Egungo egoerara iristeko lau faktore klabeak

  • Katalunian gertatzen ari denaz artikulu bat idazteko une gaitzenean ateratzen da kalera ARGIAko Aktualitatearen Gakoak. Madrilekiko negoziazioa itxita, Generalitateak uda ondorengorako deitu du erreferenduma. Bertan, katalanei galdetuko zaigu ea estatu independentea bihurtu nahi dugun ala ez.


2017ko abuztuaren 02an - 08:42
Erreferendumaren Legearen aurkezpena Kataluniako Legebiltzarrean.

Loteslea izango da, emaitza aldekoa bada, Parlamentuan gehiengoa duten indar independentistek independentzia aldarrikatuko baitute, bereziki partehartzea handia bada. Espainiako Estatuak 1936tik, edo seguruenik 1898tik, bizi izan duen krisi politikorik handiena ekarriko du honek. 

 

Gaitza da irudikatzea zer gerta litekeen hortik aurrera. Zalantzarik gabe, borroka bi esparrutara zabalduko da: lurraldearen egiazko gobernua eta nazioarteko onarpena. Erabat lotuta daude bi esparruak eta Europar Batasunean ez dugu halako aurrekaririk. Estatuko gainerako nazioen erantzuna ere garrantzitsua izango da, bereziki Euskal Herrikoa, eta baita ere legebiltzar espainiarraren herena erabaki eskubidearen aldekoa dela, eta honek ez du edozein modutan onartuko egoera errepresio bidez itotzen saiatzea.

 

Edozein kasutan honaino iritsi gara eta horri buruz ere dagoeneko atera daitezke ikasgai batzuk, euskal irakurlearentzat seguruenik interesgarriak izan daitezkeenak. Honakoak lirateke garrantzitsuenak: Kataluniako politikariek Ibarretxe planaz ikasi zutena; mugimenduaren motore gisa gizarte zibilak duen indarra; independentziaren gauzatzeari buruzko diskurtso serioa eta zehatza izatea, kontrastatua; eta batasun politikoa.

 

Ibarretxe Plana. Kataluniako politikariek arreta handiz jarraitu zuten Ibarretxe plana eta honen amaiera latza. Ibarretxe Kongresuan izan eta gutxira elkarrizketatu nuen Artur Mas eta zera esan zidan: “Azken botoa ezin daiteke Madrilen izan, hori behintzat ikasi dugu”. Estatutuaren aurkako estatu kolpearen magaletik sortu zen independentzia prozesua eta berau dinamika nazionalean soilik oinarritu da. Inongo momentutan ez da planteatu estatuaren partehartzea eskatuko lukeen formularen bat, nahiz eta beti berretsi den hobe litzatekeela Eskoziakoa moduko prozesua aldebakarrekoa baino. Legebiltzarrean gehiengoa irabaztearen estrategia, beraz,  garrantzitsuena izan da, horrek zilegitasuna eman diolako Kataluniari, baita Estatuarekin aurrez aurre jarduteko ere. Azaroaren 9ko erreferendumak, bestalde, hegoak eman zizkion mugimenduari eta irabaztea posible zela erakutsi zuen; oso argi ikusi zen Espainiako Estatua ez zela Katalunia gobernatzeko gai, porrot egindako estatua zen.

 

Gizarte zibilaren indarra. Autodeterminazio mugimendua gizarte zibilaren bultzadaren fruitu dela errepikatu da, bereziki ANCk ordezkatua. Eta egia da. Irailaren 11ko mobilizazioak motore handia eta erakusleihoa izan dira, jakina; baina ANC agertu aurretik, kontsultak izan ziren eta hauek jarri zuten orain gertatzen ari denaren oinarriak. Independentzia egiazko helburu gisa normaldu zuelako, eta Junts pel SÍ ekarriko zuen gehiengoa josi zuelako herriz herri. Garai hartan etsai amorratuak ziren CDC eta ERC, baina ohartu ziren pentsatu baino gauza gehiago partekatzen zutela eta elkarren arteko desberdintasunak leuntzen hasi ziren. Horrez gain, lurraldean zehar gauero egindako hitzaldiak ere hor dira, ez da alderik ikusgarriena, baina bai giltzarri eta, batez ere, indarrak biltzeko mugimenduak izan duen ahalmenaren erakusgarri. Batzuetan 30 hitzaldi ere egin izan dira egun bakarrean eta, azken sei urteetan, ez da ia egunik egon hitzaldirik egin gabe.

 

Diskurtso serioa eta koherentea egituratzeko ahalmena. Gutxien ikusi den zutabea da hau, baina ene aburuz sekulako garrantzia du. Kataluniako Estatura heltzeko eta independentzia prozesua nazioarteko egoerarekin josteko moduaz diskurtso koherentea egituratu da, eta hori giltzarri izan da mugimenduari sinesgarritasuna emateko. Esparru honetan berebizikoa izan da Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluak egindako lana; Carles Viver Pi i Sunyer Konstituzio Auzitegiko magistratu ohiak gidatzen du berau eta zehaztasun milimetrikoarekin marraztu du nola pasatuko garen Kataluniako autonomiatik Kataluniako Errepublikara. Galdera guztiek dute erantzuna eta horrek asko erraztu du parlamentuaren eta gobernuaren lana.

 

Batasun politikoa. Orain arte aipatutako guztia garrantzitsua da, baina erabakigarriena da autodeterminazioaren aldeko indarren batasun politikoa. Katalunian eraiki dena itzela da. Gaur egun, munduko inongo lekutan ezin da aurkitu Katalunia independentziara daraman koalizioaren moduko bat. Kristau demokraziatik eta liberalismotik antikapitalismoraino dagoen tarte erraldoi hori eskuzabaltasunez eta elkarrizketaz bete da. Denek egin dituzte egundoko ahaleginak. Artur Masek  lehendakaritzari uko eginez. Carles Puigdemontek bere alderdiari uko eginez. Oriol Junquerasek erraz irabaziko zituen hauteskundeei uko eginez. Militante sozialista, komunista edo berdeak Junts pel Sín sartuz. CUPek une giltzarrietan eman beharreko botoa ematen eta Espainiako ezkerraren presioari eusten…

 

Faktore hauen guztien konbinaketa da gaur egun bizi dugun egoeraren oinarrian. Zalantza barik, une erabakigarrian sartzera goaz. Zortzi urte pasatu dira Bruselan 10.000koen manifestazioa egin eta Arenys de Munten erreferenduma egin zenetik, gaur egungo estrategia sortu zuten bi une klabeak. Eta zazpi urte, konstituzionalaren epaiaren ondoren ehunka mila katalan kalera independentzia eskatuz atera ginenetik. Sekulako lana egin da eta estatuak jarraitzen du dena zabartu nahian. Hobe hala, bere akatsak izan baitira gaur honaino iristea azaltzen duen beste faktore klabea.

 

Vicent Partal, Vilaweb agerkariko zuzendaria da


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017 uda
2017-08-18 | Jon Torner Zabala
Emakumeak kirolean
Musuen gibelean loratzen diren arazo estrukturalak

Kirola tradizioz gizonezkoen eremua da. Apurka-apurka, baina, gauzak aldatzen ari dira, bai joko-eremuan, baita handik kanpo ere, txirrindularitza probetako podiumek erakusten duten moduan, zeresan gehien eman duen auzia aipatzearren. Azafaten inguruko eztabaidak, zeharka bada... [+]


2017-08-17 | Eneko Barberena
Etxauzia
Bada autopista bat Durangotik Santanderrera...

Eta bide kaxkarrez joan behar dugu, sasirik sasi Baxenabarrera. Egunkari baten orri politikoenak politika ataletik at direnak badira, azpiegiturek mapan egiten duten lerro zuzena ez du Jainkoaren eskuak marraztu. Hark egin zituen bereak Maradonaren gol ospetsuan.


2017-08-16 | Unai Brea
Gizartea prest dago eutanasiarako, erakundeak itxuraz ez

Sendatzerik ez duen gaixoari medikuak hiltzen laguntzea, edo bestela esanda eutanasia, munduko herrialde gutxi batzuetan baino ez dago legeztatuta. Euskal Herriari dagokionez, Paris eta Madrilgo parlamentuek, aukera duten bakarrek, egoera hori aldatzeari uko egin diote berriki... [+]


2017-08-16 | Mikel Asurmendi
Julio Villar, bidaia bizimodu
"Idaztea jokoa da, bizitzea aldiz betebeharra"

Donostiako Bulebarrean hartu dugu hitzordua Julio Villarrekin (Donostia, 1943). Mendizalea, eskalatzailea, marinela, abenturazalea...: “Ez naiz abenturazalea, pertsona normala naiz, beste edozein jende bezala”. Eh, Petrel! Cuaderno de un navegante solitario eta Viaje... [+]


Sagardoak orain Jatorri Izendapena du

“Euskal Sagardoa” zigilua duten botilak kaleratu berri dituzte. Zigilu horrek bermatzen du botila horretako sagardoa bertako sagarrarekin egina dagoela eta kalitatea. 36 sagardotegik dute Jatorri Izendapen hori, guztira 1.320.000 litro sagardok. Oraingoz, Araba,... [+]


Eguneraketa berriak daude