Gabriela Serra, CUP-CCko diputatu ohia

"Zerua eskuekin ukitzen aritu gara eta azkenean zerua gainera erori zaigu"

  • 2015eko irailaren 27an CUP-CCko legebiltzarkide hautatu zuten Gabriela Serra. Ordura arte instituzioek ez zioten ilusio berezirik sortzen, baina CUPen eskaintzak erakarri zuen, ez baita gainontzeko alderdiak bezalakoa; “ezkerreko amalgama” gisa definitzen du. Barne-demokrazia geldoa da Serraren hitzetan, baina horrek sendotasuna ematen dio proiektuari. Urriaren 1az, aurrekoez eta ondorengoaz luze eta zabal mintzatu da, azken bi urteetan Kataluniako ezker independentistaren ikur izan denetako bat.

Andoni Mikelarena @andonimik
2018ko urtarrilaren 11
Argazkia: Dani Blanco.

Pisu handia hartu du independentzia prozesuan Puigdemontek, zuek lortu zenuten Mas alboratu eta bera jartzea presidente.

Oinarrizko desberdintasun bat dago Mas eta Puigdemonten artean. Mas mobilizazio jendetsuek bihurtu zuten independentista, eta Puigdemont betidanik izan da. Independentziaren aldeko udalerrien elkartearen sortzailea izan zen. Talante handiko pertsona da eta karisma handia irabazi du, hori azken hauteskundeetan frogatu da. Dudarik gabe, ez ginateke honaino iritsiko Puigdemont gabe.

Gobernuaren, alderdien eta eragile sozialen artean lotura estua eduki duzue?

Bai. Erreferendumaren legea, trantsizio juridikorako legea… onartzeko prozesua eragile sozialekin elkarlanean egin dugu, ANC eta Òmniumekin. Uneoro egiten genituen bilerak iritziak trukatzeko. Erreferendumaren momentuan ordea, erabaki nagusiak hartu ziren komisiotik kanpo geratu zen CUP, nahiz eta informazio trukerako batzordeetan egon ginen. Horregatik momentu batzuetan beste eragile batzuek izan zezaketen informazio guztia ez dugu izan CUPen, horrekin ez dut esan nahi ez garela emandako pausuen erantzule egiten.

"Momentu batzuetan beste eragile batzuek izan zezaketen informazio guztia ez dugu izan CUPen"

Irailaren 20a inflexio puntua izan zen erreferendumaren antolaketari dagokionean?

Erreferendumean funtzionatu ez zuen guztiak, sistema informatikoak kasu, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak Ekonomia eta Ogasuneko Kontseilaritzan egin zuen operazioarekin du zerikusia. Operazio hark, erreferendumaz gain lotura handia zuen estatu egiturekin. Ez ziren erreferendumaren finantziazioa ikertzera joan, egiturak ikertzera baizik.

Nola definituko zenuke urriaren 1a?

Herri-erresistentzia eguna, garaipen eguna. Izugarria izan zen, 60 urteko pertsonak, 70 urtekoak borrakadak jasotzen eta hautetsontziak defendatzen; bai, hautetsontziak. Desobedientzia zibil ekintza masiboa izan zen. Bi milioi eta erdi herritar, egun berean, ordu berean eta arrazoi beragatik ados jarri ziren desobeditzeko, ondorioak jasateko prest. Herritarrak ahaldundu ziren.

Argazkia: Dani Blanco

Antolaketa maila handia erakutsi zenuten.

Hori da urriaren 1eko emaitzarik interesgarrienetakoa. Polizia Nazionala eta “Benemerita” inprenta txikietan sartzen ari zen bitartean, hautetsontzi eta boto-paperen bila, milaka hautetsontzi zeuden Katalunian zehar barreiatuta, urriaren 1ean mahai guztietara, bai guztietara, iritsiko zirenak. Hori ezin izan zuten gelditu. Konplexutasun logistikoa izugarria izan zen.

Errepresioa ere izugarria izan zen.

Bai eta gainera herriaren arabera desberdina. Alkatetza sozialistak dauden hiri handietara ez ziren joan. Badalonara ez ziren joan, Albiol jaunak Millo Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin negoziatu zuelako, hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztu nahi baitu Albiolek. Independentismoa nagusi den lekuetara joan ziren. Errepresio horren ondorioz egin genuen urriaren 3ko greba orokorra. Independentziaren aldekoez haragoko jendea atera zen kalera urriaren 3an. Espainiako banderak zeramatzaten herritarrak ere baziren mobilizazioetan. Ez zuten onartzen euren bizilagunak iritzia eman nahi izateagatik kolpatzea. Sekula ikusi gabeko greba izan zen hura, edukiontzi bat bera ere ez zen hautsi.

"Espainiako banderak zeramatzaten herritarrak ere baziren mobilizazioetan"

Azaroaren 8an egin zenuten bigarren greba orokorra.

155. artikulua aplikatuta zegoen, Jordiak kartzelan zeuden kontseilari batzuekin batera eta gainontzekoak erbestean zeuden. Orduan herrialdea geratu genuen. Sindikatu nagusiek ez zuten babestu greba, ezin dutela politika egin esanez. Hala ere herritarrak ahaldunduta zueden eta herrialdea geratu genuen. Moztu ziren errepide guztiak, irmotasunez moztu ziren, baina herritarrek inongo momentutan ez zuten pasa erresistentzia pasiboaren muga. Hori da urriaren 1aren lorpen nagusia, gure herriko sektore handi bat subjektu eraldatzaile bihurtu dela.

Urriaren 10ean errepublika aldarrikatu eta berriz indargabetu zen. Zergatik?

Gu independentzia aldarrikatuko zen plenoa prestatzen ari ginen eta ordubete lehenago presidentetzak abisatu zigun ez zela hala izango. Hiru arrazoi eman zizkiguten. Nazioarteko babes falta zen aurrenekoa. [Espainiako] Estatuak 155. artikulua aplikatzerakoan erabiliko zuen indar eta gogortasuna bigarrena. Estatu egituren ahultasuna azkena, besteak beste, irailaren 20ko operazioak eraginda. Kontseilaritzetako zuzendarien etxeetan enkriptatutako informazioa bilatu zuten. Informazio hartatik zenbait gauza detektatu zituzten. Presidentea oso kezkatuta zegoen horrekin.

Hildakoen mehatxua zegoen?

Presidentziatik jakinarazi ziguten informazio fidagarria zutela, Katalunian ultzerizazio egoerak eragin nahi zituztela zioena. Orduan presidenteak esan zuen, ez zela bera izango kalean hildakoak egotearen erantzulea. Momentu gogorra zen, ehunka mila herritar kalean baikenituen zain. Historiako errepublikarik laburrena izan zen.

"Presidenteak esan zuen, ez zela bera izango kalean hildakoak egotearen erantzulea"

Aldarrikapena Madrilen presioa egiteko erabili zen ondoren?

Presidenteak beti aldarrikatu du elkarrizketaren beharra Espainiako Estatuarekin, CUP-CCtik hasieratik esan genuen bide hori ez dela existitzen. Urriaren 10eko aldarrikapena Madrilekin elkarrizketa desblokeatzeko presio bide gisa erabili zuen Puigdemontek. Erabaki hori ordea, ez zuen bakarrik hartu, Madrilgo alderdi batzuek, Comunek eta Podemek izango zuten zerikusia.

Argazkia: Dani Blanco

Iñigo Urkullu lehendakariak ere bai?

Bai. Europako Gobernuren baten partetik ere seguru izan zela parte hartzeren bat.

Azkenean, urriaren 27an Kataluniako Errepublika aldarrikatu zenuten.

27an azkenean Errepublika aldarrikatu zenean, nik uste, presidentea oso kontziente zela jada negoziazio bide guztiak agortuta zeudela. Madril bidea ez zela existitzen, ezta eurek horrenbeste konfiantza zuten Europa bidea ere. Horregatik aldarrikatu zen.                                            

Ordu gutxitara 155. artikuluaren aplikazioa.

155. artikuluaren aplikazioa, hauteskunde kanpaina… denbora behar dugu hausnartzeko. Hauteskundeetara horren azkar deitzeko Rajoyren estrategia oso inteligentea izan zen. Ez digu utzi 155. artikuluaren inpaktu erreala neurtzen.

Zertan huts egin zenuten?

Ez genuen baloratu bere osotasunean Estatuak izan zezakeen erantzun basati eta gogorra. Bestalde, konfiantza gehiegi izan genuen Estatu egiturak sortzen ari ziren batzorde exekutiboan.

Ez al zegoen ba estatu egiturarik?

Estatu estrukturak ez zeudela esaten denean, 155. artikuluan modu bortitzean sartu izana aipatzen da, baina, Santi Vilak epailearen aurrean esan zuen bezala, egitura batzuk ez ziren indarrean jarri zenbait pertsonaiaren borondate faltagatik. Vilak esaterako, traizioa egin zuen. Epailearen aurrean onartu zuen ez zituela eraikitzea zegozkion estatu egiturak eraiki, horien aurka zegoelako. Hori ondo aztertu beharra dago. BusinessCataren sektorea, guztiok dakigun bezala PDeCaten parte dena, ez zegoen gustura errepublikarekin. Sektore horrek mugimendu hau dena Euskal Kontzertuaren moduko zerbaitetara gerturatzeko erabili nahi baitzuen.

"Konfiantza gehiegi izan genuen Estatu egiturak sortzen ari ziren batzorde exekutiboan"

Abenduaren 21eko hauteskundeetan independentisten kopuruak gora egin du.

Bloke independentista ez da soilik mantendu, baizik eta, aurreko hauteskundeekin alderatuta 100.000 boto egin du gora. Boto horiek oso esanguratsuak ez baitira independentismoaren gune historikoetan lortu, baizik eta ingurune metropolitanoan, Santa Coloman, Hospitaleten… Espainiako Estatuak herritarren aurka erabili duen errepresioak, sektore bat aktibatzea ekarri du.

Hauteskunde hauetan eman den polarizazio ikusita, sabaila jo duzuela iruditzen zaizu?

Ez. Estatuaren aldetik jasaten ari garen erantzunak basatia izaten jarraituko du, horrek, erreakzionatuarazi egingo du. Aurrekoan adibidez, Diputazio Iraunkorrean, zenbait sozialista ere ez zeuden eroso. Orain gakoa, erresistentzia politika sozialetan egitean dago.

"Orain gakoa, erresistentzia politika sozialetan egitean dago"

Langile guneetan egin du gora gehien Ciudadanosek.

Ciudadanosek bere egin du politika sozialen diskurtsoa. Azken bi urteetako eztabaiden ardatza autodeterminazio eskubidearen ingurukoa izan da eta ez dugu behar bezala adierazi politika sozialen alorrean egin duguna. Kanpainan adibidez Espainiako Konstituzio Auzitegiak debekatutako legeak azaltzen aritu naiz, etxebizitza eskubiderako legea, energia-pobreziarena… Parlamentuan egiten dugun lana herritarrei azaltzen asmatu behar dugu.

Zatiketaren diskurtsoa erabili dute Espainia zaleek.

Unionismoa gai izan da zatiketa sozialaren mamua esnatzeko eta hori tentuz aztertu behar dugu CUPetik. Fenomeno interesgarria gertatu da hauteskunde hauetan, boto independentista langile jatorriko guneetan igo dela gehien. PSC eta Ciudadanosek, zatiketa soziala aipatzen dute, baina ez dute esaten zatiketa hori, kondizio materialei lotuta dagoela.

Faxistak eta espainiazaleak zaku berean sartzeko joera al dugu?

Bai, eta hori oso arriskutsua da. Ez da zilegi Espainia zale guztiei faxista deitzea, gainera hori gure aurka etorriko litzateke, horrek bai lagunduko lukeela zatiketa soziala sortzen. Tentu handia izan behar dugu horrekin.

JxCatek aurre hartu dio ERCri.

PDeCatek zorte handia izan du Puigdemont bezalako zerrendaburu bat izatearekin. Jende askok esaten dizu berak Puigdemonti eman diola botoa eta ez JxCati. Ikusiko dugu, bozkatzaile horiek zer nolako koherentzia maila exijituko dioten errepublika aldarrikatu zuen presidenteari. Lortu duen botoa ez baita nolanahikoa, boto borrokalaria, boto antolatua eta boto errepublikanoa da.

"Puigdemontek lortu duen botoa ez da nolanahikoa, boto borrokalaria, boto antolatua eta boto errepublikanoa da"

CUPek berriz sei eserleku galdu ditu. Autokritika egitea tokatzen al da?

Dudarik gabe. Ez dakit autokritika den hitza, baina sakon aztertu behar dugu gertatu dena.

Hauteskundero hautagaiez aldatzeak CUP erreferente bihurtzea zailtzen al du?

Hauteskundeak dauden aldiro eztabaida hau mahai gainera ateratzen da. Gurea ez da politika profesionalizatzea, eta beraz, garrantzitsuenak ez dira pertsonak programak baizik. Egia da ere, azken legegintzaldiak laburrak izan direla eta hori arazo bihurtu da, agian legealdi bat eta erdira luzatuta…

Kataluniako ezkerra izan al da abenduaren 21eko galtzaileetako bat?

CUP, ERC eta Comunen botoak batuta ez da galera handirik egon. Konfiantza dut Parlamentu berrian gauza asko egin ahal izango dugula En Comú Podemekin. Orduan ikusiko dugu ERC eta JxCATek ze jarrera hartuko duten.

Puigdemont IBEX 35az hizketan entzuteak harritzen al zaitu?

Orain arte pentsaezina zen hori. Ez soilik Ibex 35az, Europar Batasunaren aurka ere egin du. Generalitateko Presidenteak horrelako gauzak esateak guztiak harritzen ditu. Harro egon gaitezke lortu ditugun gauzekin.

Europan eman al da aldaketarik?

Europa ez da itsua, Europak ez du ikusi nahi. Hala ere, gauza bat da erreferendumaren aurrean, eurentzat ilegala zen erreferendumaren aurrean, begiak ixtea, baina beste bat da Rajoyren tableroan egin diren hauteskunde batzuen aurrean egitea, non eta urriaren 1eko mandatua zabaldu egin den. Ahotsen bat entzun da jada, oso baxu bada ere, hori bai, argi izan behar dugu Europa ez dela poztuko gure prozesuarekin, estaturik gabeko nazio asko baitaude kontinente guztian zehar.

"Argi izan behar dugu Europa ez dela poztuko gure prozesuarekin, estaturik gabeko nazio asko baitaude kontinente guztian zehar"

Eta Katalunian?

 

JxCat, ERC eta CUPen oinarriak, ahaldundu diren herritar horiek guztiak, errepublika erabaki dutenak, errepublikaren alde borrokan jarraitzeko prest daude. CDRak ez dira gelditu, presoen alde lanean jarraitzen dute, horrek denak, izugarrizko bultzada ematen dio aterako den gobernuari. Gauza bat PDeCateko buruzagiak baitira eta beste bat aurrerapauso bat eman duten oinarriak.

Nola jarri indarrean Errepublika?

Errepublika oinarritik eraiki behar da. Alternatibak eraiki behar ditugu eta horretarako begirada munizipalista indartu behar dugu.

, kontsumoa, nekazaritza… horretarako ez dugu parlamentuaren baimena behar. Mugimendu sozialak, mareak, CDRak indartu behar ditugu.

Udal hauteskundeak munizipalismorako gakoa izango dira?

Udaletxeak oso garrantzitsuak dira, kotoiaren froga izango dira hauteskunde horiek. Azken bi urteetan Parlamentuko lanak CUPen energia gehiena xurgatu du, eta jendea nekatuta dago. Indarrak birbideratu behar ditugu, herrietan zentratu gure lana, oinarrian.

Argazkia: Dani Blanco

CUP gobernuan sartuko al da?

Ikusiko dugu. Adostutako ildo argi bat badago, Errepublikaren alde, presoen askatasunaren alde eta 155. artikulua indargabetzearen alde, izan daiteke. Hori bai, oraingoan CUPek berme asko exijituko ditu, ikusi baitugu noraino heldu garen. Zerua eskuekin ukitzen aritu gara eta azkenean zerua gainera erori zaigu, egoera hau ezin dugu errepikatu.

Lehen zenuten giltza galdu duzue ordea.

Noski, baina oraindik gure abstentzioa beharrezkoa da. Ez gara ezinbestekoak, baina bai beharrezkoak. Hori bai, Parlamentean gure lana zein izango den zehaztu beharra daukagu, lau eserlekurekin egin dezakezun presioa ez baita berdina.

Erreferendum hitzartuaren aldeko bidea onartuko al duzue?

Dagoeneko hiru erreferendum egin ditugu, nahikoa da. Irailaren 27ko hauteskunde plebiszitarioak, urriaren 1eko erreferenduma eta abenduaren 21eko hauteskundeak.

Baina ez duzue %50a gainditu.

Gehiengoa gara ordea. Erreferendumak botoen arabera neurtzen dira eta urriaren 1ean irabazi egin genuen. Hauteskundeak berriz eserlekuen arabera neurtzen dira eta guk ditugu eserleku gehien, baten batek joko arauak aldatu nahi baditu esan dezala eta hauteskunde legea aldatu dezala.

Ez aldebikoa, ez aldebakarrekoa, aldeaniztuneko bideaz hitz egiten da.

"Burujabetza bizitzako esparru guztietatik eraiki behar dugu"

Ikusiko dugu. Une honetan mahaiaren gainean dugun gaietako bat da hori. Hala era badago 2015eko hauteskundeekiko oinarrizko ezberdintasun bat, orduan bidea egiteko zegoen eta orain bide horretan lorpen batzuk lortuak ditugu. Horrenbeste jende antolaturi bizkarra ematea zailagoa da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Katalunia independentziarantz  |  CUP

Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-12 | ARGIA
Kataluniako Parlamentuak Felipe VI gaitzetsi eta Espainiako monarkia abolitzeko eskatu du

JxCat, ERC eta Catalunya En Comun-Podem taldeak ados jarri dira ostegunean eta Espainiako Errege Felipe VI gaitzesteaz gain, monarkiaren abolizioa eskatu du Kataluniako Parlamentuak.


2018-10-10 | ARGIA
Independentistek gehiengoa galdu dute Kataluniako parlamentuan, elkarren arteko desadostasunengatik

Kataluniako parlamentuko mahaiak bertan behera utzi du Carles Puigdemont eta preso dauden gainontzeko diputatuek boto delegatua emateko aukera ERCren eta PSCren aldeko botoekin. Erabaki horren ondorioz, independentistek parlamentuko gehiengoa galdu dute. JxCat eta ERCren arteko desadostasunak geroz eta agerikoagoak dira.


2018-10-08 | Santi LeonÚ
GAIZKI ERRANKA
Ortzirale beltzak

Urriak 1: Kataluniako erreferendumaren urteurrenean, Espainiako telebistak zehaztu digu zenbat enpresak egin duten alde prozesua martxan jarri zenetik (ez digu erran, ordea, denboraldi berean baten bat finkatu ote den). Kontuak, bistan da, gutienez bi irakurketa ditu: zeinen kaltegarria izan den eta den independentismoa ekonomiarako, edo zeinen lotsagabe saiatu den botere ekonomikoa jendearen erabaki politikoak baldintzatzen.


Kolore guztiak faxismoaren kontra

Oso paradigmatikoa izan da Kataluniako urriaren bateko lehen urteurrenaren harira gertatutakoa: herritarren protesta “koloretsuak”, segurtasun indarren biolentzia eta agintarien pasibitatea. Aktoreen rola ordea aldatu egin da. Iaz Espainiako poliziak eta guardia zibilak aritu ziren bozkatzera joan ziren kataluniarren hezurrak apurtzen. Aurten, aldiz, Espainiako polizien defentsan aritu dira Eskuadra Mossoak kalean. Baita erruz jardun ere: 24 lagun jipoitu eta zauritu dituzte,... [+]


2018-10-02 | Xabier Letona
"Bete agindua, egin Errepublika"

Iazko urriaren 1eko oihartzuna entzun zen atzo Katalunian. Hemen berba batzuk atzokoaren interpretazio bat egiteko. Sekulako indarra bildu da berriz kaleetan, herri botereak kuku egin du ostera ere eta  independentismoak horren irakurketa argia egin du. Argi baina, La Vanguardia-ko zuzendaria Màrius Carolek gogoratzen duen moduan, “ ez da greba orokorrik egon eta herria ez da gelditu”.


2018-10-01 | ARGIA
Urriaren 1aren urteurrena
Erreferendumaren memoriak eta Errepublikaren aldarrikapenak kaleak hartu ditu Katalunian

Errepide mozketekin eta botere ekonomikoaren egoitzen kontrako ekintzekin hasi dute erreferendumaren urteurren eguna.


2018-10-01 | ARGIA
Mossoek independentisten aurka kargatu zuten Espainiako polizien aldeko manifestazioan

Larunbatean tentsio une handiak bizi izan ziren Bartzelonan, CDRek eta beste erakunde batzuek deituta milaka herritarrek Jusapol poliziaren sindikatuak deitutako manifestazioari aurre egiteko bildu zirenean Iazko urriaren 1ean erreferendumaren aurkako errepresioanp parte hartutako Espainiako segurtasun indarrak omendu zituen poliziaren sindikatuak.


Urriaren 1a
Urtebete geroago dena zabalik

Urtebete joan da Txarangok “ho tindrem tot i es parlarà de vida” [dena izango dugu eta bizitzaz hitz egingo da] leloarekin erreferendum-kanpaina alaitu zuenetik. Une gogoangarri asko baina aurrerabide gutxi ikusi ditugu joan den 365 egunean: ANC eta Òmnium-eko presidenteen espetxeratzea, erreferenduma, poliziaren bortizkeria, baiezkoaren garaipen borobila, gerra zibilaz geroztiko grebarik handiena, independentzia-aldarrikapen zapuztua, “dena prest zeukaten”... [+]


2018-09-30 | Saioa Baleztena
Alejandra Rayas
"Mobilizazio baketsuaren sendotasuna da Kataluniaren itxaropena"

Barcelonetako Mediterrània eskolako erasoetan Espainiako Poliziak zauritu izanagatik gogoratzen du batek baino gehiagok Alejandra Rayas (Queretaro, Mexiko, 1970). Urriaren 1eko lehen urteurrena betetzear dela, eta, kolpatu zuen guardia zibilaren aurkako epaiketarekin zer gertatuko den jakiteko “adi” dagoen bitartean elkarrizketatu dugu.


2018-09-30 | Saioa Baleztena
Jordi Pesarrodona
"Eraso faxistak eteteko gai izango da Kataluniako mugimendu baketsua"

Irailaren 20an Espainiako Poliziak Generalitatearen Herrizaintza Sailean egindako miaketak salatu asmoz sudur gorria jantzi zuen guardia zibilen aurrean Jordi Pesarrodonak (1960). Pailazoa eta Sant Joan de Vilatorradako kultura zinegotzia (ERC) da. Urriaren 1ean, bere herriko eskolan erresistentzia egiteagatik auzipetu zuten. Lau delitu egotzi zizkioten: desobedientzia, autoritatearen kontrako erresistentzia larria, lidergo iskanbilatsua eta gorrotoa sustatzea.


Eguneraketa berriak daude