Salbuespen egoera Frantzian: etxetik urruntzea debekatutako baten lekukotza

  • Ariege (Frantziako Hegoaldean, hiriburua Foix) departamenduan bizi da François Hollandek ezarritako salbuespen egoeragatik etxean egotera derrigor behartutako herritar ugarietako bat. Politis astekarian plazaratu du gutun irekia: "Lettre d’un assigné à résidence contre «l’arbitraire»". Sarreran, aldizkariak salatzen du gerraren aitzakian militante ekologistak isilarazi nahi dituela gobernuak


2015eko abenduaren 04an - 14:06
Jendarmeek etxetik urruntzea nola debekatu dioten kontatu du herritar batek Politis aldizkarian.

Mas d’Azil herrian (okzitanieraz Lo Mas d'Asilh, 1.200 biztanle) etxeratze agindua duen baten gutuna

Azaroaren 26an, 17:30ean, herriko hiru jendarme etorri zaizkit etxera “assignation à résidence” ezarri didatela abisatzeko. Paper bat utzi didate, Barne ministroak sinatua. Aipatzen dituen legeetatik berriena duela hamar egunekoa da, fresko iritsi da beraz.

 

Beraz, beharrezkoa da “COP21 deitu klimaren aldaketei buruzko Nazio Batuen biltzarraren seguritatea segurtatzea”, eta ikusirik “mehatxu terroristaren larritasuna”, nahitaezkoak dira “neurri bereziak”. Horra (justifikazio gehiagorik ez). Ez da komeniko ekologista ero eta odolzaleak etortzea “segurtasun indarrak” (indar errepresiboak) beren lanetik “distraitzera”, hain baitaude okupatuak “mehatxu terroristaren kontra borrokatzen”, esan nahi baita, edonon miatzen eta edonor etxean egotera derrigortzen.

Bon, txikikeriak utziko ditugu. Dena dela, egunero hiru aldiz sinatu behar dut [jendarmerian] nire etxetik 18 kilometrora abenduaren 12ra arte. Beraz, 1.728 kilometro, hori bai karbono balantzea! Gainerako orduetan ezin naiz herritik irten, nire etxetik ere ez 20:00etatik 06:00etara.

Baina azaldu behar zuten ni ekologista ero eta odolzale horietakoa naizela. Ez da arazorik: “Kontsideratuz M. X. (…) prestatzen ari dela Parisera joatea COP21 burutzen den egunetan”. A, hori beste gauza da. “Prestatzen ari da!”. Ez da frogarik, ez zantzurik, deus ez. Ondoren paperak aipatzen ditu antzina egindako zenbait delitu txiki, dagoenekoz epaituak. Gero aipatzen du nire ingurua: mugida kontestatarioa. Ahaztu gabe “indibiduo talde baten kide” naizela.

Argitu behar da derrigorrezko etxeratzea eta egunero hiru aldiz kontrola pasatu beharra zigor bat dela. Ez da prebentziozko neurria. Eskuturreko elektronikoa ematea bezalatsukoa da.

Zigor hau ezartzen dizute ez instrukziorik, ez epaiketarik, ez frogarik eta ezta lege hausterik ere egon gabe. Perfil bat zigortzen da, hots, ez naute zigortzen zerbait egin dudalako, zerbait naizelako edo naizela uste dutelako. Betikoa da: nitaz aipatzen dituztenak epaituak izan baitira, bigarrenekoz zigortzen naute. Eta hurrengo batean paperak lerro bat gehiago ekarriko ote du: "Pertsona hau halako egunetik halako egunera etxean egotera derrigortu zuten?". Nire kasua bere kasa joango da larriagotuz…

Apelazioa egin dezakezu auzitegi administratibo batean: erantzuna, abokatuak esan didanez, urte eta erdiren buruan iritsiko litzateke. Beraz, nire etxeratze aginduan dauden akats larriez (adibidez, nire herritik irtetea debekatu eta aldi berean firmatzera beste herri batera joatera behartu…) ez daukat inori apelaziorik egiterik: zigor honek ez du apelaziorik.

Ondo ulertu, ez naiz nire errugabetasuna aldarrikatzen ari. Badakigu “errugabeak” izendatzeak justifikatzen duela besteen, “errudunen” kontrako errepresioa. Ez da errudun eta errugabe kontua, eta hau ez da esaera hutsala: jendarmeriara noanean firmatzera, jende gehiago ere egoten da han, bizardunak, buruan zapiak daramatzatenak. Bost axola niri une horretan haien “perfila”: ez dut haiengan ikusten ezarri diguten egoera berdina baizik, hau da, zanpatu egiten gaituztela. Errepresioak ez gaitu banatu behar errudun eta errugabe artean, aitzitik, izan behar du aukera erakusteko gutxieneko solidaritatea “militante ekologista” direnekiko edo etengabeko infernua nozitzen duten milaka musulmanekiko. Nire kasuak baldin badirudi ubueskoa, arbitrarioa edo erokeria, zer esan larrialdi egoera ezarri zutenetik atxilotzen, umiliatzen, etxeratzera behartzen, miatzen, espetxeratzen, lanetik kaleratzen dituzten ehunka pertsonez? Niri dagokidanez, hamabost eguneko kontua izanen da normalean, baina beste batzuentzako etxeratze aginduak ez du epe mugarik!

Larrialdi egoeraren lehen erabakia da “erreibindikaziozko” manifestazioak galaraztea; aldiz, futbol partiduak mantentzen dira, merkatalguneek zabalik diraute, eta Estatu buru ugari iritsiko omen dira Bourgetera [COP21ko ekitaldi nagusiaren egoitza]. Munduari erakutsi nahi zaio dena ondo doala hemen (Frantzian) eta klimari buruzko biltzarrean dena konponduko dela, mundu osoa eta gainerakoa, eta ez dela ezer gertatuko.

Maldan behera bezala (“libertateak” zaintzeko ezabatu egiten dira, “giza eskubideen herrialdeak” erabakitzen du “giza eskubideen Europako hitzarmena ezabatzea”, eta abar) pasatzen ari gara balizko “zuzentasun estatu” batetik bere bertsio totalitario eta arbitrariora, hau da, zuzenbiderik gabekora (eta ez dut esajeratzen).

Errepresioaren logika estentsibo honen logika ezaguna da. ADN arrastoak hartzea hasieran pedofiloentzako baizik ez zen aurreikusi, eta gaur egun delitu guztiei aplikatzen diote. Errepresioak ez du espezifiko izateko helbururik, orokor bilakatu nahi du beti. Vigipirate plana hasieran hilabete batzuetarako ezarri zuten, geroztik ez dute kendu. Errepresioa ez da denbora baterakoa izaten, betirako geratu nahi izaten du.

Bukatzeko, bakarrik falta da esatea ehunka musulman atxilotu dituztenetik ez dela atentaturik izan, eta horrek frogatzen duela eraginkorra dela! Ez gaitezen errepresiora ohitu. Manifesta gaitezen. Izan gaitez solidario. Utikan larrialdi egoera!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azaroaren 13ko atentatuak Parisen
2017-08-24 | ARGIA
Perre Conesa
"Saudiarren diplomazia erlijioso militarizatuak mundua mehatxatzen du"

Pierre Conesa (1948) Frantziako Defentsa ministerioko goi-funtzionario erretretaduna elkarrizketatu du Afrique-Asie hilabetekariak uztail-abuztuko zenbakian, Bartzelonako gertakizunak baino lehen. Pasarte txiki bat euskaratu dugu, non Afganistango gerratik gaur arte luzatu den... [+]


2016-04-10 | Itxaro Borda
Citta dolente

Parisko multzo hilketa odoltsuen ondotik, hona Brusela, bihotzean kolpatua: Dante miresgarriaren infernuko aurreneko kapituluetan igeri zebiltzala, uste bide zuten hiritarrek Zaventemeko aireportuan edo Maelbeek metro geltokian harrapatuak suertatu zirenean: “Hemen sartzen... [+]


2016-01-27 | ARGIA
Taubirak Frantziako Justizia Ministerioa utzi du, Valls indartuz

Askotan iragarri eta beste hainbestetan gezurtatutako albistea asteazkenean bihurtu da egi: Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak dimititu egin du.


Galindoren ikasle izandakoa “terrorismoaren aurkako” Europako buru

Astelehenean martxan jarritako Europako Terrorismoaren Aurkako Zentroko buru izango da Manuel Navarrete Guardia Zibileko koronela. “Terrorismoaren aurkako borrokan" duen esperientziagatik aukeratu dute: 1985ean abiatu zuen karrera Intxaurrondoko kuartelean.


Beziersko auzapezaren milizia herritarra bertan behera utzi du epaitegi batek

Montpellierreko (Okzitania) auzitegiak atzera bota du Beziers hiriko alkateak herritarren milizia osatzeko abenduaren 1ean argitaratutako udal araua. Fronte Nazionalaren gertukoa den Robert Menard alkatearen enegarren erabaki polemikoa izan da.


Eguneraketa berriak daude