ARGIAk Patio Maravillaseko bozeramaile Ana Sierrarekin hitz egiteko aukera izan du
Nola izan zen Patio Maravillas zentro sozialaren desalojoa?
Etxe kaleratzea 7:00ak aldera izan zen. Udaltzaingoak bertan zeuden hamar bat persona eraikinetik atera zituen eta ondoren etxea tapiatu zuten. Desalojo agindua, martxoaren 20tik emanda zegoen, eta ordutik bizilagunak aktibatzeko sare bat sortua zen. Hauek eman zuten gertaeraren berri.
Ez da lehenengo Patio Maravillasa?
Hori da. Lehenengo okupazioa Madrileko Malasaña auzoan zegoen eskola abandonatu batean izan zen 2007ko uztailaren 1ean. Eraikina Gurtel kasuarekin lotura zeukan enpresari batek erosi zuen luxuzko etxebizitzak egiteko. Desalojoa 2010ko urtarrilaren 5an izan zen. Kaleratzea gertatu eta hurrengo egunean osteguna arte egon garen etxea okupatu genuen.
Zer nolako jarduerak antolatzen dituzue Patio Maravillasen?
Alde batetik, Patio Maravillas mugimendu sozialen topagunea da: Juventudes sin futuro, talde feministak, etab. Beste alde batetik, ekintza desberdinak antolatzen dira zentro sozial honetan: antzerki tailerrak, dantza ikastaroak edota kontzertu eta hitzaldi ugari. Malasaña den auzo desertikoari bizitza ematen diogu.
Desalojoa gertatu eta ordu gutxira beste etxe bat okupatu duzue…
Ostegun arratsaldean beste eraikin bat okupatu genuen. Etxea udaletxearena zen pasa den urtean higiezin agentzia bati saldu zion arte. Ordutik hutsik zegoen. Hala ere oso egoera onetan dago eta jada hasi gara ekintzak antolatzen.
Espero al duzue jarrera aldaketarik Madrilgo alkate berri izango den Manuela Carmonaren aldetik?
Oraindik ez gara berarekin bildu baina espero dugu Ahora Madrid plataformak gune autogestionatuak babestea. Edonola ere, gure jarrera elkarrizketaren aldekoa izan da. Orain arte sarritan saiatu gara Espaianiako hiriburuko alkatesa zen Ana Botellarekin biltzen baina ez dugu lortu.