Zaleek, beste behin, geldiarazi dute Roman Zozulia futbolariaren fitxaketa, "faxista izateagatik"

  • Roman Zozulia aurrelari ukrainarraren fitxaketa geldiarazi du Madrilgo Alcorcon futbol taldeak, zaleek presio egin ostean, “ideologia faxista” duen jokalaririk ez dutelako nahi.


2021eko uztailaren 27an - 10:46
Azken eguneraketa: 12:51

Historia berriz errepikatu da. 2017ko urtarrilean Sevillako Betis taldeak Román Zozulia jokalaria utzi nahi izan zion Madrilgo Vallecaseko Rayori. Vallekaseko zaleek geldiarazi zuten fitxaketa bere ideologiagatik eta zalaparta eta eztabaida handia eragin zituen kasuak. Zozuliak ez zuen ezta partidu bakar bat ere egin Rayon, eta martxoan kontratua bertan behera utzi zuten. Espainiako Ligak kereila jarri zuen Rayoko hamar jarraitzaileren aurka, hertsapen delituagatik, aurrelaria taldeari uko egitera behartzeagatik. Handik hilabete batzuetara artxibatu zuten epaileek. 2017ko udan, Albacetek fitxatu zuen Zozulia. Han jokatzen aritu da gaur arte. Eta bost urte eta gero, jokalari ukrainarrari beste behin ere esan diote ezetz futbol zaleek. Berriro Madrilen, baina oraingoan Alcorcon hirian.

"Fitxaketak zatiketa sortzen du, liskarra... Horixe besterik ez genuen behar!", idatzi du Alcorcongo Peñen Federazioak sare sozialetan. Beste zale talde batzuk zuzenagoak izan dira: "Zozulia ez da abertzalea besterik gabe, Azov talde paramilitar nazia babesten duen faxista da. Pertsona horrek ez du lekurik gure klubean eta gure hirian. Bere ideologiak aurrez aurre talka egiten du gure balioekin". Alcorcon futbol taldeko beste zale-talde batek: "Akatsa da nazien numerologiarekin argazkiak argitaratu eta bere herrialdeko talde ultra eta faxistei babesa ematen dien jokalari bat fitxatzea, kirolak sustatzen dituen tolerantzia eta errespetu balioekin bateraezina baita". Herritarren presioak oraingoan ere eragina izan du.

Rayo - Albacete 2019ko partidua.

"Zozulia puto nazi"

Zozuliaren kasuaren ondorioz, Espainiako futbol profesionalaren historian lehen aldiz partidu bat bertan behera geratu zen “zaleen irainengatik”. 2019ko abenduan, Zozulia Albaceteren deialdian sartu zen Rayoren aurka jokatzeko. Jokalariak Vallecasko berdegunera salto egin zuen eta "Zozulia puto nazi" aldarri bihurtu zen zelaiko animazio harmailetan. Atsedenaldian, Lopez Toca epaileak partida bertan behera uztea erabaki zuen.

Erabakia harrigarria izan zen, besteak beste, Vallecastik kilometro gutxira, futbol-zelaiak daudelako "Puto vasco el que no bote", beste irain arrazista batzuen artean, sistematikoki oihukatu izan dutelako hamarka luzez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antifaxismoa
2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Herriak faxismoa gelditu zuenekoaren lekuko den zubia Donostian

Loiolako kuartelen salerosketa behingoz sinatuta, udalak auzune berri bat sortuko du han. Beste esku hartze batzuen artean, kuartelen eta Loiolaren arteko zubia botako dute, ibaiarentzako oztopo bat delako. Aurretik, ordea, komeni zubi esanguratsu horren historia errepasatzea.


Hilberria
Gilles Perrault idazle antifaxista zendu da

Idazle frantziarrak Euskal Herriaren askapenarekiko abegikortasun handia zuen. Nazismoaren biktima izan zen, eta Marokoko erregimenaren indarkeriak argitara ematen erreferentea. Normandiako bere etxean hil da, 92 urterekin.


Eguneraketa berriak daude