Saudi Arabiak ez du Qureiris gaztea gurutziltzatu eta zatikatuko

  • Murtaja Qureirisek hamahiru urte zituen 2014 urtean atxilotu zutenean gobernuaren aurkako protestetan parte hartzeagatik. Fiskalak heriotza zigorra eskatzen zuen, 12 urteko espetxe zigorra ezarri diote azkenik. Eta hau ez da kasu bakarra: adin txikikoak zirenean egindako delituak leporatuta, beste hainbat lagun ere jazarri dituzte Saudi Arabian.


2019ko ekainaren 19an - 10:32
Murtaja Qureiris. Argazkia: Amnesty International.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Murtaja Qureiris Saudi Arabiako gobernuaren errepresioaren ikurretako bat da. Zenbait elkartek herrialdeko preso politikorik gazteena dela diote. Ekintzaile xiiten familia bateko kide da Qureiris. Bere anaietako bat 2011n gobernuaren aurka ugaldu ziren mobilizazioetako batean hil zuten indar polizialek. Anaia horren ehorzketara joan izana da egozten zaion delituetako bat, hain zuzen ere. Beste bat, 10 urte zituela gazteen mobilizazio batean eskuko megafono bat hartu eta “herriak giza eskubideak eskatzen ditu” esatea. Horiez gain, terrorismo delituak egozten dizkio gobernuak: armak gordetzea, molotov koktelak komisaldegi bati jaurtitzea edo erakunde “terrorista” baten kide izatea, besteak beste.

2014an atxilotu zutenean hamahiru urte zituen Qureirisek. Hiru urte igaro arte ez zuen gobernuak haren aurkako akusaziorik aurkeztu, eta egozten dizkion delituetako batzuk 2010ekoak lirateke. Qureirisen defentsak dio delituen aitorpena jazarpen egoeran eta trukean libre irteteko promesa pean egin zituela gazteak. Hemezortzi urte bete berritan epaitu dute azkenik. Fiskaltzak heriotza zigorra eskatzen zuen berarentzat. Baita bere gorputza gurutziltzatzea eta zatikatzea ere. Azkenean hamabi urteko zigorra ezarri dio epaitegiak.

Heriotza zigorra adingabeentzako

Murtaja Qureirisena ez da kasu bakarra. Adingabe zirenean eginiko delituengatik adin nagusiak exekutatzeko aukera ematen du legeak Saudi Arabian. Apirilean 37 preso exekutatu zituen. Horien artean atxilotuak izatean adingabeak ziren zenbait gazte zeudela salatu dute giza eskubideen aldeko elkarteek.

Patroi berari jarraiki Ali al Nimr, Abdullah al Zaher eta Dawood al Marhoon gazteak dira egun heriotza arriskuan daudenak.


Eguneraketa berriak daude