliak. Denak komunistak ziren, ez zitzaizkien abadeak gustatzen, eta nazionalistak ere ez. Baina orduan gauzak diferenteak ziren.
Asko kostatu zaigu Juan Mariarekin, elkarrizketa ordenatua eta ortodoxoa egitea. Gogoramenak salto egiten dute, erantzun baten erdian tartekatzen dira, anekdotak nahasten dira, gaurko gauzak orain hogeita hamar urtetako jazoerekin erlazionatzen ditu... Berarekin hitz egitean denborak hesi guztiak apurtu dituelako inpresioa ematen du. Bizitza progresio lineala izan beharrean, denboraldi zirkularra da. Berak genetista aitortzen du bere burua, ez edukazionalista. Geneen indarrak du garrantzia.
Bitartean, apal baten gainetik, Gabrielen argazkiak begiratzen gaitu, burua alde batera okerturik, baina begirada artez arte zuzendurik. Bi idazle hauen haurtzarora bihurtzea derrigorrezkoa iruditu zaigu.
ARGIA.– Zer nolako giroa zenekauten etxean? Literatura han bertan hartu zenuten?
J.M.A.–Txiki txikitatik asko irakurri dugu etxean. Batez ere polizia nobelak, larrosak eta abentura nobelak, Salgari, Julio Verne eta abar. Gure osaba batek oso liburutegi osoa zeukan, eta bere liburuak irakurtzen genituen. Dena den, ni hamalau urterekin hasi nintzen lanean, eta nolabait autodidakta sentitzen naiz, hitz hau gehiegirik gustatzen ez zaidan arren, beste konotazio batzu dituelako. Gabrielek sorte handiagoa izan zuen, eta ikasi ahal izan zuen, Perito Merkantila. Gure anaia nagusiak ere ikasi zuen, Kimika litzentziatura. Nik, erdikoa izanik, ez nuen aukera hori izan. Gabrieli aldiz bai izan zen posible ikasketa batzu ematea.
A.–Eta zuen artean nola bizi zenuten literatura?
J.M.A.– Nagusiari ez zitzaion interesatzen. Gabrieli eta niri berriz, eztabaidatzea eta polemika sortzea zen gehien gustatzen zitzaiguna. Eztabaidaren hasieran berak zuri esaten bazuen eta nik beltz, amaieran beharbada berak beltz eta nik zuri. Baina berdin zion. Kontua zen polemikan jardutea.
A.–Politika arlean ere ildo berean zeundeten?
J.M.A.– Biok komunistak ginen, eta gure tertulietan ere komunistak batzen ginen bati pat. Orduan ez zegoen besterik, edo hori edo nazionalistak izatea. Ezker abertzaleak ez ziren existitzen. Orduko nazionalismoa guztiz faszista zen. Nazionalistak Sabino Arana baino urrunago ailegatzen ziren, eta ez ziren bakarrik maketoez trufatzen, "cashero"ez ere trufatu egiten ziren. Orduan ez zitzaien baserritar esaten, "cashero" baino. Euskara jakin ez zekiten, hizkuntza gabeko nazionalistak izan zitezkeen lasai asko, baina hori bai, kaikua eta txapela beti buruan, eta ideiak guztiz faszistak.
A.- Gabrielek, aitzitik, euskara ikasi zuen, eta euskaraz idaztea erabaki zuen.
J.M.A.–Ba, Gabriel ni baino sei urte gazteagoa zen, baina ni baino gogorragoa polemikari dagokionez. Oso zaila da pertsona baten psikologian sartzea, eta inoiz ezin dezakegu ziurtasunez esan, baina nik uste dut kontrara joatearren ikasi zuela euskara.
Gure aita oso eskuindarra zen, monarkazalea, eta gu ideologia horretan hezi nahi izan gintuen. Ni neu alkondara urdina ibilia naiz «Frente de Juventudes»en. Gabriel gaztetandik «Accion Vasca»n sartu zen eta euskara ikasi zuen. Naziooalistekin hasi zen, baina laster sortu ziren istiluak. Gero, gustoragoen egiten zuena, Euskaltzaindiko abadeen kontra polemizatzea izan zen.
A.–Zuk ez zenuen euskara ikasi, baina. Zergatik?
J.M.A.–Gauzak ez ziren horrela. Orduan ez zen euskara ikasten. Ez zitzaion zentzurik ikusten. Ba dakit gaur egun hau esateak ez duela logika handirik, ez dela ondo ulertzen, baina horrela zen. Gainera ni komunista nintzen, ez partido gizona baina bai ideologiaz . Gero komunistekin ere ez nintzen ibiltzen eta tertulietara joateari utzi nion.
A.– Eta zer puntutaraino hizkuntza bat edo beste aukeratzeak dauka eragina? Zeren, Gabriel gaur egun aski ezaguna da eta Juan Maria Aresti bakar patzuk ezagutzen dute.
J.M.A.–Bai, hori horrela da, baina ez da hizkuntza kontua. Ni beti ibili naiz nire aldetik beste talde guztien kanpo. Euskaldunek ez ninduten heuretarkotzat erdalduna nintzelako nazionalistek ere ez, komunista nintzelako, eta ni komunistekin ere ez nintzen ibiltzen partidu guztiak diktatorialak direlako (gaur egun Herri Batasunari ematen diola botoa esan digu ahopetik). Kritiko batek esan zuen behin ni nobelagile frustratua nintzela, literatur lehiaketa guztietan finalista bai, baina irabazle inoiz ez nintzela suertatu. Baina ni ez nago ados. (Planeta Sariketan, 1960an Emilio Romerok irabazi zuenean, bera finalista gelditu zen «El instruso» nobelarekin, gero Caraltek argitaratua. 1963an Seix Barraleko Biblioteca Breve sariketara aurkeztu zen, «Los autobuses» nobelarekin. Lau botazio gainditu zuen. Bostgarren eta azkenen, Jorge Edwards txiletarrak, Mario Benedetti urruguaytarrak eta Vicente Leñero mexikotarrak gainditu zuten. Estatutik bera izan zen hoberena. Beranduago, 1979an berak argitaratu du. Mila ale bakarrik eta soilik Bilbon zabaltzeko). Carlos Barralek nobela ona zela esan zidan, eta niretzat nahiko da. Nik nobelagilea izan nahi nuen, eta ba naiz. Besteen onespena ez dut behar. Honek nahi handia, afana edukitzea suposatzen du, edo alderantziz, karakter ahulezia, ez dit axola. Nik jakin ba dakit nobela onak direla eta nahiko zait.
A.–Eta konbentzimiento hori nahiko da? Ez duzu argitaratzea, ezagutzera ematera behar?
J.M.A.– Idazle batzu irakurtzen ditudanean, Faulkner esaterako, «hau da literatura hau» pentsatzen dut. Baina gero beste batzu irakurri, Guerra Garrido esaterako, eta «hau baino hobea naiz ni», pentsatzen dut, eta begira non dagoen bera. Nik Julio Barojak esaten zuena uste dut. Norberaren liburuak bi pertsonek irakurtzen badituzte, heurekin hitz egin ahal da, pertsonalki. Hortik zehar zabaltzen badira, ordea, jada ez dira zureak, eta inorekin ere ez duzu liburuaz hitz egiten. Nik ez dut behar besteen onetsia nobelagile naizena jakiteko.
A.–Oraindik ez diguzu esan noiz eta nola hasi zinen idazten.
J.M.A.– Bai, hori kuriosoa da. Ni betidanik izan naiz irakurle goiztiarra. Dena irakurtzen nuen, baina uste nuen nobelak berez sortzen zirela, generazio espontaneoz edo. Baina hamasei urte nituela, idazle izan nahi zuen gaztetxo bat ezagutu nuen, nire adinekoa. Orduan konturatu nintzen, nobela bakoitzaren atzean idazle bat dagoela; eta besteak idazleak baziren, ni ere idazle izan nintekeela bururatu zitzaidan. Honela hasi nintzen, eta hamazortzi urte nituenerako, idatzita nuen nire lehen nobela, ia ia autodidakta, unibertsitateko ezer ez bait nekien.
A.– Eta zure nobelak nola definitzen dituzu? Errealistak, fantastikoak. Zelako literatura mota egiten duzu?
J.M.A.– Nobela realista ez da existitzen. Nobela bat egiten denean, ez duzu errealitatea kontatzen, hor jartzen den hori ez delako erreala. Hori ez da existitzen. Norberak asmatzen du. Nik «KEPA historia» izeneko nobelan, benetako gauzak aipatzen ditut, Etxebarrieta eta Txikia nola hil zituzten esaterako, edo Manzanas polizia, baina beste guztia asmatua da, eta hori ezin zaio errealista deitu.
A.–Lehen Faulkner aipatu duzu, eta zure artikuluak ikusita, bagaia literario zabala daukazula ematen du. Gainera liburutegi honetan denetarik irakur daiteke. Baina zeintzu dira gehien preziatzen dituzun autoreak?
J.M.A.– Poesia eta antzerkia, eta beste neurri batetan saioa, gustatzen bazaizkit ere, batez ere nobelagileak irakurri ditut. Izugarri gustatzen zaidana Simone de Beauvoir da. Bere «El segundo sexo» atera zenean, ni izan nintzen erosi zuen lehenengotarikoa. Marguerite Yourcenar ere gustora irakurtzen dut, eta asko asko gustatzen zait Virginia Woolf, Jane Austen, Emily Bronte edo Colette.
A.– Ez dakit kasualitatea den, baina bakarrik emakumeak aipatu dituzu.
J.M.A.–Bai, emakume horiek idazle handiak dira. Nik literatura femeninoa dela eta ez dela sortzen diren istiluak ez ditut ulertzen. Nobela bati eskatzen diodan bakarra, ona izatea da. Besterik gabe. Bestela, André Guide, Lawrence Durrel, Italo Calvino, Julio Cortazar eta Onetti ere aipatuko nituzke.
A.–Zuk bi nobela dituzu argitaratuta, eta beste hamar baino gehiago idatzita argitaratu gabe. Idazten segituko duzu? eta horrela bada, ez duzu ateratzeko asmorik?
J.M.A.– Idatzi bai idazten dut. Orain beste nobela bat egin nahi dut. Jubilazioaren zain nago, denbora gehiago noiz edukiko dudan zain. Bestela nire deliniante lanaz bakarrik asteburuak erabil ditzaket. Laneko konputagailuarekin hasi naiz baliatzen, eta oso lagungarria da.
Baina argitaratu, zertarako. Eta nork. Beharbada argitaletxe batekin jarriko naiz kontaktuan, baina dena den ez da hori nire helburua.
Bere etxera heldu gareneko gauza bera, esan digu handik alde egin dugunean, "zer arraro, zuek erdara hutsean idazten duen batetaz arduratzea! Uste nuen bakarrik euskal idazletaz okupatzen zinetela!". Baina ez dugu erantzun.
Laura MINTEGI
32-33


GaiezKulturaLiteraturaIdazleakARESTI2
GaiezKulturaLiteraturaBesteak
PertsonaiazARESTI2
EgileezMINTEGI1Kultura


Azkenak
2025-09-03 | Gedar
Beste sarraski bat itsasoan: 160 bat lagun hilak Mauritanian, ontzi bat hondoratzean

Kanaria uharteetako kostaldera iritsi nahian ari ziren, baina Mauritanian urperatu zen ontzia. Desagerturik jarraitzen dute 100 pertsonak baino gehiagok.


Mirene Begiristain Zubillaga (Ekonomialari feminista):
“Ekonomia zientzia sozial bat da; hortaz, badaukagu aukera nondik joan erabakitzeko”

“Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloaren helburua emakume zientzialarien ibilbidea ezagutaraztea da, baita ikertzen duten arloari buruz daukaten ikuspegia gizarteratzea ere, kultura zientifikoa hedatzeko eta eztabaida kritikoa sustatzeko. Elhuyarrek eta... [+]


Marieneko lurren alde, Kanbon mobilizaziora deitu dute larunbaterako

Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile auzipetuko dituztelako.


Valle de Odieta makroetxaldeari 2.272 abelburu gehiago izateko baimena eman dio Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako epaiketaren atarian

Irailean aurkeztu zuen enpresak Caparrosoko makroetxaldea handitzeko eskaera, eta ingurumen baimena argitaratu du gobernuak astelehenean. Asteartean hasi da makroetxaldearen aurkako epaiketa lurrak nitratoz kutsatu dituela leporatuta, eta akusazio partikularra osatzen duten... [+]


Pentsioak osatzea “ez da beharrezkoa” Jaurlaritzaren esanetan, eta herri ekimen legegilea eztabaidatzearen aurka egin du

Maiatzean 145.142 sinadura aurkeztu zituen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean, pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko proposamen baten alde. Pentsioak jasotzen dituzten pertsonentzako babesa “dagoeneko sisteman txertatuta”... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaitzen ari dira lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]


2025-09-02 | Jon Torner Zabala
Zentral nuklearrak eraisteko Espainiako Gobernuaren diru-partida jada 20.300 milioi eurokoa da

Urtebetean %0,8 handituta (165 milioi euro gehiago), Espainiako zentral nuklearrak itxi eta hondakin erradioaktiboa tratatzeko aurrekontua 20.367 milioi eurokoa da jada, Enresa enpresa publikoak emandako datuen arabera. Diru-partidaren zatirik handiena (17.520,5 milioi euro)... [+]


Mendiko suteak eta basozaintza

Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]


Lurrikara Afganistanen: gutxienez 1.400 hildako eta herritar andana hondakin artean harrapatuta

6,0 graduko lurrikara bat eta hainbat erreplika izan dira igandetik astelehenerako gauean. Kalte oso larriak eragin ditu herrialdearen ekialdean. Ehunka etxe suntsitu ditu dardarak.


2025-09-02 | Jon Torner Zabala
Abian da ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintza handituta

Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz... [+]


2025-09-02 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Zer ari da gertatzen Indonesian?

Hamar egun baino gutxiagoan, parlamentuko kideek euren buruari esleitutako pribilegio ganoragabeen aurkako ikasle-protestak, polizia-indarrek manifestari bat hil eta gero, benetako matxinada bilakatu dira.


Etxebizitzaren prezioa berriz igo da Donostian: 5.869 euro balio du orain metro koadroak

Maximo historiko berri bat ezarri du Donostiako etxebizitzaren prezioak: 5.869 euro metro koadroko, batez beste. Hori da Higiezinen Jabetzako Artekarien Gipuzkoako Elkargo Ofizialak aurkeztu berri duen txosteneko ondorioetako bat; txostenak 2025eko bigarren hiruhilekoko... [+]


Corellako eskolan D eredua ukatu dute, arrazoirik eman gabe

Nafarroako Gobernuak eskaera egin duten familiei iradoki die "datorren ikasturteari begira" abiatu dezaketela tramitazioa.


Eguneraketa berriak daude