Udal hauteskundeetara aurkeztuko dela baieztatu du Jean-Rene Etxegaraik

  • Alderdien arteko zatiketa gainditu eta zerrenda "zabal” baten baitan aurkeztuko dela jakinarazi du Baionako auzapezak. Eskuin muturra salbu, eskuina eta zentroa bere osotasunean bilduko duen "elkarretaratzea" izanen da Etxegarairen zerrenda. Ez du ordea jakinarazi Herri Elkargoko presidentetzarako kargurako berriz aurkeztuko den. Martxoaren 15 eta 22an eginen dira udal hauteskundeak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.

Etxegarai, prentsaurrekoan

2020ko urtarrilaren 21an - 13:41

Baionako auzapezaren aulkia ez du uztekoa Jean-Rene Etxegaraik. Berriz izango da hautagai martxoaren 15 eta 22an eginen diren herriko hauteskundeetan. Zerrenda “zabala” osatuko duela jakitera eman du astearte goizean, prentsaurreko bidez. Eskuina eta zentro-eskuinari dagokionez, eskuin muturra salbu beste guztiak batuko ditu. Ezkerrari dagokionez ez du zehaztapenik eman, baina aurreikusi daiteke ezkerrekoak ere ukanen dituela bere zerrendan. Orain artean ondoan ukan dituen Jerome Aguerre Alderdi Sozialistan izandakoa edota Martine Bisauta ekologista izendatu ditu erantzuteko orduan. Zurrumurruek diotenari segi, Laurence Hardouin abertzale eta ezkertiarra izango luke ere zerrendan. Behin baino gehiagotan informazioa baieztatzea eskatu eta erran-merrana ez du gezurtatu nahi ukan Hardouinek. Hautagaitzaren osaketari buruzko xehetasunak “laster” emanen dituela jakinarazi du orain arteko Baionako auzapezak.

Dena dela sailkatze hori ez du gogoko: “Zentro-eskuinean kokatu ohi nauzue. Hori duzuelako gogoko, banaketa sinple eta argia. Baina nik jakin nahi nuke eraman ditudan politika guztien ondotik zer naizen: eskuina ala ezkerra. Eta arras ongi ez banaiz ez bat ez bestean kokatua. Jendeen sailkatzean oinarritzen den mundu horretan, nirekin antza gutti duen mundu horretan ongi zait sailkaezin izatea”.

Euskal Elkargoan gustura

Euskal Elkargoko presidentetzarako berriz aurkeztuko den ez du zehaztu. “Ez da gaurko gaia” izan da emandako erantzuna. Hala ere, beste auzapez eta hautetsien partetik kargu horretan segitzeko “dei franko” dituela zehazteko hautua egin du, argi utziz ondokoa: “ Herri Elkargoari biziki lotua naiz, baina ez da baitezpada presidente izan behar bertan eragiteko".

Auzapez kargua eta Herri Elkargoko presidentearen ardura biak batera betetzeak dakarren kargu metaketari buruz ere ez du iritzia plazaratu. Euskal Elkargoaren funtzinamenduaren balorapena egiteko orduan, batek baino gehiagok dute kargu metaketa hori kritikatzen.

2017ko urtarrilaren 1ean sorturiko egitura horretako lehen presidentea izan da Etxegarai. Bertan aulkia eskuratu zuten 231 hautetsietatik 157k bere alde egin zuten orduan. Martxoaren 15ean eginen da herriko bozken lehen itzulia, bigarrena berriz martxoaren 22an. Horiek bururatu ondoan bozkatuko dute Euskal Elkargoko osaketa berria.

Baionari dagokionez, 2014 urtean, 26 bozengatik bakarrik irabazi zuen Etxegaraik auzapezaren aulkia, Henri Etxeto sozialista bigarren geldituz. Noski, kanpaina giroan sarturik eta bigarren kargualdiari begira jarririk, sei urte horien balorapen baikorra egin du astearteko prentsaurrekoan.

Lau zerrenda ukanen ditu parean, oraingoz: Baiona Berde eta Elkarkidea (EH Bai koalizioa abertzaleak, Europe Ecologie Berdeak talde ekologistak eta France Insoumise ezkerreko alderdiak sostengaturiko zerrenda zabala) ; Alderdi Sozialistak sostengaturiko Baiona Hiri Irekia zerrenda ; Bihar Baiona Mathieu Bergé sozialistak osatu hautagaitza eta eskuin muturrekoak ere ukanen dituen beste eskuineko zerrenda bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri bozak 2020
2021-08-04 | Euskal Irratiak
Bokaldarrek berriz bozkatu beharko dute, iazko herriko bozetan iruzur elektoralak izan zirela erabaki baitu auzitegiak

Hauteskunde egunean, oposizioak ohartarazi bi akats nagusi onartu ditu epaileak.


2021-07-19 | ARGIA
Marie-José Mialocq Arbonako alkate berrautatu dute

Marie-José Mialocq-ek Arbonako hauteskundeak bigarren aldiz irabazi ditu. 2020ko martxoko bozketan Beñat Arlaren zerrendak helegitea jarri zuen eta auzitegiak onartu. Uztailaren 18an egin dituzte hauteskundeak bigarren aldiz.


2020-07-12 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Barne kolonialismoa

Aktualitatea ez zait batere interesatzen –zutabe hauetarako, bistan da; bestela aktualitatearen kontsumitzaile ohikoa naiz, are garaiaren arabera tiraniaren menpekoa–; baina batzuetan iruditzen zait azkar asko ahaztuko dugun txikikeriaren batek erakuts dezakeela... [+]


Herri bozak 2020: bigarren itzulia
Xinaurri lanaren uzta

Bigarren itzuli honetan ere urtetako lanaren emaitza lortu dute abertzale ezkertiarrek: Ziburun, Urruñan eta Itsasun auzapez izango dira. Bozketen lehen itzulian Biriatun eta Donapaleun irabazirik, Uztaritzen eta Baigorrin 2014ko garaipen historikoa berriz ere... [+]


Joseba Erremundegi, Etxegaraien zerrendako abertzale ezkertiarra
"Masa euskalduna iratzartzea lortu behar dugu"

Jean-Rene Etxegaraien zerrendan aurkezteko hautua egin zuen Joseba Erremundegi abertzale eta euskaltzaleak. Justuki abertzale eta euskaltzale den horri luzatu dizkiogu bizpahiru galdera, hautatu duen zerrenda ez delako abertzalea eta eskuinekoak ere dituelako bere taldean.


Eguneraketa berriak daude