Traba gehiago Arabako ardoen izendapen propioari: esklusibotasunaren baldintza onartu du Espainiako Gobernuak

  • Errioxa ardoen jatorri izendapenak, Arabako Mahastiak sor-markaren aurka bide judizialari ekiteaz gain, esklusibotasunaren eskakizuna onartu zuen bere batzorde arautzailean; mahats ekoizleek, haien mahatsa Errioxako ardo izendapenetik irten eta marka propioa sortzen duten upategiei salduko baliete, urtebetez ezingo lieke mahatsik saldu Errioxako kideei, eta alderantziz. Espainiako Nekazaritza Ministerioak oniritzia eman dio.

Guardiako mahasti batzuk (Argazkia: Enoturismo / spain.info)

2023ko ekainaren 08an - 09:30
Azken eguneraketa: 11:12

Arabako hainbat upategik Errioxa sor-markatik irteteko duten borondatearen aurka, bi bide abiatu zituen Errioxa ardoen jatorri izendapenaren kontseilu arautzaileak: bata, Eusko Jaurlaritzak emandako baimena, sor marka behin behinean bada ere sortzekoa, atzera botatzeko helegitea jartzea; eta bestea, Errioxa sor markarekin jarduten duten upategiei esklusibotasun baldintza ezartzea.

Lehen puntua lortu zuen iraultzea, momentuz bada ere. Euskadiko Auzitegi Nagusiak apirilaren 14an erabaki zuen Arabako Mahastiak sor-markaren sorrera behin-behinean bertan behera uztea. Bi arrazoi garrantzitsu leudeke sor-marka propioa ez sortzeko: baga, kontsumitzaileari "nahasmen handia" eragitea, "eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako"; eta biga, Errioxa markaren "izen onari kaltea" egitea, "atzeraezina" litzatekeena gainera auzitegiaren arabera, edo, gutxienez, "konpontzen zaila". Auzitegiak argudiatzen zuen, besteak beste, ia 100 urte dituela Errioxa ardo izendapenak. Arabako Mahastien bultzatzaileek hala eskatuta ere, Eusko Jaurlaritzak ez zuen errekurtsorik jarri.

Bigarren puntua, berriena dena, esklusibotasunaren afera da. Iazko irailean –artean Arabako Mahastiak sor-marka guztiz sortu gabe zela–, Errioxa jatorri izendapenaren kontseilu arautzaileak erabaki zuen mahats ekoizle guztiei baldintza gogorra ezartzea: ekoizle batek Errioxa markarekin merkaturatzen den upategi bati salduko balio mahatsa, ezingo lioke saldu beste sor-marka bateko upategiari urtebetez gutxienez –ardo denboraldi bat–; aldiz, bai saldu ahalko liokeela Errioxa barneko upategi gehiagori. Eta alderantziz: Arabako Mahastiak sor-markako upategi bati salduz gero, ezingo lioke saldu Errioxako upategiei urtebetez.

Espainiako Nekazaritza Ministerioak oniritzia eman dio neurri horri.

Errioxa, 570 upategiren gordeleku

Errioxa ardo izendapenak "gerra-deklaraziotzat" hartu zuen Arabako Errioxako hainbat mahastik sor-marka entzutetsua utzi eta bide propioari egitea. Bultzatzaile nagusia ABRA (Arabako Errioxako Mahastien Elkartea) izan da, eta besteak beste argudiatzen zuten Errioxa marka hain dela handia, "ardo ona eta ez hain ona" ere saltzen direla marka beraren pean. Hortik bereizita, ardo "espezializatuagoa" eskaini nahi zuten hainbat upategi arabarrek, izendapen handiaren goi-aginduei men egiteari utzita.

Europak azken hitza eman zain, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak baliatuta, merkaturatzen hasteko baimena eman zion Arabako Mahastiak - Viñedos de Álava sor-markari urrian. Datorren ardo-denboraldia zatekeen eszisioaren lehenbizikoa, Euskadiko Auzitegi Nagusiak eten ez balu.

Eszisioak Errioxa sor markari eta haren prestigioari kalte egingo liokeela diote Logroñotik (Errioxa), eta "gerra-deklarazioa" gogoz egin dute. Esklusibotasunarena da Errioxaz gaindiko ardo eta mahats merkatua tenkatzen duen esku hartzea. Izan ere, Errioxa sor-markaren parte diren 570 upategiri 14.139 mahats ekoizlek saltzen die lehengaia (2022ko jardunaren datuak dira). Guztira, Errioxa markaren pean, 1.331.203 barrika merkaturatu ziren 2022an; 250 milioi litro baino gehiago. Botiletan, 343 milioi ale.

Diru asko mugitzen duen jatorri izendapena da, ia 100 urteko ibilbidea duena, eta auzia da, mahasti ekoizle batek Errioxa markako upategi bati saltzen ez badio, albokoari saldu ahal diola edo hurrengoari –570 upategi dira–. Ez dago argi zenbat upategik nahiko luketen Errioxatik irten, oraindik ez delako argitu aurrera doan ala ez jatorri izendapen berria, argitzeko dago etorkizuna, eta upategiek ez dute prozesuan zehar hitz egin nahi izan, arriskutsua baita bustitzea. Dena den, erreferentziatzat hartuta Errioxa sor markak emandako datuak, 570 upategi horietatik hamazortzi dira Araban daudenak, eta zortzi Nafarroan; gainontzeko 544 upategiak Errioxako erkidegoan daude.

Mahastizainek erabaki beharko dute orain, eta tesitura horretan jartzea zen Errioxa izendapenaren asmoa: Arabako Mahastiak deiturapean leudekeen upategiei saldu, ala Errioxan dauden ehunka horietakoren bati.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ardoa
2024-04-12 | Estitxu Eizagirre
Esti Besa, ardogintzaz
"Upategietan parakaidisten eredua nagusitu da"

Ardogintza borborka dago: mundu mailan gaineskaintza dagoela-eta, iaz milaka litro erosi zituen Jaurlaritzak destilatzeko. Espainiako Gobernuak diruz lagundu zuen mahats berdea lurrera botatzea. Aurten ere antzeko neurriak hasi dira agertzen. Baina nola iritsi gara egoera... [+]


Basque Culinary Center, Arabako Guardian ere

Edariak eta Ardoa (EDA) Drinks & Wine Campusak bigarren egoitza bat izango du Arabako Errioxan, Gasteizkoarekin batera. EDA Basque Culinary Centerrek “garatu eta gidatutako” proiektua da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute. “EDAk... [+]


Arabako ardogintza, agortutako eredua aldatzeko unea?

Igandean eman zitzaion hasiera ofiziala mahats bilketari Araban, Navaridaseko Mahats-bilketaren Jaiaren XXVIII. edizioa eginda. 2023an Jaurlaritzak 15,3 milioiko laguntzak eman dizkio sektoreari, milioika litro ardo erabilera industrialerako destilatu edo mahatsa zuzenean... [+]


Errioxako mahatsen esklusibotasunaren araua baliogabetzeko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Errioxa Jatorri Izendapenaren estatutu aldaketari oniritzia eman zion Espainiako Nekazaritza Ministerioak, eta merkatuaren eta lehiaren ikuspegitik desegokia delakoan, Jaurlaritzak errekerimendua bidali du Madrilera.


Eguneraketa berriak daude