Grezia igarotzen ari den egoera, burujabea den beste edozein herrik ere igaro dezake. Beraz, orain badakigu. Datorren igandeko erreferendumeko emaitza edozein izanda ere, jadanik zenbait ondorio atera ditzakegu. Funtsezkoena da Europako Batzordea, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala barne dituen Troikak, herri eta gobernu guztiak otzan nahi dituela, bere politika austeriziden eta murrizketa sozial nahiz laboralen menpe.
Nahi dute Europa bat euren tankerakoa, merkataritzara emana. Horretarako xantaia erabiltzen dute, joko zikina, asfixia ekonomikoa eta terrorea, herritarrek euren politikak onar ditzaten. Orain, greziarrengan izua zabaldu dute esanez erreferendumean EZ ateratzen bada –Troikaren politiken kontrakoek defenditzen dutena– kaosa eta hondamena letorkeela herrialdearentzat, baita Eurogunetik ateratzea ere, hori egia ez den arren.
Fronte guztiak zabaldu dituzte euren politika basati eta antisozialen aldeko botoa jasotzeko. Fronte politikoan Europako gobernu guztiak ari dira –baita Eusko Jaurlaritza ere– Troika babesten, bere boterearen beldur antza. Finantzen esparruan burtsak jarri dituzte martxan, kapitalismoaren espresio gorena, gorantz eta beherantz manipulatuz biztanleria larritzeko ezezkoaren aurrean. Medioetan ere, telebistak, irratiak eta prentsak orokorrean, Troikaren planteamenduak bideratzen dituzte esklusiboki, eta ondorioz herritarra presionatzen dute BAI botatzera joan dadin.
Azkeneko hauteskundeetan ezkerrak irabazi zuen Grezian. Herri heleniarrak amets egiten du, ez Europatik ateratzeko baina aldatzeko; merkatuaren Europa desegin eta herrien Europa eraiki ahal izateko: sozialagoa, justuagoa eta solidarioagoa. Beraz, “amets egiten uzten ez diguten bitartean”, gure lagun Periko Solabarriak zioen moduan, “ez diegu lo egiten utziko”, ez Troikari ezta hura babesten dutenei ere. Mobilizazio orokorraren bidetik, horretan ari dira greziarrak.