San Adriango igarobidea. 4.000 urteko historia tuneletik argitara

  • Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen San Adriango tunela iraganean pasabide garrantzitsua izan zeneko zantzuak egon arren, orain arte ez zen ikerketa sakonik egin. Denboraren tunela bailitzan, duela 4.000 urteko bizitoki, Erdi Aroko gotorleku edo duela 500 urteko errepideetako atseden gune izan zena bisitatu dugu, teknologia berriena erabilita.


2010ko urriaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
San Adrian

Donostiatik abiatuta 50 bat kilometrora dago Zegama. Handik Otzaurteko mendate bihurrian gora beste ia 8 kilometro egin eta, Benta pareko pista hartuta, beste bospasei kilometro egin daitezke autoz. Autoa utzi eta basoko bidean gora oinez abiatuz gero, arin samar ibilita, ordu erdian parean izango duzu San Adriango edo Lizarrateko igarobidea, itsas mailatik 1.000 metroko altueran dagoen haitzulo karstiko naturala, 70 metro inguru luze dena, eta artifizialki zabaldua, egokitua. Nork esango luke mendian galdutako inguru hura mendetan garrantzi handiko igarobidea izan zela? Bada, horixe esaten du azken hiru urteetan Aranzadi Zientzia Elkartea burutzen ari den ikerlan multidiziplinarioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa eta Garapen nahiz Kultura eta Euskara sailak bultzatzen duten proiektuaren barruan.

San Adrianek izandako garrantziaren zantzuak baziren lehenago ere. Mende askotan Gaztela eta Frantziaren arteko bidean gune erabakigarritzat jo izan da. Ikerketaren nondik norakoen berri eman digun Aranzadiko kide Alfredo Morazaren hitzetan, “beti izan da toki mitikoa, oso berezia, gauza asko esan dira hari buruz, baina sekula ez zen ikerketa sakonik egin. Ez genekien benetan zer zegoen eta zer egoeratan zegoen. Horregatik Foru Aldundiak erradiografia bat egin nahi zuen”. Hala, hainbat alorretako 30 zientzialari tuneleko aztarna geologiko, historiko, etnografiko eta arkeologikoak ikertzen hasi ziren.

Aranzadiko arkeologoak dio orain arte burututako indusketen emaitzak oso positiboak direla: “Ezusteko ona hartu dugu ia egitura guztiak osorik daudelako. Brontze Arotik hona 4.000 urteko sekuentzia ia osorik gorde da”.

4.000 urte, lau argazki

4.000 urteko bide horretan lehen geldialdia Brontze Aroa da. Duela lau milurteko arrastoak aurkitu dituzte eta garai hartan haitzuloan zenbait etxola eta artegi zeudela ondorioztatu dute. “Horrek adierazten du beti erabili izan dela bizitoki gisa”, dio Morazak. Arrastook hiru metroko sakoneran topatu dituzte. Denboraren poderioz, lurra jalkitzen joan da eta horrek esan nahi du historiaurrean tunelaren zorua askoz beherago zegoela, haitzuloa askoz handiagoa zela.

Tunelaren urrezko aroa Erdia Aroan iritsi zen. “Askoz logikoagoa dirudi Etxegarateko edo Otzaurteko portuak erabiltzea, 500 metro beherago baitaude eta hori neguan alde handia da. Baina horrek Nafarroako Erresuma zapaltzea esan nahi zuen, zergak ordaintzea eta etengabeko gatazkak, alegia. Horregatik, XIII. mende hasieran, Gaztelako Erresumak Lizarrateko bide alternatiboa bultzatu zuela uste dugu”. Galtzada eraiki zuten eta gunea gotortu zuten. Gaztelu batek babesten zuen Gaztelaren eta Frantziaren arteko lotura nagusietakoa eta haitzuloaren barnealdea eraikinez josita zegoen: sutegiak, zalditegiak, hilerria…

XVI. mendean gaztelua eta, hortaz, igarobidearen funtzio militarra desagertu ziren. Nafarroako Erresuma konkistatuta, ez zuen jada zentzurik. Gotorlekuaren arrastoak beste eraikin batzuk, ostatuak-eta, egiteko harrobi gisa erabili zituzten. “Jendeak uler dezan, gaur egungo errepideetako atseden gune moduko bat zen”, Aranzadiko kidearen hitzetan. “Gaur gasolina topa dezakezun moduan, garai hartan lastoa zegoen, lo egiteko tokia, otorduak egiteko aukera, segurtasun gunea ere bazen… Zegama eta Zalduondo artean ez zegoen ezer ere, lapurrak, mendia eta animaliak besterik ez, eta hura Gaztela eta Frantziaren arteko errege bidea zen”.

San Adriango tunelaren laugarren eta azken okupazio aldia XIX. mendekoa izan zen. XVIII. mendean beste bide batek indarra hartu zuen, Leintz-Gatzagako mendatea igarotzen duen bideak, hain zuzen. Askoz luzeagoa izanagatik, errazagoa zen bide hura, baita mantentzen merkeagoa ere. Lizarrateko neguko izotz eta elurteek asko garestitzen zituzten bidearen konponketak. Hala, San Adrian baztertuta geratu zen, baina ez zuten erabat utzi. Mikeleteen etxeak hantxe eutsi zion, eremua zaintzeko eta bidesaria kobratzeko, harik eta 1911n suak hartu zuen arte.

Iragana etorkizuneko teknologien bidez

Proiektuaren helburua tunelaren erradiografia osoa egitea zen. Alfredo Morazak dioenez, “horrek esan nahi du une honetan haitzuloa amilduz gero, zehatz eta osorik berreraikitzeko gai izan beharko genuela”. Hortaz, haitzuloaren azalera osoa fotogrametria bidez, milimetroz milimetro, neurtu dute Inertek bizkaitar enpresako kideek. Ikerlariek hiru dimentsioko eredu zehatza dute haren gainean lan egiteko.

Eredu horretan oinarrituta eta aurrez azaldutako lau aldi nagusiak kontuan hartuta, hiru dimentsioko haitzulo birtualari garaian garaiko elementuak erantsi dizkiote eta bideoa osatu dute. Ikuslea lau aldiz sartzen da San Adriango tunelean eta garai bakoitzean haitzuloak zuen itxura ikusten du. Berregite historikoa edonork ikus dezake Interneten.

Ikerlarientzat balio handia du tresna horrek, “haitzuloaren funtzionamendua eta historikoki izan duen eboluzioa hobeto ulertzen laguntzen digulako eta aurrerantzean egin beharreko lanak bideratzen ere lagunduko digulako”. Baina bereziki San Adriango igarobidearen ikerketan parte hartzen ari diren zientzia alorretan adituak ez direnei, ikerketaren datuak ulertzeko gai ez direnei zuzendua dago bideoa. Proiektuaren helburua, ikerketa bera burutzeaz gain, emaitzak gizarteratzea baita.

Tunela gizarteari zabaltzeko

Arkeologoa, zimendu bat aurkitzen duenean, haren gainean zegoen egitura guztia irudikatzeko gai da. Baina Lizarraten sartzen den oinezkoak haitzuloko horma biluziak baino ez ditu ikusiko. Bideoak denboran bidaiatzeko aukera ematen dio, nolabait, adituak ulertzen duena begiez ikusteko. Baina ez da hori San Adriango ikerketa herritarrei hurbiltzeko bide bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brontze Aroa
Brontze Aroko New York

Itai Elad, Yitzhak Paz eta Dina Shalem ikerlariek halaxe definitu dute En Esur aztarnategia (egungo Israel).


Historiaurreko biberoiak

Bavieran (Alemania) Brontze eta Burdin Aroko haurren hilobietan aurkitutako buztinezko zenbait ontzitan esne arrastoak aurkitu dituzte. Ontzitxoak 5-10 cm zabal dira eta albo batean zulotxo bat dute.


Emakumeek zabaldu zuten Brontze Aroa

Lech ibaiaren haranean, Austria eta Alemaniaren arteko mugan, duela 4.000 urte inguru ehortzitako 84 banakoren arrastoak aztertu dituzte eta emaitzak PNAS aldizkarian argitaratu.


4.000 urteko 'tupperware'-a Alpeetan

Duela bost urte egurrezko ontzi biribil bat aurkitu zuten Suitzako Alpeetan, Lötschenpass gainetik gertu, 2.650 metroko altitudean. Objektua aztertu ondoren, emaitzak Scientific Reports aldizkarian jakinarazi berri dituzte.


Elikadura-sexismoa Brontze Aroko Txinan

Txinako erdialdeko lautadan, Ibai Horiaren arroan aurkitutako hainbat giza hezur aztertu dituzte, isotopo egonkorren analisiaren bidez. Eta Proceedings of the National Academy of Science aldizkarian jakinarazi dutenez, gizonezkoek eta emakumezkoek dieta oso desberdina zutela... [+]


Eguneraketa berriak daude