"Aldaketa martxan da eta geldiezina da”

  • EH Bildu pozarren agertu da hauteskundeen balorazioan. Bototan EAJk irabazi duela aitortu dute, eta zoriondu dute horregatik, baina eserlekuetan berdindu egin dutela, eta gainera 100.000 boto gehiago aterata.


2024ko apirilaren 21an - 23:20
Azken eguneraketa: 2024-04-22 09:54:31

“Jo ta ke” oihuarekin hartu dute Arnaldo Otegi EH Bilduko jarraitzaileek eta “Gora Euskal Herria” askatuta erantzun die hark. Ezker soberanistak emaitza historikoa lortu duela azpimarratu du. Nazio ikuspegiari begiratu dio hasieratik, Hego Euskal Herrian ezker abertzaleak lehenbiziz 400.000 botoko langa gainditu dituela azpimarratuta (Nafarroako iragan foru hauteskundeetakoak batu ditu).

100.000 gehiago atera dituztela zehaztu du eta Araban, Gasteizen eta Gipuzkoan lehen indarra dela. “Geneuzkan erronka guztiak bete ditugu: 300.000 bototik gora nahi genituen eta 350.000 inguru lortu ditugu; 30 eserlekutik gertu egon nahi genuen eta 27 ditugu; eta 400.000 botoko langa gainditu dugu Euskal Herrian”. Independentzia oihuarekin erantzun diote jarraitzaileek.

Eta etorkizun laburreko beste erronka bat ere aipatu du: datozen Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan –ekainaren 6tik 9ra– lehen indarra izatea Euskal Herrian.

Pello Otxandianoren txanda izan da ondoren: “Itzelezko emaitzak izan ditugu”, eta azpimarratu du ia 100.000 boto gehiago lortu dituztela, EAEko mapa politikoa aldatu eta dagoeneko egoera beste garai batera eraman dutela. “Duela lau urte 10 eserleku ateratzen zizkigun [EAJk], eta orain 0. Mapa politikoaren erdigunean gaude eta, beraz, oso bide onean”. Tinko esan du: "Aldaketa martxan da eta geldiezina da".

Jarraitzaileei esan die bi modu daudela hauteskundeak irakurtzeko: bat, “historiako emaitza onena lortu dugu”; bi, “herri ikuspegitik herri mandatu bat dago”, jauzi bat ematea burujabetzan eta hurrengo legealdian politika publikoak indartzea.

Hurrengo legebiltzarra inoizko abertzaleena izango dela, eta ezkerrekoa ere bai, eta ordezkaritza lortu ez duten ezkerreko botoak ordezkatzeko konpromisoa hartu du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude