Sagardoak orain Jatorri Izendapena du

  • “Euskal Sagardoa” zigilua duten botilak kaleratu berri dituzte. Zigilu horrek bermatzen du botila horretako sagardoa bertako sagarrarekin egina dagoela eta kalitatea. 36 sagardotegik dute Jatorri Izendapen hori, guztira 1.320.000 litro sagardok. Oraingoz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardotegiak dira guztiak, etorkizun batean Nafarroakoak ere sartzea posible den arren. Deitura honen helburu nagusiak sagardoa balioztatzea, bertako sagarra indartzea eta sektorea batzea dira.


2017ko abuztuaren 16an - 10:59

“Euskal Sagardoa” hitzak idatzita eta sagar gorri bat margotuta dituzten lehen botilak Euskal Herriko dendetako apaletan agertzearekin batera desagertzen hasiko dira “Eusko Labela” idatzita dutenak. Ekainaren 5ean izan zen Jatorri Izendapena duen sagardoaren aurkezpena eta egun batzuk lehenago hasi zuten merkaturatzea.

Gaur egun, urte on bat denean, bertako sagarrarekin eginiko sagardoa %50-%60 izaten da. Iaz %30 soilik. 15 urteren buruan sagarrarentzako hektareak zabalduta sagardo guztia bertako sagarrarekin eginikoa izango dela aurreikusten dute

Bertako sagardoaren aldeko hautua garrantzitsua izan da azken urteotan, horixe nabarmendu du Unai Agirre Goiak, sagardoak Europako zigilua lortzeko lantaldearen koordinatzaileak: “Jarraipena da hau, Labela sortu zenean argi genuen helburua Jatorri Deitura ateratzea zela. Eusko Labela abiapuntua zen”. Euskal Herrian badira Jatorri Deitura duten produktuak jada, beraz, Arabar Errioxako, Nafarroako eta Irulegiko ardoak, Txakoliñak eta Idiazabal, edo Ossau-Iratyko gaztak osatzen duten taldeari bertako sagardoa batu zaie. Zigiluak sektoreari indarra emango diola pentsatzen dute, eta beharrezkoa dela ere bai.

Jatorri deitura honek bi oinarri bermatuko ditu: botila horretako sagardoa bertako sagarrekin egina izatea eta kalitate bermea edukitzea. “Sektorearen zati handi batek duela urte batzuk ikusi zuen bertako sagarrarekin eginiko sagardoa kontsumitzaileari nolabait bereizita emateko beharra, eta, bestetik, bertako sagarraren aldeko lana egitea ere beharrezkoa iruditzen zitzaigun”. Aurtengo sagardoaren produkzioaren %12 izango da bertako sagarrarekin Jatorri Deiturarako eginikoa, eta guztira 1.320.000 litro inguruk izango dute “Euskal Sagardoa” izena idatzita.

Sagardo horiek guztiek analisiak eta panel organoleptikoa pasa beharko dituzte. HAZI Fundazioak ziurtatuko du prozesu osoa, sagastitik hasi eta botilara arte. Fundazio berak ziurtatuko du etorkizunean Gorenak marka ere. Horiek biak izango dira hemendik aurrera kalitatea ziurtatuko duten bi zigiluak: Euskal Sagardoa eta Gorenak. Euskal Sagardoa %100 bertako sagarrarekin eginikoa izango da eta Gorenak bertan egina baina han-hemengo sagarrak erabiliz.

Oraingoz, 2016ko uztarekin sagardoa eginiko 36 sagardotegik osatuko dute izendapena; guztiak Araba (2 sagardotegi), Bizkaia (5 sagardotegi) eta Gipuzkoakoak (29 sagardotegi) dira. Oraingoz, hiru herrialde horiek daude izendapenaren barnean. Hala ere, Nafarroako sagardotegiek ere azaldu dute parte hartzeko interesa eta Ipar Euskal Herrikoek ere gogoa izango balute beso zabalik hartuko lituzketela nabarmendu dute. Argi izan dute hasieratik Euskal Herria osatzen duten herrialdeak sartzeko asmoa eta nahia.

Fruitel Elkarteko presidente Antxon Mendiak ere gogotsu hartu du prozesua. Sagargile honi iruditzen zaio Jatorri Deiturak sagardoa baloratzeko eta sagardo motak bereizteko balio lezakeela: “Azken hitza kontsumitzailearena da. Kontsumitzaile askok ez dituzte sagardoak bereizten, guztiak berdinak direla uste dute, baina ez da horrela. Bereizten jakin behar da, eta horretan lagundu lezake Euskal Sagardoak”.

Sagardo botilak babes beharrean

Mendiak eta Agirrek ideia bera nabarmendu dute: eroslearen laguntza behar dute, sagardoa botilan ez dagoelako baloratuta; horixe da gaur egun sektoreak duen arazo nagusia. Sagardotegien indarra uka ezina da, baina produktuak berak balio gutxi du merkatuan. “Kontsumitzen da, merkatuan saltzen da, baina bai prezioan baita jendeak sagardoarekiko duen ikuspegian arazo bat dugu. Produktuari ematen zaion tratua ikustea besterik ez dago, balioztatu egin behar da, bai edo bai”, ziurtatu du Agirrek.

Antxon Mendia, Fruitel Elkarteko presidentea: “Prezioa igo beharko litzateke. Ezin da guztia hobekuntza izan eta prezioa duela 10 urtekoa mantendu”

Ideia horretatik bertatik dator Jatorri Izendapen hau. Sagardoari balioa emateko modu oso interesgarria iruditu zaie, kontsumitzaileari lehen aipatutako bi ezaugarriak bermatuko dizkiolako zigiluak: bertako sagarrarekin eginikoa izatea eta kalitate handia edukitzea. “Horixe du funtzio nagusia, bertako sagardoari bere lekua ematea”. Horrez gain, sektorea batzea ere badu helburu. Sagardotegi asko eta elkarte ezberdinak daude, eta denen artean azken urteetan ez da erabateko harremanik egon Agirreren hitzetan, eta sektorean hori lortu behar dutela dio, guztiek norabide berean jotzea da epe motz edo ertainera begira duten xedea.

Proiektu honetan lehengaiari berebiziko garrantzia eman diote, iruditzen zaielako sagargilearen lekua indartu beharra dagoela. “Produktua ez badago balioztatuta, sagardoa egiteko sagarra oraindik gutxiago. Botilatik dirurik lortzen ez denez, sagarra oso gutxi ordaindu daiteke”, nabarmendu du Agirrek.

115 sagar mota, Euskal Herrian

Sagardoa egiteko bereziki 15-25 sagar mota erabiltzen badira ere, momentu honetan 115 dituzte bereizita, guztiak bertakoak. “Euskal Herrian sagar asko nahasteko ohitura dago”, dio Agirrek. Inguru bakoitzak bere sagar motak ditu, herrialde bakoitzak bere barietateak izaten ditu, eta inguruaren arabera ere ezberdinak izaten dira. “Gure ustez hemen dugun altxor bat da sagarra, urteetan landutakoa. Egun izendatuta bertako 115 baditugu ere, kalkulatzen dugu askoz ere gehiago badaudela”.

Unai Agirre, Europako zigilua lortzeko lantaldeko kidea: “Altxor bat da sagarra, urteetan landutakoa. Egun izendatuta bertako 115 baditugu ere, kalkulatzen dugu askoz ere gehiago badaudela”

Bertako sagarra asko aldatu dela goraipatu dute, geroz eta kalitate hobea duela. Lehengaiaren zainketa asko aldatu da eta horrek kalitatea handitzea ere eragin du; geroz eta alternantzia txikiagoa du sagarrak, besteak beste. “Leku ezin hobea dugu sagarra egiteko, kalitate izugarria du hemengo sagarrak, milaka urtean hobetu da, sagardorako hobetutako barietateak dira”, dio Agirrek. Askotan produktibitatean lehiatu nahi izaten dugula dio, eta Euskal Herria ez dela hektareako kilo asko produzitzeko lekua, baina kalitatea bada bertako ezaugarria, eta hori bada lehia-esparru. “Egoerari buelta eman behar diogu. Bretainia edo Normandiako kopurutan produzitu nahi badugu kosta egingo da, baina gure lurrek kalitate izugarria ematen dute, eta gure lana horra bideratu behar dugu”.

Gaur egun, urte on bat denean, bertako sagarrarekin eginiko sagardoa %50-%60 izaten da. Iaz %30 soilik. 15 urteren buruan sagarrarentzako hektareak zabalduta sagardo guztia bertako sagarrarekin eginikoa izango dela aurreikusten dute.

Geroz eta gehiago dira bertako sagarra lantzearen alde egiten dutenak, azken urteetan bide batetik edo bestetik bertakoaren aldeko diskurtso eta ideiak asko indartu direla nabarmendu dute. Batetik, eskerrak eman dizkiote Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiei, bertakoa lantzeko eginiko apustuagatik, eta bestetik, azken urteetan sagargileek eginiko esfortzua baloratu dute. “Baserritar askok sagardorako sagarra osagarri gisa erabiltzen du, ez dira hortik bizi”, nabarmendu du Fruitel Elkarteko presidente Mendiak. Sektorea egiten ari den ahalegina kontsumitzailearengana iristea garrantzitsua iruditzen zaie biei. Kontsumitzaileak honetaz konturatu behar duela uste dute, sektorea kontzientziatzen ari dela, lehen urratsa hori dela, baina kontsumitzailearengana iristea ezinbestekoa dela. “Sagardoa bertako produktu bat da, eta kontsumitzaileak hori baloratzea nahiko genuke”, dio Agirrek.

Horixe da proiektu honen helburu nagusietako bat, sagardoa balioztatzea eta kate guztia osatzen dutenek irabaztea: bai baserritarrek eta sagar produktoreek, eta bai sagardotegiek eta elaboratzaileek. “Prezioa igo beharko litzateke. Ezin da guztia hobekuntza izan eta prezioa duela 10 urtekoa mantendu”, nabarmendu du Fruitel Elkarteko presidenteak. Ideia berari heldu dio Agirrek ere.

Jatorri Izendapen honen barnean erabakitzeko ahalmena sektoreak berak izango du. Sagargileena izango da mahaian erabakitzeko gaitasunaren %50 eta beste erdia sagardogileena. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ere izango dute parte-hartzea Kontseilu Arautzailean, baina botorik ez. Botoa eta azken hitza sektorea osatzen dutenena izango da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017 uda
2017-08-18 | Jon Torner Zabala
Emakumeak kirolean
Musuen gibelean loratzen diren arazo estrukturalak

Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da. Apurka-apurka, baina, gauzak aldatzen ari dira, bai joko-eremuan, baita handik kanpo ere, txirrindularitza probetako podiumek erakusten duten moduan, zeresan gehien eman duen auzia aipatzearren. Azafaten inguruko eztabaidak, zeharka bada... [+]


2017-08-17 | Eneko Barberena
Etxauzia
Bada autopista bat Durangotik Santanderrera...

Eta bide kaxkarrez joan behar dugu, sasirik sasi Baxenabarrera. Egunkari baten orri politikoenak politika ataletik at direnak badira, azpiegiturek mapan egiten duten lerro zuzena ez du Jainkoaren eskuak marraztu. Hark egin zituen bereak Maradonaren gol ospetsuan.


2017-08-16 | Unai Brea
Gizartea prest dago eutanasiarako, erakundeak itxuraz ez

Sendatzerik ez duen gaixoari medikuak hiltzen laguntzea, edo bestela esanda eutanasia, munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez dago legeztatuta. Euskal Herriari dagokionez, Paris eta Madrilgo parlamentuek, aukera duten bakarrek, egoera hori aldatzeari uko egin diote berriki... [+]


2017-08-16 | Mikel Asurmendi
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"

Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje... [+]


Eskola jazarpena
Harreman osasuntsuak helburu

Nabarmen egin dute gora bullying kasuen salaketek, neurriak hartzen ari dira ikastetxe gero eta gehiagotan, jazarpenari aurre egiteko planak dituzte administrazioek… Ikasturte honetan (ere) gai beroa izan da hau, eta hezkuntza komunitatea tinko ari da lanean, ikasleak... [+]


Eguneraketa berriak daude