Zezenketak debekatu dituzte Gijonen, toreatutako bi animaliari ‘Feminista’ eta ‘Nigeriano’ izenak jarri ondoren

  • Ana González hiriko alkateak salatu du “giza eskubideen aurkako ideologia bat hedatzeko” erabili dituztela zezenketak. Horregatik, Udalak ez du berrituko plaza erabiltzeko emandako kontzesioa. Tauromakiaren inguruko elkarteek azaldu dute Feminista eta Nigeriana zezen arrazen izenak direla eta horregatik erabili dituztela.


2021eko abuztuaren 20an - 09:08
Azken eguneraketa: 11:13
David Fandila, 'El Fandi', zezenketa batean. Argazkia: Pablo Cobos

Gijonen (Asturias) debekatu egin dituzte zezenketak. Hiriko alkate Ana Gonzálezek (PSOE) asteazken honetan iragarri du erabakia. Abuztuaren 13, 14 eta 15ean Begoñako feria ospatu zuten El Bibio zezen plazan, eta igandean egindako zezenketa izan zen azkena. Toreatzen hil zituzten bi animaliari Feminista eta Nigeriano izenak jarri zizkieten, eta horrekin, Gonzálezek zeharkatu ezin diren hainbat “marra gorri” gurutzatu zituztela salatu du.

2016tik emanda zuen Gijongo Udalak El Bibion zezenketak antolatzeko kontzesioa. Baina ez dute kontratua berrituko. Tauromakiaren kontrako ahotsak aspalditik zabaldu dira hirian, baina alkatearentzat gertakari hau nahikoa izan da zezenketak debekatzeko erabakia aurreratzeko. Ospakizunak tinte ideologiko garbia hartu duela salatu du, “giza eskubideen aurkako ideologia bat hedatzeko” erabili baitute. Gaineratu du “emakumeen eta gizonen berdintasunean eta integrazioan sinesten duen hiri batek” ezin duela halakorik onartu.

Tauromakia defendatzen duten elkarteek erabakiaren kontra egin dute. Haien ustez, zezenketak debekatzeko hautua duela asko hartu zen, eta igandean gertatutakoa “aitzakia” gisa erabili du Gonzálezek hori lortzeko. Lidiako Zezen-hazleen Batasunak komunikatu batean azaldu du zezenei izen horiek jartzeak azalpena duela: Feminista eta Nigeriana izeneko arrazetatik datoz animaliak, eta Lidiako zezenak izendatzeko arautegiak behartu egiten dituzte izen horiek jartzera. Debekua alkateak abeltzaintzan eta landa munduan duen “ezjakintasunean” oinarritzen denez, berau zuzentzeko eskatu diote Udalari.  

Eskubideen aurka doa

Lidiako Zezena fundazioak, berriz, pauso bat harago jo du. Elkarteak azaldu du Gonzálezek nahita eta modu “totalitarioan” jo duela kultura ulertzeko modu ezberdinen kontra. “Talibanek Bamiyaneko budak suntsitu zituzten arrazoi beragatik eraitsi nahi du Gijongo alkateak tauromakia, haien ustez, kultura adierazpen horiek immoralak direlako”. Nazioartean, “gutxiengoen eta herri autoktonoen kultura” errespetatu egin behar dela azaldu du UNESCOk, eta Espainiako Gobernuak, 18/2013 tauromakia legean, zezenketak gizateriaren ondare direla kontsideratu du. Hori argudiatuta, administrazio publikoari  laguntza eskatu dio fundazioak ustez beren eskubidea dena defendatzeko.

Pablo González PPko presidentea bat etorri da tauromakiaren aldeko elkarteekin. PSOEren erabakia “inposizio ideologikoa” iruditu zaio politikariari: “Sozialismo erradikalenak gijondarren eskubideak mugatu nahi ditu”. Zezenketak berriro antolatu daitezen sinadura kanpaina bat abiatuko dutela iragarri du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zezenketak
2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


2023-07-05 | Ilargi Manzanares
Sanferminetako zezenketen aurkako protesta egingo dute gaur Iruñean

AnimaNaturalis eta PETA erakundeak antolatu dute protesta, Udal Plazan 12:00etan, festak hasi baino egun bat lehenago. Nafarroako, Espainiako eta Europako aktibistak elkartuko dira. Manifestazioa AnimaNaturalisen “odolik gabeko Sanfermin” kanpainaren barruan dago.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


Donostiako Udalak zezenketak "laguntzen jarraitzen" duela salatu du Eguzkik

Cristina Lage Turismo zinegotziak Urrezko Maskorra saria eman dio berriki Roca Rey toreatzaileari, 2022ko Aste Nagusian faenarik onena egiteagatik. Horren aurrean, Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Donostiako Udaleko zinegotzi batek toreatzaile bati sari bat emateak... [+]


Eguneraketa berriak daude