Plastikozko pinportak iritsi al dira gure hondartzetara? Bai, aspaldi


2024ko urtarrilaren 17an - 09:44

Abenduaren 8an, Viana do Castelo inguruan, Toconao merkantzia-ontziak plastikozko pinportak edo ‘pelletak’ zituen 25 kiloko mila zaku inguru itsasora isuri ostean, Galiziako kostaldean agertu dira. Dagoeneko Galiziako ia kostalde osoan 52 zaku aurkitu dituzten arren, badaude larriki kutsatutako guneak, tartean Muros eta Noiako itsasadarra. Istripuan isuritako plastikozko pinporten kopurua 800 milioi eta 1400 milioi artekoa dela estimatzen da. Xuntak arazo honekiko erakutsi duen arduragabekeriak eragin duen marmarrak bultzatuta, beharbada, Eusko Jaurlaritza hainbat neurri proposatzen hasi da. AZTIko ikerlariek pinportak zenbait asteren edo hilabeteren buruan gure kostaldera heldu daitezkeela aurreikusi ostean, Ingurumen saileko Arantxa Tapiak esan du “ekintza-mekanismoak” diseinatzen ari direla itsasertzera heldu aurretik harrapatu ahal izateko. Istripuak sortu duen ingurumen-krisia hartzen ari den sona eta jendearen txundidura ikusita, badirudi ingurumen auzi erabat berri batekin topo egin dugula. Baina, hala al da?

“Pelletak” petroliotik eratorritako polimero plastikoak dira, eta lehengai modura erabiltzen dira urtu eta plastikozko objektu desberdinak sortzeko. Plastikoen ekoizpena ikaragarri hazi zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, beraien propietateengatik eta ekoizpena oso merkea zelako. Plastikozko pinportek kostaldean sortutako kutsadurari buruzko lehen ikerketak 1972tik datoz, baina azken hamarkadetan hasi dira ugaritzen, eta, horrela, mikroplastikoei buruzko jakintza osatzen.

Euskal kostaldean eta, oro har, Bizkaiko Golkoan pinporta horiei buruzko lehen ikerketak, mikroplastikoei buruzkoekin batera (pinportak mikroplastikoen artean sailkatu ohi dira), 2010eko hamarkadakoak dira. 2016tik aurrera, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikagai eta Ingurumen Ministerioak, CEDEX erakundearen bitartez, Espainiako Estatuko hainbat hondartzatan agertutako pinportei eta, oro har, mikroplastikoei buruzko txostenak argitaratu ditu; tartean, Itzurungo hondartzako (Zumaia) kasua. Emaitzak argiak dira: pinporten presentzia Bizkaiko Golkoan aztertutako hondartza guztietan nabarmena izan da azken urteetan.

Txostenek argi erakusten dute plastikozko pinporten arazoa ez dela Galiziatik orain datorkigun zerbait

Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa taldearen 2023ko lan batek ere plastikozko pinporta horien presentzia Sopelako eta Gorlizeko hondartzetan nabarmena dela frogatzen du. Txostenaren arabera, 2022an eta 2023an egindako laginketek honako hau erakutsi dute: itsasgorak utzitako lerroan zentimetro bateko sakonera, metro bateko zabalera eta, lerro horri jarraituz, 200 metroko luzera duen kubo bat hartuko bagenu, Sopelako Atxabiribil hondartzan 6.000 pinporta egongo liratekeela estimatzen da, eta 1.000 pinporta Gorlizeko hondartzan.

Baina, nondik datoz bolatxo hauek? Sistematikoki isurtzen ari dira ala istripu txikietatik datoz? Zein da isurketa hauen erantzulea? Zergatik ez da hitz egin eta irtenbiderik proposatu orain arte? Arazoari behar duen atentzioa eman eta ikerketa gehiago egin ezean, pinporta hauek isurtzen ari direnek inpunitate osoz berdin jarraitu ahalko dute. Gainera, pinportei buruz bakarrik hitz egiteak errealitatean dagoen arazoa asko sinplifikatzen du; izan ere, pinportek hondartzetan aurki daitezkeen mikroplastikoen herena baino zerbait gehiago osatzen dute, baina badira beste forma batzuetakoak ere, askoz kopuru handiagoan.

Beraz, txostenek argi erakusten dute plastikozko pinporten arazoa ez dela Galiziatik orain datorkigun zerbait, orokorrean, jendeak uste duen bezala. Badakigu pinporta formako mikroplastikoen arazoak hemen gutxienez zortzi urte badituela, eta zentzuzkoa da pentsatzea hamarkadak igaro direla pinporta hauek gure ekosistemetan zeudela jakin gabe, edo jakin nahi izan gabe. Abenduaren 8ko istripu larria gertatu arte ez da inongo ekimen esanguratsurik agertu ez inolako hitzik entzun agintarien aldetik. Orain, ordea, ezbeharrak izan duen oihartzuna ikusita, aukera aprobetxatu behar dute ingurumenarekiko duten itxurazko ardura erakusteko. Berbera gertatu beharko ote da jada arazo larria diren zuntz eta forma irregularreko mikroplastikoen eta nanoplastikoen auzian, agintariek neurriak har ditzaten?

Aritz Lapazaran Bidezabal, Kimikan graduatua eta mikroplastikoen ikerlaria.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude