Santa Zezilia kontzertuan lehen aldiz emakume batek zuzenduko du Hernaniko Musika Bandaren kontzertu osoa

  • Burua moztu zioten Xixili musikariari eta haren omenez, Santa Zezilia musikarien eguna da. Urtero bezala, egun honen bueltan kontzertua eskainiko du Hernaniko Musika Bandak azaroaren 19an arratsaldeko 7etan, Hernaniko Plazako arkupeetan. Baina 1861ean musika banda hau sortu zenetik lehen aldiz, emakume batek zuzenduko du bandaren kontzertu oso bat: Judith Montero Imaz hernaniarrak. Eta kontzertu honek badakar beste berritasunik emakumeen eskutik: banda honetako fagot jotzaile eta konposagilea den Anne Pérez de Azpeitiak egun honetarako sortutako "Dantzaharra" pieza estreinaz entzun ahal izango da. Gaia ere esanguratsua du: gorputza, mugimendua eta bizitza uztartuko ditu "...musikaren kulunkak..." izenburu duen kontzertuak.


2022ko azaroaren 18an - 06:38
Azken eguneraketa: 09:33
Hernaniko Musika Banda, zuzendari Judith Montero Imaz eta "Dantzaharra" lanaren egile Anne Pérez de Azpeitia Hamilton zutik direla.

Musikari gorputzaren mugimendutik begiratzea proposatzen du “...musikaren kulunkak...” izenburu duen kontzertuak eta dantzarekin izandako harremanaren hausnarketa musikala egitea. Baina, era berean, “...musikaren kulunkak...” musikaren alde hipnotiko eta ferekatzaileari egiten dio erreferentzia, egoera atsegin zein gogorretan bidelagun daukaguna, egoera ziurgabeetan bizitzarekin konektatzen gaituena, kulunka horrekin laguntzen gaituena, goxatzen gaituena, biltzen gaituena.

Kontzertu hasieran “Lau-Urtearoak” Euskal Balleta

José Franco Ribatek idatzia eta Olaeta Ballet famatuak 1953an estreinatua, euskal dantzak eta ballet klasikoa uztartzen berrikuntza izugarria egin zuen talde honek. Doinu herrikoiak eta konposaketa teknika finak erabiliz borobildu zuen konposagileak artelan eder hau. Lau urtaroen eta bizitzako lau aroen arteko paralelismoa egiten da bertan; “Udaberria” jostalaria, axolagabea eta alaia da, “Uda” festa eta bizitzaren indarra da,

“Udazkena” sosegua, dotoretasuna eta adinaren armonia da eta “Negua” euskal trufaz blaituta dago. Balletaren amaiera “Azkena” arin-arin alaia da, zeinetan herriko (bizitzako) pertsonaia guztiek bat egiten duten.

"Dantzaharra" piezaren estreinaldia

Anne Pérez de Azpeitia Hamilton Hernaniko Musika Bandako fagot jotzailea izateaz gain, konposagilea ere bada eta Azkue eta Aita Donostiaren

kantutegietan bildutako Doneztebeko Bandera Dantzan oinarrituta, "Dantzaharra" pieza osatu du egun honetarako. Bertan sonoritate arkaikoak hizkuntza konpositibo berriekin uztartu ditu, pieza espresibo eta iradokitzailea sortuz, sinbolismoz betea, hizkuntza zinematografikotik gertu askotan. Baso ilunak, beldurrak eta, era berean, dantza, bizitza, jauregietako musika... lan hau lehen aldiz entzun nahi duenak, kontzertuan du aukera.

Bergarako Bandako zuzendari izandakoak konposatutako "Lokatza" Sketch Sinfonikoa

Amaiera aldera “Lokatza” Sketch Sinfonikoa interpretatuko dute, Alfredo Gozález Chirlaque Bergarako Bandako zuzendaria izandakoak konposatua. Bergarako Lokatza txirrindulari taldearentzat idatzia, lasterketa baten deskribapen oparoa dela esan dezakegu; alde batetik txirrindularien korrika azkarra eta bestetik herrian sortzen duen jai-giro eta ospakizuna dituelako konposaketa honek beregan.

Hernaniko Banda Gaztea gehituko zaio bandari bukaeran

Kontzertua “Disney Favorites” eta “The Hey Song"-ekin amaituko da, Hernaniko Banda Gaztea ere Santa Zezilia ospakizunean integratuz. Hernaniko musikari gazteak bandarekin harremanetan jartzea du helburu ekimen honek, herriko banda musikari gazteentzat akuilu eta topagune ederra baita.

Egitaraua

Hauxe da Judith Montero Imaz zuzendari dela Hernaniko Musika Bandak eskainiko dituen obrak:

- “Agüero” pasodoblea. José Franco Ribate (1878-1951)

- “Lau-Urtearoak” Euskal balleta. José Franco Ribate (1878-1951)

- “Moving Heaven and Earth” Tema eta bariazioak. Philip Sparke (1951-)

- “Dantzaharra” (estrainaldia). Anne Pérez de Azpeitia Hamilton (1995- )

- “Lokatza” Sketch Sinfonikoa. Alfredo González Chirlaque (1956-)

- “Disney Favorites”. Bob Lowden (1920-1998)

- “The Hey Song”. M. Leander (1941-1996) &G. Gitter (1944- ) Arr: P. Lavender

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude