Protesta egin dute martxoaren 3ko gertakariak oroituz

  • Milaka pertsonek egin dute protesta 1976ko martxoaren 3ko gertakariak oroituz; antolatzaileen arabera, 12.000 herritarrek esku hartu dute manifestazioan. Ostegunean 40 urte bete ziren.


2016ko martxoaren 04an - 11:50
12.000 pertsona bildu zituen manifestazioak, antolatzaileen esanetan. (Arg: Alea)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Martxoak 3 Plazara iristean, biktimen familietako bi kidek hartu zuten hitza. Haien aburuz, “40. urteurrenaren harira antolatu diren zitak ikusita, amaitu da biktimek urtetan jasan behar izan duten ahanztura”. Bestalde, gertaturikoa onartzea eta biktimak politikoki zein judizialki errekonozitzea eskatu zioten Espainiako Gobernuari.

Egun hartan hildako bost langileak eta zauritutako ia ehun pertsonak omentzeaz gain, horientzat “justizia” eta “terrorismoaren biktima” aitortza eskatu zuten. ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolaturiko manifestazioak hainbat alderdi politikoren babesa izan du.

Instituzioek ere esku hartu dute protestan; Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak izan zuten oroitarrietan loreak uzteko ardura. Urtaranek proposatu du martxoaren 3ko gertakariak auzitara eramatea; Udala akusazio gisa aurkeztuko litzateke. Alkatearen proposamena aztertuko dute alderdiek.

Espainiako poliziak tiroz hil zituen Pedro Maria Martinez Ozio, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Francisco Aznar eta Bienvenido Pereda, lan baldintza duinak aldarrikatu nahian Gasteizko San Frantzisko elizan egindako langile batzarretik irtetean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Eguneraketa berriak daude