Siria iparraldeko indar kurduen aurka eraso egiteko, Turkiari bidea libre utzi diote AEBek

  • Turkiak iragarritako erasoaren aurrean, AEBetako tropak Siria iparraldetik erretiratzeko asmoa iragarri du asteburuan Trumpek, eta SDF Siriako Indar Demokratikoak ziurtatu du tropa estatubatuarrak erretiratu egin direla. Honek mehatxupean jarri ditu Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoa eta bertan gauzatzen ari diren iraultza.


2019ko urriaren 07an - 11:48
Turkiako armada Sirian (Argazkia: Türk Silahlı Kuvvetleri / VOA)

Astelehen goizaldean eman dute erabakiaren berri AEBek. Etxe Zuriko prentsa idazkari Stephanie Grisham-ek egindako adierazpenen arabera, Donald Trumpek igandean eman zion Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogani Siria iparraldeko AEBetako tropak erretiratzeko asmoen berri, telefono dei baten bidez.

“Turkiak laster egingo du aurrera Siria iparralderako luzaroan planifikatu duen operazioarekin. AEBetako indar armatuek ez dute operazioan parte hartuko ezta babestuko, eta AEBetako indarrak, Estatu Islamikoaren lurraldeko kalifatza garaiturik, ez dira inguruetan egongo”, jakinarazi du Grisham-ek.

Eufrates ibaiaren ekialdeko eremu siriarrean esku-hartze militar berahalakoa iragarri zuen larunbatean Erdoganek. YPG Herri Babeserako milizia kurduen aurka zuzenduriko erasoa da Turkiak esku artean dakarrena, miliziekin amaitzea helburu duena. Honek mehatxupean jarri du Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoa, Siriako kurdistana edo Rojava izenez ere ezaguna, baita bertan gauzatzen ari diren iraultza ere.

Erasorako AEBen babesa jasotzeko zain, Ankarari “pazientzia agortu” zaiola adierazi zuen Erdoganek. AEBek, beren aldetik, bidea libre utzi diote erasoari; orain artean, Estatu Islamikoaren kontra, aliatu bezala jardun dute AEBek eta YPG miliziek Turkiaren eraso mehatxupean dagoen eremu horretan. ISIS arrisku izatetik urruti den honetan, AEBak erretiratu eta Siriako iparraldea okupatzeko bidea libre utzi diote Turkiari.

Siriako Indar Demokratikoek astelehen goizez jakinarazi dutenaren arabera, AEBen tropak hasi dira eremutik erretiratzen. Gatazka ekiditeko egin dituzten esfortzu guztiez gain, AEB beren erantzukizunen kargu egin ez direla adierazi dute. Eta ondokoa gaineratu: “Probokatu ez dugun Turkiaren erasoak inpaktu negatiboa izango du DAESHen aurkako gure borrokan, eta azken urteetan eskualdean sortu dugun bake eta egonkortasunean. Siriako Indar Demokratiko gisa, gure lurra edozein preziotara defendatzeko erabakita gaude”.

Milizia kurduak miran ditu Erdoganek, eta “terrorista” deritze PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin dituzten loturengatik. Bere gobernuak 2018an ekin zion Siriako kurdistana inbaditzeari, Afrin hartuz eta 2.000tik gora hildako eraginez. Iragarri duen erasoak inbasioaren jarraipena lekarke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


Turkian lurrikarak 'low cost' hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Eguneraketa berriak daude