‘Tabloide’ britainiarrek asmatu eta 2015eko udako albiste bihurtu dute Calaisko ‘etorkinen uholdea’

  • Herritarrak (alokatutako etxebizitzen jabeak) paperik gabeko etorkinen salatari bilakatuz eta irailerako immigrazioarentzako lege berria iragarriz, David Cameronen gobernu kontserbadorea bere agenda xenofoboa osatuz doa urratsez urrats. Britainiar xeheak are gehiago zukutzeko hartu dituen austeritatezko murruzketa salbaiak disimulatu nahi ditu Cameronek atzerritarren psikosia piztuta. Aurretik, egunkari sentsazionalista -tabloide- nagusiak izan ditu bidegile.


2015eko abuztuaren 4an - 10:06
Calaisen iheslariak kamioia asaltatzen Britainia Handian sartzeko, "Anarkia Calaisen" dioen albistearen barruan. (Argazkia: Daily Mail)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

The Guardian egunkarian Alan Travis erredaktoreburuak salatu du prentsa britainiarrak uda osoan antolatu duen manipulazioa: "Dagoen 'etorkin uholde' bakarra Calaisko gertakizunez tabloideek esajeratuz azaldutakoa da. Garaia da gezurra argitzeko, Britainia Handian kanaleko tuneletik sartu nahi duten ehunka etorkin direla eta ez uholde handien inbasioa".

Travisek argitu ditu manipulazioaren xehetasun asko. Egunkari nagusiek eta telebista kateek beren irudi espektakularrekin erakutsitako "milaka etorkin tuneletik pasatzeko ahaleginen" irudietan azaltzen direnak benetan ehunka batzuk dira behin eta berriro ahaleginak egiten dituztenak. Bestetik, Calais-Dover tuneletik sartzen diren etorkinak tanta batzuk baizik ez dira Britainia Handira iristen diren milaka askoren artean, gehienak Heathrowko aireportua bezalako atari ohikoagoetatik sartzen direlako.

"Erreza da -dio Travisek- hedabideontzako, Guardian barne, oihartzun handia ematea Calaisen bizi denari. Erreza da kamera sorta bat bidaltzea Coquellesko hesiak hausten saiatzen diren etorkinei argazkiak egitera, kontutan hartu gabe horietatik zenbatek lortuko duten benetan gainditu eta trenera jauzi egitea". Bestalde, Calaisko irudi deigarriek lausotu dituzte urte osoan bezala udan ere Mediterraneotik iristen diren albisteak, eten gabe Ekialde Hurbileko gerretatik ihesi datozen milaka jendeen trajediak, tartean bidean itota hiltzen diren askorena.

Manipulazioak funtzionatzen du. Azken orduotan Londresko gobernuak jakinarazi du 100 goardia gehiago bidaliko dituela Eurotuneleko sarbidea zaintzera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!